Aurkibidea
Ilehoriaren bost oroitzapen atzekoz aurrera
Galdeketa lehenengo lekukoari: Hiber
Galdeketa bigarren lekukoari: Kapelu
Galdeketa hirugarren lekukoari: Merline
Galdeketa laugarren lekukoari: Burgos
Angelica Negroren liburuko pasarteak Victorrek azpimarratuak
Detektibe emozionalak Victor imajinatzen du
Detektibe emozionalak Rocio imajinatzen du
Aurkibidea
Ilehoriaren bost oroitzapen atzekoz aurrera
Galdeketa lehenengo lekukoari: Hiber
Galdeketa bigarren lekukoari: Kapelu
Galdeketa hirugarren lekukoari: Merline
Galdeketa laugarren lekukoari: Burgos
Angelica Negroren liburuko pasarteak Victorrek azpimarratuak
Detektibe emozionalak Victor imajinatzen du
Detektibe emozionalak Rocio imajinatzen du
Detektibearen txosten emozionala
1. EGUNA
09.03
Bartzelonara etorri naiz Ilehoriaren kasua ebaztera. Zeuen buruari galdetuko diozue, zergatik Bartzelonara? Ba tira, hiria gustatzen zaidalako eta beste zereginik ez nuelako. Funtsean, bertan egun batzuk pasatu nahi nituelako gastu guztiak ordainduta. Ilehoriari esan diot Victorren arrastoa topatu dudala Bartzelonan, eta bidaia ordaintzeko eskatu. Arrastoarena gezurra zen, noski, esan bezala egun batzuk pasatu nahi nituen Bartzelonan. Eta, hala ere, seguru nago hemen kasuaren gakoak topatuko ditudala. Detektibe emozionala naiz ni, egin behar dudan gauza bakarra nire emozioekin konektatzea da, beste zeozer buruan dudala. Kasu honetan, inork hil ez duen hildakoaren kasua. Eta, horretarako, niri ezinbestekoa egiten zait testuinguruz aldatzea, bizitza jazartzea, pentsatu gabe pentsatzea. Dutxan sartu eta erlaxatzerakoan ideia eder bat etortzen zaizunean bezala, edo korapilatua zenuen arazo baten konponbidea. Dutxan sartu, korri egin, pelikula bat ikusi, ibili luzez, jendea behatu eguna akiturik amaitu arte. Bai, hori da, pentsatzeari utzi, buruak bakarrik pentsa dezan. Eta, horretarako, Bartzelona beste edozein hiri bezain ona da.
Agian opor batzuk hartzeko aitzakia eskasa dela pentsatuko duzue. Eta bai, egia da, pentsa dezakezue.
09.33
Boulevard edo Ramblak, berdin da.
Nire inguruko inork ez du etorri nahi Bartzelonara abuztuan. Arrazoi osoz. Ezta Donostian geratu ere. Baina nahiago dut Bartzelona itsusi eta patetiko hau. Turismo bortitz honen ertzean seguru nago tentsiorik badagoela, eta erresistentzia. Eta hori beti da ederra. Edo igual beti ez, baina ni hunkitzen nau. Esan nahi dut, neure buruari galdetzen diodala non dagoen jendea, zertan ari den hemen egon gabe hemen dagoenean. Hain izan zitekeen ederra bizitza abuztuan. Eta ez da, ezta Donostian ere. Saiatzen naiz jendea zelatatzen. Haien begirada hesituak. Dirua ere haien bisaietan, tatuajez betetako jende ederraren solasetan eta soslaietan. Tatuajez betetako etxe ibiltariak dira bertako biztanleak. Azal beltzaranak, azal zuriak, azal markatuak. Hemen bada Donostia zaurituak ez duen zerbait: zikinkeria. Eta horrek salbatzen du Bartzelona. Harritu egin nau Ravaleko espaloietako lizun kapak. Galdu naiz pixa usaineko kantoietan. Lurrean lo egiteko birziklatzen da kartoia. Pobrezia oldeka diruaren ertzean. Beste hiri bat dago kaleak zeharkatzen ditugun turisten gerritik behera. Beste hiri bat ikusten da lurrean eserita edo etzanda. Literaturarik gabeko begirada bat txanpon baten truke. Oihuak. Indiar gizon baten desesperazioa, gorbataz jantzitako arabiar baten atzetik, maleta lapurtu diola eta laguntza eskatuz. Filmotekaren atarian nago ni, beste mundu batera sartzeko pronto. Edo Fairy, lixibarik gabeko burbuila intelektual baten atarian. Aire girotua. Neure buruari galdetzen diot zer den feminismoa Filmotekaren aurreko kantoian dagoen emakumearentzat. Marielle Franco etorri zait burura, ez dakit zergatik, zenbat inpaktatu ninduen hilketa horrek. Bortizkeria basa, eta non lora daitekeen borroka bat. Sartu naiz, eroso, barrura, Krzysztof Kieslowskiri buruzko erakusketa bat ikustera. Barruan paratu duten dokumentala irentsi dut osorik, zuzendariari erretiroan eginiko elkarrizketa. Oso ederra, oso aire girotua. Pelikularen une batean dio gogorra dela deskribatua izan ez den mundu batean bizitzea. Ibrahima Balde eta Amets Arzallus Antiaren Miñan ari naiz irakurtzen une honetan. Deskribatua dena, bada. Deskribapen gehiago behar ditu nire historiak, nire ertz anitzeko munduak. Kattalin Minerren Moio da irakurri berri dudan bestea, unibertsalak diren borroka intimoen memoria historikoa. Bortizki soziala, emozioak sistematikoki baztertzen ez dituena. Pertsona izatearen politika. Eta badoa, eta banoa. George Orwell plazan, Plaza del tripin, tripetako iskanbila hasi zait eguneko lehen kafea hartu ostean. Taberna barrura joan naiz: zikinkeriaren hiriko komunetan beti dago papera. Donostia aratzean ez bezala.
