VHS
VHS
2020, nobela
336 orrialde
978-84-17051-48-8
Azala: Idoia Beratarbide Arrieta
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
2009, poesia
 

 

Galdeketa Ilehoriari

 

 

Isiluneak luze jo zuen. Uste dut bost oroitzapenak entzun eta gero ez niola galdera konprometiturik egin behar izan. Beti saiatzen naiz nire bezeroak ahul daudenean seduzitzen. Ezin dut ekidin. Esan zidan ez zuela nirekin kebab batean afari erromantikorik nahi. Hanka sartu nuen. Txinatar batean afaltzea eskaini behar izan nion.

AITZIBER: Sandro Peleak Victor hilik zela esan ostean, ez zinen sekula haren lagunekin harremanetan jartzen saiatu?

ILEHORIA: La Marabunta taldeko besteekin? Bai, saiatu nintzen.

AITZIBER: Eta zer gertatu zen?

ILEHORIA: Ez nuen lortu. Tira, bai, lortu lortu nuen, baina erdizka. Arraroa izan zen dena. Victorren heriotzaren inguruko guztia beti izan da arraroa.

AITZIBER: Kontadazu.

ILEHORIA: Haien lagunartetik, Chuso eta Rocio izan ziren harreman gehien eduki nuen pertsonak. Rocio Victorren bikotekidea zen elkar ezagutu genuen garaian, baina ez nuen sekula lortu istripuaren ondoren harekin kontaktatzea. Denborak irentsi izan balu bezala izan zen, arrastorik utzi gabe. Are gehiago, jakin nahiko nuke Victor hil zen unean elkarrekin jarraitzen zuten ala ez. Lepoa egingo nuke ezetz.

AITZIBER: A, ez? Zergatik?

ILEHORIA: Ez dakit, intuizio femeninoa.

      Goitik behera begiratu nuen Ilehoria. Gizonezkoa zen, zalantza izpirik gabe; edo hautuz ondo maskulinizaturiko gorputz bat, edonola ere. Aurpegira begiratu nion arretaz, eta bere bisaiaren ertzak difuminatzen hasi zitzaizkidan. Gorputzera zuzendu nion begirada, eta bat-batean barraskilo bat zela iruditu zitzaidan, hermafrodita likatsu baina maitagarri bat. Une batez oskola ikusi uste izan nion bizkarraldean, baina irudimena izango zen, abuztuko beroa, edo auskalo zer. Barraskiloarenak ez zuen ez hanka ez bururik.

AITZIBER: Eta Chuso delako hori?

ILEHORIA: Chusorekin bai, lortu nuen kontaktatzea. Bitxia izan zen dena. Sandrok Victor hil zela esaterako galdua nuen zeharo haien arrastoa, urrun zeuden elkarrekin igarotako uneak, guk Euskal Herrian emanaldiak antolatzen genizkien garaiak. Halako batean Bartzelonara bidaia egin nuen lagun batzuekin. Emanaldi bat eskaini behar genuen Palafrugelleko musika jaialdi alternatibo batean. Garai hartan orgasmoei eta marihuanari buruzko poesia errezitaldiak eskaintzen genituen musika teknoaz lagunduta, beste garai batzuk ziren, kar-kar... Etxera bueltakoan Bartzelonan pasatu genuen gau bat, eta parranda modukoa egin genuen. Lagun batzuek antzoki batera eraman gintuzten, zeinak taberna eta barne-terraza zituen, ez dut ondo gogoratzen orain izena. Garagardotik garagardora, lagunen lagunekin hitz egiten hasi ginen, ondoren lagunen lagunek haien lagunak aurkeztu zizkiguten, mihiak dantzan hasi ziren alkoholaz lagundurik. Halako batean Sevillako mutil bat ezagutu nuen, kontatzen hasi nintzaion nik ere banituela lagun batzuk Sevillan, La Marabunta antzerki taldekoak, hain zuzen ere. Horrelakoetan edonork bilatzen du anekdotaren bat bere buruko artxibategian, izen ezagunen bat memoriaren agenda ahaztuetan, solaskidea nolabait liluratzearren. Ez nuena inondik inora espero zen La Marabuntakoak mutil haren lagunak ere izatea. Hasierako sorpresak ezerosotasunari zabaldu zion atea, espero ez nuen bidea hartu baitzuen solasak: La Marabuntakoen emanaldi ganberroak izan genituen gogoan, zeinen aktore onak ziren, zeinen probokatzaileak eta kabareteroak, eta, noski, Victorren heriotza arraroaz amaitu genuen hizketan. Hitz eman zidan: “Lortu egingo dizut Chusoren telefonoa”. Gauak promesa jango zuela pentsatu nuen, horrelakoetan hainbestetan gertatzen den bezala, baina ez, hitza bete zuen madarikatuak. Sevillako lagunen arrastoa bidera atera zitzaidan beste behin ere, abandonatu nahi ez ninduen bizitzako hari bat balitz bezala.

