Astronauta
Lanbroa ari du oroimenean, eta langarretan Pelloren autoa da bihurgunea goma-orroan igo eta etxe atariko harri txintxorretan kolpean geratu dena. Ate-atean utzi du, gurasoak balkoira atereak direla, eta diosalaka da jaitsi denerako, ilea kizkur, bibotea irribarrez.
Eskua goratuta zabalik, hara Ameriketako presidentea, gure ama agurtu du, gure aita agurtu du. Igotzeko diotse biek balkoitik, hartuko duk kafe bat. Baina pauso laburrez, zapatak zikintzeko beldurrez, etxekonekoak furgoneta uzten duen uralitazko teilatuperantz doa, eta hantxe erreparatu die alkandoran erori zaizkion tantei.
— Soldadua hemen al dugu?
— Atzo jo zian telefonoa, arrestatuta omen zagok.
Ceutan zinen garaia zen. Akordatzen nola idazten nizun?, eta orain ekartzea nekezagoa zaidan hau guztia kontatzen nizun, nola agertu zitzaizun laguna etxera, nola galdetu zigun zugatik, aldatua zebilela aspaldian. Helbidea, ez dut sekula ahaztu: Fortaleza Monte Hacho. Eta Pello gaizki esaka, ba al dugu hori ere, militar puta hauekin ez dago ezer onik. Noiz etorriko zaren jakin nahi du. Zertarako behar ote zintuen galdetu dio amak aitari balkoiko ateari kisketa eman dionean. Ez dakiela erantzun dio Pellori sorbaldak harrotuta, ez dagoela jakiterik noiz aterako zaituzten zulo zahar hartatik. Zer egin duzun, ez dago garbi. Paseotik berandu heltzeagatik izan dela esanda engainatu duzu ama, zertarako kezkatuko duzu.
— Orain ere erosi duzu lepoko ederra zuk.
Eta Pellori irribarrea zabalagoa egin zaio amaren hitzak entzun orduko. Erlojuari eman dio begia. Ez nau nire gelatik zelatan ikusi.
— Martxa egingo dut orduan. Esaiozu bere bila pasatu naizela.
Etorri bezalaxe doa, eskua gora, lanbroak ile kizkurrean zilarrezko dirdira txikiak egiten dizkiola. Bat-batean, akordatu keinua egin du. Gidariaren ondoko atea zabaldu eta laka potea dirudiena atera du aulkipetik. Auto aurrean makurtu da, zapia pasatu dio matrikulari. Zer du, zer dabil lehortzen, neure artean. Gero, poteari eragin eta oparo arrosatu du, ez ber-bertatik ere.
Amak galdetuko dio.
— Badakizu zertarako den laka ona? Poliziaren radarrek ez harrapatzeko.
Bidaia luzea duela, eta badaezpada. Ez duela dirurik gobernuari isunik ordaintzeko.
— Zer esan behar ote dugu besteok orduan?
Diosala egin die berriz. Autoan sartu eta astiro atera da errepidera. Goitik inor ez datorrela ikusi eta orduan sakatu dio apur bat, ez etorreran adina. Halaxe ostendu da hiruron begietatik.
Handik laburrera esan zenidan The Moon zabaldu behar zenutela, pasada bat izango da, Marian, sozio sartu zinela Pellorekin zubi ondoko lokala hartu eta obrak eginda, inguruetan inon ez zegoen bezalako puba egiteko. Zer? Puba. Orduantxe zen hasia moda, hitza ere, noiz ikasi genuen ba, eta zer eta herrian zuek. Pasada bat ez dakit, baina desberdina bai, hain zen edertasun ez ohikoa, atetik sartu eta batera konturatzen zen tontoena ere. Ibaiko harri biribilak hormak janzteko, Ibizako zuriz margotuak; burdeos koloreko olak zokaloetan, erremate guztietan. Hormetan, ilargialdien grabatu antigoalekoak; behegain grisaren, zeru ilunen eta astronauten hamaika argazki.
— Zer izen jarri behar diozue?
Barra atzean, benetako eskafandra bat, Pellok Londresen, Portobelloko azokan ondo ordaindu eta kamioizale batek mesede moduan ekarria. Estilo aldizkarietan agertu zen lokala. Ez zenuten alferrik nolanahiko dekoradorea aukeratu. Nola zioen erreportaje haren lerroburuak?
The Moon, inoiz itzaltzen ez den argia.
