Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

3

 

 

Amona Brigida azkenean errukitu eta German Mendozaren grazia lortu zuen. Mendozak baietz, baina baldintza batekin: Xabirengana ez hurbiltzea. Bigarren egunean askatu eta Etxe Zabala aurrean utzi zuten, arropa izerdituta eta zimur-zimur, desorientatuta. Xexilik besarkatu egin zuen; bera baino altuagoa zen alaba, baina ez zen makurtu. Erotuta bezala zegoen. Ramirok jertsea kendu eta estali egin zuen. Etxerantz abiatu ziren emeki. Goizeko hamabiak ziren eta kalea beteta zegoen. Jendeak lurrera begiratzen zuen.

         Xantion zaindu zuten, zaindu aditzaren bi adieretan. Komunikatzeko gai izan zenean, amona Brigidari bisitan eraman zuten. Hotz tratatu zuen amonak, azterketak noiz izango zituen galdetu. Olatz blokeatuta: Usandizaga, hango ezagunak eta bizimodua, pelikula zahar baten kontuak ziren, baina amonarentzat hizpide bakarra zen kuartelera ez zeramana. Azkenean, agurtzeko musuarekin, komentario arin bat: ez izan presarik nobioa bilatzeko. Olatzek ez zuen labankada espero; ozta-ozta eutsi zion negarrari.

         Institutura itzuli zuten; amak laguntzen zion geltokira, amak jaso. Eta, azkenean, pasieran bidali zuten Mertxerekin-eta. Euriak tregoa eman zuenez, malekoira joan ziren. Urrutian zein ikusiko eta Capitantrueno, zaldi gainean.

         Isildu egin ziren olatuak, kaioak, lagunak: kapitainaren trosta harroa besterik ez zen unibertsoan, tok-tok tok-tok, tok-tok tok-tok. Esku zorrotzez gidatzen zuen zelaberea, gero eta hurbilago, ordurako begiak Olatzengan tinko.

         Loten emaztearen antzera kristalizatzen hasi zen, paralisia belaunetik gora narrastuz igotzen zitzaiola, izterrak, aldakak, gatza larruaren partez. Hiru aste ziren kuarteletik askatu zutela.

         Ile-puntaraino gorritu zen, gorputza lurrikara basati batek astinduta. Zaldia pare-parean geratu eta goitik behera aztertu zuen. Mespretxuz. Burlaz. Eta Olatz, gatzetan atxilo. Ibarrako bikotearen inguruko gezurrak, airea erosteko asmatuak. Kapitainak bazekien. Dena. Itziarren semeak ez du laguna salatzen.

         Barrutik ere biluzi zuen Capitantruenok.

 

 

Amak guardia pixka bat jaitsita, parrokiako lokalera ihes egin zuen. Apostoluak eserita zeuden, Xabi zutik; kuarteleko bataioaz ari zitzaien hizketan. Agerpen bat. Sermoia etenda, mutilak deseroso altxatu eta buru-makur joan ziren.

         Gela ziztrin bat besterik ez zen lokala: mahai eta aulki merkeak, horma biluziak. Ez zekien Xabi musu batez agurtu ala ez. Besarkada bat behar zuen, bakez inguratzen duten horietako bat. Amildegia zen banatzen zituen metroa. Astebetez izan zituzten Ibarrakoak Etxe Zabalan, bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi egunez. Jakingo al zuen Xabik Olatzen gezurrarena? Gorrotatuko ote zuen?

         — Zer moduz? —Xabik, gorrituta. Neskak sorbaldak jaso zituen, begirada jaitsi—. Eseriko gara? —ahotsean dardara. Behintzat, ez zuen poza edo normaltasuna antzeztu.

         Aulki banatan jarri ziren, parez pare. Xabik eskua hartu zion, estutu. Olatzek ez zuen ezer sentitu.

         — Gu... zera... gu erori eta biharamunean egin zuen alde Karmelok. Iparraldera.