11.13
Ari naiz pixkanaka nire emozioetara biltzen. Utzi egin diot memoriari nabigatzen, nahastu egiten zaizkit Ilehoriak kontatutakoak eta nire oroitzapen propioak. Bakardadea dut lanabes. Maite dut idazketa automatikoaren bitartez nire emozioak arakatzea, baina hori ezin diot Ilehoriari esan. Irakurri egin nahiko luke, argitaratu egin nahiko luke, “zertarako idatzi bestela?” esango luke.
Mugikorrak nonahi daudenetik gauzak errazagoak dira. Lehen lotsa ematen zidan edozein lekutan libreta atera beharrak, terraza batean idazten hasteak, orri zuria lagun bizitza pasatzen ikusteak. Jendeak poeta nintzela pentsatzen zuen, sekulako amorrua ematen zidan horrek. Ez ninduten bakean uzten, are gutxiago taberna hipsterretan, “zer ari zara idazten? Nongoa zara? Irakurri duzu Iñigo Astizen azkena?”, utikan poesiazaleak ere. Orain dena da errazagoa: mugikorreko Notebookean aritzera ohitu naiz; beraz, lerro hauek idazteko orduan inork ez dit susmo txarrik hartzen. Mugikorrera pegatua bizi den pertsona bat gehiago besterik ez naiz.
11.27
Ilehoriari gauza bera gertatzen zaio. Kuriosoa da, Ilehoria.
11.31
Diote, alaitasunerako motiborik ez dagoelako, alaitasuna iraultzailea dela. Behinola irakurri nion Mr. Señora ezizeneko lagun bati. Egia izanagatik, batzuetan pentsatzen dut ez ote ditugun leloetan motibaziorako arrazoiak ehorzten. Gauza batzuek indarra galtzen dute lelo bilakatzen diren momentutik. Baina esaldi horrekin, hala ere, azkenaldian ezin izan dut ekidin buruari bueltaka ibiltzea. Edo tira, bai, ekidin nezakeen, baina ez nuen zeregin hoberik.
Emakume ileurdin batek Whiski! deitu dio loturik daraman txakurrari. Terrazan dagoen amona bat poztu egin da txakurra ikusita, aspaldiko ezagun bat balitz legez. Maitasunari buruz ari da hitz egiten bilobekin, algaraka, baina ez nik idealizatu nahi nukeen moduan. Barbara Reyz ari dira. Nik ez dut oso argi nor den Barbara Rey, baina jakin badakit famatu horietako bat dela, hori horietakoa.
Bakarrik nago hiriburu erraldoian. Bakarrik egoteaz disfrutatzen. Bakarrik egoteaz disfrutatu dezaket benetan ez nagoelako bakarrik. Hautazko bakardadea da, iraungi egingo den bakardadea, ordu batzuk barru maite dudan jendea topatzean desegingo dena. Idaztea bakarrik egotea da, bakardadea ezinbesteko duen artea da idazketa. Maitasuna ezinbestekoa duen artea da bakardadea. Maitatua izatea ezinbestekoa da idazteko, beraz. Bakarrik egon ahal izateko ezinbestekoa da maitasuna. Une honetan, orain eta hemen, gutxi-asko badakit non dauden maite ditudan pertsonak. Gutxi-asko badakite beraiek non nagoen ni. Nire bihotza GPS bat da. Noizbait Ilehoriak ikerketa honen bigarren partea idazten badu, horrela titulatzeko esango diot. GPS. Giputxi Post Sozialista. Orainaren metafora. VHS lehenaldiarena den bezala.
