13
Belarrondoko bat; antzeman ere ez. Odolez beteta zeukan ahoa, begi bat zabaldu ezinik. Beste belarrondoko bat. Galderarik gabe; kolpeak eta kolpeak. Alferrik erreguak eta aitorpenak, alferrik logika: bitxiegia zen atxilotu zuten modua, susmagarriegia. Tratamendu luzearen ondoren, Rocio Juradok baino altuago kantatuko zuen.
Urrezko erlojuari erreparatu zion nagusiak: hobe alde egitea meza nagusia galduko ez bazuen. Guardietako batek atsekabez galdetu zion ea nora eramango zuten neska, hamargarren eguna baitzen. Nagusiak sorbaldak jaso zituen, dezepzio aurpegiz: despatxatu.
Olatz ez zen mugitu. Beste broma bat ote? Birritan jarri zioten pistola lokian, birritan katua sakatu. Klik. Ezin eldarnioa eta amesgaiztoa bereizi; denboran katigatuta zegoen. Txuma al zen ondoko ziegan garrasika aditu zuena? Egiatan emango al zuten Haritz adopzioan?
Furgoneta batera sartu, garraiatu, adreilu laranjazko eraikintzar batean utzi, emakume uniformedun batzuek aztertu eta ez ziren harritu edo bai edo auskalo, lausotan bizi baitzuen dena, gaizki enfokatutako pelikuletan bezala eta poliki-poliki joan zen errealitatea zehaztuz, pareta grisak, sabai zuria, gela, ziztadak, koltxoi nazkagarriaren gainean bere burua ezagutu zuen arte.
Okada-kiratsa, lizuna. Minak min, egote hutsa gozatu zuen. Negarrez hasi zen, zoriontsu. Bere onera itzuliko zitzaion munstro-aurpegia, eta ubeldurak horitu, azazkalak hazi, ilea berritu, ahoa garbitu. Ez zitzaizkion gehiago bila etorriko. Bukatu zen dena.
Ordiziako guardia zibilengana hurbiltzean, takoiak zeramatzan, bakeroak, jaka eta blusa zuri-zuria, balizko negozio-emakume baten modura. Ziegan, hanka-hutsik giltzapetu zuten, arropa beltz. Lau bat egun eman zituen koltxoian botata, sorgor eta mugimendu bakoitza masaileko baten moduan sumatzen zuela. Tarteka, plater bat bete zopa uzten zioten lurrean. Hoztu arte itxarotera behartzen zuten ezpain lehertuek.
Bosgarren goizean, bi funtzionarioren artean altxatu, dutxa bateraino arrastaka eraman eta txorrotaren azpian eutsi zioten. Tortura berritu zion urak: zauriak kolpatu, azala egosi. Burua makurtu zuen babes bila. Lurreko zulora zihoan ur lohia, kiribilean, eta harekin batera ile-matazak, odol-zati ilunak, blusa-botoi bat.
Dutxa batzuk hartu ondoren lortu zuen bere kabuz tentetzea. Biluzteko gai ere izan zenean, zarpailak garbitzen hasi zen, eskuz. Izerdi-kiratsa zerion hango toalla grisaxkari, hezetasuna. Gako batean zegoen zintzilik, dutxako guztiek erabiltzeko. Noizbait bururatu zitzaion toalla ere garbitzea.
Dutxa egunetan, biluzik itxaroten zuen ziegan, zarpailak noiz lehortuko. Arratsaldeetan, leihoko eguzkiak karratu bat argitzen zion eta mantan bil-bil eginda esertzen zen paretaren kontra, beroa aurpegian. Sugandilen modura geldi-geldirik, piztia besterik ez zen.
Memoria hutsik zeukan. Ezin zuen gogoratu, ez zuen nahi. Asteetan isolatuta, patiora irtetea baimendu ziotenean, bertigoa sentitu zuen: hain zen sakona! Sozialek begirunez utzi zuten bakean, baina tregoak ez zuen hamar minutuz iraun. Eulien antzera inguratu zuten, informazioa emateko irrikaz, eta barre-algaraka ospatu zuten ez zekiela Basauriko kartzelan zeudela.
Gehienak prostitutak ziren, pikulinak, batzuk hango polizien maitale. Olatzen eskale-itxura ikusita, collage koloretsu bat osatu zioten bataren eta bestearen maileguez, haien artean kamuflatu nahian edo. Gorputza artean puztuta eta txandal koloretsu haiek txikiegi, ederra piura!
Hamar abortisten berri eman zioten debozioz, pare bat hilabete lehenago libre atera zirela sistema makurrarazi ondoren. Izeba Esti. Bero urrun batek hartu zion barrena. Memoria frenatzen ari zen tapoia urtu eta oroitzapen-uholdeak kolpatu zuen. Negarrez hasi zen, arnasestuka.
Mantso-mantso patioan gora eta behera ari zen eguerdi batean, guardia zibil bikote bat agertu zen: trasladoa. Baina, nola? Gurasoak ikusi gabe?
Gogoz estutu zizkioten eskuburdinak. Furgoira sartu zutenerako, eskumutur minduetatik ez zen odolik pasatzen.
Hiru gizon ziren: gidariaz gain, atzeko bi zaindari, Olatzen albo banatan. Hernandez eta Fernandez: Hernandezek bidaia infernua izango zela agindu eta Fernandezek bete: kolpeak, iletik tiratzea, oihuak, Cara al Sol kantarazi, ikurrin bat ahoan sartu.
