Modeloa
Zumar zabalen ostean aditu eta berehala zen geltokian eguneko lehenbiziko trena. Nasa huts zopatuan, oinak hotz, bi gizon zituen zain Andres Arrutik. Alkateak eta eskualdeko errekete ohien buruak baino ez zuten osatzen ongietorri batzordea. Goitik hala esanda, eskultoreari Irineo Epelderen baserrirako bidea erakusteko eta gizonarekikoak egiteko agindua zuten jasoa biek nola biek. Epelde konbentzitzea, berez etorriko zen. Udaberrian lanbroa bezalaxe, esan zitzaien. Halaxe helduko zela. Inoren buruan ez zen sartzen uko egin ziezaiokeenik.
Tentuz jaitsi zituen bagoiko mailak Arrutik, berokiaren lepokoa altxatuta gizon biei bostekoa ematerako. Txapela egokitu zuen.
— Urruti al dugu?
Zain zeukaten gizona etxean. Bihurgunean sartu orduko ikusi zuen Irineo Epeldek alkatearen autoa sukaldeko leihotik, zelai jelatuen artean gorantz. Lurmendu ezinean zebilen hiru egunean, hotz egiten zuen, baina haizea aldatua zen azkenik. Eguerdirako urtzen hasia izango zela etorri zitzaion, berandu baino lehen xurgatuko zuen lur beltzak dena. Bat-batean, sagastiaren atzean gorde zen autoa, zen bezain neurrikoa agertzeko handik gutxira azken malkarrean, aurreko foku biak isiotuta, kateko txakurrak zaunka batean zirela. Epeldek prest zeukan kafea lapikoan, txikoriarekin nahastua. Alkateak berak emana zion bi egun lehenago zorrotxoa, libra laurden azukrerekin batera, gertu izan zezan hirurak heltzen zirenerako. Zertara, ez zion esan, orduan bertan argituko ziotela guztia. Ezer txarrik ez da, Irineo, zaude lasai horregatik. Eta egundo amaitu behar ez zuen gauaren muturrean, heldua zen ordua. Atarian zituen hiru gizonak, teinkaturiko kate adausien bestaldean. Berandu zebilen, ordea. Errieta eman zion emazteari, iragazi gabea zuen lapikoko kafea.
Irineo Epelde atarira irten zenean, aurrez hamaika bider esana ziotena ez zela gezurra ikusi zuen Andres Arrutik bere begien aurrean. Gizon bikaina zirudien Epeldek. Itxura batera, ederki balioko zuen egina zioten enkargurako.
— Sartu, sartu barrura, hotz da-eta.
Oroitzapen zaharrak berritzen zizkion Arrutiri tximiniari zerion egur errearen lurrinak, umetan amaren etxera joaten zirenekoak. Konturatzerako, alkatea zuen aldamenean, ahapeka.
— Gure gizona da?
— Izan liteke.
Ezkaratzeko lur gogorraren kontra jo zituzten zapatak hirurek.
— Eseri lasai, kafe bero bat gaizki ez zaigu etorriko.
Denbora behar izan zuten Arrutiren begiek iluntasun astunera moldatzeko. Bulegoko objektuak garbi azaltzen ari zitzaizkiola, itogarria zen dena.
— Delegazio honetan, aspaldi aukeratu genuen gizona.
Hizketan segi zezan utzi zion Arrutik, garbi ari zitzaion adierazten ez zuela eskulturaren proiektuan ezer aldatzerik izango. Gizon urduria zen Garcia Pueyo, besteek zer dioten entzun gabe jardutera ohitua. Itxura hori hartu zion.
— Goazen kanpora, lasaiago egongo gara.
Eskertu egin zuen terrazako argitasuna. Apaltzen hasia zen udazkeneko eguzkia. Zigarroa piztu zuen delegatuak.
— Ez duzula erretzen esan duzu, ezta?
Marruma mutua zetorkien kaletik, hiriaren hauspoa punpaka.
— Irineo Epelde deitzen da. Ia metro biko gizona, sorbalda zabalekoa, aurpegiera garbia, sudur markatua... ikusi egiten dut zizelkatua, dotore, begirada urrunean galdua, oinarriaren gainean betirako zut.
Zigarroa ezpainetan, buruan zeukan estatuaren planta egin zuen Garcia Pueyok, soina tente, kokotsa gorantz, esku biak aurreratuta, atseden posturan fusil bati helduko baliote bezala.