Zientoka denda eta taberna dauden bazter auzoetan, beti pentsatzen dut gauza bera: guztiek ateratzen dute bizitzeko lain? Haietako ia guztien aurretik pasatzen naiz sartzeko batere tentaziorik gabe. Zenbat kasualitateren ondorio da pertsona hauen biziraupena? Kebab, lentzeria, artisautza.
Whiski!, gero eta zailagoa da zakur izatea hiriburuetan, gero eta zailagoa oinarrizko beharrak asetzea. Soka bat lepotik tiraka, kaka egiteko arau zehatzak. Animalientzako ile-apaindegiak. Animalien jabeentzako ile-apaindegiak. Ile-apaindegien jabeentzako ile-apaindegiak.
Terrazatik altxatu eta kaleetan barrena galtzea erabaki dut. Gutun zuri bat ikusi dut espaloi bateko izkina batean, inora ez doan kale kantoian, izen bati deika: Ibrahim Abdeladaia. Zer istorio dago gutun horren atzean, zer nolako deia, zer nolako kontaktatzeko ezintasuna. Edo iluntasuna, irudimenaren mesede. Gutuna hartu eta zabalduko banu, segur aski desio ez dudan mundu batean sartuko nuke muturra, modu ekidinezinean. Arrisku sentsazioa. Ez dezatela mundu paraleloek elkar ukitu. Banoa, noski, aurrera.
Zabaltzen diren pertsianen zarata, zarratzen direnena. Jelaren soinua izotzontzira amiltzean. Denbora kontua da dena. Eta pentsatzen dut bakardade ez aukeratuetan. Zerk eramaten zaituen horretara, zein neurritan den bakardade hori milaka egunetan hartutako milaka erabakiren ordaina.
Ibiltze hutsak ematen duen bakea.
Hiriburuko jende olatuei so, diot: jende hau guzti hau inoiz erditua izan da. Saiatzen naiz erditze hauek guztiak oihu bakarrean ikusten, zenbat gela zuri edo beltzetan. Saiatzen naiz erditze hauek guztiak elkarren ondoan entzuten. Gainditu egiten nau sentsazioak. Gorputz hauek guztiek dute, edo inoiz izan dute, zoriontsu izateko aukera baten itxaropena. Eta erditze horien guztien alboan badira erditu nahi eta erditzera iritsi ez direnak. Eta beste bazter batean ez erditzearen hautu politikoa egin dutenak.
12.03
Historia deskribapena da. Narrazioa. Zure mundua kontatzea. Istorioa. Biziraupena. Poesia, berriz, ekintza zuzena. Gorputza jartzeko modu bat. Bost axola ordea poetak eta poesia liburuak eta poesia liburuen salmentak. Agian horregatik ez dira saltzen: poesia ekintza zuzena delako, eta poema bera ekintza horren azken oihartzuna. Eta bla bla bla, dagoeneko neure buruaz aspertzen hasi naiz.
12.17
Kaletik ibili norabiderik gabe, baina paseatzerakoan gorputzari jartzen zaion flan edo gelatina testura hori ekidinez. Ibili kaletik norabiderik gabe norabide bat daukanaren energia berarekin. Helburu bat, xede bat, hitzordu bat, ordura iritsi behar bat nahiz eta gezurra izan. La Conquête de l’Inutile. Artea, politika, konspirazioa. Izerdia daukat titian. Beroa egiten du. Ur-jauzia eskubiko galtzarbean soilik. Zergatik. Ez dakit. Berdin dio. Banoa. Garaiz iritsiko naiz. Eta bizitza han izango dut zain, desodorante zaporeko izozki batekin.
12.31
Ilehoriaren dei galdua dudala ikusi dut. Zeozer jakin nahiko du. Emaitzaren bat nahiko du. Ni ordea bizitza jazartzeaz gozatzen ari naiz. Jendea jarraitzen dut ausaz kaletik. Denei hartzen diet susmagarri traza, denek dute sekreturen bat estalpean. Zoriontsu izatearen itxura dutenak iruditzen zaizkit susmagarrienak. Titiburuen ordez pailazo sudurrak izango balituzte bezala da. Bibratzailea. Bera da. Baina ez dakit telefonoa hartzen. Nobela honetan telefono bat dudan lehen aldia da.
12.33
Filmotekara gerturatu naiz berriz ere. Gauero film bat ikustea erabaki dut. Kasualitatez, Krzysztof Kieslowskiren zikloaren barruan Trois couleurs: Bleu botatzen dute bihar. Ikaragarri maite dudan filma, nire emozioekin kontaktuan jartzen nauelako. Kieslowski bluetooth emozional bat da. Une batez pentsatu dut abagune hau guztiz perfektua litzatekeela programazioan Leos Carax-en film bat egongo balitz. Holy Motorseko pertsonaiak benetan existitzen direla ikusi dut gaur Rambletan barrena, eskean dabiltzan gorputz konkordunetan.
