Munduko tokirik ederrena
Munduko tokirik ederrena
2018, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-21-1
azaleko argazkia: Raymond Depardon (zatia)
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
Munduko tokirik ederrena
2018, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-21-1
aurkibidea
 

 

Isiltasunak gordetzen duena

 

 

Lo beroan dago eguna zabaldu duenean. Zer izan da, harramazka bat, saguzar baten hegaldia, masailean aurrena, musualdean gero, burua zakar astindu duenean eten den laztan arin griskara. Kolpetik biribildu ditu begi biak, geldiro doazkio hedatzen niniak. Orduan hasi zaizkio, nekean barrena eta astiro, ziegaren ertzak ilunpetatik erauzten, kamaina inguruak bezperatzen.

         Hotzak harrituak ditu eskuak. Tapaki zarpaila sudurra estaltzeraino igo duenean izerdi kiratsa heldu zaio, egunetako leka da behetik gora datorkiona oinetatik, izterrondoetatik, galtzarbeetatik atzamarrak surtziloetara hurreratu dituenean bart arratseko afariko baratxuriarenarekin nahastu zaiona. Ezin izan du ia begirik bildu, gaua badoala abaildu da.

         Zakilaren bila dabil. Alferrik ahalegindu da esnatzen. Patio aldetik, ilaundurik datorkio mundua, indargetua argia, motelduak hotsak, elurte beltz batek estalia balio bezala gorputza. Azao sutuak irudikatu ditu mendi bideetan barrena, ibaia jo artekoan.

         Kanpotiko ziega batean izan zuten ihesean saiatzen harrapatu zuten arte. Handik behintzat, esperantza zuen munduak. Irin lorrean heldutako idien makakorroak aditzen zituen errota parean, antaparako uraren bristada zilarrezkoa ederresten ikasi zuen. Ubidearen buruan zegoen santutxoan, arimentzako kandelek argitzen zuten gaua. Urrutira, basoen magaletan, lurra goldatu berri.

         Gero, zigorra eta trasladoa. Oraintxe bi egun ekarri dute atzera ere, zaldi-kotxez. Ilbeltzak gogortutako lurraren usainak ordezkatu du badiako kresala. Goizeko seiak ziren heldu zirenerako. Kuluxkatik itzarri zenean irakurri zioten sententzia.

         Kaperako morroiloaren karrankak jirarazi dio burua.

         Esna hago, Manuel?

         Ez ditu galburuak hazten ikusiko.

         Ia gau guztia berarekin izan duen jesuita sartu da zabalik utzi duten atetik, zaintzailearen itzal, lehentxeago esan dizkionak ahaztuta, nonbait. Zer duen galdetuko balio, bera baino izutuago barrundatzen duela esango luke. Gizona indarrez hiltzen ikustearen kontua da, beharbada. Animaliak ez ditugu geuk hiltzen bada?, pentsatu du, ondo portatu delako atzamar lodiak besterik lotu ez diotenean. Ez da pertsonekin oso bestelakoa izango. Ez dio jesuitaren otoitzei erantzunik eman. Edonola ere, amaitzen utzi dio.

         Galeria eskailburuan, taldetxoa bildu da. Ahotsak sumatu ditu beste ziegetan. Adore emateko goratzen direnak gehienak, infernuan ustel dadin opa diona bakarren bat.

         Eskandalua baretze aldera eman da isiltzeko agindua.

         Gizona nola hiltzen duten ikustera umea?

         Beharko joan, erretoreak agindua du herenegungo sermoian, eramateko etxeko txikiak ere urkamendira, leziatzearen garrantziaz hizketan entzun dute pulpituan elizara joan direnek. Nahitaezkoa dela bertaratzea esan du behin berriro, aita tiroz hil duen dohakabe haren galbide eta hondamenetik ikas dezan kristau onak mundualdi honetan ikasi beharrekoa. Bikoitza izango duela zigorra. Gizakiena hemen, eta benetan damutu ezean, Jainko Ahalguztidunarena han.

         Bota ahalean ari du taldea kartzela atarira irten denean. Zeru goienetara begiratu dute denek seinaleren baten zain. Zalantzan egon dira, baina ez du atertzeko itxurarik eta oinez ekin diote urkamendirantz, jende emanaren artean aguazilek zabaldu duten pasabidean aurrera. Kamio bazterretan, ondoko soroetan gora, milaka lagun, sententzia betetzera doazela jakin bezain laster inguruetatik eta urrutiagotik ere etorriak. Errentan jarri dira kaleko etxepeetako ukuiluak kanpotarrek mandoei, behorrei, astoei gobernu ona emateko aukera izan dezaten. Gau guztian egon dira herriko taberna, kafe eta sagardandegiak zabalik. Jaietan baino diru gehiago egin dutela diote mihi gaiztoek. Hainbeste lagun gora eta behera, lorratzek lokatz eginda utzi dute muinorakoa. Via Crucis kofradiako bi lagunek daramate presoa beso banatatik helduta. Atzetik, hiru apaiz, agintariak, zaindari armatuak eta segizioaren inguruan guardasola bezala zabaltzen den isiltasun beldurgarria.