— Pellorekin? Zer dirurekin sartu haiz, ordea?
Eta ohi legez, musu batez estali zenion galdera amari. Ni gazteegia nintzen zertan zenbiltzaten ulertzeko.
Realeko eta Athleticeko jokalariak astegun buruzurian agertzen hasi ziren garaia. Kanpotik enteratzen nintzen, institutuan azkar zabaltzen ziren halakoak. Zu barran, Nacha Pop, Gabinete Caligari, Radio Futura, pop espainoletik asko; Duran Duran, The Pretenders, Simple Minds, codorniu benjaminak gaur egun ura bezala, goizaldera arte irristatzen zen ilargialdia kubaten izotzetan. Ordutegiak behartuta giltza eman eta gero ere, neskak bertan. Jokalarien uharan kanpotik heldutakoak gehienak, moxalak, ez egin barrerik, hala deitzen zenituzten orduan, ikusgarriak gure aldean.
Eta niri abisua beti txori txikiren batek:
— Marian, nesken oinetakoetatik edaten dinate xanpaina.
Eromenak ez zuen askorik iraun. Azkar ikasi zenuen. Zu ez zinen haientzat eta haiek ez ziren zuretzat.
Ilargia zikintzen hasi zenean, Pellok orpoa goratu, oin puntetan Neil Armstrongen urratsean indar egin eta Alexis Leonov zela sinistu zuen.
— Ito egiten nauk herrian.
Hala aitortzen zizun, edo hala kontatu zenigun behintzat orduan. Barra barruan, gero eta gutxiago egoten zen. Barra bestaldean harengatik entzuten zena, amuarraina esku artean edukitzea bezala zen.
Futbolarien agentea omen dun.
Gama altuko automobilen salmentan zabilen.
Tabako gorriaren kontrabandoan aritzen dun.
Zurrumurruekin batera ostendu zen Pello herritik. Bakarrik geratu zinen The Moonen. Astronauta bat ilargian, komunetako eskaileretan zegoen zuri-beltzezko argazki hartan bezala, ispiluarena egiten zuen eskafandraren atzean gordea. Galdetuz gero, sozio izaten segitzen zenutela erantzuten zenuen beti. Eta egia esan, hala izateko itxura zuen. Oso tarteka, baina agertzen baitzen. Aita hil zenean, etxetik pasatu zen. Ama dut akorduan, malkoei eusteko gogorik ez, berari helduta egongela zaharrean, joan zaigu, Pello, joan zaigu. Eta berak zu bazina bezalaxe estutzen zuen.
Handik berehala izan zen. Larunbat arratsaldea zen kalean topo egin genuenean. Nora nindoan, nirekin hitz egin nahi zuela. Zertaz. Zutaz, The Moonez. Autoa hartu eta zerbait hartzera joango ginen. Zerua mendi artetik zabaldu eta itsaso gainera erori zen arte jarraitu genuen. Tony Hadleyren ahotsak bion zigarroen kearekin batera ihes egiten zuen leiho jaitsietatik. Konturatzerako, arraina plantxan jaten ari ginen portu gaineko jatetxe batean, ardo zuria izotzontzian sartuta. Zutaz aritu ginen, tabernaz. Gustura nengoen, gaztetatik gustatu izan zaizkit hizketan artetsuak diren pertsonak. Eta Pello zen. Ikusi egin nuen etortzen, eta ibaian behera hostoa nola, utzi egin nion neure buruari. Gau hartan, hoteletik deitu nion amari, lagun baten etxean gelditzen nintzela lotan, egoteko lasai, bazkaltzera agertuko nintzela.
Zarata zatarra handik gutxira hasi zen.
Pello putetxeen negozioan dabil.
Ez ninduen ustekabean harrapatu. Sasoi hartan erosi zenion bere partea, The Moonekoa.
— Haserretu egin zarete?
— Lagunak gara.
Hain lagunak ere, hezur eta mami parbulitotatik. Lagunak baino, ezinago elkarmaiteak. Eta lanbroak etenik ez duen horretan biok zaudete The Mooneko barra ertzean, taberna hutsik, zigarro amerikanoa bata bestearen atzetik errausten, gaua bere azken orduak biltzen ostegun batean, ezustean agertuta Pello herrian, beti bezala.
— Alferrik ari haiz, ez nauk hor sartuko.
