VHS
VHS
2020, nobela
336 orrialde
978-84-17051-48-8
Azala: Idoia Beratarbide Arrieta
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
2009, poesia
 

 

Galdeketa
bigarren lekukoari:
Kapelu

 

 

Kapelu gelara sartu denean gure artean zahartu ez den bakarra dela iruditu zait. Ez zaio ile urdin bakar bat ere ikusten. Haren aurpegira begiratu eta oraindik ere kapelu batekin irudikatzen dut, hegal zabaleko txano dotorearen itzalpean begiak.

      Harriturik onartu du galdeketarako gonbita, ezustean hartuta baina ilusionatuta. Hitz egiten hasi ahala hunkiturik dagoela konturatu naiz. Ez dakit ikerketa honek Victorren hilketaren misterioa argitzen lagunduko duen, baina ikerketa egite hutsak nire inguruan bazter emozionalak astindu dituelakoan nago. Agian Aitziber ez da dirudiena bezain pertsonaia zentzugabea, agian oso ondo daki zertan ari den. Rec.

ILEHORIA: Elkarrizketa hau gero manipulatu egingo dut, izenak aldatuko ditut... Baina funtsean haren arima gordeko dut, esaldi solteak agian. Ondo baderitzozu.

KAPELU: Inolako arazorik gabe. Gertatzen dena da Victorrez... ezer gutxi gogoratzen dudala.

ILEHORIA: Baina hori bera informazioa da, ez gogoratzea ezer. Zer duzu gogoan Victorrez, gutxi izanik ere?

KAPELU: Zuek oso emozionatuak etorri zineten Sevillatik, zuen ustez oso berezia zen jende bat ezagutu zenutelako, edo gutxienez horrela gogoratzen dut nik. Guk poesiarekin egiten genuena, edo egin nahi genuena, haiek antzerkiarekin egiten zuten. “Gu bezalakoak dira”, esaten zenuten. Laostia zen bat-batean bizitza guk bezala sentitzen zuen edo bizi nahi zuen jende bat topatzea.

ILEHORIA: Eta zer sentitu zenuen zuk hori entzuterakoan?

KAPELU: Sekulako inbidia, oso inbidia handia, kar-kar.

ILEHORIA: Gu joan ginen uneaz, zer gogoratzen duzu?

KAPELU: Ezer gutxi... Nik uste dut atera zinetenean enteratu nintzela, seguru komentatu zenutela lehenago zerbait zuen asmoaz, baina ez dut uste oso ondo prestatua zeneukatenik ere. Aukera sortu zen eta joan egin zineten, besterik gabe. Nik ordea, tabernan lanean geratzen nintzen aldietan, sekulako inbidia sentitzen nuen beti. Zer edo zer galtzen ari nintzen sentsazioa izaten nuen, bizi nahi genuen hura zuek ari zinetela bizitzen, baina gerora denborarekin konturatu naiz nik ere aportatzen nuela zerbait beste aldetik, bertan geratzen zenaren ikuspegitik. Nik ere kontatzen nizkizuen nire bizipenak, eta zuek ere pentsatzen zenuten “jo, nik ez dut hori bizi izan”. Uste dut garai hartan guztia bizi nahi genuela, dena zen esperientzia, dena zen bazka, eta orduan ekidinezina zen tarteka zeozer galtzea. Nork bere azalean bizi nahi zuen guztia, ez zituen besteen kontuak entzun nahi, haiek bizi baizik.

ILEHORIA: Gogoratzen duzu Victor ezagutu zenuen eguna?

KAPELU: Egia esateko.... ezingo nuke esan fisikoki harekin inoiz egon naizen ala ez.

ILEHORIA: Ez?

KAPELU: Ez.

ILEHORIA: Gogoratzen duzu askotan etorri zirela hona aktuatzera? Guk antolatzen genizkien boloak, nik batez ere, sozietate zaharrean egin ohi genituen gero afariak, eta esango nuke zuk prestatzen zenituela. Argazkiak daude.

KAPELU: Ostia... benetan?

