Aurkibidea
Ilehoriaren bost oroitzapen atzekoz aurrera
Galdeketa lehenengo lekukoari: Hiber
Galdeketa bigarren lekukoari: Kapelu
Galdeketa hirugarren lekukoari: Merline
Galdeketa laugarren lekukoari: Burgos
Angelica Negroren liburuko pasarteak Victorrek azpimarratuak
Detektibe emozionalak Victor imajinatzen du
Detektibe emozionalak Chuso imajinatzen du
Aurkibidea
Ilehoriaren bost oroitzapen atzekoz aurrera
Galdeketa lehenengo lekukoari: Hiber
Galdeketa bigarren lekukoari: Kapelu
Galdeketa hirugarren lekukoari: Merline
Galdeketa laugarren lekukoari: Burgos
Angelica Negroren liburuko pasarteak Victorrek azpimarratuak
Detektibe emozionalak Victor imajinatzen du
Detektibe emozionalak Chuso imajinatzen du
Detektibe emozionalak
Rocio imajinatzen du
Ikerketa hau gorputz maskulinoz beterik dago. Oroitzapen hauek gorputz maskulinoz beterik daude. Eta ni zer naiz haietan. Emakume gorputz bat. Isila. XX. mendekoa. Victorren itzalpekoa. Poeta handiuste batzuen ideala. Badakit nola begiratzen ninduten: miresmenez, sekula ez desioz. Eta nik desioz begiratzea nahi nuen. Baina ez ziren gai.
Zer idatzi edukitzeko maitemintzen ziren kabroi hauek. Hori da egia bakarra. Gazteak ziren, besterik gabe. Gazteak ziren, besterik gabe? Nolakoak izango lirateke gaur egun? Queer? Askatasunez biziko lukete generoa, sexua, hunkidura? Edertasunaren beste zentzu bat edukiko lukete?
Iraultza gizonezkoen gauza zen garai hartan. Nahiz eta gezurra izan. Ni neu orain itzal bat besterik ez naiz. Ikerketa honen idazleak sentitu duen hutsune bat. Detektibe emozional batek jaso duen fikziozko pertsonaia baten testigantza. Gezurrezkoa ni ere. Baina intuizio sakon batean errotuta.
Ni nintzen guztiek miresten zuten heroiaren emaztea. Birjina. Ukiezina. Eta nik uki nintzaten nahi nuen. Ez musa bat bezala, akaba ditzagun behingoz musak, benetan nintzen iraultzailea ikus zezaten nahi nuen. Uste dut ezberdina litzatekeela ni ere gaur gaztea banintz. Ez nintzatekeela isilik geratuko, ez nukeela Victor, besterik gabe, jasango.
Emakume gorputz bat naiz. Ideia bat, besteek idatzitako fikzio bat. Nahiz eta erreala izan, nahiz eta egon orain hor zehar, nonbait, bizirik, agian artea bazter utzirik, agian familiarekin oporretan, haurrekin, antzerkiarekin zerikusirik ez duen bikotekidearekin. Jakin badakit detektibe emozionala eduki dudala peskizan, arrastoari jarraika, usnaka interneteko labirintoetan. Jakin badakit ez dagoela nire arrastorik, desagertu naizela antzerkiaren historia unibertsaletik, jaio orduko desagertzen diren uneak sortzen dituen arte horren hesteetatik. Nota bakar bat topatu du detektibeak, nola ez ba, ez dago besterik, nik badakit, behinola izan ginen horren aztarna soil bat. Bazterreko ohar bat Sevillako egunkari zahar bateko pdf batean:
“La Marabunta presenta en La Imperdible la obra Mi cocina, teatro basado en la espontaneidad”.
Fikziozko gorputz bat naiz, maniki ideologiko bat. Benetako gorputzik ez duen ideia. Emakumezkoenak ez diren gorputz batzuek nire gain jarri duten kondena, beren ametsen helburu izatearen patua, eta zama. Ilehoriak ez daki ezer nitaz, eta agian, oraindik ere, idealizatzen nau. Familia batekin bisualizatzea, antzerkitik urrun, ama bilakaturik, hori ere idealizatzea da. Birjina bilakatzea. Ama.
Eta neure buruaz beste egin banu?
Edo are, ez banintz alargun erromantiko bat izan? Eta nik bidali izan banu Victor pikutara, berak errepidea buruarekin jo baino lehen? Ezin nuelako aguantatu, jenio txarra zuelako, maltratatzaile ezkertiar bat zelako, haren jenialtasunaren itzalak ito egin ninduelako?
