Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

18

 

 

Gauza bakarra gogoratzen zuen Ixabelen kontakizunetatik: zoragarriak zirela. Mollarri mantendu, baina, Espainiako fartsa gogoan, erresumarena kendu zuen: Asterixen antzeko zerbait nahiago, Zarauzko zertzeladez. Herrikoak haritz nagusiaren inguruan bilduko ziren erabakiak hartzeko eta Jon Xantio protagonista gazteak sekulako abenturak biziko zituen errege, sorgin eta injustizien kontra, maskararen atzean super-heroien antzera ezkutuan. Amona Brigida aditu zezakeen: “ondokoari lagundu beti, Jaungoikoak sarituko din eta”.

         Biolentziaren kontuak ikaratzen zuen: Ramon Perez Ocaρari buruz hitz egin beharko zuen inoiz semearekin; artean, ez semea ez bera ziren gai. Aukera bakarra, beraz: Mollarriko legendak ipuinotan, inteligentziari esker garaituko zuen Jon Xantiok.

         Idazteari ekin zion, ekin bazion. Bitxia bezain goxoa, Zarautzera bueltatzen zen paperaren gainean, noren eta semearen eskutik.

         Apunte artean ezkutatu zituen orriak, Agurren beldur. Gerra hotza zegoen haien artean. Ia ez zioten elkarri hitz egiten; Olatzek, otorduez gain, ikasten ematen zuen denbora. Patioaldietan, inor ez zitzaion hurbiltzen berarekin batera paseatzera, baina berdin zion: aspaldiko partez ez zegoen bakarrik, kanpora ateratzea lortua zuen bere barruko zerbaitek. Lehen, ezin zuen bere burua iraganeko memorietan gorde, minberegiak baitziren; etorkizunik ere ez zeukan. Haritzen bisitek eta proiektuek irauli zuten dena: semearen bizitza irudika zezakeen eta, urrutitik izanda ere, horren parte izan. Etorkizuna itzulita, iraganeko arantzak kamustu ziren.

         Ipuineko gaiztoarena egiteko “Filipa” izena asmatu zuen, Espainiako presidentea gogoan. Ez zuen gutunen zentsurarekin arriskatu nahi eta beste zerbaiten bila ibili zen egunetan, harik eta goiz batean Agur ate danbateko ikaragarria emanda joan zen arte. “Agur” “Salve” bezala itzuli, eta jatorria iluntzeko, “Salbe”n utzi. Bagdadeko kalifa maltzurra izango zen. Halere, sekretu bat asmatu behar zion, kriptonita, egunen batean Jon Xantiok deskubritzeko eta behin betiko garaitzeko.

         Beldurra zen Agurren sekretua. Beldurra bizitza kimera batean desaprobetxatu izanari, beldurra oker egoteari. Horregatik egiten zien denei hain gogor.

         Tertius, guardiako kapitain zintzoa, nahiz eta kalifaren abusuez jabetuta egon, ez zen derrokatzera ausartuko, aldaketaren beldur. Alferrik saiatu zen Amadea sortzen, traidorea, bere aukera esplikatzeko; ez zuen pertsonaiarekin aurreratzea lortu.

         Salbek probapean jarriko zuen Jon Xantio, Samarkandara misio zail batean bidaliz. Abentura gehiago idatzi zituen: Petra, Damasko eta Xanadu. Haritz txoratzen; hurrengo bisitetan, komeriak beste gauza baten inguruan hitz egiteko. Bitartean, egunak joan, egunak etorri, kartzelako zuzendariaren erantzunik ez.

         Bien artean idazten hasi ziren. Batek erdia egin, postaz bidali eta besteak bukatzen zuen. Hilean behin bi dei, bat amari eta bestea semeari, bisitatik bi astera, harengandik hamar minutuz gertuago sentitzeko adina, gauza txikiak entzuteko, kezkak, pozak...

         Deia bukatutakoan, ezin ondorengo hutsunea bete. Pena beltzak hartzen zuen, eta segidan izuak: zabalduko al zen grazia-neurriak eskatu zituela? Eta ematen ez bazizkioten? Ekilibristen sokan zegoen eserita, lurretik urrun. Zenbat eutsiko zion? Agudo asko kaleratuak zituen gobernuak polimili batzuk, zama handiagoa izanagatik.

 

 

Halako batean, Txuma bakarrik agertu zen bisitara: semea barizelarekin egon arren, ezin eskema trinkoa apurtu. Ofizialki ezkonduta zeuden; bat-batean, gela baino handiagoa bihurtu zen ohea.

         Txuma totelka: Haritzek Mollarriko ipuinetako bat entregatu omen zuen berea bakarrik balitz bezala; irakaslearen ohar miretsiari esker konturatu zen. Olatzek irribarre egin zuen. Inoiz bizitza normala egiten bazuten, nola egingo zion errieta? Bizitza normala... Zer zen ere ez zekien eta!

