Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

10

 

 

Geroz eta denbora gehiago ematen zuen kalean, lanean edo auskalo zertan. Xexili lotsatuta bizi zen, txutxu-mutxuren bat noiz iritsiko. Udaran, gau-eskolako lagun berri batekin joan zen oporretara millonarioa, bestearen kotxean Holandaraino. Zer egin behar zuten bi neskak han?

         Estik ez zion obeditzen, nahi zuena egiten zuen. Nahiz eta fabrikako langilea ez izan, manifestazio guztietan sartuta zebilen. Basoa sutan zen herria; lantegi bat piztu eta, segituan, aldamenekoa.

         Aitarenak ere hartu zuen su. Urtebetea behar izan zuen amonak semea konbentzitzeko, hura ere mandoak baino egoskorragoa: soldata hobea merezi zuen eta mejora eskatu behar. Aranzabal jaunarekin haren despatxoan hitz egiten ari zela, lankide mordo bat agertu zen baldintza duinen eske. Manuel iraultzaileen zakuan sartu eta haiekin batera kaleratu zuten abendu hasieran, denera 80 familia.

         Lur jota geratu zen aita, etxetik irten nahi ez zuela, Aranzabal jaunarekin harremanetan nola jarri jakin gabe. Xexilik ez zuen Brigidarenera joan nahi, esplikazioak ematera behartuz aita umilduko zuelakoan. Hirugarren egunean ausartu zen, baina aitaren partez, amona aurkitu zuen hondoa jota. Nor eta Brigida Plantxadora negarrez!

         — Estibaliz aztoratuta agertu dun dirua behar zuela eta dirua behar zuela —burua gorde zuen esku artera. Alanbrezko behatzak zituen, zain urdinak garden bistan—. Eta ez gutxi: hogeita bost mila pezeta.

         Hogeita bost mila pezeta! Eta eman egin zizkion! Bizitza osoa musu-truk akademian laguntzen, azkeneko urteetan bera irakasle, amonari bista lausotzen hasi zitzaionetik...

         — Ez zidanan zertarako behar zuen esan. Neroni baino temosoagoa dun dagoeneko, ederki dakin hik.

         Amona gaixoari horrela lapurtzea ere... Beti josten eta josten, familiako txoriburuak auskalo zertan xahutzeko. Jokoan hasia zen? Jainkoak jakin; gai zen Xantio ere apustuan galtzeko!

 

 

Ez zen egun osoan etxeratu.

         Hurrengoan ere ez.

         Xexili goizetik gauera sukaldetik mugitu gabe, zelatan. Lotsagabea iristen ari zela harrapatu nahi zuen, sartu gabe ere epelak bota eta bidali Xantiotik, ea behingoz ikasten zuen. Urtebete berandu ari zen; ama gaixoari zor zion: norbaitek eman behar zion lezio bat Estiri.

 

 

Jesukristoren moduan, hirugarren egunean itzuli. Han agertu zen kamioko hasierako errebueltan, hamaikak aldera. Eskerrak Xexilik urrutitik antzeman zion, balantzaka eta mozkor-mozkor eginda baitzetorren. Deskuiduan Ixabelek edo Olatzek ikusten bazuten...

         Sutan joan zitzaion enkontrura.

         — Hik dauzkan gibelak, hik! Horrela etxeratzea ere!

         Estik besotik heldu zion, bere gorputza gainean zamatu.

         Alkohol- edo tabako-kiratsik ez.

         — Azken tanta izan dun, aditu? Aditu?

         Esti zurbil, minberatuta, besoak tripa estutzen.

         — Zer dun? Gaixorik...?

         — Lagundu oheraino, mesedez —ahots-hari bat—. Nahi badun, bihar joango naun —negar egiteko indarrik ere ez.

         Via Crucis ederra bidean gora! Ixabel laguntzera atera zen, isilik eta aurpegia gaitzespenez garbi. Ohera sartu eta kalentura hartu zioten. Baxu-baxua, ia 34 gradu.