Besteek erabaki dute beti nor naizen. Eta ni hura izaten saiatu naiz, indar guztiz. Besteen begietan kabitzen den gorputz bat. Besteen nahiaren Frankenstein idor bat, gorputz txatalez egina, besteen begiradaren collage lizuna. Ipurdia, titiak, aurpegi leuna, eta are hitz egokia une egokian. Inoiz ez nabarmenegi, inoiz ez eguzki, nire inguruan itzalik sor ez dadin. Triste, malenkoniatsu, neure buruari Victorren garaipenak nireak direla esanez, errepikatuz, guztiz sinestera iristen ez naizen mantra bat bezala.
Ez dut ondo oroitzen nolakoa zen handik alde egin nuen eguna. Baina imajina dezaket, nire nahiekin osa ditzaket hutsuneak. Egun hura zeru urdinekoa zen agian, eta jaieguna. Victor lo zetzan, emanaldi batetik iristean enegarrenez igande goizari ezin eutsirik. Kafea egin nuen, ogi xigortua untatzeko gaztarekin, eta sofa okupatu nuen. Niretzako soilik den edertasun une bat. Telebistako mandoa desjabetzeko une propio bat. My own moment of beauty. Rainer Werner Fassbinderren film bat ikusten ari nintzela oroitzen dut. Las amargas lágrimas de Petra von Kant. Die bitteren Tränen der Petra von Kant.
Nik ez nuen nahi Victor alda zedin, baina bai exijitzen nion alda ez nintzala. Eta berak ezin zuen hori jasan, sekula aitortuko ez bazuen ere. Ni neu ere izan behar nintzen haren kreazioa, haren obraren parte bat. Jantzi egingo zituen eztabaidak argudioz, kemenez, diskurtsoz, ekarri egingo zituen idazle klasiko unibertsalen aipuak, liburuetako iturri eta guzti, nire arrazoiak desarrazoitzeko. “Ulertzen dut diozuna, eta funtsean zurekin bat nator, baina era berean blablabla, eta blablabla”. Guztia ezer ez esateko. Guztia gure harremanaren gaineko kontrolarekin jarraitzeko.
Harrigarria da film hau. Harrigarria eta magikoa. Horrelako zerbait egin nahiko nuke. Plano batetik bestera mugitzeko era hori, modu hain teatralean. Manikien presentzia, une oro zelatan, eszena bakoitzaren irakurketa posibleak biderkatuz. Eta aktoreen interpretazioak, gutxirekin asko esateko gaitasuna. Nik ere horrelakoa izan nahiko nuke. Ez nuke horrelako film batean harrapaturik bizi nahi, hori ez, baina sortzen dudan guztiak indar hori izatea nahiko nuke. Sentitu jendearen erraietan sartzen zarela. Sentitu erraietan maitasun ezeroso bat txertatzen duzula. Zure hitzez, zure gorputzez.
Tostadak eta kafea. Pelikula on bat. Zer hobeagorik igande goiz baterako. Isiltasuna. Bakardadea. Konturatu naiz ez dudala nahi Victor ohetik altxa dadin. Hain nago gustura bera gabe. Hain naiz, une honetan, ni. Nahi nuke altxa ez dadin, nahi nuke gaur bera bertan ez egotea, nahi nuke bakarrik egon. Edo are, nahi nuke bakarrik bizi. Hotzikara batek zeharkatu dit bizkarrezurra, gozamenezko hotzikara batek: hobeto nengoke bera gabe. Aspertuta nago berarekin naizena izateaz, ohartzeke izatera derrigortzen nauen hori antzezteaz. Ni beti izan naizelako beste norbait, ni beti egon izan naizelako beste edonon.
Gogoan dut elkar ezagutu genuen eguna. Sexua besterik ez zen izan. Sexu basa eta erakargarria. Izenik gabekoa, iluna. Denboragarrenera elkar topatu genuenean kostatu zitzaidan bera zela ohartzea. Txortan egin ostean ez genuen apenas hitzik egin, topaldi zikina eta ederra Hercules alamedako taberna bateko komunean. Aho zapore gozoa utzi zidan, tarteka eskuaz bikoiztu nahi izan nuen dardara, akordu gordin eta gozoa. Festa hartan, ordea, ahotsa jarri nion gorputz hari. Nola hitz egiten zuen politikaz, arteaz, sukaldaritzaz, guztia gauza bera balitz bezala. Liluratu egiten ninduen, azkenean topatuko nuen nire maila intelektualean egon zitekeen gizonezko bat, alegia, bere jarioarekin aspertuko ez ninduen norbait. Inuzentea ni. Desiratu egin nuen, zurea dela ulertu duzun hori topatzean ageri ohi zaizun buru argitasunaz, ehizaki. Bere aurrean paratu nintzen, ezagutu ninduen. Irribarre txikia marraztu zitzaion aurpegian.
