VHS
VHS
2020, nobela
336 orrialde
978-84-17051-48-8
Azala: Idoia Beratarbide Arrieta
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
2009, poesia
 

 

Detektibe emozionalak
Chuso imajinatzen du

 

 

Prest dauzkat argiak eztanda egiteko. Pixkanaka altxatu ditut faderrak, argi mahaia laztanduz bezala. Publikotik dator Victor, pertsonaia jantzita. Modu zirtolarian dator, zoriontsu, jendez inguratua sentitzean, publikoaren artean etengabe mugitzen. Azkenean bere izkinara erretiratzen da. Hasierako argiak labaintzera egiten du, guztiz desagertzen den arte. Fin nabil gaur ere, dantzan bezala argi mahaian. Ilunetan, kobazuloak dardarka jartzen dituen ahotsa:

 

            “Hemen jaio da hildako bat,

            bide luzea dakar hanketan endredaturik,

            loreak dakartza

            zapatetan itsatsirik,

            eta lur zukutu berria

            tantaka zoletatik.

 

            Hemen jaio da hildako bat,

            hemen dator, behingoagatik,

            azkeneko aldian bezala,

            ulertzen ez duenaren irribarre berarekin.

            Hemen dator...

            odolez tindaturiko zikoina

            dakarrela berarekin:

 

            Hiltzen ari nintzen,

            eta munduaren hondoan jarri nintzen eroso,

            ikasteko,

            hildako zuhur on batek nola.

            Molestiarik sortu gabe erretiratu naute,

            gaizki aparkatutako auto bat bezala.

 

            Ez nazazue uki une honetan.

            Inozentziazko hauts hauskor batez eginak

            dauzkat hezurrak,

            eta enara batek saldu nau,

            eta hormaren kontra nauka euri-jasak.

 

            Norbere burua erditzea mingarria da,

            eta bizitza berri honek

            heriotza zahar baten prezioa dauka niretzat,

            presazko heriotza samurra.

 

            Beti okatzen dut haur inperfektu bat

            ahotik

            neure burua erditu ostean”.

 

      Lehenengo aktoa hastera doa. Publiko guztia dagoeneko barne mundu batean bildurik. Victorren ahots hautsiak harrapatuak dauzka. Bada lerro artean hitzez azaldu ezin den min bat bizirik airean.

      Argi puntu bakarra jaurti dut, zenitala. Pertsonaia lurrari begira, noraezean. Pixkanaka burua altxatu du, erronkari. Publikoari beha. Zigarro bat piztu du, neuk musika bortitza jaurti dezadan seinalea. Eskumako eskuaz Play. Ezkerrekoaz zenitala laztantzen jarraitzen dut, argia bizirik egon dadila eskatu zidan Victorrek. Oholtza gainean, bere presentzia justifikatzen duen narrazioa botatzen hasi da pertsonaia, tonu berri batean. Komunikatua azkarra izango da, sentimendu eta amorru bizikoa.

 

“Neure buruak zortziehun eta laurogeita bost (885) atmosferako presiopean egiten du lan. Baina nire neuronak laurogeita hamahiru (93) oktanotan bazkatzen dira.

 

Autobusaren prezioak bost (5) pezeta egiten du gora, baina leku berera narama. Ogiak ere gora egiten du... baina nik gauza bera jaten dut.

 

Ez naiz hazi azkeneko hogei (20) urteetan, hirurogeita bat (61) kilogramo pisatzen ditut eta nire neurriak perfektuak dira besteentzat, edo neuretzat.

 

Larrua jotzen dut urtean behin (1)... eta nola!

 

Egunero sindikatuko berrehun eta berrogeita hamasei (256) langileri egiten diet aurre... eta ondoren kamaradak gara.

 

Ura edaten dut bi (2) aldiz hogeita lau (24) hilabetean behin. Kaktus ebolutibo bat naizela ondorioztatu berri dut.

 

Ez dago gainera jausten zaizkidan ur tantak zenbatzeko numero bat (1)... baina tanta bakoitza (1) ehun (100) bider hazten da, apneazko metrailaren moduan.

 

Intuizioagatik mila (1.000) gauza egingo nituzke. Arrazoi bakarragatik (1) ez ditut egiten.

 

Hil egingo naiz urte batez (1)... eta lehenengo egunean bezala egonen naiz!

 

Hainbeste batuketak nire izpiritualtasuna nahasten du!

 

Nire atmosfera ostia hau!”.

 

      Publikoa ezeroso sentiarazten duten begirada sakon eutsiak. Amaitzerakoan, argia eta musika bat-batean desagertzen dira. Musika erlaxatuaren tenorea, zeinaren erritmora makila bat astintzen duen, hatzak klaskatuz, betiere ilunetan. Lehengo argi bera pizten da berriz ere, Victorren buruari bolumena emanez. Begirada lurrean iltzaturik dauka. Zigarroa pizten du, eta publikoari begiratzen dio berriz ere, oraingoan sosegatuago. Istorioari ekiten dio, lehen zupadarekin. Zigarroak modu naturalean egoten laguntzen dio.