AITZIBER: Deitu zenion Chusori?

ILEHORIA: Bai, deitu nion.

AITZIBER: Eta zer gertatu zen?

ILEHORIA: Kosta egin zitzaidan pausoa ematea. Neurri batean eroso nengoen nire ezjakintasunean, atsegina zitzaidan hildako lagun mitikoaren istorioa kontatu ahal izatea, iraganeko gauza bat balitz bezala. Baina oraina tematu egiten zitzaidan istorio harekin. Nola egingo nuen ordea? Ezin zen hain sinplea izan. Telefonoa hartu eta Chusori deitu, hainbeste denboraren ostean, eta Victorren heriotzaz, horrela, besterik gabe, galdetu? Horretan pentsatzen nenbilela, iraganeko anekdota bat etorri zitzaidan burura. La Marabuntakoei antolatu genien azkeneko emanaldian Kontxatik egon ginen paseatzen, argi ikusten nuen pasadizoa: nola eman zion Merlinek une horretan irakurtzen ari zen liburua Chusori, inoiz itzuliko zion promesarekin. Sarritan egiten zituen horrelakoak, zor sinbolikoren bat sortu interesatzen zitzaion pertsonaren batekin, hurrengo enkontru bat suertatzeko aukera biderka zedin. Halaxe egin zuen Chusorekin: Mario Benedettiren Andamios zen liburu hura.

AITZIBER: Aitzakia horri heldu zenion, beraz? Ez al zen pixka bat behartua?

ILEHORIA: Ez pentsa. Liburu hark bazuen zerbait berezia: nik oparitua nion berari, lehen orrialdeetan Merlineri bere erretratua egina nion eskuz, eskaintza oso pertsonal batekin.

AITZIBER: Zer jartzen zuen?

ILEHORIA: Ez dut gogoan. Baina jakin badakit berezia zela.

AITZIBER: Eta... orduan?

ILEHORIA: Chusori deitu nion. Oraindik ere gogoan dut kabledun traste hura eskuetan hartu nuenean sentitutako dardara. Baina argi nuen egin egin behar nuela. Chusok berehala hartu zidan telefonoa.

AITZIBER: Eta?

      Jakin-minez egin nion galdera. Lehenbiziko aldiz Ilehoria ezagutu nuenetik, interesa sentitzen hasia nintzen kasuarekiko.

ILEHORIA: Ezer ez.

AITZIBER: Ezer ez? Nola ezer ez?

ILEHORIA: Lehor erantzun zidan, eta hotz. Alegia, ez zela batere poztu ni entzundakoan. Horrek harritu egin ninduen. Leku ezeroso batean unerik ezerosoenean sartu izanaren sentsazioa eduki nuen. Baina, noski, ezin nuen bere aurpegia ikusi, ez nekien irakurtzen gertatzen ari zena, ezin jakin zer zen hoztasun hark ezkutatzen zuena.

AITZIBER: Eta, orduan, zer egin zenuen?

ILEHORIA: Ahal izan nuena. Berehala aipatu nion Victorrena, ez genuela jakin ezer, sentitzen nuela. Kasualitatez topatu nuela bere telefonoa. Ea antzerkian jarraitzen zuen, eta hark baietz, baina ez zidan xehetasunik eman. Elkarrizketa luzatzen ahalegindu nintzen, nire onena eman nuen. Victorri buruzkoak esan eta gero elkarrizketa beste terreno batera eramaten saiatu nintzen, pisua kentzearren: Mario Benedettiren liburua ekarri nion akordura, eta, noski, bai, gogoratzen zen.

AITZIBER: Bazuen oraindik ere liburua?

