Munduko tokirik ederrena
Munduko tokirik ederrena
2018, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-21-1
azaleko argazkia: Raymond Depardon (zatia)
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
Munduko tokirik ederrena
2018, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-21-1
aurkibidea
 

 

Lehen bestela ziren gauzak

 

 

Oraindik harritzen nauten gauzak egiteko abilidadea duzu, Maitane.

         Irri isilez hartu du amak, afaltzeko daudela, eguna zertan eman duen kontatzen hasi denean.

         Arkupeetako mahaietako batean eseri da, bazkalostean herri guztia bere zereginetan dabilela. Astegun buruzuria da, jai du, eta goizetik hartu du amaren herrirakoa, azkenean. Aspaldian zerabilen ideia buruan. Zertara, ez du garbi. Egin beharra zuela, bai. Hutsik daude mahai guztiak, tabernaria bakarrik dago barra atzean, beltzez jantzitako neska atsegin bat. Ez du ezer hartzeko gogorik. Te berdea eskatu du. Beti eman dio lotsa handia ezer kontsumitu gabe egoteak terrazetan, baita zerbitzaria kanpora ateratzen ez bada ere.

         Ez du zertan, baina halako zirrara batek dauka lotua, erantzunik gabeko jolas moduko batek: ez daki inork ezagutuko duen, ez daki inork ezagutzerik nahi duen. Lehen, aitona-amonak bizi zirela, sarriro agertzen ziren. Orduan, agian orain aurrean izanda ere ezagutuko ez lituzkeen lagunak zeuzkan, etxera ere bila joaten zitzaizkionak. Aurrena amona, urtebeteren buruan ezin bakarrik bizi-eta aitona, biak joan zirenetik, zulo handi bat egin zen. Gurasoak osaba-izebekin lehen adinean moldatzen ez eta horixe egin zen, zulo handi bat, pertsonak, paisajeak eta bizipenak irentsi zituena.

         — Eta inor ikusi al duzu?

         Haurtzarotik sentitzen ez zituen parajeetan barrena ibili da eguerditik. Kale artean lehenbizi, ibai aldera jo du gero, zerbaitek bertan bizi izandakoa itzuliko diola sinistu nahian, tailer artean, etxeak amaitu zaizkion arte. Aldatua ikusi du guztia, min ematerainoko hondakinak piztu zaizkio gogoan. Etxean, aitak betikoa bota dio, ea zer uste duen dela denbora, zertara joan behar izan duen. Errekan gorako amuarraina dela erantzungo dio amak, eskerrak, horretan bere aldekoa atera dela, esan gabe esateko benetan darabilena: ez duzu ikusten neure ordez joatea erabaki duela?

         Gurasoek Kapadoziatik bueltan ekarritako poltsa handia zabaldu eta marrazketako kaiera atera du. Mahai gainean, zurezko kutxatxotik kanpo ezarri ditu pastel-margoak, te kikararen ondoan lerroz lerro. Atzekoz aurrera begiztatu du bloka. Inoiz begiek ehizatu eta eskuak halakotutako bideetan dabil. Oporto gorriaren koloreen dotoreziak dauka liluratuta aspaldian, eta urdin ilunarenak.