— Zaude.
Epelderen argazki batekin itzuli zen bulegoko ilunpeetatik. Eskura eman zion, hurbilagotik errepara ziezaion. Gizon handi bat zen, baserri atarian era behartuan ateratako jarreran. Atzean, emakume bat sumatzen zen, besoak hazta eginda. Amarruan zuten. Esaten zuena esaten zuela, erabakia aurrez hartua zegoen.
— Belengo estalpeko idia baino nobleagoa da. Ez zaizu zaila gertatuko jendearen gustua egitea.
Hiriaren batetik besterakoa zuten begipean: garraiolariak azken orduko zereginetan, elkarrekin solasean igaro ziren soldaduak, egonean zegoen jendea tamarindopean. Brisak organillo baten notak zekartzan, ulertu ezin ziren elkarrizketen zurrumurrua espaloitik. Urrutira, muinoan margotuak ziruditen badiaren bestaldeko villek. Hondartza gainean, kartzela beltza. Beste garai batean gertuan izan zuen bat baino gehiago zegoen bertan.
Garcia Pueyo balaustradan bermatu zen:
— Aldekoxe bizi zara bizi zaren tokian.
Ez zen inoiz horretaz kexatu izan. Ez zuen ulertu zertara zetorren hura.
— Bueno, baduzu zerbait esateko?
— Zer esan behar dut bada?
Hasiera batean pentsatu aldean, lasai agertua zen bulegora. Mesede egin zion emaztearekin izaniko elkarrizketak. Bat-batean, urtzen sentitu zuen guztia.
— Biok dakigu zer dugun buruan, Andres.
Ikara zimikoa sentitu zuen.
— Ez zara gutarra, baina ez dugu zu baino hoberik lan hau ondo egiteko.
— Ez dut uste.
Sorbaldan sentitu zuen eskua erantzuna eman orduko.
— Ba, sinistu.
Suaren garrak baino argitzen ez zuen sukaldean, Irineo Epelde aurrean zuela, Garcia Pueyorekin izaniko elkarrizketa berritu zuen Andres Arrutik. Ezustean harrapatu zuen enkarguak. Lan gaitza zen, on beharrez zebilkion adiskide bat izan zuen bitartekari. Aldeko arrazoiak neurtu zituen: artista gisa izena emateaz gainera, dezentez arazo gutxiago izango zuen edozertarako. Barnean zerabilen borrokari azkar eman zion konponbidea. Konbentzitua zuen bere burua uko egiteko arrazoiek ez zutela lana onartzearen adinako pisurik. Nork leporatuko zion irabazleekin kolaboratzea? Nork, bizi beharra zegoenean, umeak zeudenean tartean? Ez zen ideologia kontua, lana zen. Eta ez zen ez aurrena ez azkena izango horrelakoetan zebilena. Nahikoa zorte izan zuen ordura arte. Egon, egongo zen bakarren bat, inbidiak-eta tarteko askotan, enkargua onartu izana leporatuko ziona. Bakarrik bizi izatera, beste bat izango zuen beharbada Garcia Pueyori emandako erantzuna, baina familiarengan ere pentsatu beharra zeukan. Eta bere artean, eskertu egin zuen horrela izatea.
— Irineo, zure beharra dugu.
— Zertarako?
Borren parekoak zituen eskuak Irineo Epeldek. Ardi zahar bat ukabilaz bekoki-katiluan jo eta bertan eraisteko modukoak, gaztigatu zion Garcia Pueyok. Ez du ederra izan behar harekin buruz buru esku huts neurtzeak, erantsi zuen. Neurtu, beste zerbait ari zen neurtzen, ordea, Arruti. Mahai hartan, alkateak zuen konfiantzarik handiena etxeko nagusiarekin. Justukoa baino hitz egiten ez zuen erreketearen eginbeharra zein zen, ez zuen garbiegi ikusten.
— Badakizu zer den modelo bat?
Hondartza gaineko tamarindoen artean zebiltzanei begira segitu zuten bi gizonek, elkarri hitzik egin gabe. Barandako harriaren kontra itzali zuen zigarrokina Garcia Pueyok, terrazatik kalera begiratu eta espaloi gainera jaurtitzeko gero.
Hatz erakuslea luzatuta hitz egin zion.