ILEHORIA: Bazuen, bai. Chuso inoiz ezagutu dudan tiporik graziosoena zen, baina soilik oholtza gainean. Oholtza azpian tipo isila, serioa, malenkonikoa zen. Borrokalari bat, esango nuke nik. Egiten duten horretan itsuki sinesten dutenek batzuetan hartzen duten begirada nostalgiko hori zuen. Hau da, oraindik iritsi ez den mundu hobeago batekiko mira. Chusok ere bazuen Victorrek aipatutako andaluziar maskara hori, baina maskara gardena zen berea, Victorrena ez bezala. Nik jakin banekien berak liburu hori gordeta edukiko zuela. Are gehiago, dei hartatik hamabost urte pasatu diren honetan, seguru nago gordeta duela oraindik. Imajina dezaket tarteka zabaltzen, kasualitatez, eta barrura begiratzen. Hor topatuko dituelako nire hitzak eta Merlineren erretratua, dagoeneko desagertu den garai baten arrastoak balira bezala, agian sekula existitu ez den oroitzapen baten ubera bezala.

AITZIBER: Eta nola geratu zen kontua?

ILEHORIA: Bere horretan. Telefono zenbakiak pasatu genizkion elkarri, herabe. Mugikorrak erosi bai, baina ezkutuan eramaten genituen mende hasierako urte haietan, telefonoak kalean joka hasteagatik lotsa sentitzen genuen. Nola aldatu diren gauzak, txo!

      Pentsakor geratu zen, beste behin. Bere bularreko oihan beilegia laztantzen hasi zen, alkandoraren goiko aldetik, eta ni berotzen hasia nintzen bere hatzen mugimendu biribil horrekin. Arnasa batera nuen, nire norabidean begirada finko eutsirik, baina ni ikusi gabe, infinituari so. Une horretan bere gainera jauzi egingo nukeen, sentikortasun sexy horren gainera salto egin eta arropak banan-banan tarratatu. Bere ileak sumatu nahi nituen nireetan, bere hankartearen taktoa, bere begirada hauskorra neure egin nahi nuen elektrizitate kolpe batez.

AITZIBER: Zertan ari zara pentsatzen?

ILEHORIA: Barran dauden pintxoetan. Kroketarenak sekulako itxura dauka —bere arreta niregana bueltatu zen. Tabernako zerbitzaria bilatu zuen begiradarekin, baina ez zen inon ageri.

AITZIBER: Horren ostean egon zen haiekin komunikatzeko beste tentaldiren bat?

ILEHORIA: Bai, bakar bat.

AITZIBER: Noiz.

ILEHORIA: Dei hartatik hilabete batzuetara. Chusoren hoztasunak jota utzi ninduen, baina ulertzen saiatu nintzen. Ez zuen nire deia espero, akaso Victorren heriotzaren zauriak gatzaturik jarraitzen zuen, eta ez zegoen prest horri buruz iraganeko ahots batekin mintzatzeko. Agian aurrez aurre suertatu izan balitz aukera, ezberdina izango zen. Banuen berarentzat mamu bat nintzen sentsazioa, ez zitzaidan behin ere hori gertatu. Ni neu mamu sentitzea. Baina halaxe zen. Bartzelonako enkontruarekin zabaldu zen kasualitate haren zirrikitua ez nuen ixterik nahi, ez behintzat borrokatu gabe. Chusorekin telefonoz hitz egin eta gutxira, gauzak nola diren, familiarekin oporretan Andaluziara joateko aukera suertatu zitzaidan. Gau bakarra pasatuko genuen Sevillan eta nik ez nuen besterik buruan. Enkontru bat probokatzea. Arratsaldez familiatik aldendu nintzen, azalpen zehatzik eman gabe: aspaldiko partez Sevillako kaleak gogoratu nahi nituela, besterik ez. Eta halaxe egin nuen, egin. Merlinerekin egon nintzenetik lehen aldia nuen Sevillan, eta akorduak berehala etorri zitzaizkidan trumilka. Salvador plaza, Sierpes kalea, La Marabuntako lagunen etxeko ataria... Dena zegoen berdin, eta ezberdin. Orain Sevilla garbiagoa zen, turistikoagoa, kontrolatuagoa. Desagertua zen ezagutu nuen garaiko giro alternatiboa, bizitza, kaleetako arriskua. 1992ko Expoaren ondorengo kontrolaren kiratsa ez. Ondo gogoan dut La Marabuntakoek sarritan eduki izan zutela gai hura ahotan, nola saiatu ziren bertako giro politiko eta kulturala deuseztatzen, Expoarekin sortu nahi zituzten titularrak arriskuan ez jartzearren. Hercules alamedara jo nuen. Han ez zegoen nik ezagututako fauna bitxi eta erakargarriaren arrastorik.