         Neska bat kikara bat duela mahai gainean. Amaren erreprodukzioak etorri zaizkio, ikasleekin institutuan erabiltzen dituenean berari txikitatik erakutsi izan dizkionak. Ez da inor egongo Renoirrek beste irudikatu duenik bera dagoen postura. Bost, sei obra ditu akorduan. Giro gozoan ageri dira emakume gazteak, Paris aztoratu zuten gatazka sozialetatik urrun, plazer neurtuaren kamera hiperborikoan sartuta guztiak. Liliz apainduriko kapelaz, gizon bizar ondo arreglatuen konpainian ia beti, egonean, irriz, ezpainak erdi loratuta. Ezagun du nahiago zuela Renoirrek jendea margotu parajeak baino. Dotore daude denak, ez dira nerabeak, ezta bizitzak mazpilduak ere. Atsegin naroaren aroan daude. Keinu abegizkoak erakusten dizkiote ikusleari, halako sotiltasun burges, baikortasun lauso bat. Beti iruditu izan zaio Renoirren lan oro alaitasun-mintzez jantzia. Mahai gainean, kafea edo tea ez ezik, ardoa, fruta zabalduak, botilak, platerak, kopak... bizipoza mahaian dagoenaren bidez transmititzeko obsesioa balu bezala. Hopperrek ez duena. Andre gaztea bera dagoen bezala dago, bere gogoan bildua, zangoa zangoaren gainean, ezer ez inguruan ikuslearen begiak besterik. Bakardadea elementu moderno legez, ez plaza batean, kafetegi huts bateko arkupeetan baizik. Bakardade horrexek berak ezartzen dio emakumeari ikusgarri egiten duen fokua.

         Itzultzen denean, badaki zer galdetuko dion amak:

         Etxeko inor ez duzu ikusi?

         Aitaren puntada zein izango duen bezalaxe:

         Zer nezesidade daukazu hara joateko?

         Blokaren azala atzerantz bota eta berehala ekin dio zirriborro bizkor bati. Argiarekin dabil itsututa aspaldian, arin batean zenbatu ditu arkupeak, perspektiba kalkulatu du, gorritasuna atera dio argitasunari. Hala zedarritu du espazioa. Giltzarrien garaiera markatuta, erraz datozkio marra biribilduak zutabe sendoen bizkar. Zalua du eskumuturra, malgu dabil batetik bestera. Lehian ari dira argia eta itzala. Gorrixka utzi eta gari kolorekoa hartu du, bi lerro bizkor ezarri ditu zirimolan. Baratxe datorkio begiek ikusten dutena paperera.

         Lasaiago dabil margolaria inguruan inor ez dabilkiola.

         Ez duzu balio jende aurrean pintatzeko.

         Beti animoak ematen aita. Gaizki darama etengabean gogoraraztea, jendeari ez dion fobia benetan balu bezala. Ultimatum moduan hartu dio behin-berritan diotsonean artea egin nahi badu, izateko ausart ala dedikatzeko dekoraziora. Zergatik guztia eta ez duelako nahi alabak margotzen segitzerik. Ez du gogorik aurre egiteko, amak ekingo dio bere ordez.

         Utziozu bakean, egoera okertu baino ez duzu egiten.

         Hozten hasitako teari hurrupada eman eta mahai ertzean pausatu du eskumuturra, zigarro koloretsu bat pastel-margo urdina airean.

         Polita dun, diferentea. Harriak bizirik dagoela ematen din.

         Ezustean hurreratu zaio ahotsa, egindakoari begira dabilela. Lotsa estali nahi izan duen irribarrea loratu dio.

         Neuretzat da, ez da ona.

         Aldamenean eseri zaio, aulki guztiak daude libre.

         Erakutsiko?

         Hirurogeita bosten bueltan dagoela iritzi dio Maitanek, gehiago ere bai beharbada. Nahasiak ditu ileak, lakartuak eskuak. Ez dago zikin, jantzien aukerak egiten du bestelako. Erretiratu gabe dabilen tankera hartu dio. Eguerdikoa luzatuta, ondorioztatu du. Ez du mozkor zantzurik baina, fresko ditu begiak betaurreko garbien bestaldean. Renoirrek ikusi ez zuena, halabeharrak batutako bi emakume ostatu batean solasean. Ardo merkea eskuan duela bata, pastel-margoek zikindutako atzamar puntekin kikara urruntzen bestea. Etorri berriaren aurrean zabalik datzan marrazki-kaier bat.

         Te kikararen ondoan utzi du edontzi erdiraino betea.

         Bloka hartu dio, lotsagabe agertu gabe. Astiro igaro dira etorri berriaren aurretik azken asteetan margotu dituenak.