 

“Isla bat sortu nuen harriekin, kontinenteen babesean. Tren baten zain nengoen. Itsasora ematen duen zabalgunea ikusten zen, eta, nire herrian, portu italiarra. Marco deitzen zidaten, eta nire tximua... ni neu nintzen”.

 

      Barreak. Victorrek soilik sar dezake haurtzaroko marrazki bizidunei egindako erreferentzia bat mitologia ezinezkoz orrazturiko testu baten erdian, eta publikoa bere egin. Teknikariaren postutik jendeari beha nago. Harrapaturik dauzka. Eta ez dakite zergatik. Ezagutzen dut sentsazioa. Sevillako tabernetan clownaren azalean sartzen zenean gordetzen zuen magia bera da. Kurioski gerora Madrilen pertsonaia ilunak, groteskoak, poetikoak antzezten hasi zenean, areagotu egin zen lilura. Hiriburua oihana da, bere amorru eztanden mesedetan. Beti egongo da bere Sevillako ospe txarra eta iragan bortitza ezagutuko ez duen norbait, ateak artista handiari zabaltzeko prest. Izan ere, hori ekarri baitio Madrilek: areto alternatiboen zirkuitu berri bat.

      Jarraitzen dut argiak ferekatzen. Intentsitate gutxi da behar duena, baina zehatza, eta leuna. Bere gorputzaren bortizkeriak eztanda egin dezan ikuslearen begietan. Biluztuko da. Beldurrik gabe erakutsiko du bere haragi gorria. Hankartea zabalik begiz laztanduko du lehen ilarako ikusle bakoitza. Hauek ez dute jakingo hankartera so egin behar dioten ala begiradari eutsi. Eta berak badaki, bereak dira. Irentsi ditzake zulo bakar batez. Baina hori dena pose hutsa litzateke amorruagatik ez balitz, poesiagatik ez balitz, ironia bufoitsuagatik ez balitz. Hori da benetan jendea bere baitan amiltzen duena. Bere lanetan ez du istoriorik kontatzen, ez dago argumenturik; sentimenduak kontatzen ditu, emozioak narratzen ditu, unibertsalak diren gabeziak adierazten ditu istorioen beharrik gabe. Testu konplexu eta ilunak dira, erreferentzia mitologikoz beteak, bere klasikoen jakintzaren isuria, eztarrian trabatzen diren zirtoekin nahasirik, jendeari aurpegian irribarre mingotsa marrazten dielarik. Victorrek bizitza kontatzen daki, eta hori jendearentzat mingarria da, ezerosoa da baina erakargarria era berean, Victorrek edertasuna ikusten asmatzen duelako, saminik ilunenean irribarre bat erauzten duelako, eta nork ez luke nahi droga hori, bizitzari zentzu amiņi bat emango liokeen mundu ezinezko hori?

      Eta ez dakit bera kontziente den. Hain da ederra egiten duena. Intelektoarentzat hain da sexualki erakargarria. Hain egiazkoa. Berak bere sua taularatzen asmatzen du. Maite dut pertsona bat ikustea bere egia topatzen eta azaleratzen, bere egiari edertasun ilun bat ematen, antzerki forman. Gorputz bat zuretzat berbetan izerdiaren bitartez. Eta zuk, nik, ez zenuke bera bezalakoa izan nahi. Inola ere ez, beldurgarria bezain atzemanezina da bera izatea. Baina egia hori, norbere esentziara gerturatu eta horrekin edertasun bat, edozein edertasun, oholtzara ekartzeko kapazitate hori da jendeak miresten duena, inbidiatzen duena, bere egin nahi lukeena. Norbere bizitzaren zentzugabetasunari zentzu bat ematea, eta zentzu hori beste inor, eta norbera, hunkitzeko gai izatea.

      Aitor dut. Gorroto dut Victor oholtzatik jaisten denean. Benetan antzezten duen pertsonaia oholtzaren azpikoa izango balitz bezala da. Edo hori sinetsi nahi nuke nik. Batzuetan pentsatzen dut bere pertsonaiek maitemintzen nautela, oholtza gaineko aktoreak egiten dituen mugimenduek, eta ez aktoreak berak. Begiratzen diot haren basakeriari, eta negar egiteko gogoa sartzen zait. Bizitza puri-purian. Oholtzara igo nahi nuke emanaldi baten erdian, eta txortan egin atzetik, aurretik, leku guztietatik, bere pertsonaiekin. Eta ondoren jaitsi, eta argiak aldatzen jarraitu, eta eszenak behar dituen musikak bidali, antzezlanak aurrera jarrai dezan. Eta gero ni nire etxera joan, eta bera berera.