Zenbat aukera daude Leos Caraxek idazten ari naizen hau irakurtzeko? Zenbat aukera erreal, esan nahi dut? Zein litzateke portzentaje zehatza? Zer gertatu behar litzateke Leos Caraxek idazten ari naizen hau irakurtzeko? Zer gertatu behar litzateke, zer koiuntura probokatu, zu-irakurle-orain-eta-hemen-irakurtzen-ari-zaren-hau Leos Caraxek ere irakurtzeko? Inora ez doan beste gogoeta bat, inora ez doan beste galdera sorta bat. Baina, hala ere, hunkitu egiten nau portzentajeetan pentsatzeak. Inguratzen nauen jende honen patua numeroetan ezkutatuko balitz bezala da.
Maite dudan pertsona batek esan dit bart, nire titi iletsuari begira, Bartzelonara datorren bakoitzean 2017ko erasoa etortzen zaiola burura. Esango nuke, eraso hura oroituta ere, turista oldeek portzentajeetan dutela itxaropena. Esango nuke, nik ere, Rambletan gorputz klonatuak saihesten saiatzen naizenean, portzentajeetan jarrita dudala nire biziraupenaren itxaropen osoa. Klonatuta ni ere?
16.37
Neba-arreba batzuk nire ondoko mahaian.
— Garai hartako egunik txarrena izan zen.
— Zein?
— Ez duzu gogoan?
PAUSA.
— Zure urtebetetzea?
— Bai.
— Mozkorrik etorri zen. Zure dinosauro berdeari su eman zion haur guztien aurrean. Benetan ez duzu oroitzen?
— Hori zehazki ez.
— Benetan?
— Bai. Beste gauza batzuk oroitzen ditut egun hartatik.
— Adibidez?
— Amak eta izebak gela batean sartuta eman zutela arratsalde osoa, larriturik.
— Ez zen izeba.
— Bai, izeba zen.
— Ezetz ba.
— Baietz. Ondo oroitzen dut. Tarteka, gelara sartu eta gertatzen ari zenaren parte ematen nien.
— Ez zen Elena, amaren laguna?
— Ez, izeba zen. Egun hartako argazkietan lehengusinarekin azaltzen naiz, han zeuden beraiek.
PAUSA.
— Eta dinosauroarena ez duzu oroitzen?
PAUSA.
— Ez. Dinosauroarena ez.
Batzuetan pentsatu izan dut oroitzeko idazten dudala, zuria belztea ahanztura ekiditeko modu bat dela. Baina denborarekin konturatu naiz ezetz, ahaztu ahal izateko idazten dudala. Mamuei paperean bizitza ematea haiek liburu batean ehorzteko modu bat dela. Pertsona bati kale baten izena eskaintzea bezala da, edo parke batean inoren omenezko eskultura bat jartzea bezala; une hori bizi dutenen momentuko beharra asetzen du, baina, era berean, kontzientzia lasai edukita ahazteko baimena ematen die pertsona horiei beroriei.
18.12
Iragana oroitzeko besteen beharra daukat. Memoria beti da ariketa kolektiboa, eta, bestela, poesia da.
18.14
Bua. Ze ondo geratu naizen azken esaldi hori idatzita.
20.22
Ravaleko Rambla, abuztuan terraza bat. Falafel plater berezia hartu dut afaltzeko, hummus eta entsalada pixka batekin. Garagardo pitxar bat. Pitxarregi agian, nahi baino lehen mozkortu naiz, egun osoko beroak akuilatuta, ikerketa behar bezala egiten jarraitzeko pitxarregi.
21.30
The Band Wagon Filmotekan. Vincente Minnellirena. Fred Astaire, Cyd Charisse, Oscar Levant, Nanette Fabray. Terriblea emakumearen papera, lehenengo pentsamendua. Ezinezkoa zait hortik deskonektatzea. Bestela, zoragarria protagonistak etengabe tabakoa erretzen egotea, zenbat denbora halakorik ikusi gabe!, eta dibertigarriak koreografiak. Modu arin batean bada ere, komedianteen erronkei buruz ari dira, porrotaz eta garaipenaz. Victor etorri zait gaurkoz, azkeneko aldiz, gogora.
2. EGUNA
10.01
Ogia irentsi eta erretzen duen tostadora bat iruditzen zait munduaren historia. Eta batzuetan klak, salto egiten du ogiak, eta soldatak erabakiko du marmelada duen edo gurina. Ahuakatea.
Tostadorarena ez da oso metafora ona.
Baina alaitasunez betetzen nau metafora txar batek. Bizitzaz betetzen nau metafora txar batek. Literatur kritikarien amorrua eta haserrea eta balizko mediokritatearen aurreko aire ofenditua da bizitzan geratzen zaidan azken dibertimenduetako bat. Idatzi berri dudan hau tontakeria bat da, are gehiago, ez da egia, baina zeinen ongi egia balitz, horrelakoa banintz. Eta horrela dena.
