Munduko tokirik ederrena
Munduko tokirik ederrena
2018, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-21-1
azaleko argazkia: Raymond Depardon (zatia)
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
Munduko tokirik ederrena
2018, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-21-1
aurkibidea
 

 

Txoria herioren gainetik

 

 

Ezjakin alaena, eta ni maoriena ote zen galdezka, izan ere, zer zen ederra hegazti hura.

         Berrogeita hamarretik gora izango zituen ezagutu genuenean. Heldu berria zen, inork ez zuen begiz joa The Moonen biltzen ginenon artean, nola bada, adinez ere, askozaz gertuago baitzegoen gure gurasoengandik gutako edonorengandik baino. Bakarrik hasi zen azaltzen afalostean, txanda egokitzen zitzaidanean, lagunik gabe beti.

         — Nire edadekoek nahikoa dute zorrak ordaintzen.

         Barra ertzeko taburetean ematen zuen denbora, Apollo 11ren zuri-beltzeko argazkiaren azpian, zerbeza iluna eskatu eta inorekin hitzik egin gabe. Pare bat edaten zuen, bururik ere altxatu gabe, kirol-egunkariak irauten zion artean.

         Txori zoragarri baten tatooa eta zilarrezko eraztun bat atzamar lodian.

         Alde ederreko eguraldia egingo du ba han.

         Nik ez nuen han hil nahi, ordea.

         Ez zigun gurasoen lagunek bezala hitz egiten.

         Daukazun adinarekin? Mesedez.

         Barre egiten genion.

         Han heriok zango arinagoak ditu.

         Bazuen hizketan hori, bonbak bezalako esaldiak tarteka. Zerbaitetik ihesi etorria zela ulertu genion. Nondik, ez zigun zehaztu. Bizitza guztia omen zeraman kanpoan, eta herriaren deia baino, izua sentitu omen zuen egun batez.

         Nori izua?

         Zehatz, inori ere ez.

         Hasieran lausoa zitzaigun dena. Hizkera ere halakoxea zuen, inguruetan inork ez bezala egiten zuen, aspaldikoa balitz bezala. Gaztelera nahasten zuenean ere, eta joera zuen, hemengoa ez bestekoa zuen. Barkamena eskatzen zigun maiz horregatik, lehenengoan ulertzen ez genituen hitzengatik, eta horrexek txokatzen gintuen, izan ere, zahar edo gazte, zenbat dira bada barkamena eskatzen dakitenak gure artean. Ozeanoaren bestaldeko doinua zuen, inork asmatu ezin izan genuen arren zehazten nongoa. Rio Bravotik Ushuaiara, Habanatik Atacamara, geuk bakarrik dakigu zenbat jira eta buelta eman genion denborarekin denon artean osatzea lortu genuen mapari ebakera hura kokatzeko

         Eta zer da zango arinak izatea?

         Zango arinak izatea da asperduraz behintzat ez hiltzea.

         Gurekin jolasean ari balitz bezala aritzen zen, ez ohikoa zelako geuri ere gustagarria zitzaigun maneran. Eta halaxe, egunak laburtzen eta hozten hasi zirenean, iluntzeetako olgeta bihurtu zitzaigun. Kostatu zitzaigun izenez ere deitzea.

         — Dardoetan jokatu nahi, Ramon?

         Maoria ez zen tatuaje hura The Moonen hegan.

         Ukondoa bilduta, gure aldean asko pentsatu gabe jaurtitzen zuen dianara.

         Hala jakin genuen sandinistek Nikaraguan irabazi zutenean joan zela aurrenekoz mundu hobe baten eraikuntzan igeltsero izan zitekeela sinistuta, alfabetizazio kanpainan parte hartzera. Horiexek haren ahotik atera ziren hitzak, mundu hobe baten eraikuntzan igeltsero, izena bera lauso zitzaigun iraultzari eskainia gogoa eta denbora.

         — Nagusiei irakurtzen erakustera?

         Nola da hori, Ramon?