Xantaiaren usaina lagunaren hatsean. Jaisten ez duen begirada. Berarekin joan zarenetan ea gaizki atera zaren galdetu dizu, zure ezetzarekin berotuta. Dirurik gabe negozioan sartu eta begiratzeko nola zauden orain. Bekaina zimurtu du, sudurra harrotu zaio. Potroetatik zauzkala uste du. Ezetz zuk, ez dela hori. Baina egiarik ez. Amari bakarrik ez, lagunei ere ezkutatzen zaizkie gauzak. Ez duzu barrurik aitortzeko zergatik ez zaren berarekin sartuko eskaini dizun tratuan.
Kopa hutsaren hotsa egur margotuzko barran. Valentina Terexkova Pelloren sorbalda gainetik begira.
— Heuretzat okerrago. Damutuko zaik galanki.
Astronautak ez dira damutzen, muturreko egoerak hartaratzen ditu. Astronautak egon egiten dira. Norbaitekin izanik ere bakarrik, hantxe, ordua heldu eta itzultzeko agindua ematen zaien arte, Michael Collins Columbia aginte-moduloan bezala. Ezin nahi bezala ibili. Egoten jakin.
— Ez diat uste.
Gaiztotu egin zaizu, lagun bat egin litekeen neurrian. The Mooneko martxaz galdetu dizu. Badaki asko urritu zaizula bezeria.
— Ilargia lagatzeko momentua duk.
Erdeinuzko keinua egin dizu, herria eta abarra. Jendekera hori. Ateratzeko beste trago bat.
— Aprobetxa ezak oraintxe traspasatzeko. Neuk ekarriko diat eroslea.
Ez zeunden inoren azalpenak entzuteko, inork gutxik maite du inori aditzerik norberak buruan darabilena. The Moon ingurua zer bilakatu zen, begi bistakoa zen, eta Pello jakinaren gainean zegoen. Hilabeteak zeneramatzan ezer gutxi hartu eta goizetik gauera ataritik komunera eta komunetik atarira bueltaka zenituen haiek bidali nahian. Bezeroak uxatzen zituzten bezero ustekoak.
— Badakik zer haizen? Kobarde ustel bat!
Egia zen, ez zenuen odolik ume zirenetik ezagutzen zenituen neska-mutil haiek ilargitik bidaltzeko. Are gutxiago Pellorekin hura utzi eta galaxiara abiatzeko. Hala ikusten zuen berak. Zu, berriz, ez zeunden besteek zutaz zer uste zuten pentsatzeko.
Zarata zatarragoa lehertu zen. Hasieran erreportaje bat izan zen, ez egunkari irakurrienean ere: beti-betiko tabako kontrabandoaren bideetatik heltzen omen zen heroina kaleetara. Itxura batera, inizialak eman izanak kazetariak dokumentu ofizialen bat izan zuela esku artean ematen zuen aditzera. Ageriago utzi zuen dena labarraren kontra txikituta agertu zen legatzaleak. Hilabeteetara, fiskalaren txostena hasi zen filtratzen hedabideetara. Haitzetako bidezidorrak gordeta, guardia zibilek babestu zuten zamaren lehorreratzea. Sarearena atera zen, elkar hartuta lan egiten zutela Komandantziako gizonek eta garai bateko tabako kontrabandistek, hauetako batek Donostian zuen putetxe batean eginda tratuak.
Egun haietan, arroken kontra triskatu zena ez zen izan argazkietan ageri zen ontzi hura soilik. Zu Pello ezertarako ez aipatzen hasi zinen. Nik zure mina gordetzen ikasi nuen.
Pintadak agertu ziren arte.
Fakturak antolatzen ari zinen atzeko partean.
— Hil egingo dute.
Izuak gogortuta atera zitzaidan. Gertu ari ziren jotzen. Pellorekin negoziotan zebilenetako bat igande goiz batean harrapatu zuten, familiarekin bermuta hartzen ari zela. Ikertzaileek bala-zorroak eraman zituztenean zerrautsak estali zuen hurrengo egunean bezeroek berriz zapalduko zuten zola.