Ez dut lortzen ondo entzutea ondoko mahaiko elkarrizketa. Italiarrak dira? La grande bellezza. Kanpai hotsak.
10.43
Une batez Ilehoria ikusi izana iruditu zait, kafetegiaren leihotik barrura begira. Nire irudimena izango zen. Edo berea, auskalo.
11.01
Zeramikazko loreontzi miniaturazko bat erosi dut, oparitzeko. Buruan dudan pertsona horrek zeramika maite duelako. Eskuz egina da, maitasunez egina da, zeramika lantzeko lokal txiki baina txukun batean. Ez da zeramikazko loreontzi more miniaturazko bat soilik oparitzen dudana, ez bada une bat, pentsamendu bat, orain ere nirekin zaude bat, nahiz eta distantzia. Eta une honetan ez dago itzulera imajinatzea baino gauza ederragorik, jakitea nora itzuli bat badagoela, norengana itzuli bat. Opari hori entregatuko den une bat.
12.33
Rottweiler. Bull terrier. Pitbull. Red bull. Hiria da.
17.48
Azkenaldian balizko iraultza berri bat darabilkit irudimenean. Anakronismo berri bat, anarkismo berri bat. Angelica Negro. Iraultza bat zeinean norberak mesedeak egiten dizkien besteei indiskriminatuki, militantzia hutsagatik, kapitalismoak bultzatutako joera orokorrei kontra egitearren. Baina anarkikoa behar du izan, ezin da egituratu, ezin da alderdi bilakatu, ez joera, ez trending topic. Norbaiti opari anonimo bat egitea, trukean ezer espero gabe, kapitalismoaren balioei kontra egite hutsagatik. Norbait lagundu anonimoki, behin eta berriz, behin eta berriz. Eta pertsona horrek benetan opari horren behar gorria duela suertatuz gero, are hobeto. Dirua oparitu. Oparien frankotiratzailea izan. Ez dut ideia hau ahaztu nahi. Neure buruari errepikatuko diot egun osoan zehar: Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat.
18.33
Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat.
19.33
Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Balkoi batean hamabost toalla zintzilik, guztiak dira urdinak. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Listuaz ureztatuko nituzke nerabeen hanka depilatuak. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat.
20.11
Listuaz ureztatuko nituzke nerabeen hanka depilatuak. Bahitu egingo nituzke, arretaz behatzeko nola hazten zaizkien gogoz kontra ileak. Gero berriz ere askatuko nituzke, noski, hau demokrazia bat da. Barkamena eskatuko nieke kaputxa jantzirik, eta esan: “Bueno, bakoitzak egin dezala nahi duena”.
Batzuetan horrelako gauzak okurritzen zaizkit. Eskubide osoa dut. Pentsatu eta esaten ez diren gauzak. Ai, Harkaitz Canok esaldi hori marka komertzial modura erregistratu izan balu!
Fikziozko pertsonaia bat naiz. Ilehoriak noizbait Inork hil ez duen hildakoaren kasua nobela idatziz gero, zeinetan ni azaltzen naizen fikziozko pertsonaia baten gisan, asko jota berari eskatuko lizkiokete kontuak. Liburua oso hipsterra suertatu delako, edo nahiko hipsterra suertatu ez delako. Niri ez ordea. Niri ez dit inork konturik eskatuko. Fikziozkoa naiz. Nahi dudana egin nezake. Are gehiago, nire detektibe ahotsa aktibatu dezaket irakurleen buruetan, nahi dudana pentsatu, telepata literario bat izan, eta hala ere esateko libre. Fikzioa aldarrikatzen dut literaturan, nola ez ba, gorputzik ez dudan honek nahi dudana esan ahal izan dezadan.
Irakurleak gorpuzten nau. Nolakoa imajinatzen nauzu orain titi bakarra dudala esaten badizut?
Pertsonaiek nahi dutena egin dezakete, egin dezakegu. Hori, noski, ez da egia. Gros da. Idazketa automatikoan existitzen dira benetan pertsonaiak. Eta abar.
21.33
Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Oparien iraultza. Dirua oparitu, edo dirua balio duten gauzak eta uneak. Eta abar.
22.33
Liburu honen egileak berrogei urtetik gora dudala erabaki du bat-batean, bete berriak gainera. Victorrek lukeen bezala. Merlinek bezala. Dagoeneko gehiago da neure buruaz oroitzen ez dudana oroitzen dudana baino. Ezezagun bat naiz neure buruarentzat. Nire arrastoa bilatzen dut argazki albumetan, eta beti sentitzen dut harridura: Noiz gertatu zen hau? Nola zuen izena maitale horrek? Zenbat urte nituen hau gertatu zenean? Zergatik ez ote nituen apuntatu lekua eta eguna argazkiaren ertzean?