         Zergatik ez dago jenderik?

         Nire eskua ez da jendearen oinak bezain azkarra.

         Gezurra. Fijatu naun nola darabilenan.

         Aurpegiak eta soinak margotzen ausartzen zen garaia gogorarazi dio. Goizaldean, gaueko adorerik gabe, izara artean laguna mendean hartuta. Kurba posible guztiak laztanetik arkatzera.

         Hatsa hartu dio Maitanek, ardo lurrin arin bat. Badu, hala ere, atzeraka eragiten ez duen zerbait, zehazten ez dakiena zer den. Aurpegiari darion gozotasuna da agian, mintzatzeko manera, begien naroa, masail bietan egiten zaizkion zulotxoak. Eta ez dabilela baldar. Larregi luzatu ezean, eroso dago.

         Koldarra naiz horretarako.

         Eta aitortu egiten dio, margoekin ez ezik, argazki-kamerarekin ere ezinezkoa zaiola jendearekin bekoz beko jarri eta klik egitea.

         Nahi bai. Askoz ederragoak dira argazkiak pertsonekin.

         Baina lotsa da, errespetua. Ehiztari bat bezala sentitu izan da inoiz, justu objektiboan zituenean begiratu diotenean. Harrapakinaren begiak hilko duen fusilari so. Horregatik dabil oraindik ezinaren bila, paisajeekin errendituko ahal den.

         — Paisaje urbanoekin. Natura hutsak ez dit ezer esaten. Jendea egotekotan, ageri ez bada ere, hor dago.

         Besoak soinetik urrundu ditu, hegan darabiltza eskuak.

         Ideologia kontua da azken batean. Nor da bera inor bere ustezko asmo estetikoen arabera erabiltzeko?

         Neuri ere ez zitzaidakenan gustatuko.

         Zehaztu egin behar izan du. Ez da arteaz ari, begiradaz baizik.

         — Hemen tabernetan bakarrik bahabil, indioa haiz.

         Hoztua du tea. Nor dabil noren gainean gehiago jakin nahian.

         Hi ez haiz hemengoa.

         Denbora zeramala agertzeke aitortu dio Maitanek, zintzo. Lehen, sasoi batean, asteak ematen zituela bertan, opor garaian-eta.

         Ederra hiria Bilbo.

         Eta edontziari heldu dio ostera ere emakumeak, ezpainekin ukitu gabe uzteko segidan.

         — Lehen asko joaten gintunan, New York baino urrutirago zegoenean.

         Mapan kokatzen asmatzen ez dituen kaleak izendatu dizkio, azken urteetako plan urbanistikoek erabat aldatu dituzten auzoak. Lotsatu egiten da aitortzen ez dela inoiz egon toki horietan, etxean bertan jarri izan dizkiotela debeku-marrak aipatutako garai hori ondo pasatu eta gero ere.

         Baina hire hizkera hori hemengo dun.

         Eman dion konfiantzak ordaina merezi duelakoan atera du hizpidera ama, nola joan zen hara ikastera, denborarekin bertan geratzeko. Lana, aita, umeak. Bizitzak dakartzan zimurrak, zertan zehaztu ez duen zuloa gero. Hizkera, amarena dutela nebak eta biek. Etxean ikasia, lagunekin-eta erabiltzen dutenaren bestelakoa.

         Ama nor duen galdetu dio, jakin nahi du ezaguna zaion, abisua aurrez:

         Gazteak zaharra errazago beti ere.

         Izen-abizenak eman dizkio, etxeko gaitzizena gordeta, nahita.

         — Izen horrekin auskalo zenbat dauden herrian.

         Gehiago galdetu gabe etsi du, hala iruditu zaio behintzat.

         — Ikusiz gero ezagutuko dinat igual. Baina orduko hainbeste jende falta dun herritik...