         Olatzen begirada paretako gotelean zegoen, koskatxoen gogorra sumatzen. Baietz erantzun zuen buruaz, mantso.

         Minutu bat. Bi minutu. Hiru minutu.

         Xabiri arnasketa azkartu zitzaion. Malkoak masailetan. Burua umiliatu zuen, begiak eskuen atzean ezkutatu. Negar-zotinka hasi zen. Lurrean belaunikatu eta burua sartu zion magalean Olatzi, haren belaunak besarkatzen:

         — Aitak... ez dakit zer egingo didan —zotinka—. Nik... nik... Karmelorekin... —Olatzek burua laztandu zion. Ume bat—. Geuk pasatu genuen Txerrimutur garbitzeko informazioa... Sentitzen dut haiek...

         Torturatu izana. Bi hitz baino ez, eta ez zituen esan.

         Haiek. Gizasemeek. Izeba Estik kontatu zion Victor Jararena. Torturan, eskuko behatzak moztu omen zizkioten jakin zezan, mirariz bizirik irtenda ere, ezingo zuela atzera gitarra jo.

         — Lehenago edo geroago atxilotuko naute berriro —Xabik—. Capitantruenok ez dit bigarren aldiz joaten lagako... Bestaldera joan behar dut.

         — Ni zurekin —xuxurlaka. Mahaspasa bat zuen bihotzaren partez, hilabete lehenagoko maitasuna lehor—. Noiz?

         — Gaur gauean. Orioko bidean elkartuko gara, hasierako errebuelta horretan. Zortzietan.

 

 

Inor ikusi gabe sartu zen baserrian Olatz. Makutoan arropa pixka bat sartu ondoren, orri mutur bat bilatu zuen. Institutuko estutxea. Mertxek dekoratu zion mateko ordu batean. Lagunen izenak kanpotik, barrutik “xabi” handi bat eta hainbat bihotz gorri txiki. Sorgortuta zegoen: aurreko bizitzako ezerk ez zuen mugitzen.

         Bic bat hartu zuen. Zerbait arrotza zen bere eskuan. Zer idatzi?

 

                  bestaldera jun ber det barkatu

 

         Luze egin zuen negar, konturatu arte etxeko norbait sar zitekeela gelan. Mezua sukaldeko azukre-ontzian ezkutatu eta Xantiotik aldendu zen ezkutuan. Auskalo noiz itzuliko zen, noiz ikusiko berriro gurasoak, Mikeltxo anaia, aitona-amonak...

         Negarrez iritsi zen herri-bukaeraraino, Xabi baino lehenago. Iluntzen hasia zen. Ezker-eskuinera begiratu zuen: poliziak ezkutuan egongo ote ziren? Hots horiek... zaldi-trostak al ziren? Eta argiak, txapelokerren linternak?

         Sasien artean ezkutatu zen, eta eskerrak: kotxe-patruila bat igaro zen Orio alderantz, poliki. Susmotan? Kuarteleko oroitzapenek kolpatu zuten, lotsak. Xabi harrapatu ote zuten? Gizajoa...

         Ordu erdi geroago, kotxe-patruila Zarautzerantz.

         Bi orduz itxaron zuen. Zerbait gertatu zitzaion Xabiri, argi zegoen, eta ezin Xantiora itzuli; hantxe izango zituen zelatan. Ospa egin zuen kamioetan alderrai; konturatzerako, Xantio atzeko borda zaharrera ari zen igotzen. Lurra umel ez zegoen bazter bakarrean eseri zen, loak hartu arte. Esnatu zenean, begira-begira zuen.

         — Bahoa —aitona Teofilok.