ILEHORIA: Agian ez zara gogoratzen, baina garai hartan aktore gonbidatuentzat afaria antolatzen genuenean, zuk egiten zenituen sukaldari lanak. Ni sarritan boloak antolatzen ibiltzen nintzen tabernetan, eta sukaldean laguntzeko engantxatzen zintudan.

KAPELU: A, bai, ze paketea nintzen, ezta? Kar-kar. Sukaldatu izanarena bai, akordatzen naiz. Gogoan dut beste talde batzuentzat egin izana, baina justu Sevillakoentzat ez.

ILEHORIA: Eta Victor ez duzu gogoratzen?

KAPELU: Bere aurpegia oraintxe ez zait etortzen.

ILEHORIA: Zer gogoratzen duzu berataz, guk kontatua bada ere.

KAPELU: La Marabunta taldeko kidea zela, oso tipo emozionala...

ILEHORIA: A, bai?

KAPELU: Bai, nik berataz dudan ideia hori da. Oso eroa zela, zentzu alai batean. Oso bizizalea, eta oso eskuzabala. Hori da nik sentitzen dudana, zuen bitartez berataz transmititu zaidana.

ILEHORIA: Eta bere heriotzaz zeozer badakizu?

KAPELU: Ez dakit nola izan zen, ez dakit gaixotasuna izan zen, hilketa, atropelloa... ideiarik ez, baina badakit zuentzako kristoren ostia izan zela. Bai gogoratzen naiz zure aurpegiaz esan zenidanean.

ILEHORIA: A, bai? Gogoratzen zara horretaz?

KAPELU: Bai, zure aurpegi desenkajatuaz. Munduan gertatu behar ez zuen zerbait gertatu zen sentsazioarekin, irreala zen zerbait. Horretaz bai, gogoratzen naiz. Zuentzat sekulako kolpea izan zen, niretzat ez hainbeste, baina zuen bitartez bai sentitu nuen tristezia.

ILEHORIA: Gogoratzen duzu noiz kontatu nizun?

KAPELU: Ez. Zer gertatu zen garai hartan eta noiz? Egun haiei “Kalhisablefilikoak” etiketa jarri diet neure buruan, eta horren barruan dena lauso daukat, gertatutakoen hurrenkera... Batzuetan egin genituen gauzen flashak etortzen zaizkit, laino konpaktu eta definitua da, baina...

ILEHORIA: Ikerketa honekin aztertu nahi nukeen horren azpigai bat da memoria: oroimena nola eraikitzen dugun, zer gordetzen dugun, zergatik, zergatik ez, zer lausotzen den, nola berreraikitzen dugun gure historia pertsonala etengabe.

KAPELU: Nik garai hartatik ditudan flashak errepikakorrak dira: Merline eta hirurok entseguak egiten eta emanaldiak programatzaileei eskaintzen. Hortik kanpo, gure inguruan zebilen jende gehiagorekin genituen bizipen partekatuak, lagunen eta ezagunen zerrenda luzea.

ILEHORIA: Momentu batean Merlinek taldea utzi zuen, Sevillakoa gertatu eta gero.

KAPELU: Egia da, bai. (Isilunea) Sevillakoaren ondoren izan zen?

ILEHORIA: Bai.

KAPELU: Hori da, eta gero guk biok jarraitu genuen taldearekin, Merline ordezkatzeko Josuneri proposatuta.

ILEHORIA: Hori da, bigarren obra, gure benetako lehenengo lana, estreinatu gabe zegoela utzi zuen Merlinek taldea.

KAPELU: Estreinatu gabe zegoen?

ILEHORIA: Bai, obra amaitua genuen baina estreinatu gabe zegoen.

KAPELU: Hara, campingaren obra zen?

ILEHORIA: Ez, Elektra Danka.

KAPELU: Aiba, egia!

ILEHORIA: Horregatik jarri genion titulu hori, Elektra deitzen zelako Merlinek lan egingo zuen enpresa antzerkia guztiz utzi zuenean. Merlineri egindako keinua izan zen.