Ez dakit zer demontre gertatu den honela amaitzeko. Ez dakit nola arraio, noiz, zer nolako mekanismoz lortu duen Victorrek ni bere meneko bilakatzea. Hain sotil, hain oharkabean gertatu da dena. Suge enkantatzaile ideologiko bat da, jendeak miretsi egiten du, baita nik neuk ere. Inguruko guztiak amestera jartzen ditu, une jakin batean berari interesatzen zaiona beste guztion bizitzako xedea dela sinesteraino. Ohartzerako bere amets propioen norabidean gabiltza dantzan guztiok. Eta, ostera, haserrealdi gehiegizko batean, drogek gainezka eginiko egunik tontoenaren bazterrean, amorruak eztanda egiten duenean, egotzi egiten zaitu bere albotik. Orduan konturatzen zara bere ametsak zirela eta ez zureak, ez daukazula ezer bera gabe. Nola, noiz gertatu zait niri beste guztiei gertatu zaien gauza bera. Edo okerrago, ni naizenarekin, ni izan naizenarekin, ideiak beti hain argi eduki ditudan honek, noiz permititu nuen bere utopiekin nireak ordezka zitzala, ni deuseztatzeraino.
Eta orain hemen, Madrilen, egon nahi nukeen etxetik eta nahietatik ehunka kilometrora natza, sofa batean. Bera esnatu ez dadin desiratzen, Fassbinderren film bat niretzat amesten. Noiz ekin nion nik eszenografia izateari, eta ez idazle. Izan ere, nik ere artean banuen zer esanik. Badaukat oraindik. Dena daukat esateko, baina denbora pasatu ahala ahazten ari zait. Luzeegi eman dut bere leloak nireak bailiran errepikatzen. Eta ni ere banaiz idazle. Hain da zaila, ordea, jakinik ere, oharturik ere, bere albotik alde egitea. Bere amorru astinaldiak jasateari diot beldurra, edo nagitasuna. Zorionez, azkenaldian ia ez nau ukitzen. Esango nuke Madrilgo tabernetako komunetan ere txortan ondo egiten dela. Bejondeiola. Gero eta jasanezinagoa zait haren izerdiaren zaporea, haren zakilaren arnasa.
Batzuetan galdetzen diot neure buruari zer geratzen den hasierako bulkadez, taldekook elkar ezagutu genuen garaiaz. Agian horri esker dut oraindik etorkizunerako gogo bizia, kontraesana badirudi ere, agian hori zor diot izan ez garenari: utopiarik ederrenak irudikatzeko gaitasuna. Nahiz eta orain haren tamainakoa izan sentitzen dudan beldurra. Bitxia da. Egoera hau amaitzea nahi nuke, handiegia da atzera begiratzerakoan dudan mina: La Marabunta, Sevilla, Chuso, nire bizitzaren hariak, eta Victor. Haien arrastoa mingarriegia da nigan, baina era berean, esperientzia haiei esker naiz orain beste etorkizun bat sortzeko gai den ekaitz zauritua.
Eta hemendik joango banintz? Eta ez banintz sekula bueltatuko? Nola lortu ospa egin ostean berarekin eztabaida amaigabeetan ez akitzea?
“— Kontaidazu zerbait zutaz.
— Ez daukat askorik kontatzeko.
— Bai, noski. Pentsatzen duzuna, edo... amesten duzuna.
— Leku bat nahi dut mundu honetan. Gehiegi eskatzea da?
— Ez, kontrakoa, Karin, kontrakoa. Hori da. Horretarako bizi gara. Munduan borrokatzeko leku bat edukitzearren.
— Eta... borrokatu beharra dago?
— Noski. Nik ere borrokatu behar izan nuen, eta oso gogor gainera. Horrela dira gauzak.
— Beti pentsatu izan dut nagiegia naizela borrokatzeko.
— Nagiegia?
— Bai. Gehien gustatzen zaidana ohean egotea da, irakurtzen.
— Beharbada ez dituzu aliziente egokiak”.
Karin eta Petra von Kanten arteko sedukzio solasak oihartzun egin dit. Txortan egingo nuke haiekin, biekin, bakoitzarekin. Txortan egingo nuke mundu guztiarekin. Txortan egingo nuke une honetan Victor ez den edonorekin. Ez da egia. Esajeratzen ari naiz. Baina hori esateko beharra sentitzen dut. Hori pentsatzeko beharra. Beste bizitza bat izan. Beste bizitza batean izan. Heroirik gabeko mundu sentsual bat dut ments. Utikan heroiak. Neuk esku hauekin sor dezakedan mundu bat dut ments, inori azalpenik eman barik. Edo agian ez. Agian ohean geratu irakurtzen, mundua aldatzeko beharrik gabe. Baina hutsik egon behar du horretarako, oheak.
Ez dakit une honetan gela bat norberarena behar dudan. Aski dudalako ohe huts bat.