         — Medikurik ez —Estik, maindireak baino zuriago—. Pasatuko zaidan.

         — Zer egin dun?

         Ahizpak hormara begiratu eta Xexili ez zen pentsatzera ausartu. Ixabelek baratxuri-zopa eta belar-infusioa prestatu zizkion, mila mantarekin babestu. Dardara barruraino sartuta zeukan.

         Biharamunean, oilarrak jotzerako, Xexilik begiak zabal-zabalik.

         — Hobeto al hago? —goxo-goxo.

         Estik ezetz buruaz. Begi-zulo moreak zeuzkan; mamu bat ematen zuen. Kopeta hotz-hotza, dardaran jarraitzen zuen. Beldurrez altxatu zizkion Xexilik hanken aldeko mantak: maindireak odolez blai. Odol beltz-beltza.

         — Ramiro! Ramiro etorri hadi agudo! —eta Estiri, lasai-plantak egiten ez zekiela—: lasai, ospitalera joango gaitun, ez kezkatu.

         Pasillotik zetorren senarra, idien moduan dilin-dalan, ezin txepelago. Ikurrinak jartzeko, lehenengoa; etxekoengatik borrokatzeko, berriz...

         — Ekartzak kotxea.

         — Ze kotxe?

         — Aspaldi erosi behar huena, alfer gibel-haundi horrek! —eta ahapeka, azazkalak haren besoan iltzatuz—: damutuko zaik ospitalera berandu iritsiz gero.

 

 

Hotza egiten zuen ospitaleko pasillo hartan. Edo, agian, hezurretaraino sartuta izango zuen, erizainak hemendik hara bata hutsean baitzihoazen, Ama Birjina bezain zuri, besteen tragedien aurrean itsu.

         Esti esku onean zegoen; esturak, baina, barrenak estutzen zizkion Xexiliri ezin izan ziolako barrura lagundu larrialdietako atetik sartu zirenean, ez zuelako zer eginik ahizpa sendatzeko, itxaron eta otoitz egin besterik ez, ea Jainko zorrotz, gogor hura azkenean errukitzen zen.

         Begiak garbitu zituen, sudurra. Ai, amatxo maitea: ez ahal zen behingoz 1973 madarikatua bukatuko!

         Burua aldamenera biratu zuen. La Voz de Espaρa zahar bat zegoen ondoko aulkian zimurtuta, aitak erosi ohi zuen periodikoa. “Kissinger en Madrid”. Bi argazki. Antiojodun harroputza Juan Carlos printzearekin, Lopez Rodo ministroarekin. “Victoria Eugenia maρana Las aventuras de Tom Sawyer. Astoria. Chacal. Una cena en honor del seρor Kissinger”. Afaria antiojodunaren ohorez. Galako jantzietan bilduko ziren elkar besarkatuz, aitonduak, burusoilduak, potoloak, dominak paparrean eta irribarretsu, ziur. Franco gorrotatzeko adorerik ez; Kissinger, Bakearen printze zuria, Carrero almirantea, hori beti aparretan, generalisimoaren delfina, antzinako etorkizuna, irabazle betiko, inbutuaren alde onean etengabe eta egunero ogi samurra. Zergatik ogi gogorra hortz higatuak dituenarentzat?

 

 

Arantzazuko Ama maitea, sendatzen baduzu, peregrinazioan joango naiz Estirekin. Eta Lourdesera.

 

 

Pasillo zuriko bi aulkitan eserita zeuden. Xexilik ez zituen begiak altxatzen, gehienez hulezko lurretik paretara. Arnasa hartze lasaiak salatu arren, indarrik ez Ramiro lotan harrapatzeko. Mediku bat hurreratu zitzaien, begiratzen zien lehenengoa. Haren keinu kezkatua barruraino iltzatu zitzaion: airea hartu ezinik, arnasestuka hasi zen.