— Esango dizut zergatik aukeratu dugun Epelde. Modelo bat zer den, ez dizut nik esango. Baina ez deskuidatu. Modeloa ez da edertasunaren irudi hutsa, artistari
harri blokean barrena zer duen kendu beharrekoa erakutsiko diona. Ez hori bakarrik behintzat. Herriari adorea transmititu behar diona ere izan behar du. Eredua grinan, indarrean, dotorezian. Zer da modeloa, Arruti, ez bada nolabaiteko proiekzioa denboran. Horregatik da ezinbestekoa gizona ondo aukeratzea. Gizona izan behar baitu, gerran izena irabazitako bat, ezta?
Irineo Epeldek biak betetzen zituen, garbi zegoen.
— Zein egokiagorik bera baino?
Gurutzea izango zuen atzean Erorien monumentuak, gizona halako bi. Eta herriko martiri guztien izen-abizenak oinarrian zizelkatuak. Hala omen zetorren agindua. Izenena, noski, ez zuen berak egin beharko.
— Nondik?
— Goragotik, Arruti, goragotik.
Eskultoreari, berez atera zitzaion keinua. Terrazatik teilaturainoko tartean, usategia baino ez zegoen leiho-azalak urdin ilunez margoturiko eraikin harearrizko hartan.
— Maite dut umorea duen jendea, Arruti. Pozten naiz gure hautuarekin bat etorri izana.
— Badut beste aukerarik ala?
Aurrean zuen gizonaren begietan ikusi zuen erantzuna.
— Eta zer egin behar da?
— Arrutirentzat posatu, berak aurrena zure marrazkia egin dezan gero zu ateratzeko garbi, harrian egina. Betiko, Irineo.
— Betiko?
— Sinistu. Ez da jaio amaren semerik eskultura hori eraitsiko duenik.
Era ia teatralean ari zen alkatea. Hura zuela hitz egiteko ohiko era etorri zitzaion eskultoreari, Garcia Pueyok bezala.
— Hori besterik ez?
— Zer beste aukera, Arruti?
Pozarren hartu zuen, zirudienez, Irineo Epeldek proposamena. Aulkian kulunkatu zen, eta oso-osoan aitortu zuen alkateak bisita izango zuela eta txakurrak lotuta eta etxea garbi izateko agindu zionean ez zitzaiola horrelakorik pasa burutik. Hazten joan zitzaion barruan laineza. Hasierako kezka saretuta, umetuta ageri zen. Ea ez al zion ilusiorik egiten bota zion tupustean emazteari, ea ez zuen pozten senarra herriaren begietara plazatxoan betikotua izango zela jakiteak.
Erantzunik eman gabe, kanpora atera zen andrea, ontzi bete kondar zuela eskuan, uluka hasiak ziren txakurrei jaten ematera.
Alkateari mintzatu zitzaion Epelde:
— Badakit galdera zatarra dena: dirurik egongo da?
Mahaiaren bestaldetik heldu zitzaion erantzuna:
— Ez duzu nahikoa sari herriko guztiak zeuri begira egotearekin ala?
Umoreko zegoen erreketea. Behartuta legez egin zuten barre denek.
— Eta ez ahaztu basilikara bidean herrian geratuko diren turistak. Hartuko lukete frantsesek halako bat!
Kanpoko hotza heldu zitzaien ate-hotsarekin batera. Epelderen emazteak hitzik egin gabe igaro zuen sukaldea, ilunpetan gordetzeko.
— Ari al da urtzen?
Ez zuen erantzunik jaso.
Tentetu egin zen Arruti. Sukaldeko leiho estutik, zapatapean zapuzteko moduan ikusten zen herria azken belardi biribilduaren atzean. Nabarmen ageri zen errepidea malkarraren babesean. Sakonean, ibaiari jarraiki, trenbidearen arrasto beltza.
Irineok aurreikusita bezalaxe, lurruntzen hasia zen antzigarra belazeetan, eguzki gexak behartuta.
— Dena ondo ateratzen bada, igual izango duzu zerbait.
Alkateak egunak zeramatzan gaiari bueltaka. Non sar zitekeen, zein zulotan lanean Irineo bezalako gizon bat? Estankoak eta gasolindegiak, banatuta zeuden ordurako. Ez ziren gutxi izan eroriak, elkarren artean ere muturtuta zebiltzan senideak banaketa irizpideekin ados ez eta. Udalean, ez zen tokirik. Eta egia aitortzeko, Epeldek eskola motza zuen edozein lekutan sartu ahal izateko.