KAPELU: Nik baino memoria hobeagoa duzu.

ILEHORIA: Dena artxibatzen dut. Campingeko hiru bat bolo egin genituen.

KAPELU: Bakarrik? Gehiago izan zirela esango nuke.

ILEHORIA: Akaso bai: Antxo, Oreretako gaztetxea, Andoain...

KAPELU: Eta Deba?

ILEHORIA: Lau orduan.

KAPELU: Debaz gogoratzen naiz publikoan zegoen neska batekin liatu nintzelako.

ILEHORIA (ironiaz begiratu ondoren): Elektra Danka estreinatzear zela Merlinek taldea uztea erabaki zuen, eta bolo bakarra egin genuen berarekin: tabernak itxi zituzten gau batean jende talde bat eraman genuen gure lokalera, eta goizaldean eskaini genien obra, xuxurlaka, lokala ez zegoelako intsonorizatua.

KAPELU: Kar-kar, zeinen zaharrak garen!

ILEHORIA (umorez): Bai horixe, tira... Nola gogoratzen duzu Merlinek taldea utzi zuen unea?

KAPELU: Gaizki, oso gaizki, traizio bat bezala oroitzen dut. Errespetatzen nuen erabakia, baina ez nuen ulertzen.

ILEHORIA: Zure ustez zergatik utzi zuen? Haurdun zegoelako agian?

KAPELU: Ez, nik uste dut beldurragatik izan zela. Dena oso azkar zihoan, ez bakarrik guk egiten genituen boloak eta espektakuluak: elkarrekin bizitzera joateko asmoa genuen. Oker ez baldin banago, zu izan zinen lehenbizikoa esan zuena ez zela zure momentua pauso hori emateko, oraindik zure familiarekin egoteko beharra zenuelako. Baina beste guztiarekin, antzerkiarekin, aurrera egin zenuen. Merlinek ordea ez, guztia utzi zuen berak.

ILEHORIA: Garai hartan krisia eduki zuen marihuanarekin.

KAPELU: Bai, egia da. Gogoan dut gertatu zen gauean telefonoz deitu ninduzula, esanez Merlineri zeozer gertatu zitzaiola, eta ospitalean zegoela erre egin zuelako. Orain euskaraz ez dut oso ondo egiten, baina garai hartan are gutxiago, eta nik ulertu nuen erre egin zela, ez erre zuela. Bera enpresa utzi nahian zebilen antzerkira dedikatzeko, gau osoa pasatu nuen pentsatuz deskarga batek erre zuela elektrikari lana egin bitartean, eta operatzen egongo zirela kirofanoan. Hurrengo egunean, ulertu nuenean zer gertatu zen, pentsatu nuen: “Euskaraz hobeto ikasi behar dut”, kar-kar. Horren ostean psikologoarekin hasi zen terapian, eta dena aldatu zen. Psikologoak behin gu biok gonbidatu gintuen berarekin saio batera, eta ondoren, auskalo zergatik, dena uztea erabaki zuen.

ILEHORIA: Beti oroitzen zaitut kapelua jantzita.

KAPELU: Kar-kar, bai, posible da.

ILEHORIA: Nolakoa zen?

KAPELU: Gangster erako bat izan nuen, beltza, oker ez baldin banago zinta txuri bat zuena erdian.

ILEHORIA: Luma bat ere bazuen, edo imajinatu egin dut?

KAPELU: Batzuetan jarri egiten nion, baina berez ez zen berea.

ILEHORIA: Edozein modutan, zuri esker ezagutu genuen denok elkar.

KAPELU: Bai, egia da.

ILEHORIA: Zuk eduki zenuen Kalhisablefilikoak mugimendua sortzeko bulkada.

KAPELU: Bai, hala da.

ILEHORIA: Nola gogoratzen duzu?