         Gurasoak hil zaizkionetik, ama ez da ia herrira itzuli, berak dakiela. Eta aurretik ere, zenbat bada. Nebaren gaixotasuna izan du aitzakia, baina beti pentsatu izan du egon behar duela erbesteratu sozial kategoria bat, ama bezala, jaioterritik borondatez alde egin eta aukera izanik, itzultzen ez direnentzat.

         Erabakia du ez diola ama agertzen den argazkirik erakutsiko telefonoan.

         Ea, utzi berriz.

         Inguruetara begira ari da, urduritzen, biluzik sentitzen hasi da oraindik izenik galdetu ez dion emakumea orriak atzerantz pasatzen hasi eta marrazki bakoitzean luzaroago gelditzen hasi denean.

         Esku ona daukan.

         Ez da esaten dioten lehen aldia. Galdetu beharra sentitu du.

         Zeuk ere margotzen duzu?

         Algara motza egin du emakumeak.

         — Hobe bai. Herri hauetan, ezer egitekorik ez badun, edo halako zeozertan hasi edo zeharo gaiztotzen haiz.

         Ausartu egin da jolasean sartzen.

         Eta zu zer zara, zintzoetakoa?

         Zaharrak zaintzen eta lokalak garbitzen atera behar izan duela bizimodua erretiroa hartu aurreko urteetan. Minimoa, baina lortu zuela zerbait kobratzeko lain kotizatzea.

         — Laster naun.

         Aulkia atzeratuta jaiki da, begirik kendu gabe jarraitu dio Maitanek tabernan barrena, komuneko ateraino. Eguzki galdatan dagoen plaza hutsean, bi ume doaz andre gaztearen aurretik, beren itzalekin jolasean. Horra atzetik ateratzen ausartuko nintzen argazki bat, pentsatu du. Umeak itzalari nola, alde egitea etorri zaio berari ere. Ez da horretara joana amaren herrira.

         Pazientzia pixka bat izan behar da berarekin, besterik ez.

         Tabernaria da, hiru pintxo dakarzkio emakumeari. Adinkideak izango dira. Umetan beharbada inoiz elkarrekin jolas egindakoak. Irribarre egin diote elkarri.

         — Kalean ematen du eguna. Ez dut uste etxean ezer kozinatzen duenik.

         Lasai. Ez nago gaizki.

         Aspertzen bazaitu, joan eta kito. Ez dizu gaizki hartuko.

         Itzuli denean, marmar itoan jesarri zaio ondoan, maldizio txiki bat. Herren arin heldu da, orkatila bihurritu omen du komun irteeran. Berehala itzuli zaio lehengo aurpegiera atsegina, ez dirudi min handitan denik.

         Mahaipean begiratu du. Itzala sartzen hasia da arkupeek eskaintzen dioten tarte handitik.

         Ondo zaude?

         Jaiki egin da Maitane, tentuz, margoen kutxa eta bloka jaso ditu. Hura du joateko unea, eman du eman beharrekoa bien artekoak.

         — Ez dun aurreneko aldia. Lehenbailehen lotu eta bakea.

         Platertxoan dagoenari ekin dio emakumeak. Astiro bildu du berak poltsa zoru gainetik, ez zaio erraza agurrerako hitz egokirik topatzea. Jaten amai dezan itxaron du. Esan beharra dio lasai etxeratuko bada.

         — Hortxe daukat autoa, eramango zaitut nahi baduzu etxera bidean.

         Begiak piztu zaizkio, bi zulotxoak nabarmendu masail mamietan.

         — Utz nazan anbulatorioan. Badaezpada ere pasatu egingo naun.

         Itxura batera oraindik handitzen hasi gabeko orkatila igurtzi du.

         Hasia da arratsalderoko mugimendua. Guraso gazteak ikastetxeetatik berehala aterako diren haurren bila. Denda batzuk zabalik dira. Laster irekiko dituzte besteak. Gainontzekoek aspaldi utzi zioten ezer saltzeari. Gazteek lokal moduan erabiltzen duten bakanen bat kenduta, sare metalikoen osteko gutun jasogabeek eta egunkari orri zaharrez estalitako erakusleiho zikinek salatzen dute egoera.