Toulousen gorputza tatuaiaz beterik zuen emakume bat ezagutu nuen. Bere izena Colette zela imajinatuko dut. Toulouseko etxe konpartitu bateko sukalde batean kontatu zidan munduan zehar bere zirku konpainiarekin eginiko bidaietan ezagututako jendearen berri tatuatzen zuela azalean. Labur bada ere, bere bizitzan nola edo hala eragin zuen jendearen historia tatuatzen zuela gorputzean. Inpaktatu ninduen horrek, ederra bezain ausarta iruditu zitzaidan, eta urduri jarri nintzen: afaria prestatzen genuen bitartean zerbait pisuzkoa, edo ederra, edo gogoangarria, edo kuriosoa sikiera esateko kapaz izango nintzen, berak azalean tatua nintzan? Erantzuna, noski, ezezkoa izan zen. Ez dago nahita transzendentala izatea baino gauza patetikoagorik. Gogoan dut zirku eskola haren ondoan tankeak gordetzen zituela armada frantsesak.
22.43
Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Anarkismo berri bat. Neure burua maitatzeko ispilu bat behar dut. Baina ez neure burua miresteko. Begietara begira, inoiz beste inori esaten ausartuko ez nintzatekeena esateko baizik.
Naturan dagoen kaosa eta bortizkeria basa kontrolatzen saiatzeko modu bat da justiziaren ideia. Segur aski ulertzen ezinezkoa dena ulertzen saiatzeko ahalegin inpotente bat.
Berdin artea.
22.59
Dirua oparitu jendeari kantitate txikitan. “Begira zer sartu didan norbaitek poltsikoan, harrigarria, ezta? Zergatik egin ote du”, bizitza aldatzeko aski ez den diru kantitate txiki bat, baina eguna aldatuko dizuna. “Ze sorpresa, garagardo bat hartzera gonbidatuko zaitut, ezezagunaren kontura!”, eta barre, eta agian bizitza ez, baina eguna aldatu da, eta zer kontatua duzu, eta larrua joko duzu garagardoa zurekin edan duen lagunarekin, txortan egingo duzuen azken aldia balitz bezala. Eta agian, gainera, bai, azken aldia izango da. Ezta, Victor?
Dirua oparitu. Beranduegi da beste norbait izateko, Chuso?
23.33
Bi gazte ondoko mahaian, Auzo Gotikoan.
— Heriotzaren beldur naiz.
— Zer diozu? Benetan?
— Bai.
— Eta?
— Eta… zer?
— Zer esan nahi didazu horrekin?
— Ezer ez.
PAUSA.
— Ateoa naiz.
— A.
— Ateo zoriontsu bat.
— Bale.
— Atzera begiratzen dut, bizitako guztiari, eta konturatzen naiz zoriontsua izan naizela.
— Benetan?
— Bai.
— Orduan... ondo, ezta?
— Ez dakit.
— Nola ez dakizula?
— Eta jainkorik ez baina... karma, unibertsoa eta off-eko ahotsak existituko balira? Eta guztiak zentzua baldin badauka, unibertsoan ordena misteriotsu bat baldin badago?
— Orduan, ba, ez dakit... ondo ere, igual?
— Ondo ez.
— Zer ba?
— Mundu honetara zoriontsu izaten ikastera etorri bagara, agian nire zeregina bete dut, zoriontsu izan naizelako, eta horrek esan nahi du edozein momentutan hil egingo naizela.
— ...
PAUSA.
— Lortu duzuna galtzearen beldur zara orduan?
— Ez, inondik inora, bizi izandakoa ez dit inork kenduko.
— Orduan?
— Eta ez bazait beste ezer geratzen bizitzeko?
— Joder, beti badago zerbait. Oraintxe zure dendak porrot egin duelako gaude hemen kafe bat hartzen.
— Bai, baina horrek ez du esan nahi zoriontsua ez naizenik.
— Ezinezkoa da zoriontsua izatea. Porrot egin du zure negozioak, nori bururatzen zaio hirugarren eskuko liburu-denda bat zabaltzea non eta Bartzelonaren erdian, alokairu bat ordainduz? Benga, ez kontatu ipuinik niri.
— Bai, baina nork kontatu dezake halakorik egin duenik? Ideia oso ona zen, amets eder bat. Nahi nuena egin dut, inori azalpenik eman behar izan gabe.
— Ni zure abal-emailea nintzen.
— Tira, bai.
— Dirua zor didazu.
— Baita ere. Eta pozik nago, zurekiko adiskidetasun sakon bat sentitzen dudalako.
— Ez dakit lengoaia korporala irakurtzen ahaztu duzun ala zer, baina ni ez nago oso pozik.
— Dirua besterik ez da, lortuko dut gehiago.
— Aurpegia behar da gero.
— Ez duzu ezer ulertzen, baina lasai, noizbait ulertuko duzu. Konturatzen naiz aspaldi ikasi dudala zer den garrantzitsua bizitzan, eta hau porrot bat gehiago besterik ez dela. Bizi esperientzia bat gehiago.