         Konturatzerako, katuaren eta saguaren legean katigatuta genbiltzan. Jendea urri zebilen tabernetan ordurako, aste barruak basamortu bilakatuak ziren. Eta han izaten ginen, noiz agertuko Ramon bere txokora, Mare Tranquillitatisen pausaturiko espazio-ontziaren argazkiaren azpian. Egunari amaiera emateko era atsegina zen hura hizketan entzutea, bereak baitziren hitzak batez ere. Geuk tentatuta beti, inoiz entzun gabeko hamaika kontu agertzen zen gauero The Mooneko barran. Momentuan ulertzen ez genituen istorio asko, lotura zailak. Ramonek alde egin, sarritan adiskideek lagunduta taberna zarratu eta etxeratu orduko osatzen genuen gainontzekoa, gau hartako momenturen batean edo bestean berak, nahi gabe bezala, erortzen utzitako hari muturrei tiraka. Datak izaten ziren, edo toki izenak gehienetan, edo pertsonenak, guretzako entzun gabeak beti. Bakarrean aritzen ginen aurrena, gero geure artean hizketan eginda osatzen genuen puzzlea. Berak bazekien egingo genuela; guk bagenekien berak bazekiela. Ramon seduktore intelektuala zela esaten zidan Aitziberrek garai hartan. Ez zebilen oker. Lehenbiziko araua, betetzen zuen. Ramon ez zen batere harroa, edo hala iruditzen zitzaidan niri behintzat.

         Izenetan, bat geratu zait datu zaparrada hartatik, Georgino Andrade. Berarekin egon zela esaten zigun hura hil bezperan, eta hain etxeko egin zitzaigun, Georgino Andrade mito bilakatu zitzaigun. Sandinistek boterea iritsi eta egin zuten aurreneko gauza izan zen alfabetizazio kanpainarena. Munduko txoko guztietako milaka brigadista bildu zituen ilusioaren haizeak, milaka igeltsero Nikaraguako behartsuenek irakurtzen eta idazten ikas zezaten. Sandinista zen Andrade, Honduraseko mugatik gertu hil zuten, irakasle atzerritarrak babesten ari zela. Han zen Ramon gazteago bat egun hartan, guardia somozista ohiek eraso egin zietenean. Hiltzen ikusi zuela zioen.

         Sistemak ezkutatzen zigun errealitatea zen Ramonek zabaldu ziguna, hala errepikatzen genuen. Gordeaz ematen zuen esaten zuena baino gehiago. Eta guk halako zerbait behar genuen asperdura mortal hartatik ateratzeko.

         Askori hamar aldiz bizita ere inoiz ezagutzea gertatuko ez zaion pertsona bat zen.

         Baina zergatik joan zinen hemendik?

         Eta mundua antzaldatu egiten zitzaigun Ramoni entzuten. Iragan berri zen udazkeneko argia zirudien, ederra eta berezia, beste garai batekoa ez dakit, baina akidurak zikindu gabea behintzat. Lehenbiziko aldiz, gure hiztegian ametsik xaloenean egundo sartu gabeko hitzak erabiltzen harrapatu genuen geure burua, mundu zuzenago baten esperantza, justizia soziala, herrien arteko elkartasuna eta horrelakoak. The Moon sortu zutenei, Pellori, Marianen nebari eta hauen lagunei legena ateratzeko moduko berbamodua Ramonen kausaz ilargian nagusitu zena.

         Heldu behar zuen, ikusten genuen Alaitzek eta beste neskok. Taldeko mutilak jeloskortzen hasita zeuden. Susmoa zena berehala bihurtu zen trumoi. Ahohandi bat zen Ramon, asmatutakoak ziren kontatzen zizkigun istorioak. Azkenean, garbi esan ziguten. Ez omen zuen beste helbururik gutakoren bat harrapatzea besterik, itsu batek ere ikusiko omen zuen hori.

         Minduta sentitzea, ulertzekoa zen, dardotan ere, irabazi egiten baitzien. Abila zen Ramon, 301ean aritzen ginen batez ere.

         — Denbora zerbaitetan eman beharra genuen han.

         Helduei eskolak eman eta gero, esan nahi zuen. Kubatik bidalitako eskuliburuak erabiltzen ziren alfabetatze kanpainetan, Europatik helarazitako eskolagaiei esker atontzen zituzten gelak. Geure begiz ikusi genuen gau batean, geuk bezperan eskatuta, ekarri zizkigun argazkietan: zurezko etxolak oihanaren ahoan, eta banderak masta puntan, patioaren erdian, Territorio Victorioso de Analfabetismo. Irudietatik harantzagokoa, aditu egiten genuen, Reagan zaunka eta CIAk hazitako contra hozkadaka maisu-maistren orkatiletan. Gerra bat zen: armak liburuen aurka. Hara mundua haragi bizitan: kitzikagarri zitzaigun epikotasun solidarioa errukiarekin batzen zitzaigun eremu zehaztugabe hartan.

         — Andraderena ere asmatu egin duela esaten ari zarete?