         Zer zen hau eta zenbat galdu duen.

         Erraz doa, neke handirik gabe pausatzen du oin muturra zoruan.

         Mamuz beteriko parte zahar bat. Merkataritzak abandonaturiko guneetan, enotekak, banku sukurtsalak eta litxarreria dendak baino ez dituzte zabaldu aspaldian. Eta hala ekin dio, geldialdia egiteko aprobetxatuta, ezagutu behar zenuen hau garai oparoenean, desagertutako munduaren gidarena jotzen: hemen ultramarinos bat zegonan, hemen Fidel barberoa, hemen konfiteria bat...

         — Aditu egiten dinat oraindik polboroiak egiten zituenean zabaltzen zen irin gozoaren usaina, almendra eginarena.

         Aldarrian dabilkio, ez dela aspaldikoa basamortu hau, giza-klima aldaketaren ondorioa harremanetan gertatu zaigun idortze hau.

         — Hemen pentsu biltegia zinan gure osabak, eta hemen ondoko hau, drogeria bat zunan, herrian gelditu zen azkena.

         Eta itxura hartu dio, berarekin hizketan ari dela ere, atea zabaldu eta dendan sartuta, lurrinak hartzen dabilela, xaboi likidoak eta egindako tomatea gordetzeko hautsak, edonorako bernizak eta hilak pizteko amoniakoak, metroka saltzen zen estraza papera eta granelean zerbitzen ziren kolonia urak eta perfume gozoak, aditzeraz besterik ezagutzen ez dituen mila salgairen artean pozik.

         — Ez dun nostalgia, garai hura ez zunan hobea.

         Zer da orduan.

         Nik zer zakinat ba, azkena geratzeko beldurra igual.

         Ez dio ulertu, ez da adin handia duen emakume bat ere.

         — Lehengo gauzak egiten azkena izatearen beldurra.

         Orain hurrengoan amak erakutsi zion webguneaz hitz egin nahiko lioke. Erakusketa birtual bat, Amsterdamen, metroa luzatzeko lanak direla-eta, Amstel kanala lehortu dutenean handik ateratako gauzekin egin dutena. Gizateriaren benetako museo bat. Garbigailuetatik historiaurreko hezurretara, txanponak, josteko makinak, labanak, telefonoak, oinetakoak, indusketan hasi eta lokatzetatik ateratako zazpiehun mila objekturen bidez berregin ahal izan dute hiriaren historia. Eta otu zaio jendeari ere ez ote zaion antzeko zerbait gertatzen adinean gora joan arau, ez ote doazkion pilatzen egunen lokatzetan inoiz ezagutu izan dituen gauza horiek guztiak, beren usain, kolore eta testurekin, eta areago, ez ote dugun antzeko museo sentimental bat osatu garai batean bizirik ezagutu eta halako batean betirako joan diren haiekin guztiekin. Museo bat, oroitzapenen pedagogia egiteko beste biderik ezin asmatuta.

         Hezetasunak fatxada jandako etxe bateko balkoitik, ohegaineko bat zintzilik. Berehala ezagutu duen usaina.

         — Orain, berriz, Maroko ematen din. Edo Pakistan. Bitxia dun, lehen denok kalean nahi. Orain, berriz, ahal duenak, txaletera ospa. Joan direnen etxe zaharretan sartzen ditun hauek besteak jardineko belarra mozten dabiltzan bitartean.

         Denborak higatutako errotulu baten aurrean gerarazi du.

         — Hau Theveneten taberna zunan. Gure zuloa.

         Kristal bertikalak dituen lokal estu bat da. Kanporaino dator kebab burruntzien lamara. Hutsik dago, gizon bakarra dago barra atzean, telebistari begira. Berriz abiatu orduko amaitu dio esaldia. Automobilaren atea zabaldu dion arte nagusituko da isiltasuna gero.