— Joan zaitez pikutara.
— Inbidia ematen didazu.
— Zer?
— Inbidia ematen didazula.
— Bai, entzun dizut, baina zergatik?
— Zu ez zarelako berehala hilko.
00.01
Itxitako denda bati begira geratu naiz pentsiorako bidean. Edo, hobeto esanda, kristalak bueltatzen zidan irudiari begira. Ez dut neure burua ezagutu. Luzaz begiratzen duzunean zure aurpegia ispiluan beti bilakatzen da beste norbait. Nik ez dakit norena den aurpegi hau, amaitzen duzu pentsatzen. Bizitza agian hori besterik ez da, forma aldatzen duen bisaia. Tabakoak lizundutako hatzen beilegitasuna aurpegiko ileetara kutsatuko balitz bezala.
Horrela jartzen naizenean ezin dut neure burua jasan. Baina, azken finean, nor da Hassan?
00.22
Kaleak zeharkatzeaz akiturik heldu naiz pentsiora. Igogailua hartu dut gelara joateko. Bertako ispiluak abegi egin dit. Oraingoan bai, argi ikus dezaket zer gertatzen den. Alkandora altxatu dut une batez, nire titi bakarti iletsuari begira.
00.31
Telefonoz hitz egin dugu. Triste dagoela esan dit, justu ni triste nengoenean. Zeinen zaila den urruntasuna horrelakoetan. Ez dute balio hitz handiek, ez animoek, ez hitz gutxitan laburbiltzen saiatzen garen gogoeta arranditsuek. Ez nago han, ez dago hemen. Hau da une horietako bat zeinean elkarrekin egongo bagina ez genukeen ezer egingo, ezer esango, eta nahikoa izango litzatekeen. Elkarrekin egin ohi dugun edozein erritual dut ments: paseatzera joan, itsasoa ikusi, ardo zuri bat edan gustuko pintxo tabernan. Edo pertsianak jaitsi, udako egun zoragarriari bizkarra emanez, eta film bat ikusi.
Alaitasuna etorri zait berriz ere gogora. Zeozer dibertigarria idatzi nahi nuke, umoretsua, jarrera bat hartu une honen aurrean. Baina ez zait ezer okurritzen. Gaur igandea da, guztia itxita dago hemen.
Ez dit inork laztanduko gaur titi bakartia. Agian alaitasuna hori besterik ez da: edonon eseri eta ezer berezia egin gabe pozik egoteko kapaza izatea. Maite ditudan gauzak zerrendatu etxerako erosketak egin behar dituenaren modura, kotidianoki. Erraza da alaitasuna defendatzea ondo zaudenean. Horregatik agian, momentu hauek dira benetan kontatzen dutenak, une horiek zeinetan berezko hutsunea sumatzen duzun, amildegiaren ertza hozka barnean. Agian hori zen zuk sentitzen zenuena, Victor?
Victor arrotza, Victor ezezaguna, nirea ez den Victor hori. Nolakoa zen zure bizitza etxetik urrun teatroa egiteko kapaz sentitzen ez zinen egunetan? Barre egiten ez dakien pailazo zauritu bat. Titi bakarra zenuen zuk ere, Victor?
Amildegi otzana. Presentzia horrekin hasten dira depresiorantz jotzen duten urrats guztiak. Amildegi txiki bat, erreparatu orduko handitzen doana. Ez. Ez dut etsiko. Non zeuden maite zenituen pertsonak, Victor? Amildegi otzanaren zein aldetan?
“Triste nago”, esan dit telefonoz, eta hau kasualitatea, triste nago ni ere. Abenturak ondo daude nori kontatu daukazunean. Bestela, bizitza irakurlerik gabeko maistra-lan bat besterik ez da. Irakurleen bizitza alda dezaketen zenbat liburu daude idatzirik inoren tiraderatan, ahanzturaren disko gogorretan.
Ikerketa honek amaiera bat behar du. Inori kontatzerakoan hasiko da benetan ikerketa hau abentura baten oroitzapena izaten. Elkartuko naiz lagunekin eta esango diet, harro, ni han izan nintzen eta hura egin nuen. Abentura oro, ausardia oro da entzuleen zain dagoen kantu bat. Nekatua nago. Nekatua zeunden zu ere, Victor?
Etxera bueltan eskutik heldu eta orduan jakingo dut, ez dut inolako zalantzarik: hau izan da nire ikerketa, hau izan da nire abentura, zuri kontatzen dizudana. Eta kontatzen dizudan unean bertan dakit, benetako abentura eskutik heldu eta kontatzea bera dela, abentura bera kontatzearen abentura bizi bitartekoa besterik ez dela.
Zaitut, zoaz, gaude. Gauderik gabe, ez dago ezer, ez dut ezer, ez naiz.