         — Umeak hona!

         Gurasoen eskuetatik lasai egoteko esanda askatu eta tranpaldoaren aurrean elkartu dituzte, ondo ikus dezaten. Negarrez hasi dira txikienak, babes bila. Inprobisazio betean, atzeko ilaretan egoteko baimena eman diete etxekoei. Kexu dira goizean goizetik daudenak. Dena atzeratu du euriak, eta samaldak azken maldari ekin dionean antolatu gabe daude artean aurreneko multzoak. Sagastietan, adarretara igota, mundua dago. Zenbat eta gorago egin, mozkor oihuak entzuten dira tarteka, ingurukoek ixt eta ixt, erabat isiltzea lortu ezin den harrabotsa.

         Moteldu egin da denbora, dena doa geldiro haurren begietan. Heldu da araldea muinora. Ordekan egin beharrekoak dira azken metroak, jendea gainean dela. Egurrezko mailak igotzen hasi denean egin du zalantza pixka bat, bilin-balaunka ekin dio lotuak, sendo eutsi diote besoetatik daramaten kofradeek, eror ez dadin heldulekurik gabeko eskaileretan behera.

         Nobedadea egin zaiola diote.

         Umearen aurrez aurre erori da gizona. Anuntxik bost urte ditu eta gaixotzeko moduko blaia aldean. Aitzakia horrekintxe gelditu zaio ama etxean, ez du ulertzen nola behartu litekeen inor horrelako otsokeria bat ikustera, are gutxiago umeak.

         Ez zatoz?

         Bronkioetatik dabil. Eskuetatik kendu diote libratu nahian ohe ondoan babestu zaion alaba.

         Leziatu beharra daude ume hauek.

         Eguraldi honekin zer behar dagoen ere...

         Eta begirik galdu gabe segitzen ditu Anuntxik gatibuaren oinak dardara txikitan azken metroetan. Zatar bustiak harraskan bezala egozten dute ura, dotoreago batzuk ditu zain oholtzan.

         — Azkar bueltatu, gaixotu gabe.

         Gizon motz baten larruzko botak presoa eserita lotuko duten tantaiaren ondoan. Borreroa omen da. Burgostik etorri dela zabaldu da. Non dago Burgos, errepikatu du Anuntxik berak ere.

         Segizio guztia tranpaldo gainean delarik ekin dio sermoiari jesuitetan helduenak. Banan-banan aletu ditu gizon lotuaren bekatuak, nola hil zuen aita beroaldi batean elkarrekin gari-jotzen ari zirela, eta preso zutelarik, nola nahi izan zuen aitaren ondra lohitu, bere emaztearekin tratuan zebilela esanda. Gezurra eta zikina hiltzaileak, zertarako eta diru kontuak ezkutatzeko, hori izan baitzen benetako arrazoia orain arte gorde gogo izan duena, diru zikina. Horregatik merezi du Justiziaren zigorra aurrena, eta Jainkoaren barkazioa gero, eta horrexegatik eskatu die bildutakoei otoitz bat Manuel Garmendiaren alde, aldamenean ordura arte isilik izan duen parrokiako erretoreak hasi duena kredo batekin.

         Eta otoitza erlaroa bezala zabaltzen ari dela atertu du. Eta iruditu zaio Anuntxiri gatibua ere ezpainak mugitzen ari dela, gatza dastatzen ari balitz bezala zabaltzen dituela ezpainak eta elkarren kontra gozatzen gero borreroak sorbaldatik heldu eta jesartzera behartzen duenean. Euri tantak begi ertzean dituela, jendeari begira dabil gatibua, confiteor unum baptisma, handik aterako lukeen norbaiten bila, eta orduan jiratu du burua, ikusi du, in remissionem peccatorum, eta orduantxe geratu da Anuntxiren aurpegi zurbila lepa bueltan burdinazko uztaia lotu dioten gizonaren begietan, et expecto resurrectionem mortuorum, eta orduantxe sartu zaio, vitam venturi saeculi, borreroa kalamuzko zakutoa burutik behera jartzen ari zaion unean berean gizonaren begirada barruan. Amen.