— Zer da zerbait? Begira nola bizi garen. Kaminero edo, edozertan.
Erakutsi zion baino kezka handiagoaz atera zen Andres Arruti Garcia Pueyoren bulegotik, kontratuaren aitzakian, honek berriz deitu zuenean. Ez zion ezer aipatu nahi izan, baina izua sentitzen hasia zen: jendea jakinaren gainean zegoen berak egingo zuela monumentua. Berak beste zekiten, xehetasun eta guzti. Errekete armatu baten irudia izango zuela, gurutze handi bat gizonaren atzean eta irabazleen aldean eroritako guztien izenak oinean. Zango arinak dituzte albisteek. Utziko ahal zuten bakean.
Geltokira bidean, bainu publikoen parez pare zegoen tabernan sartu zen. Astia zuen trena hartu aurretik. Marmolezko gaina zuen mahai baten ondoan paratu zen. Barrakoak ez zion agurrari erantzun. Gutuna gabaneko poltsikoan zegoela egiaztatu zuen. Han segitzen zuen Garcia Pueyori erakusteko asmoz eraman eta azkenean ateratzeko adorerik izan ez zuen mehatxuak. Zuzenean traidore ez deitzeak lasaitzen zuen pixka bat, neurtua zekarren gorrotoa. Mingarria zela berak egingo zuela jakitea, zer jan-txakur bihurtu zen, hildakoak jazarriko zaizkiola.
— Zer edango duzu?
— Ardoa.
Beltza eskatzen zion Irineok saioa hasterako. Ikaztoki izanikoan gordetakotik ateratzen zion Arrutik, herriko taxizale batek San Martin Unxetik ekartzen zion hartatik. Egotaldia errazteko da, eransten zuen modeloak. Epeldek bakarrik edaten zuen. Edontzia husten zuenean, kapotea ekartzen zion ondoko gelako armairutik, sorbalda gainean eroso jar zezan, frontean inoiz ibili zuen bezalatsu. Tentu handiz apaintzen zizkion Arrutik tolesak, uhinak gozo eror zekizkion soinean beherantz. Hura izango zuen bizitasun bakarra harriak. Kapotea aldean eta mauserra esku artean. Guardia zibilen kuartelean inguratu zioten, balarik gabe eta perkutorean akatsa zuen bat badaezpada ere, orpoa behegainean, bi borra haiek sendoro euts ziezaioten. Txapela Epeldek berak ekartzen zuen bil-bil eginda gabaneko poltsikoan, gerran erabili zuen berbera, euriak eta eguzkiak Bizkaiko frontean maiztua gorria.
— Ez daukazu horrela ibili beharrik. Neuk utziko dizut beste bat. Harriak kolore bakarra du, Irineo.
— Nik begiko hezurra baino nahiago hau, ordea.
Geltokian itxaroten zion Arrutik, biltegiko mutilak kalamuzko zakuak, banastak, sega kirtenak elkarren gainean pilatzen zituen nasaren ertzean, kantina atariko aulkian jesarrita beti. Elkarrekin egiten zuten gero padura inguratzen zuen zidorretik labar zurien gainean herriko armadore bati erosia zion estudioraino. Koartzak agertzen zitzaizkien bidean, hegaberak, uroilandak. Dunen gandorrean, harenondokoen zurtoin iharrak hazten ziren. Marea behera bazen, abandonaturiko baporeen hezurdura beltzak erakusten zituen errioko lupetzak. Itsasoko brisak agurtzen zuen bikotea etxea begi-bistan agertu orduko.
— Joan-etorria behintzat ordaintzen didate eta...
Sasoiko igotzen zituen etxerainoko harrizko mailak. Sarrerako ate gainean, horman itzala bezalaxe zabaldua, huntz iluna.
Eta hala, ariz eta ohartzerako, Irineo Epelderen bizitzan barneratzen hasi zen Arruti. Hura zuen, harrizko egin aurretik, gizona eskaintzen ari zitzaion aukera. Bazkalondo haietan, zertaz hitz egin asmatu zuten elkarrekin: eguneroko beharrez, familiaz, gerraz. Margotzen hasi aurreko solasaldi haiei esker jakin zuen nola heldu zen Epelde frontera, nola borrokatu zen Lemoatxen San Ignacio tertzioarekin, nola zabaldu zen haren ospea 333 kotako erasoetan egindakoagatik.