         Hunkituegi zegoen ezer galdetzeko. Donostiaraino eraman zuen mantso-mantso Vespa zaharrean, mugalari baten kontaktua lortu, autobusaren ateraino lagundu. Besarkadan, bere usainaz bete zion sudurra. Patrikatik billete-sorta bat atera zuen, kontu handiz tolestuak eta sokatxo batekin lotuak. Musugorrituta zegoen, negarrez bera ere. Dirua eman eta autobuserantz bultzatu zuen emeki:

         — Hendaian haizela, bilatu herrikoren bat.

         Karmelo! Eguzki-izpi bat, behinik behin.

         Inuzentea; ezin esan argi askorik ekarri zionik. Komeriak hura topatzeko eta, noizbait haren etxera iritsi zenean, harrera abegikorrik ez. Serio, lurrean lo egin beharko zuela bota zion, ba omen zirela hamabi lagun han.

         Gogorra zen jendaurrean bakarrik sentitzea. Aitonak emandako billete-sorta berehala bukatuko zitzaion; eta gero?

         Hirugarren egunean, Alfontso izeneko bizkaitar bat agertu zen pisuko biren bila. Planta onekoa, gizon ederra. Olatzengan erreparatu eta haiekin joatera gonbidatu zuen. Olatzek baietz, edozer baitzen etxe hura baino hobea.

         Haren kotxean eraman zituen Nafarroa Beherera, Bidaxune izeneko herrira. Sarrera ondoan, gain batera igo eta gailurreko baserrian geratu zen. Leku ederra zen, inguruko bailara lauarekin lotua belarrezko alfonbra trinko baten bitartez. Faroa zirudien garia gordetzeko dorretxoak; han eta hemengo muino biribilduek, enbatako katxopak. Xantio zuloan zegoen, baserri hura goian. Bizitza berriaren metafora izango ahal zen!

         Formazioa ematen zieten militanteei, batik bat militarra eta politikoa, baina baita frantsesa eta euskara ere. Sobratzen zitzaien denboran, diskrezioa lege.

         Oskol malenkoniatsu batean ezkutatu zen Olatz, laiotzean. Non zegoen Zuberoa idiliko eta euskalduna? Ez al zen horrela Iparralde osoa? Parrokiako lokalean, zenbat buelta Benito Lertxundiren disko hari! Marratzeraino. Baserrian, ordea, espainola barra-barra eta giro arrotza, esajeratuegia, baikorregia. Bazirudien, baserrikoei pistolak emanez gero, di-da batean erauziko zietela Euskal Herria Espainiari eta Frantziari.

         Nahi bai: Olatz iritsi aurretik, errefuxiatuz betetako furgoneta bat metrailatu zuen Guerrilleros de Cristo Rey talde paramilitarrak. Txiki eta Otaegiren aldeko manifa batetik zetozen, bederatzi lagun hala moduz pilatuta, eta, txiripaz, bi besterik ez ziren zauritu. Ordura arte, baserri banatan bizi ziren; muino behekoa utzi eta goikoan batu ziren. Nahiz eta bi orduko zaintzak egin, gau eta egun, behe-lainoari itsatsita geratu zen mehatxua.

 

 

Franco azkenetan omen zegoen. Zurrumurruak gero eta ozenagoak, besteak beste Radio Nacional de Espaρa hasia baitzen berri onak tantaka ematen. Itogina ahituta, Frantziako irratiak eta bbc London heriotza aipatzera ausartu ziren.

         Baserrian, gau osoan sintonizatu zituzten Radio Pirenaica eta Radio Paris. Goizeko seietan, txupinazoa piztu zuen zaintzan zegoen batek. Algaraka ospatu zuten, saltoka, lapikoak joz, elkar besarkatuz, irrintzika eta musuka, gehien aditzen zen oihua “hijo de puta” zela. Kotxeetan seinaka eta zazpinaka estututa, Hendaiara jo zuten kantari, klaxonak lagun. Zortzietarako, neska-mutil gazte ilara bat zegoen Bidasoako lapurtar ertzean, Espainiarantz xanpain-botilak apuntatzen. Bat, bi, hiru... danba!