         Zuek ez dakizue zer den inor odol hotzean hiltzen ikustea.

         Egun hartatik ezin izan zuen Anuntxik Manuel Garmendia zeritzan hura atera barrutik. Eginahalak, egin zituen egin zituenez. Etxera iritsi zenean, umearen zurbiltasunak haserrarazi zuen ama blaiak beste, eta inoiz ez bezala ekin zion, alaba ohe ondotik eraman zion ahizparen kontra aurrena eta igandean sermoiarekin berotu eta urkamendian kredoarekin baretu nahi izan zuen erretorearen kontra ondoren.

         Ez zabiltza ondo horrela...

         Botatako guztiengatik baino bota gabe utzi zituenengatik aitortzan jarritako penitentziak ez zion barrua lasaitu, ordea. Igaro ziren egunak, eta umeak goiz hartan bezain zuri jarraitzen zuen. Zuri eta, kezkatzeko motibo handiagoa zena, mutu. Anuntxik ez zuen hitzik egiten.

         Entzun, bai. Barruan zeraman gizonarekin zer egin zuten garrotea eman eta gero, kalean aditu zituen nahi beste istorio, etxean galarazia baitzegoen Manuel Garmendiaren exekuzioaz hitz txikienik egitea. Kontu batzuk guztiz zolarik gabekoak ziren. Borreroak burua ez ezik eskuak ere moztu zizkiola zioen istorio hura bezala. Nork sinistuko zuen hori berak ikusi baitzuen nola jarri zioten uztaia eta nola estutu zuen atzetik Burgosetik etorritako tximinoaren moduko gizon motz hark, lepoa eskumuturraren neurrirainoko haragi zati melenga bihurtuta, burua hamabost librako irin zaku bat bezalaxe albo batera belaundu zitzaion arte.

         Eta ezin adierazi gezurretan ari zirela.

         Beste batzuk, ez zuen sekula jakingo hala izan zen ala jendeak asmatuak ziren. Ikuskizuna amaitu eta gero tranpaldorako egurrak igotzeko erabili zuten mando-gurdian jaitsita gorpua, denen eskarmentagarri epaitegiko atarian eserita utzi zutela zioen esamesa hura bezala, egunetan beleak, mikak, erroiak mokoka aldean, errotako nagusia agertu zen arte eskaera egitera, erretiratzeko mesedez hildako hura handik, harriek ezin zutela alea xehatu bestela.

         Horiek umeak beldurtzeko ipuinak dira.

         Eta zer du ume polit honek?

         Ez duela hitzik egiten.

         Hitz egin bai, egiten du, baina barruraka. Hitzez, nola bestela, adierazten dio begietatik sartu zitzaion gizonari beldur dela munduarena, ez duela gustuko inguruan duena, apaiz maskalaren eskua ahoa zabaltzeko behartzen ari dela ur hartatik edan dezan.

         — Honek lagunduko dio.

         Hala esan ziela Santa Engraziko apaizak kontatu diote gurasoek zur oneko mahaiaren bestaldean dagoen espezialistari, bertara eraman ohi direla inguruetako haurrak hizketan berandu badabiltza, eta basilikako iturrira, noski, santu gerlariaren oinetan dagoen brontzezko otarrain jiteko kanilapera. Ur bedeinkatutik ito arte edanagatik, ordea, mutu segitzen duela koskortzen hasitako neskak.

         Ezagutzen du medikuak iturria, urtero joan ohi da basilikara emaztearekin.

         — Sineskeriak. Jaiotzatikoa bada, garbi dago. Baina honen moduan? Ezagutzen duzue hitz egiten ahaztu zaion umerik ala?

         Ezetz guraso biek batera jaun medikuari.

         Zaudete lasai, hasiko da.

         Ez dira gehiagotan itzuliko, ez daukaten dirua alferrik botatzen ari direla ondorioztatu dute bueltan direla.

         — Ze, ume honek, hitz egin, hitz egiten zuen aurretik, ezta?

         Hitz egingo ez zuen bada, oraintxe bezala. Orduan kanporantz egiten zuela, amarekin, aitarekin, senideekin, bisitan zetozkienekin, etxean beti izan baita mugimendu handia, sarrailari lotutako kordelari tira eginda kanpotik zabaltzen den atea, orduan bezala ez baita inor geratu gaurdaino mahaian jartzeko gonbidapenik jaso gabe, hori ikusi izan du etxean akordua duenetik, eta hala kontatu ohi dio barruan daraman gizonari ere, trebea zela hizketan, barkatzeko bere buruaz horrela aritzea, baina grazia handiz kontatzen zituela egunerokoak, ingurukoei irribarrea ebasten zien ateraldiak zituela.