         — Buztanikara bat dun. Zuetako bati jo arteko onik ez din horrek.

         Neska-lagunak beste batengatik utzi zuenean konturatu omen zen, biluztu zitzaigun gau batean, ez zegoela hemen lotzen zuen ezer. Ez zuen hil arteko lan batean hasi nahi.

         — Lagunak, deitzeko era bat da, soldadutzatik etorri eta ezkondu egiten ziren.

         Aitziber eta biok bakarrik geunden batean izan zen.

         — Zikloaren hasieran geunden. Gurasoen bizimodu bera eramateko prestatzen ari zen institutu garaian mundua aldatu behar zuen jende hura.

         — Zaputza hartu zenuelako alde egin zenuen orduan, elkartasunak deituta baino.

         — Hemen ametsik bete ezin nuelako joan nintzen.

         — Norberaren ametsez ari zara ala kolektiboez?

         — Ametsak ametsak dira beti.

         Zerbait pitzatzen hasi zitzaigun Ramonen jardunean.

         — Eta orduan iraultzaren deiaren kontu hori...

         — Zerbait berria gauzatzeko aukera gehiago nuen han.

         Eta buelta berriro, kostara oraingoan, gobernu sandinistak miskitoekin egindako trakeskeriak leuntzera. Justizia ekartzera heldua zen gobernuak ez zuen, antza, nahikoa sentsibilitate erakutsi jatorrizko herriekin. Iraultzak zimurrak zituen, zeharkako mekanismoak piztu behar izan omen zituen ilusioaren indarra mantentzeko. Hizkuntza gutxituen arteko zeretik heldu zion miskitoen arazoari. Liburuekin berriz ere gure Ramon.

         — Ez nuen sekula burnia hartu.

         Gorotz handi bat dena.

         — Benetan?

         Eta iruditzen hasi zitzaigun, urteak igaroagatik, atergabean ari zuela goibel aire batez kontatzen zigun hura. Xehe-xehe, bihotzaren zolan zeramala lika eginda, ez zela ozeanoaren bestaldean geratu han bizitakoa, eta okerrena zena, ez ziola hemen libre izaten utziko. Orduan ohartu ginen, nik uste, liburuek armak erabiltzetik babesten zuten bezala libratzen zuela alfabetizazioaren inguruko jardun hark bere bizitza afektiboa kontatzetik. Baina susmoa baino ez zen, bat gehiago ordurako.

         Behin, Ekaitz etorri zen berriarekin. Etxean Ramon atera hizpidera eta alabaren bat ote zuen Ameriketan, hala esan ziola aitak. Adin alde handirik ez zuten, bazutela elkarren ezagutza. Drogekin ere ibilia zela garai batean, Nikaraguako hura sortu eta arrastoa galdu zitzaion arte. Nolanahi ere, ezer garbirik ez. Urte gehiegi eraman zuen ilunpeetan, herrikoen begietatik gordean. Nahikoa inor galdetzen ez ausartzeko.

         Langarra zen, itzal, laino. Naufragio apakina olatuek halako batean lehorrera itzuli zutena. Handik atzera kontatu zizkigunak, porrotetik porrotera bizitakoak, haurrek jostailuak ohepeko kutxan bezala pilatzen joan ziren, inongo ordenarik gabe, tropoiloan. El Salvador, Bolivia, Chiapas... irakasle, inprentako langile, publizitate banatzaile, turista europarren gida, ostalari... Orriaren margenean beti, inoiz iristen ez zen gizarte hobe baten ametsean, hantxe.

         Zertan, Ramon?

         Eusten.

         Eta hemen, zer egiten duzu orain?

         Aspertu. Hango heriotzak behintzat ez harrapatzeko.

         Eutsi, eutsi hemen ere, zer egingo zuen lanik gabe galdetzen zidan. Tarteka, ateratzen zitzaiola zerbait, baina ezer gutxi. Udaleko zerbitzu sozialek eman berri zioten laguntzatik bizi zen. Eskerrak arrebak utzi zion gurasoen etxe zaharrean sartzen.

         Berriz ere iheserako prestatzen ari zen susmoa hartu nion.

         Neguko iluntasuna saretzen hasi zen, egunak luzatzen. Lagunak ez ziren dagoeneko The Moonen biltzen, argi gosea zutela zioten. Gainera, ordurako amaitua zen Ramonen nobedadea, ez zen arean arrastorik geratzen hasierako lilura hartatik. Etortzen, berdin segitzen zuen, betiko orduan. Bi jokalarirentzat bakarrik prestatzen nuen dardoen makina.