KAPELU: Mendian porroak erretzen egoten ginen sarri Oiartzungo jende batekin, eta halako batean norbaitek, lagunen baten lagunak, Merline gonbidatu zuen. Bat-batean poesiaz eta Silvioz hitz egiten hasi ginen, eta besteek bota egin gintuzten aspertuta. Guk poesiaz hitz egiten jarraitu genuen gau osoan, erretzen, izarrak begiratzen... “Gu bezalako jende gehiago egon behar da”. Eta herrian kartelak jartzen hasi ginen, poesiazaleak konbokatuz halako egunean halako tabernara. Behekokale espazioan konbokatu genituen, Merlinek aurretik ezagutzen zuen leku berri hartan. Nik uste dut lehenago Ernestorekin, bertako nagusiarekin, hitz egin genuela. Flipatuak geratu ginen zenbat jende elkartu genuen.

Isilunea.

ILEHORIA: Baina ez ginen hor elkartu.

KAPELU: A, ez? Ez zen hor izan lehenengo bilera?

ILEHORIA: Ez. Nik gogoan dut ezagun baten bitartez heldu nintzela bilera horretara. Euskara elkarte batean idazketa talde bat sortu zuten, baina dena oso jende heldua zen. Bi gazte ginen bakarrik. Beste hark esan zidan bere lagun batek, zeuk, poesiazale talde bat sortu nahi zuela.

KAPELU: Bai, zure lagun hori nire orduko bikotekidearen klasekidea zen.

ILEHORIA: Lehenengo bilera auzo periferiko bateko taberna batean izan zen. Hor ezagutu zintuztedan ia denak, Merline eta Hiber barne. Handik gutxira enteratu nintzen Behekokale zabaldu zutela. Fanzinea atera genuenean pentsatu genuen hor saldu genezakeela, orduan ezagutu genuen espazio hura.

KAPELU: Fanzinea saldu egiten genuen? Kar-kar, baina nork erosten zuen halakorik?

ILEHORIA: Orduan joan ginen Ernestorekin hitz egitera, ea utziko zigun fanzinea bertan saltzen. Berak esan zigun baietz, baldin eta errezitaldi bat eskaintzen bagenuen. Eta onartu egin genuen. Guretzat hor hasi zen dena.

KAPELU: Ados, baina badut gogoan Merlinek eta biok abiatu genuela taldea.

ILEHORIA: Hori bai. Seguru kartelak zuk pegatu zenituela.

KAPELU: Kar-kar, egia, ez dut Merline kartelak pegatzen imajinatzen.

ILEHORIA: Ez dakit zer jarriko zenuten kartelean, baina asko errepikatzen genuen lelo hau: “Egin poesiaz zure bizitza, eta zure bizitzaz poesia”. Nola ikusten duzu orain distantziatik lelo hori? Higuina ematen dizu?

KAPELU: Ez... Nik uste dut sentimendu hura bizirik dagoela.

ILEHORIA: Sinatuko zenuke esaldi hori orain?

KAPELU: Bai. Poesiaren zentzua zabalduko nuke, ez dadin literatur testu batera mugatu.

Isilunea.

ILEHORIA: Eta zer esan nahi du horrek?

KAPELU: Ideiarik ez, kar-kar, jakingo banu...! Zer esan nahi duen horrek? (Isilune luzea) Nik uste dut esan nahi duela konprometitzeko prest zaudela, jakin gabe halabeharrez zerekin baina bai norekin. Edo horrelako zerbait.

ILEHORIA: Amen, my friend. Garai hartako oroitzapen on bat?

KAPELU: Oroitzapen on bat? Pila bat daukat...

ILEHORIA: Aukeratu bat, askotan kontatu izan duzun zerbait, edo gustura kontatuko zenukeena.

KAPELU: Akordatzen naiz asko gure entseguez. Ez dakit nola demontre amaitu genuen leku zahar hartan lanean. Hor ginen Merline, zu eta hirurok. Gure entseguak ziren hitz egitea, hitz egitea eta hitz egitea. Eta bat-batean, ez dakit nola, forma hartzen zuten eszenek. Zure testuak eta eszenak gainera euskaraz ziren eta guk ez genituen ulertzen...