Lanbroa ari du oroimenean. Eta euri xehetan Pello eta biok ari zarete garajeko atea presaka zarratzen oihuak entzun ditudanean. Ceutara joan aurretik da. Aita da, gorri-hotsean, ea orain ere zertan zabiltzaten. Ez zaituzte harrapatu, gutxigatik, baina badaki, susmoa du propaganda gordetzen ari zaretela, beldur da ez ote zareten barrurago sartuko, ez ote duzuen, zeuek konturatzerako, hondamendirako urratsa emango. Isiltzeko keinuak egiten dizkiozu, eta apalago, hor duzu aitaren haserrearen zaina, nahikoa dela gerra galdu bat atzera ere beste batean hondatzeko. Pelloren aita atera du ahotik, behin baino gehiagotan entzuna dio Hilario Herrenari nola joan zen Lemoatxeko borroka, orain gudariak, hurrengoan erreketeak, txandaka hartzen egunetan tontorra, bazekiela han zeudela kuadrillako lagunak aurreko lubakian, eta tiro egin behar.
— Zuek ez daukazue aztarrenik ere zer den hori.
Eta zure ondoan Pello, burua makur, erretolika atertu zain, hitz egokienen bila beti, gezurra behingoan asmatzen. Ez zenioten zipotzik sartuko baina gure aitari.
Haren poza soldaduskara joateko deia jaso zenuenean.
— Pello akabatzeko topatu egin beharko dute lehenbizi.
Desagertua baitzen erabat. Zu bakar-bakarrean eskafandraren barnean, besoak antxumatuta barra gainean. The Moonek hautsa biltzen segitzen zuen. Garbitualdi bat eman zenion, margotu egin zenuen. Alferrik. Astegunetako martxa desastrea zen, galdutako egunak guztiak. Asteburuetan pizten zen zerbait. Eskerrak jaiei eta noizbehinka antolatzen ziren kontzertuei. Orduan bai.
— Hire lagun trapitxeroaren berririk bai?
Adinak dakarkiona astronautari, kakaumeak zirenetik ezagutzen zenituenak haiek ere. Herrietako kontuak. Eta tabernariak ordu asko izan jendeari erreparatzeko. Ikusiak zenituen desorduetan, itzal eginda, The Moon giltzatu eta etxera zindoazela. Bazenekien zertan zebiltzan.
— Badakizue zer dagoen hemen? Hipokrisia galanta. Abadeen pare ahoa bete bai droga kontuekin, eta gero denok binaka komunera.
Bazinen nor halakoak botatzeko, eta bazekitelako ez zizuten gogor ekiten. Haria ere, ez zinen etenzale. Berek eskatu gabe ateratzen zenizkien kaxaka ardoak biltegitik egun seinalatuetan, eguberri bezperetan, jaietan, bestaldekoei eramateko. Pattarrak nahi adina, ginebrak, vodkak, ronak, Habanatik gordean ekarritako zigarro-puruak. Zeuk laguntzen zenien autoan sartzen, kutxekin batera goraintziak batzuentzat beti, heltzen zitzaizkien eskumuinak dagoeneko inon ez dagoen mundu batean zeure lagun izandakoentzat.
Eta apartean, edaria ere sinbolikoagoa zelakoan, moët&chandona.
— Esaiezue datorren gabonetan hemen nahi ditudala.
Formenterako kala batean topatu zenuen Pello, berak deituta, inori ezer esan gabe joateko aginduarekin. Luxuzko jatetxe bat zuen muntatua alde egin zuenetik. Emakume baten izenean zuen negozioa. Emaztea, neska-laguna, nik zer dakit ba zer den, ez diot galdetzen horrelakorik, esan zenidan bueltan. Gezurra. Modako lokal bat itsasoari begira, enpresari errusiarren eta aleman modeloen atsedenleku, edonongo espabilatu-jendearen biltxoko, dantzatoki esklusibo bat zuela aldamenean. Ontziraleku partikularra, eta itsasaldia yatean gogoak emandakoan, Bretainiako ostrak, caipirinhak, mojitoak, sudurreko botika nahi adina, gogora etorritako guztia, Marian. Ordain zezakeen bezeria eta bizitza hurrengo goizean amaituko balitz bezalako festak itsaso ertzean papurturiko izarren ekaizpean.
Urruti gure herri triste honetako eguneroko martxatik. Gaizkitxo lagunaren kontura denean dena, hamabost eguneko egonaldia haurtzaroko ibiliez oroitzeko. Argazkietan, irribarretsu beti biok, udako arropez, kolore ederreko. Ze foto eskas, argi bristada itsugarria gauerdian, flashak erreak. Zigarro-txuxtarra eskuetan beti, halaxe egunak aurrera, bizi-nahiari eutsiz eta oroitzapen txatalei tiraka. Urrezko lepokoa Pellok, hemen erakusten ez zenigun aurpegiera zuk. Inguruan, nor zen ia azaltzen ez zenidan jendea. Zuen aldean gazteak beti tartean, neskak nagusi, The Moon bion artean zeneramatenean bezalaxe.