         Bakarrik geratzen ari ginen.

         Inor ez zebilen gau batean, The Mooneko kanpoko argia itzali arte itxaron zuen. Lagundu egingo zidala biltegira poto handiko botila hutsak kaxa ozpinduetan sartzen. Kamerak beteta, eskaileretan behera, neure atzetik etorri zen ilargiaren bestaldera.

         Aitziberrekin izandako elkarrizketez akordatu nintzen.

         Horrek hirekin nahi din.

         Argia piztu nuen, seguru nengoen atzetik etorriko zitzaidala. Haren eskua sentitu nuen nireari eusten, soina gainean, nire ahoaren bila haren hatsa. Bertatik bertara nituen txoriaren hegalak, izerdiak garraztuak. Ezpainak estutu nituen. Ezetz egin nion buruaz. Begiak begien bila, erreguka legez. Atzerantz egin zuen. Beha nuen. Denborak behar zuen arnasa hartu zuen. Errudun sentitu nintzen, neure burua madarikatu nuen horretarainoko ustea eman niolako. Behingo bateko erabakia izan zen. Ez nuen, haatik, txarrean konpontzerik nahi.

         — Zergatik txori bat?

         Orduan hitz egin zidan alabaz, Ekaitzen solasean inoiz lausotan agertu zitzaigun hartaz. Alfabetizazio kanpainan zebilela ez, gerora izan zuela azaldu zidan, argitu gabe norekin.

         Non bizi da orain?

         Han.

         — Ez duzu ekarri behar?

         Biltegitik kanpora jo genuen. Ez zela ume-umea izango pentsatu nuen. Beragatik zeraman besondoan txoria. Usadioa omen zen han, alaba izaten zuten gizon askok egiten zuten hegaztiaren tatuajea. Txoriak zer izen zuen ere, esan zidan. Ez dut gogoan. Izen bera jarri omen zion jaio zen egunean. Ohi zuen legez, askatasunari buruzko istorio harrigarri batez apaindu zidan istorioa. Zerbait aldatua zen nire barnean. Txoriarena, ez nuen Interneten kontsultatu. Akabo zen jolasa.

         — Umea amaren kargu utzita segitu zenuen iraultzan?

         — Han hala da. Ezin duzu hemengo begiz epaitu hangoa.

         Ez zen hurrengo egunean agertu, ezta hurrengoetan ere, eta arnasbideetatik zabaldu zitzaidan lasaitasuna. Ez nuen beharrik sentitu gertatutakoaren berri emateko inori, ezta Aitziberri ere. Gauzak are korapilatsuago egiteko besterik ez zuen balioko. Noizean behin gertatzen diren begizta horietako bat besterik ez zen izan, nik zer dakit ba nola azaldu, astiro egosten datorren zerbait bururaino eramateko tentazioa, jakinki hurrengo egunean akabo dela. Sedukzio jolasek badute hori, are gehiago goitik behera badatozkizu. Erantzun bat ala beste bat izan dezakeen soluzio zuzenik gabeko egoera bizi beharreko bat, besterik gabe, zertarako eman buelta gehiago.

         Dozena erdi bat aldiz ikusi nuen Ramon ondorengo asteetan, eta sekula ere ez bakarrik. The Moonera agertu zen hurrengoan, bere ondotik alde egiten ez zuten hiru gizonezkorekin etorri zen, neu nengoela barran. Ematen zizkien azalpenei erreparatuta, herrira iritsi berriak ziruditen. Hala hasi ziren azaltzen The Moonera tartean behin. Berak ordaintzen zuen beti.

         Eskatutakoa hartu, dardoetan partidaren batzuk jokatu eta joan egiten ziren. Ez zuen haien kontra gurekin erakutsi zuen nagusitasunik. Sueltoago egiten zuen algara. Hizkeragatik, ozeanoaren bestaldekoak ziren guztiak. Eroso ikusten nuen, bere benetako mundua norekin partekatu aurkitu izan balu bezala. Behin bakarrik izan nuen berarekin lasai antzean hitz egiteko parada. Ordura arte ez bezala agertu nintzaion, beldur nintzen okerreko ondorioren bat aterako zuen. Berak ere ez zuen ahalegin handirik egin ezagutu izan nuen Ramon hura izateko. Aitziberrez galdetu zidan, Aioraz, Ekaitzez, gainontzekoez, ea ondo zebiltzan guztiak, zer egiteko asmoa genuen udan, ea kanpora nindoan. Erantzuna bost axola zitzaion galderak guztiak. Lasaitu adina tristatu ninduen bion hoztasunak.