ILEHORIA: Oso epaile zorrotzak ginen bata bestearekin...

KAPELU: Bai, nahiko axolagabeak ginen. Konfiantza genuen bestearen iritzian, eta aurreiritzirik gabeko jarrera bat: ni ez naiz inor zuri esateko zer den ona eta zer ez, baina era berean eskubide osoa dut zuri esateko zer den ona eta zer ez. Gaur egun ez nintzateke beste inori kritika horrela egiteko kapaza izango. Akordatzen naiz, baita ere, entseatu baino lehen ahotsa berotzen genuela...

ILEHORIA: Benetan? Ez dut gure burua horretan irudikatzen, ez behintzat Merline.

KAPELU: Silvioren abesti bat egiten genuen ahotsa berotzeko...

ILEHORIA: Benetan? (Lotsaturik)

KAPELU: Horretaz gogoratzen naiz, bai, lokal hutsean.

ILEHORIA: Baina nola arraio pasatu ginen poemak antzerki bilakatzera? Obra horretan oso eszena fisikoak zeuden, ez dakit nola iritsi ginen Elektra Danka bezalako obra bat sortzera.

KAPELU: Ezta nik ere. Egun asko kostatzen zaidan gauza bat da, testu batetik lan fisikora joatea.

ILEHORIA: Tira, nik gaur egun badakit egiten, horretara dedikatzen naizelako... Baina garai hartan ez dakit nola egin genuen halakorik, inolako ibilbiderik eta esperientziarik gabe. Elektra Danka ez dago orain egiten dudanetik hain urrun, poesia fisiko bisuala... baina garai hartan nola iritsi ginen horretara?

KAPELU: Nik ere ez dakit.

ILEHORIA: Ez dakit inori kopiatu ote genion, ez dut gogoan erreferenterik.

KAPELU: Gauza bat esango dizut, barregarria suertatu arren: garai hari esker ezagutu nituen inoiz eduki ditudan lagunik onenak. Gerora oso separatuak egon gara, luzaz. Oso haserretua egon izan naiz: zurekin, Merlinerekin, neure buruarekin... Nik ere utzi nion antzerkia egiteari eta zuei bota nizuen errua: bati antzerkia utzi zuelako, eta besteari, zuri, zure kabuz jarraitu zenuelako. Baina partekatutako bizipen haiek... oso zailak dira beste inorekin partekatzen. Norberak poema bat idazten bere onena eman eta gero, besteei erakutsi eta haiek gupidagabe suntsitzen zutenean, argumentatuta gainera... Nire sentsazioa da zuei esker hazi egin nintzela, eta esker ona baino ezin dut sentitu horregatik.

ILEHORIA: Idazten jarraitzen duzu.

KAPELU: Bai, baina gustatuko litzaidakeena baino askoz gutxiago. Tira, orain badakit ez dela zuen errua, kar-kar-kar. Baina bai, jarraitzen dut, zorionez. Garai hartan elkarrizketa bat egin zidaten herri aldizkari batean...

ILEHORIA: Bai, gordeta daukat, kapeluarekin ageri zinen gainera.

KAPELU: A bai? Kar-kar... Gogoan dut galdera ezohiko bat egin zidatela elkarrizketa hartan, ea zeri nion beldurra. Nik kazetariari esan nion batzuetan amesten nuela norbait nire gelara leihotik sartu eta nik idatzitako guztia eramaten zuela: iratzarri egiten nintzen ametsean, eta barrezka hasten nintzen, kontziente nintzelako galdutakoak ez zuela baliorik, garrantzia zuena idazteko gaitasuna zela, ez idatzitakoa. Eta hori da mantentzen dudana gaur egun, ez dut apenas idazten baina kapazitatea eduki badaukat: jartzen naizenean egin egiten dut, gordetzeko bada ere, eta hori niretzat bizitza da.

Isilunea.

KAPELU: Garai hartako emanaldien grabaketak badaude?

ILEHORIA: Ez, argazkiak soilik.

Stop.