Lautada antzu bat zeharkatzen ari zirela, Hernandezek furgoia geratzeko buila egin eta gidariak bide bazterrean aparkatu zuen.
— Zerbait esan nahi digu —Hernandezek.
— Zuk uste? —Fernandezek, irribarretsu. Atea ireki, jaitsi eta eskuburdinetatik tiratu zion kanporatzeko—. Ireki ahoa —pistola atera eta barruraino iltzatu zion.
Handia. Gogorra. Hotza. Mina egiten zion ahosabaian.
— Errepikatu nirekin: Ramon Perez Ocaρa —Olatzek obeditu arte itxaron zuen—. Barkatu.
— Bahbahtu —zaila kanoiarekin ahoskatzea.
— Berriro. Eta argiago, ez dizut ezer ulertu.
Ez zuen tiro egiteko asmorik; ahobero hutsa zen, beste bat.
— Barbahtu.
— Ez zait gustatu —Fernandezek.
— Hau atzeratua da —Hernandezek—. Begira, guapa: orain korrika hasiko zara. Azkarra bazara, ihes egingo duzu. Bestela...
Fernandezek kolpeka bueltarazi zuen. Pistolaren asegurua kendu. Lurrezko aldaparantz bultzatu.
— Kontuz istripuekin —Hernandezek kideari eta hark algaraka erantzun zion.
Harkaitz zurixkak, muino borobilduak, zuhaixka biluziak. Baserririk ez, baratzerik ez. Lursail luzeak, goldatuak. Bele bat pasatu zen hegan.
Listua irentsi zuen Olatzek. Odol-zaporea ahoan, neka-neka eginda zegoen. Han lurperatuko al zuten? Ezin zuen gehiago. Bukatu behingoz.
Poliki-poliki biratu zen, Fernandezi lasai begiratu. Ezin zioten gehiago kendu.
— Jodeeer! —gidariak. Motorra piztu zuen—. Zuek baino gehiago da! Benga, sartu eta goazen, berandu gabiltza eta.
Iluntzean, eraikin multzo batean geratu ziren, komentu itxurakoa. Adineko moja batek hartu zituen, zorrotz. Neska ikustean, errieta egin zien guardiei, eskumuturra odoletan zeukalako.
Luxuzko ohe batera eraman zuen. Garbi usaineko maindireak. Goizean, kafesne beroa eta azukre askorekin, Ixabelek 1941. urtea gogoan prestatzen zituenen modukoa.
Beste furgoi bat, beste guardia batzuk. Bi besterik ez, biak aurrean. Isilik zihoazen; noizbehinka, kopilotuak atzerantz biratzen zuen burua Olatz kontrolatzeko. Hamaikak aldera, periodikoetan bildutako paketea erakutsi zion.
— Txorizo-bokadiloa jarri dit emazteak. Erdia nahi?
Egiatan ari al zen? Ez al zen broma izango? Edo kolpeka hasteko aitzakia?
Buruaz ezetz. Txorizo-usain koipetsua zabaldu zen. Guardiak patxadaz jan zuen, aurrera begira.
Madril. Hiritarrak pasieran, edo presaka, edo txakurrarekin, edo umeekin. Bizitzen. Furgoitik kanpo, hain gertu eta hain urrun.
Adreiluzko horma altu baten aurrean geratu ziren; kartelak “Yeserνas” zioen. Alfontsorekin bizi izan zen etxeetako batean bazegoen Eva Forest-en Testimonios de lucha y resistencia liburua, Yeseriasen idatzia. Orduan ez zuen irakurri nahi izan.
Bi orduz furgoian zain. Enlatatua. Kanporatu eta ate batetik sartu zuten; pasatu ondoren, atea itxi zuten klin-klan. Beste bat ireki eta itxi, klin-klan, klin-klan, matriuska klaustrofobiko batean barrurago eta barrurago, horma tarteratzen ari ziren, klin-klan, klin-klan, klin-klan.
Ihes egiterik ez. Hamar urtez. Hogei. Berrogei. Ez zen inoiz itzuliko eta, askatuz gero, askatutakoa beste Olatz bat izango zen.
Emakumezkoak ziren funtzionario guztiak. Haietako handi batengana eraman eta biluzteko agindu zion zakar. Atxiloketako arropa zeraman Olatzek soinean, trasladoaren berri jasotzean itzuli baitzien pikulinei utzitakoa. Lurrean pilatu zituen zapatak, jaka, galtzak, blusa, galtzerdiak. Funtzionarioak jarraitzeko keinua egin zion: bularretakoa, kuleroa. Alua eta ipurtzuloa miatu zizkioten. Atzapar gogorrak, izoztuak. Hankarekin bultzaka gerturatu zizkion zarpailak.
Patio txiki bat. Goiko solairura gidatu zuten. Ate metalikoen ilara bat; bigarrena ireki zioten. Argazkiak paretetan, litera bat eta behekoan eserita, emakume bat, Eusko gudariak txistuka. Aurpegian gaitzespena, goitik behera aztertu zuen etorri berria. Amorruz.
Agur. Oso argalduta.
— Tiratuta utzi ninduzun —euskaraz, baina mehatxua lausotu gabe.
Barkamena eskatzeko indarrik ez. Arrazoi.