         Mutua da?

         Ez, ez du hitz egin nahi.

         Behin-berriro bere ondoan errepikatzen entzuten duen elkarrizketa, medikuak gurasoei azaldu ziena hautuzko mututasunarenarekin. Nerbioetako arazo bat duela, antza, muturreraino eramandako lotsa moduko batek daukala lotua. Kontua da berezia dela neska honena, hautua erabatekoa baitu, guk dakigula ez du ez inon ez inorekin egiten, dio medikuak.

         Gutxi-asko handik urteetara beragatik galdezka helduko den gazteari gurasoek errepikatuko dizkioten hitzak horiexek, ezkontza tratua egitera iritsita, egunen batean umeak heltzen badira haiekin hasiko den esperantza izpi batez agurtzen dutena.

         — Hasiko da, zu lasai.

         Eztei-gauan, bere kasa barrez aurkitu du senarrak gelan. Eranzten ari dela zer duen diotsonean, ezer ez, dio buruaz Anuntxik. Nola kontatuko dio beste gizon bat dagoela ohean, hiru izango direla izara arteko jolasean, baina ez beldurtzeko, ez diola inork inoiz barrerik egingo horregatik.

         Anuntxik ondo ezagutzen baitu Manuel. Egin zuena egin izanagatik, berarekin bizitzen ikasi du, denborak leundu egin dio euripean beldurgarri agertu zitzaion gazte hiltzailea. Asko hitz egin du urte hauetan guztietan berarekin, luze aritu dira familia handietan seme-alabek aurrera ateratzeko dituzten zailtasunez, aita askoren zitalkeriaz. Manuelen heriotzarekin batera gibel geratu zen gizaldian, horrelako franko izan ohi zen, semeak aitari eraso egitea ukatutako dirua tarteko. Goseari zaion beldurrak dakarrena, edo beharrak bestela. Berak ere badaki zerbait. Hamasei senide dira, komentuetan sartu ez direnek Ameriketara joan beharra izan dute. Kanpoan dabiltzan batzuek ez dituzte gazteenak ezagutzen. Bera da herrian ezkondu den aurrena.

         Hitz egizu ba, Anuntxi...

         Gauero erregutzen dio senarrak hizketan has dadin, goizero eskatzen dio arrenka zerrara abiatu aurretik esku lakarra masail gainean pasatuta gozatzeko bihotza arean, ea hala errazago aurkitzen duen hitzak bidea. Alferrik, ez da bihotz kontua. Eta hala ere, hizketan egingo balu bezalaxe hitz egiten diote amari bien artean izan dituzten seme-alabek. Maitasunaz ere, mintzo da Manuelekin. Senarrari esaten ausartzen ez denik ere, aitortu izan dio. Inoiz, ez diola hitz gehiagorik egingo agindu dio bere buruari. Izan ere, berarekin izan ditu beste batzuek Jainkoarekin izaten dituzten solasaldiak. Eta pentsatze hutsarekin, izuak lotu du.

         Gauza bat du ona Manuelenak, denbora duela alde. Dagoeneko, hutsarekin bat eginik dago gehienentzat haren izena. Hilarrian likenak nola, urteek jan dute. Eta inon izatekotan, halako irudi lauso bat da, oroimenaren laino artean sare-sare doana, asmatutako xehetasunez beteriko kontakizunean beti. Pentsatzen hasi da: goiz euritsu hartan kartzelatik gorako soro-zelaietan bildu ziren gehienak joanda daude, segizioko guztiak, Burgoseko borrero motza eta Via Cruciseko bi kofradeak bezalaxe. Manuel bera ere, denbora handia da ez duela lehen moduan sentitzen, itzalita bizi du, semea galdu zuenean bezala, hiru hilabeteko zegoela. Agian norbaitek datua gordeko du, bi izpi huts, nola eman zioten garrotea aita hil zuen gazteari mende berriaren atalasean. Hortik atzera zer, basamortua haize zakarrak astindua. Neurekin batera galduko da gizona, dio bere bostean.