         — Hementxe hil zitenan nire orduko mutil-laguna.

         Eta atzera ere, ez da ausartu gehiago galdetzen.

         — Badakin nola ziren orduko gauzak. Hamar lagun joan zitunan hiletara.

         Ez du indarrik izan galdetzeko nork hil zuen, zergatik, lagun arteko borroka batean izan zen edo droga asuntoren batengatik garbitu ote zuten. Edo bestela, entzunak ditu halakoak, edariak mihia askatuta hitz egin behar ez zuenekin hitz egiten zuelako herrian mugitzen zirenez. Txibato bat, otu zaio. Emakumeak kontatu dizkionak kontatuta egin dituen hipotesiak guztiak. Sasoi hartako zerbait, nolanahi ere. Bilbok lotu gabea artean, ama kale hauetan ibiltzen zenekoa bere orduko lagun eta ametsekin, bera jaio aurretiko mundua, gauzak bestela zirenekoa.

         Beteta imajinatu du kebaba: gazteak larunbat batean durumak, pedratak, lahmacumak erosten latako freskagarriekin hildakoaren itzalaren gainean.

         Kale artean, emakumeak berak esan dio nondik jo errazen anbulategira.

         Xelebreak gaitun. Lehen presoak egoten zitunan hor barruan, orain medikuak.

         Hantxe utzi du, antza ezaguna duen gizon bati oinari buruzko azalpenak ematen autotik irten eta batera.

         Hik segi pintatzen. Eta eskumuinak amari.

         Ez daki nola ulertu masaileko bi zulotxoak eragin dizkion irribarre lotsorrari lagundu dion begi-kliska.

         Herrenka sartu da emakumea eraikinean, mende bete pasa inguruetako azken kondenatua urkamendira atera zuten ate beretik. Presoen gogoeten gainean gaixoen beldurrak. Ezinarekin borrokan jenderik gabeko margoetan bildu nahi duen giro hori bera. Nori bururatu ote zitzaion kartzela zaharrean egitea anbulategia. Lehen martxa sartu eta abiatu egin da, arin itzuli nahi luke atzera ere. Baina halaxe behar, izan ere zer da bizitza giza flysch basa bat baino, amarena bezalako borondatezko erbesteak ere konpondu ezin duen sedimentazio prozesu etengabea.

         Ez du Renoir ikusten halako egoera batean interesatua.

         Autopistan sartu aurretik deitu du etxera, ez dio besterik esan aitari, afaltzeko helduko dela. Amak hartzera, bestelakoa izango zen elkarrizketa, baina agian hobe horrela, iluntzerako gordetzea, afari erdian hasteko kontatzen zer egin duen, nola ikusi duen aldatua dena, galdetzeko amari nor izan litekeen ezagutu duen emakumea, ardo gorri merkea edaten ibiltzen den bat, bakarrik eta libre, mutila aspaldixe hil omen zioten bat, Thevenet delako baten tabernan.

         — Bizikletan istripu handia izandakoa nagusia, hala esan dit.

         Denbora hautsi ez dadin zaintzen duten emakume horietako bat.

         — Goraintziak eman dizkit zuretzat.

         — Eta ostean, zer berri?

         Kontatzen hasi orduko moztu dio aitak solasa. Berak izan ez duen mundu baten jeloskor beharbada, etorri zaio Maitaneri. Ez da aurreneko aldia egiten diona, txarra da disimuluan aita. Zer nezesidade hara joateko. Ez du maite ama herrian bizi zeneko ezeren gainean hitz egiterik, hori guztia atzean geratu dela esanda eten nahi izaten du jarduna, akabo dela, esan gabe esateko sartzeko dena zulo handi batean eta urruntzeko gero handik.

         Iraganik gabeko jendea maitatzea posiblea balitz bezala.

         — Erabaki bat hartu dut, ez dut dekoraziora dedikatu nahi.