— Ahoa ikatza baino beltzagoa zuten nafarrekin. Eta egia esango dizut, ez dakit zenbat hil nituen, Andres.
Beste gizon bat zuela aurrean iruditu zitzaion Arrutiri, arrunt samurragoa aste batzuk lehenago baserrian ezagutu zuen umea baino. Eta beragan erakutsi zuen konfiantza zinez eskertuagatik, aitorrezina zitzaion beldurren bat tarteko, ez zizkiola emaztea eta seme-alabak egundo aurkeztuko ohartu zen. Halaxe atera zen, ez zen besterik, biek ez zuten zertan neurri berean eman. Gainera, Epeldek ez zion inoiz trukean maila berean erantzuteko eskatu. Solasaldi haiek laster entregatu behar zuen eskaerari kalterik egiten ez ziotela sinetsita zegoen. Estudioak, labarrak, padurak babesten zituzten biak kanpoko mundutik. Horrexek berak bihurtzen zituen, baina, era berean, zaurgarri.
Tarteka, damua izaten zuen inoiz Irineori gehiegi sakatu izanaz.
— Nork gobernatzen ditu abereak hemen zaudela?
— Emazteak, nork ba.
— Ez duzu semerik laguntzeko?
— Antzua hartu nuen andrea.
Haurrik ez zutela, baserrira joan zirenean eman zion aditzera alkateak autoan. Galdetu egin zion hala ere Arrutik, ez daki garbi zergatik. Orduantxe ikusi zuen gizona aldartez mudatzen. Ez zebilen ezer gordeka aitortu zionean emazteak ez zuela maite, ez ziola arrimatzen uzten ohean.
— Azken aldia ere, erdi behartuta.
Beldur arrastoa bildu zitzaion bihotzondoan Arrutiri. Ez zegoen horrela hitz egiten entzuten ohitua. Aurreneko aldia zen emaztearen kontrako amorru hura sumatu ziola. Osterantzean, eraz egoten zen Epelde leiho zabalaren aurrean prestatua zion oholtzatxoaren gainean. Geldi, isil, ez zitzaion saioa amaitu baino lehen hurreratuko asto gaineko zirriborroei begia ematera. Ilunabar hartan, Arrutik opari emandako fosil batekin itzuli zen etxera Irineo Epelde.
Asteetako etena etorri zen ondoren, blokea harrobitik erauzi eta, tramiteak beteta, azkenik iritsi zen artekoa. Ordurako, Arrutik eginak zituen egin beharreko zirriborro guztiak. Garcia Pueyoren bisita ere izan zuen. Lehenengoan eman zion ameto buztin gorrian obratua zuen proiektuari. Harrira pasatzea baino ez zen falta.
— Ikusten, Arruti?
— Zer ikusi behar dut?
— Irineorekin eta zeurekin, biokin asmatu dugula bete-betean.
Halakoetan konturatzen zen Arruti berarekin zegoenean bakarrik etortzen zitzaiola gogora gutuna. Emazteak ez ikusteko, estudioan zeukan giltzapean. Ez zuen kezkatzerik nahi. Ahalik eta gutxiena pentsatzen ahalegintzen zen horretan, sinistuta zegoen ondo egin zuela Garcia Pueyori ez erakutsita.
Izenpetu gabe bota zuen idatzi zuenak. Zigiluaren gaineko markak, berriz, ez zion ezer errazten egilea nor izan zitekeen jakiteko. Ez zen beldurra, beldarra zen bihotz ondoan lokarturik zeraman gogortasun hura, halakoetan itzartzen zitzaiona. Seguru zegoen ez zitzaizkiola aurrez aurre azalpen eske joango, gertu zegoen egoera ulertzen ez zutenen begirunea galtzeko.
Ereņotik ekarritako blokean erreketearen burua agertzen hasia zela izan zuen Irineo Epelderen bisita. Ez zetorren eskultorearekin hitz egitera, gizonarekin egon nahi zuen. Harri ederra zen, gorrikara, beren-beregi aterea zuten harrobiko zainik ikusgarrienetik. Trenez egin zuen bidea Gernikatik.
— Ni ez naiz hori. Mutur-joka ibili naizela ematen du.
— Lasai, baldarrean nabil. Agertuko zara hor bazaude.
Aldatua ikusi zuen, ez zen aurreko egunetan begian begi izan zuen Irineo.