      Batzuetan pentsatzen dut nahi nukeela asmatu bere pertsonaien mailan legokeen pertsonaia bat. Eta ez naiz kapaz sentitzen. Saiatzen naiz indar guztiz, baina mediokrea naiz, badakit, Victor ondo arduratu da hori niri ikusarazteaz. Saiatuta ere, teknika atxikita ere, ez dut lortuko behin ere transmititzea berak lortzen duena. Oholtzan ikusten dudanean bakean sentitzen naiz nire bizitzarekin. Hori eragiten du publikoan. Baina gero, behera jaisten denean, loreak jaso bai, drogak opari onartu bai, baina ez da altxor hori preziatzeko kapaz. “Zergatik jarraitzen duzu berarekin?” galdetu zidan duela gutxi, telefonoz Sevillatik, Rociok, ene Rociok. Eta ez nuen jakin zer erantzun, edo jakin bai, baina ahots altuan esan ez.

      Jada ez gara ginenak. Gazte izatetik hamar urtera gaude. Mende berriak gertu gauzka, eta aldaketa sozialerako aukerak sortutako dezepzioak bizi gaitu. Kezkatu egiten nau Victorren deslilurak. Bidean zeozer galdu dugula sentitzen badut ere, bizirik sentiarazten nau. Victorrek. Arteak. Bizitakoak. Bidean galdutakoak berak. “Artea arriskutsua da itxaropena sortzen duelako”, esan zuen behin La Zaranda taldeko Eusebio Calongek. Eta azkenaldian neure buruari galdetzen diot ea zer gertatzen den itxaropenik sortzen ez duen artearekin, zer nolako idealen abortoa ekartzen duen horrek. Zertarako balio du itxaropena sortzeari uko egin dion arte batek.

      Tentsioa airean. Publikoa ari da azkenean deskubritzen harri bati lotuta bizi den pertsonaia baten arrazoimenak direla. Zergatik, zertan ari da harri bati katez lotuta. Beldurrez ari dela aitortuko digu, diskurtsoa aletuko digu, beldurraren bisaia da berea.

 

“Beldurra, beldurra, beldurra... beldurra da erruduna. Neure buruari beldurra. Beldurra da nire ezpainak pozoitzen dituen substantzia. Oi, ene barruko Leolo zikina!”.

 

      Arropa hautsiak berriro estali du bere azala. Hitz bakoitzaren erritmora janzten da dantzan ari balitz bezala. Ez du publikoa, hala ere, galtzen. Berriro eserita, argia badator, eta badoa. Haren gainean da berriz zenitala. Hasierako ahots hautsira bueltatzen da, publikorantz mintzo da:

 

“Neuk elikatzen ditut nire beldurrak. Norbaitek musu eman nahi dit? Denbora asko da baraurik nagoela, eta maitasunari diodan beldurra abandonatu dut azkenean.

 

Beldurra, zalantza ernaltzen duen hazi hermafrodita. Neure beldurrekin zorretan nago, haiei esker egiten dudalako aurrera. Nire beldurrak ukatzen baditut... neure burua ukatzen dut.

 

Beldurra ezinbestekoa da nire sentimenduen artean, ezinbestekoa den bezala maitatu ahal izateko, gorrotatzea.

 

Har ezazu zure beldurra...! Jaurti zeure burua, astindu zeure burua, suntsitu, horma baten kontra jo. Kontziente izanik ere, hartu zure beldurra eskutik eta hautsi zeure burua horma baten kontra”.

 

      Listuaren hotsa ere entzun liteke.

 

“Zera... kanposantu bateko horma batera gerturatu, masturbatu eta hildakoak ereitea bezala da”.

 

      Isilune laburra.

 

“Hiltzen zarenean jaio egiten zara. Jaio orduko berriro hasten zara hiltzen”.

 

      Isilunea, erlojua begiratzen du.

 

“Berandu da. Nire itzulera ospatzera noa. Nire urratsek agintzen didaten norabidea jarraituko dut. Nire zapatetan lo egiten duten harriak zenbatuko ditut. Neure leinukoekin kantuan joango naiz. Eta neure leinukoak ez dira sekula zuenak izango”.

 

      Txalo zaparrada. Ez dakite zer gurtzen duten, nor egiten duten jainko edo heroi, bakoitzak bere bidaia egin du publikoaren eserlekuetatik, bere ispilu propioa ikusi du, sortzen jardun da istorio propio bat Victorren gorputzean, eta ase dira horrekin.

      Eta nik, zinez, sortzen asmatu nahi nuke Victorren pertsonaia batekin txortan egiteko kapaz izango den pertsonaia.