AITZIBER: Eta nola egin zenuen orduan? Deitu egin zenion Chusori?

ILEHORIA: Ez. Ez nintzen ausartu. Oraindik presente nuen telefono bidezko hoztasun hura. Egia esatera, bera kasualitatez topatuko nuen itxaropenarekin zeharkatu nuen Sevilla. Han ibili nintzen, gogoratzen nituen tabernetan, liburu-dendetan, kaleetan. Azkenean Merline eta biok Chusorekin egondako terraza batean eseri nintzen, Hercules alamedan. Han ez zebilen inor. Bertan nintzela sms bat idatzi nion. Ez zidan erantzun, eta ez nuen insistitu. Zapore gazi-geza harekin utzi nuen Sevilla. Eta gaur arte, ez dut beste ahaleginik egin.

AITZIBER: Tira, XXI. mendeko bigarren hamarraldian gaude, nork ez du iraganeko inor bilatu sare sozialetan? Ez dut sinesten ahalegindu ez zarenik...!

ILEHORIA: Bai, arrazoi duzu, egin dut. Eta kosta egin zitzaidan ezer topatzea, ez pentsa. Gezurra badirudi ere, ez nituen Chuso eta Rocioren abizenak gogoratzen. Victorrenak bai, akaso emanaldiak antolatzerakoan behin baino gehiagotan ibili behar izan nintzelako bere izenarekin bueltaka. Baina Chuso eta Rociorenak ez. Tarteka gogoratzen nintzen haietaz, akorduak ez nauelako behin ere guztiz utzi, eta Googlen bilatzen nituen, baina 90eko hamarkadako kultur bizitzako gauza gutxi topatuko duzu sarean, internet aurreko arkeologia kulturala lan zaila da benetan, batzuetan kontrakoa dirudien arren. Halako batean, ez dut ondo gogoratzen nola, Diario de Sevillako pdf zahar batean azaldu zitzaidan albo ohar txiki bat, zeinean La Marabuntako emanaldi bat iragartzen zen. Eta bertan bai, haien hiruren izen-abizenak. Horri esker egin nuen jauzi Facebookera, eta han topatu nituen. Chusok antzerkian jarraitzen du, klaseak ematen ditu, eta, antza, hainbat telesailetan ere egin izan ditu paper txikiak. Rociorena misteriotsuagoa da, ez du gauza askorik jartzen, asko neurtzen ditu bere argazki pertsonalak. Esango nuke honezkero ez dabilela antzerkian, irakaslea dela, ez dakit oso ondo zertan. Feminista aktiboa dela ikusten da, horrek ez dit harridurarik sortu. Facebooken elkarri atxikiak daude biak. Sekulako maitasuna sentitu nuen haien post-ak kuxkuxeatzerakoan.

AITZIBER: Eta ez zara kontaktuan jarri? Zergatik jo duzu niregana? Zergatik kontratatu detektibe emozional bat? Badakizu garesti aterako zaizula eta, batez ere, lehenago edo beranduago biluzik ikusi beharko nauzula.

ILEHORIA: Kar-kar... Hara, urte hauetan guztietan biek izan dute nirekin kontaktuan jartzeko aukera. Telefonoz hitz egin genuen hartan Euskal Herrira bueltatzeko aukera ere eman nion Chusori. Esan nion liburuarena, esan nion prest nengoela haien emanaldiak antolatzeko... eta abar. Sevillako sms hari ez zion erantzun ere egin. Nik uste, benetan, iraganarekiko hariak eten nahi zituela. Beti izan dut gogoan Sandrok Victor hil zela esan zidan egunean bota zuen esaldi hura, “bere heriotza hodei ilun batek estali balu bezala izan zen”.

AITZIBER: Eta?

ILEHORIA: Informazioak berma dezake memoria historikoa, baina agian fikzioak soilik ekar dezake justizia poetikoa.

      Kontatutako istorioaren kapitulua ixteko tenorea zen, horrelako esaldi borobil batekin ez nuen izan zalantzarik. Ilehoriaren bularreko ile galduren bat bilatu nuen hutsik utzi zuen eserlekuan, bere DNA nirean igurtzi nahian.