Goiz guztia eman zuten estudioan, irten gabe. Zertara joana zen. Ikustera nola geratuko zen jendearen aurrean, bazuela kezka hori. Baina bere irudiari atzea eman eta hizketan hasi zen, inoiz inorekin aritu izan ez balitz bezala. Leihotik sartzen zen argia hila zen oso, itsasoak beruna zekarren. Ordura arteko ez bezalako gizona agertu zitzaion Andres Arrutiri, izutu zuen zerbait ikusi zuen herriarentzat eredu izan behar zuen haren begietan. Emazteaz hizketan, hitzak elkarri lotu ahala, iruditu zitzaion Irineo Epelde Lemoatxeko erreketearen amorruari ari zitzaiola bidea ematen.
Handik ez hainbestera Garcia Pueyo azaldu zitzaionean ate joka, egun hartan Epelde aurrean zuela izan zituen sentipenak lotzen hasi zen Arruti.
— Arazo potoloa daukagu, Andres.
Erdi itoan zetorren delegatua. Nola zebilen eskulturarekin jakin nahi zuen, amaitua ote zuen, baina batez ere, zizelkaturik ote zuen aurpegia.
— Esan, egina daukazu?
Orduan ere, ez zen erantzuna entzuteko gai izan, Arrutiren aurretik joan zen karrajuan aurrera, estudioko ate bikiak zabaldu zituenean geratu zen. Horma alderik alde hartzen zuen leiho zabalaren aurrean, hantxe zegoen Irineo Epelde, handi, zen bezain eder. Kapoteko zimurrak ateratzen zebilen Arruti. Oinak harri barruan zituen oraindik, klarionez ondo markaturik, harpikoak noiz aterako zain. Baina aurpegia, atea zabaldu zionean esaten saiatu zen bezalaxe, osatu berri zuen, horretan eman zituen azken egunak. Sudurra zorrotz, kokotsa gorantz, begiak zindo txapelpean, marrazkietarako eroso posatu zuen Irineo bera zen itsas zabalari begira zegoen hura, Garcia Pueyok berak aginduta bezalaxe, nahita gaztetua doi bat.
— Beranduegi.
Etsita utzi zuen bere burua bermatzen Garcia Pueyok harri gorrizko erraldoiaren kontra.
— Zertarako beranduegi. Epe barruan gabiltza.
Uzkurtu egin zen bisitariaren begirada larriarekin.
— Irineo hilda agertu da.
Non, noiz, nola, erantzunik gabeko galderak izan ziren guztiak.
— Bera eta emaztea, biak. Ez dago ezer garbirik.
Lemoatxeko heroiaren soa galtzen zen puntuan, harrotua zebilen itsasoa. Ezin konta ahala ardi zelai azulean. Atzean, hodeien zamak amilarazitako zerua. Ezagutzen zuen haitz guztien izenak zekizkien jendea herrian.
— Eta orain zer?
— Orain, esandakoa. Ez da ezer aldatuko. Zuk segi lanean, ezin dugu egun bakar bat atzeratu.
Aurreneko bider, ez ziola aurpegira begiratzen ohartu zen Arruti.
— Eginahalak egiten ari gara Franco bera etor dadin inauguraziora.
Garcia Pueyori ateraino lagundu eta bakarrik gelditu zenean, Irineo Epelderekin hantxe bertan, kristalera handiaren aurrean emandako orduak berregin zituen Arrutik. Arraroa zitzaion bolumenik gabeko hutsune hura. Ikusi egiten zuen bere parean eserita, baso ardoa taburete gainean zuela, hizketa gozoan bera marrazten hasi aurretik. Begiak bete zitzaizkion. Borrak besteko bi esku zintzo, Belengo estalpeko idia baino nobleagoa. Amorruak hartu zion gogoa, halako errabia beroa zetorkion erraietatik gora, beso-zainetaraino. Buruak eta ez eskuek egin zuten lipar batez bidea. Mailuz eta zizelez txikitzen irudikatu zuen erraldoiaren aurpegia. Jesarrita segitu zuen, baina. Besoak izter gainetan, burua makur. Harri-hautsez estalitako oinetakoetan begirada, txapela erantzi zuen. Ez zen pena modeloaren barruan aurkitu zuen gizonarengatik sentitzen zuena. Damua bai, elkarrekin izaniko solasaldiez oroitzen hasi eta, buruan zerabilen susmoa egia izatera, etorkizunak ekarri ziena aurrez ikusteko gauza izan ez zelako.