Hurrengo urteetan, irailero, festa ondorengo barealdian errepikatu ohi zenuen bisita. Eta handik bueltan beti:
— Marian, eskumuinak Pelloren partez.
Eta handik bueltan beti:
— Nazkatu naiz, ez noa gehiagotan.
Pelloren bizimoduarekin, hark egindako hautuarekin, harekiko harremanarekin borrokan zeu eta zeure burua. Eta lehia gehienetan bezala, jakineko plantatik ere sobera, inoren aurrean antzezteko hitz eta zeinuak.
Zuk zabaltzerako, herri guztiak zekien Pello non zebilen.
Azkenean aurkitu dut Pelloren telefono zenbakia, ez kosta gabe horregatik. Formenterako argazki eta paperen artean agertu da, kartoizko txartel batean, jatetxekoaren azpian, eskuz idatzia haren izena.
Ez diot berehala deitu, zalantzan ibili naiz, nahita atzeratzen.
— Begira nor etorri zaizun bisitan.
Eta Pello da logelako atean kax-kax jota burua erakutsi duena kuku batean. Argi sartu da gelan, arratsaldeko izpiek doi bat urdindua. Zabaldu ez dudan paketetxoa utzi dizu mahai gainean, hor duzu alferrikako beste oparitxo bat, ur botilaren eta nire liburuaren artean txokotxoa eginda.
— Han adinako beroa duzue hemen.
Erantzi egin du jaka, aulkiaren gainean utzi du tolestua. Inguru-begira dela, baietz, bakarrik gaudela gelan esan diot, hala egiten omen dute horrelako kasuetan ahal bada behintzat, eta halaxe esan diot, ez zaituela zirkinik ere egiten ikusiko, baina dena entzuten duzula. Hitz egiteko lagunari berak bakarrik dakien bezala, kontatzeko gauzak, gustura adituko dizkiozula. Eskutik heldu dizu, parbulitotan eskolatik ateratzen zinetenean bezala, seņorita Lolarekin egindako marrazkia zenutela bestean. Ez The Moonen, ez Formenterako egonaldietan seguru inoiz egin ez duzuena.
Egongelara irten garen arte itxaron du errieta egiteko, nola ez diodan lehenago deitu, konfiantza aipatu du, zer dioten medikuek, zenbat geratzen zaizun. Ez dut gezurretan hasteko gogorik izan. Astebete daramazula begiak zabaldu gabe. Bihar-etzitan hasiko direla seguru asko morfinarekin. Eta gero, zain egon beharra. Ez zarela hurrengo astera iritsiko, huraxe dela elkarrekin egongo zareten azken aldia eta aprobetxatzeko.
— Baina zer, nola...
Hautsa, milioika urteko higatzearen ondoriozko partikulak astiro harrotzen ilargian. “Oso usain nabarmena da, ikatz errearena, edo tximiniako kedarrarena”, deskribatu zuen Aldrinek, hogei ordu eman eta gero Armstrongekin errauts artean pasieran. The Moonen zenuten prentsa txatala, ertza mailatua zuen marko urrekara batean sartua. Inor konturatu orduko birikak, gibela, burmuinaren barrunbeak hartu dizkizun hauts madarikatua eskafandran barrena.
— Eta tabernarekin, zer egiteko asmoa duzue, Marian?
— Ikusiko dugu.
The Moon, inoiz itzaltzen ez den argia.
Hasperen ironikoak egin dio ihes.
Hautsaren itomena, oxigenoaren hotsa maskara barrutik. Astronautaren azken hatsantuak.
Kanporantz begira geratu gara. Inor gutxi dabil parkinean. Bikote bat, haur jaio berria maxi-cosian daramala parterrean barrena, arbola luzanga hostogabeen artetik. Garai batean presaka eraikitako etxeen atzean, mendi urdinak, bata bestearen atzean etzan-jolasean. Eta denboralea egon gara biok isilik, bat-bedera bere gauzetan, auskalo non, berregin ezin diren aukeretan, adiskidetasunaren legeetan, bizitzaren loterian gogoa, lanbroa atergabe ari zaigula oroimenean.