         Txuma ez zen hori kontatzera joan, ordea. Abokatua aldatzeak kristoren zalaparta ekarria zuen, ordura artekoa baitzen preso gehien eramaten zuena, baina itxaropentsu zegoen gobernuak keinuren bat egingo ote zuen. Halere, ez omen zen sozialistekin fio. Gerra betean zeuden: atentatuak hiru egunean behin eta, Iparraldean, eulien moduan jarraitzen zuten errefuxiatuak ehizatzen. Hori gutxi balitz, nahiz eta frankotiratzaile batek Txapela alabaren aurrean garbitu, Frantziak, ez ikusiarena.

         Bitxia zen Txapelaren izena Txumaren ezpainetan, Olatzen bi munduak uztartuz. Txapela: Alfontsok familiarekin bizitzeagatik kritikatzen zuen, Olatzek miretsi. Haren hilketak mendekua ekarriko zuen, eta mendekuaren mendekua. Ezin zuten gerra hura irabazi. Txumaren aurrean disimulatu eta notizia gero hausnartzeko irentsi zuen.

         Familiaz ere hitz egin zion, xantiotarrek ahal bezala eusten ziotela ekaitzari, eta, azkenean, mingots aitortu zion vis a visen aurreko katxeoan biluztu egiten zutela, umearen aurrean ezgai eta galtzaundi iraindu...

         Bisita osoa zutik eman zuten, kontu handiz ohera hurbildu gabe.

 

 

Arratsaldean, urakan baten pare sartu zen Agur txabolora:

         — Zer ari zara!

         Alferrik disimulatzea:

         — Abokatu hau oso ona omen da; azken sumarioa falta zait...

         — Eta? Ez zara libratuko... Herriak ateratzen ez bagaitu, hemen ustelduko gara. Denak!

         Halere, etsita zegoen, erretxinduago, fisikoki ere meheago, txikiago, beltzago. Tunel batean zihoan aurrera, aspaldi atzenduta nondik eta nora, ilunpean; aurrera besterik ez, inertziaz. Sinestea besterik ez zitzaion geratzen, sinestea garaipena eskura zegoela, garaipenak justifikatuko zuela jasandako sufrimendua, eragindakoa. Trainerua martxan mantendu beharra zegoen, hutsuneak hutsune, kosta ikusi gabe ere.

         Agur jangelara joanda ere ez zen Olatz lasai geratu. Ulertu egiten zuen eta Agurrek bera ez. Edo agian bai, eta horregatik jokatzen zuen hain...

         Mollarriko legenden azken ipuina idaztera jarri zen, Salberen heriotza, baina ezin. Txanponaren bi aldeak ziren Jon Xantio eta bera. Ez dago zuria bereizterik beltzik gabe. Agurren ondoan bakarrik merezi zuen Olatzek beste aukera bat.

         Berekoikeria berriro ere. Beldurra bezala, hain zen gizatiarra!

 

 

Gabonak. Zuzendariak erantzunik ez, keinurik ez. Hiru urte kartzelan; neskazahar bat zen, amildegi-ertzean. Maiz esnatzen zen gauean negarrez, ito beharrean. Ametsetan ere zelatatzen zuten txaboloko behatxulotik. Aspalditik, amets guztiak ziren gaiztoak.

            Noiz iritsiko zitzaion Agurri reinsertzioarena? Zer egingo zion?

         Errutina: telefonoz hots egin, hilean bi bisita. Kuku motzak ziren; sekulako mesedea eta sekulako mina.

         Patioaldi batean, funtzionario batek denen entzungai oihukatu zuen: “Maria Herrero Palacio, direcciσn!”. Agurren begirasunak ilea laztu zion. Eta, halere, urakanak eraman zuen arrastaka, hanka bat altxatu eta gero bestea, eguzkitik hotzera, funtzionarioaren atzetik, giltzarrapoak klin-klan eta labirintotik Minotauroaren bulegora, gizona serio-serio, batzuetan ironiko, eta segituan aipatu zizkion mafiako pentiti edo damutuak, askatasunak ezin baitzuen gratis izan egindako guztiaren ondoren, zerbait ordaindu behar, itzuli, konpentsatu, nahiz eta kaltea inoiz ez zen konponduko.

         Olatz isilik, hitz bat burmuinean iltzatuta: ordaindu?

         Informazioa beharko zutela, pentsatzeko eta berriro deituko ziola.

         Ez zuen argitu noiz.

         Patioratu bezain pronto inguratu zuten kideek, galdezka.

         — Diskurtsoa —Olatzek, mespretxuz.

         Ohikoak ziren zuzendariaren filipika eta erretolika frankistak. Agurrek hotz aztertu zuen, mutu eta zezenen moduan sudurretik ozen arnastuz.

         Informazioa: Alfontsorentzat Bilbo aldean alokatutako etxe seguruak. Arma-zuloak. Iparraldean nor jarduten zen zer egiten. Saldu egin behar zituen lagunak eta arima, zer erosiko zuen jakin gabe.

         Otsailak lau egun zituela, eta militarrak Mikel Solaun preso ohia garbitu zuen, emaztea eta alabaren aurrean. Salataria zelakoan.