         Pena sentitu nuen, ondo azaltzen ez badakit ere zergatik. Biok galdu genuen guztiagatik beharbada. Amorragarria zitzaidan desegiten ikustea hainbeste ez zela ere Ramonek gugan piztea lortu zuen hura. Garbi zegoen helduak ginela tontorrera, goitik beherako malkarra genuen orain. Irribarre erori hura ikusi nion azken eguna izan zen. Gizon presoa izaten segitzen zuen, baina beste zerbaitena ordurako.

         Edarien ganbera konpontzera etorri zen teknikariak eman zidan albistea. Goizeko kontua zen, hala ari zirela esaten. Sasoiko gizon bat agertu zen hilda errepidean, pintura fabrikatik gorako bihurguneetan, oiloen etxaldera heldu aurretiko horretan. Hautsiak zituen zango-besoak, eta kolpe handia zuen burualdean. Ia jo omen zuen bide erdira ateratako bultoa alban aurkitu zuen kamioizaleak. Litekeena zela auto batek harrapatu eta ihes egin izatea. Irratian, eguerdiko albistegian eman zuten. Ez zekiten nor zen, hipotesi guztiak omen zeuden zabalik, betiko hitzak. Auto gidariaren bila omen zebiltzan. Lekuko eske ari ziren.

         Handik hiru egunera, trokeleria abandonatu batean aurkitu zuten odol putzuarekin lotu zen gertaera. Ikerketak beste norabide bat hartua omen zuen. Bazitekeela, esaten hasi ziren, fabrikako odola errepidean aurkitutako gizonarena izatea. Arakatua zuten orubea ikerketan. Kobre lapurretan ari zela, zergatik ez dakitela, goi samarretik erori zenean. Lagunek jaso eta sartuko zuten autoan, seguruenik bizirik, ospitaleren batera eramateko asmoz. Baina bidean hil eta, zer egin asmatu ezinik, kamioilariak aurkitu zuen tokian utzi zutela. Horrekin zebilen polizia eta horrelaxe argitaratu zen egunkari guztietan.

         Nor zen, hori zen argitzeko falta zena. Filtrazioen arabera, ez zirudien inguruetakoa. Etxetik urrun, hemengo heriok harrapatu zuen, nonbait. Argazki bat ere zabaldu zen hedabideetan, identifikazioan lagunduko zuelakoan. Hildakoak besondoan zeraman tatuajea zen, hegazti batena. Bihotza uzkurtu zitzaidan. Txori bat hegan, marrazki maoria izan zitekeena. Begiak galdu nituen hegalen marra bakoitzean, buruko gandorrean. Ez nuen askorik behar izan jabaltzeko. Ramonena izan zitekeen, baina bestaldera zuen burua hark, eta laburragoa hegoa.

         Biltegiko gauean kasik ezpain artean aterpetu nuen txoria, herioren gainetik hegan.

         Albisteak herria aztoratu zuenetik, ez nuen gehiagotan ikusi. Ez bera eta ez berarekin The Moonera agertu izan ziren hiru gizon gazteak.

         Susmoa hartuta heldu nintzen neu ere gau hartako kable lapurreta, errepideko gorpua eta Ramonen desagertzea lotzera. Hildakoari buruzko ikerketak isilean jarraituko zuen, ez baitzen albiste gehiago agertu hurrengo egunetan. Bazitekeen tatuajearekin oker egotea, baina Ramon izan balitz arrebak identifikatuko zuela pentsatu nuen. Jendeak ere laster ahaztu zuen dena. Ni, berriz, gaixotu egin nintzen pentsatuta zer izan behar duen zoruaren kontra zukututako laguna errepidean uztea. Ospitalera iritsi ezin, odol beroan hartutako erabakia. Ramon zetorkidan, gauerdian ihesi, gordean hurrengo egunetan, auskalo non hegazkin bat hartu eta izua oinetan, putzu handia behean zuela, Managuako, La Pazeko, Habanako aireportura heldu arteko onik gabe. Pasaportea polizia baten eskuetan. Zegoen tokian zegoela, lorerik gabe ikusten nuen Georgino Andraderen hilobia. Ze urrun ametsak eder eta egingarri zitzaizkion garaitik. Beharbada aireportutik bertatik deituko zion txori izena zuen alabari, berak bakarrik esaten zekien eran, samur, arrai, itzulia zela esateko, ez zuela berriz abandonatuko, bere ondoan izango zuela behar zuenerako, barkatzeko.