01.21
Ez dut lo egiteko gogorik. Kalera noa berriro.
03.33
Gaur ez dakit nola izan dibertidu.
Nahi dut jakin nola izan dibertidu.
04.44
Taberna batean ondoko mahaiko lagunen solasak salbatu dit eguna:
— Gaur eskumako belaunean lepra nuela amestu dut.
— Benetan? Oihuka esnatu zara?
— Ez.
— Izerditan?
— Ezta ere.
— Orduan?
— Pozik esnatu naiz.
— Zergatik?
— Bizitzeko arrazoi bat nuelako.
— Benetan? Zein?
— Belauneko lepraren kontra borrokatzea.
06.02
Iritsiko da une bat zeinean 2020ko abuztuaren 3an 19:36an Bartzelonan gauden pertsona guztiak hilik egongo garen. Une zehatz hau posible egiten duten pertsona guztiak desagertuko dira. Noizbait iritsiko da gure artean ezagutzeko aukerak eta egun bakar batean ateratako milaka pixel eta selfieak ahaztuak izango diren une zehatza. Neure buruari galdetzen diot 2020ko abuztuaren 3an 19:37an Bartzelonan gauden milaka pertsonen arteko azkena nor izango den, ze urtetan eta non hilko den. Eta pertsona horrek, bere azken hatsean, ezingo du imajinatu ni 2020ko abuztuaren 3ko 19:39an berarekin pentsatzen ari naizenik.
06.55
Harrituta geratu ohi naiz igogailuetan ispilura begiratzean: nik badakit ez naizela hain zaharra. Nor zara zu? Edo, agian, galdetu behar nukeena zera da: noiz iritsi zara Bartzelonara?
3. EGUNA
13.33
Edertasunaren auzokoa naiz, edertasunaren auzo internazionalistakoa. Edertasunaren aberrikoa naiz esan behar nuen, hori izan da lehen bulkada, baina aberria berregituratze prozesuan den hitz bat da nire hiztegian, eta ez dakit oso ondo nola erabili kutsu militarra hartzen duela sentitu gabe, bortxa instituzionalaren eta egiturazko bazterketaren alde nagoela sentitu gabe. Edertasun politikoaren aberrikoa naiz ni, Euskal Herria fakzioa, Euskal Herria fikzioa. Nazioarteko errepresioaren aurrean, egiturazko bortxa matxistaren aurrean, pertsonen arteko elkartasuna itoko duen ahanztura historiko sistematikoaren aurrean, edertasunaren auzokoa naiz ni. Auzo hori zeinean edertasuna sortzen duen orok duen balio eraldatzaile bat, pertsonen barruan une batez itxaropena ereite hutsagatik. Beti nago adi, ea nor sentitzen dudan auzo bereko. Eta batzuetan, haien peskizan, haien presentziaz gozatzen dut modu anonimoan, beraiek jakin gabe. Ez dudalako astirik jende interesgarri guztia pertsonalki ezagutzeko, ez dudalako kemenik ezagutu nahi nukeen ororengana gerturatzeko urratsa eman eta aldiro pizten den mesfidantza millennialaren gainetik egoteko. Adiskidetasun berri bat seduzitzeko. Aski dut haiengandik hurbil sentitzea, ikustea ez nagoela bakarrik munduan, edozein unetan gerta litekeela espero ez dudan solasaldi iraultzailea. Neska gazte bat ikusi dut bakarrik Kieslowskiren Trois couleurs: Bleu ikusten, malkotan. Eta ez naiz bakarrik sentitu, nahiz eta berarekin hitz egin ez.
Fikzioari buruzko eztabaida oro zentzugabea iruditzen zait, edo guztiz ezinbestekoa: fikzioa literaturan ez da existitzen, edo une oro existitzen da. Ez dago erdibiderik. Edo literatura da erdibidea.
Nola deskribatu zehaztasun osoz gorputz bat, ez baduzu sekula gorputzik bizi izan?
Detektibe asimetrikoa naiz. Nire zakila alu-zinantea iruditu zait beti. Muskulu arraro bat, arraroa den bezala gerra, edo ospitaleetako telesail bat. Emakumea izatea erabaki nuen behin, baina ez bizitza berri bati ekiteko, ez. Iragan bat zuen emakumea izan nahi nuen. Horregatik dut titi bakar bat. Detektibe asimetrikoa naiz.
13.44
Banoa Bartzelonatik bueltan, misterioa oharkabean argitu dudan sentsazioarekin. Hauxe izan da nire ikerketa, ahotsez lepo nuen barrua. Testuinguru egoki bat besterik ez nuen behar, haiek entzuteko. Zoriontsu izateak, edo zoriontasun faltak, hil zuen istripuz Victor. Ez dut oso argi zein den ezberdintasuna, eta ez dakit axola duen.