         Orain, eskuko dardara disimulatu ezinik, damu apur batez begiratzen dio bizitakoari. Pena du adierazi gabekoengatik, Manuelentzat izan direlako senarra zenarentzat beharko zuketen hitzetako asko. Gaur, bizialdia geroago, nola deitzen dion heriotzak heriotzari, bestelakoak direla arrazoiak, beste borrero batzuek, eta protestak protesta, beste batzuk dira azkenean hil dituztenak. Zarata izan dela bazterretan, Radio Parisen entzun du, erdi gordean, alabekin batera. Frantzian, Italian, Suedian, Ingalaterran, Portugalen mundua atera omen da kalera haserrea erakustera. Lisboan, su eman diote manifestariek Espainiako delegazioari. Altzariak atera dituzte kalera, artxiboak erre. Paper kiskaliak hegan direlarik egin omen dute tiro metrailadorez polizia militarrek. Gertuan, fabrikak geldiarazi dira, tiroka jazarri zaio hemen ere polizia grebalariei. Kale barreneko zabalean, pankarta batez estali dute Erorien monumentua. Alferrikakoa izan da aita santuaren erruki eskea ere. Herrikoa da hil duten bat, Mariaren semea. Ez garrotez. Burgosen, argitu du irratiak, fusilatuta hil dute, espetxeko baratzean bete da goizaldean epaileek ezarritako heriotza-zigorra. Eta hiriaren izena entzun duenean, Manuel hil zuen gizon motza etorri zaio gogora Anuntxiri.

         Ilunabarrean, pasieran atera da etxeko alabarekin. Honen seme nagusia daramate berekin, hamahiru urte beteko ditu astebete barru. Portatzen bada, badaki egiten, udazkena da arorik ederrena. Plazatxotik pasa direnean, kendua dago pankarta harri gorrizko erreketearen gainetik. Txapela handi, hanka handiago, urrutian du galdua begirada, betiko legean. Ez ohiko bidea hartu dute, kartzela zaharraren aurretik igaro dira. Horma sendo garaiak, burdin hagak oraindik leihoetan, huntza teilaturaino, hezetasunak ditu janda horma gorrikarak. Saguzarren gordeleku izaten segitzen du, ikusi egiten du haien dantza oraindik. Errota, antapara eta santutxoa, urteak dira lurrarekin berdindu zituztela, etxebizitza askoko hiru dorre eraikitzeko oroimen txatal haren gainean. Urkamendia jaso zuten muinoan, erauzitako sagarrondoen zuztarretan zimenduak, institutua dago orain. Laster hasiko da iloba bertan.

         Garia, hogei urte badira ez dela egiten.

         Hotz ditu oinak. Urratsak urratsen gainean, itzalak itzalenean.

         Segituko dugu beste pixka batean?

         Eta txiri-txiri jo dute aurrerantz, Anuntxi ama-semeen artean, senarraren zerra zegoen parera heldu diren arte. Nola laburtu diren egunak. Urrunean, basilikaren kupula grisa ezkien artean. Argiak piztuta datoz automobilak erabat. Ustekabean, ez ohiko ilara batek harritu ditu. Guardia zibilen land-rover bat izan da hasieran. Gelditu egin dira, autoen joan-etorriari begira hirurak. Lauzpabost gehiago datoz atzexeago. Eta hauen ondoren, hildakoen kotxe ilun bat, olana militar batez estalitako katabuta duela barruan.

         — Mariaren semea dakarte!

         Anuntxiri barruak inarrosi dizkion oihu mutua alabarena.

         Konboiak herrirantz jarraitu du etorbideko argi moteletan. Denbora beharko du oraindik hildakoaren auzora heltzeko. Pinu ilunak eta jende asaldatua ditu zain.

         Anuntxi iratzarri duen oihua. Alderik alde darabil burua, bilobak ikusi du.

         Nik ezin dut.

         Orain amona da gatz-aleak mihiztatzen ari dena, izuak gogortuta bezala, ezpain lehorren artean zerbait darabilena.

         — Nik ezin dut beste inor hartu.

         Eta etxeratu direnean, asaldura ahora, semeari agiraka ama, nola esango zuen amamak hori, bost urte dituenetik badarama hitzik egin gabe. Berekin izan dela bera ere, ez duela halakorik aditu, bizi guztia daramala zain amak hitz bakar bat noiz esango. Jazarri egin zaio, hik ez dakik zer den ama mutu batekin bizi behar izatea.

         Anuntxi erretiratua da, ohera doala adierazi die.

         Jan behar du begiez semea, dardaraka du ahoa.

         — Nahikoa dugu zoro bat familian.

         Irratia atergabean ari da Lisboako erasoaz. Enbaxadoreari eman diote hitza.

         — Nik entzun egin diot ba, ama. Nik entzun egin diot. Nik ezin dut beste inor hartu, horixe esan du. Mariaren semearengatik ari zen.