         Goiz, arratsalde eta iluntze hartan, etengabe apurtu zuten atentzioa ez emateko araua. Petit Baionako karriketan, jende-kateak kantari ikustean, irribarre egiten zuten natiboek, urduri eta auzo-lotsan.

         Olatz edanda zegoen lehen aldiz, amets bitxi batean flotatzen. Mila pertsona ezagutu zituen, hamar mila izen, milioi bat aurpegi eta, halere, ezin giroan sartu.

         — Ospatzen ez dabilen euskaldun bakarra zara.

         Gernikako doinu kantariagatik ezagutu zuen Alfontsoren ahotsa, bere atzetik, gertuegi. Jefeen artean bizarrik gabeko bakarra zen, beti nabarmen elegante jantzita, begiak argi, irribarrea zuri.

         — A, bai? —lotsatuta biratu zen, pixka bat aldendu. Ez zen hain inozentea: jatorregia zen berarekin.

         Alfontsok burlati behatu zuen taberna: batzuk tragoz trago, beste batzuk abesten, denak algaraka eta erretzen. Bikote batek kanpora jo zuen eskutik hartuta. Zarautzen baino libreago jokatzen zuten neskek.

         — Bederatzi hilabete barru ume pilo bat deituko da Patxi —Alfontsok. Neskak ezin aurre egin begirada sutsuari eta basoerdiko ardo txarrean ito zituen begiak—. Mutil-lagunik badaukazu? Politenak beti zaudete hartuta —ume haserreen ahotsez.

         Olatzek baietz buruaz, sabelean zirrara. Nekez eutsi zion negarrari: Xabiren batere berririk ez. Alfontsok botila hartu zuen Olatzi zerbitzatzeko. Besoa pasatu zion sorbalden gainetik, erakarri.

         — Hasieran gaitza da, badakit, baina askatasunaren alde borrokatzeak sakrifizioa eskatzen du —ahoa belarrira hurbildu zion—: ohituko zara, ikusiko duzu.

         Olatz paralizatuta: Xabiren izena errepikatu zuen barruko zera isiltzeko; ezin onartu gorputzaren esnatzea.

         — Etxera joan gura duzu? —Alfontsok, xuxurlaka.

         Xantioko irudiek kolpatu zuten, Bidaxunez ari zitzaiola ohartu aurretik. Bi igandez behin etortzen zitzaizkion ama-eta bisitan, aldeko baserrikoen kotxean: hamaiketarako iritsi plazara eta bostak arte, egon. Mokadu txikiegiak goseak dagoenarentzat.

         Etxera. Bost axola; handik kanpo behar zuen. Taberna hura zen mundua.

         Irteeran, Alfontsok berriro jarri zion besoa sorbaldan, baina, Olatzek nahi gabe urruntzera eginda, aldea nabarmendu zuen besoak: zubiek, lotu baino, distantzia enmarkatzen dute. Pixka bat okertuta ibili ondoren erretiratu zuen eskua Alfontsok.

         Kotxean, bat hitz eta pitz, bestea mutu. Olatz jaitsi eta korrika batean joan zen baserriko atetzarreraino, hartxintxarrak kras-kras. Giltzarik ez, ordea: penagarria.

         Alfontsok ireki zuen. Ganbarako gela zen berea, ez beheko bat, besteekin batera. Eskutik hartuta eraman zuen ukuilura, eskaileretatik igotzeko. Pikoak ziren, estuak, okerrak. Kontuz eskalatu zituen, neska askatu gabe. Burua ia goian zeukala, Olatz izutu eta besoa astindu zuen. Estropezuka jaitsi zen, eskailera-mailak binaka eta hirunaka, bestearen barreak lagun.

         Arropa erantzi bitartean aditu zituen urratsak kras-kras, kotxeko atearen danba eta motorra urrutiratzen. Bederatzi lagunek partekatzen zuten gela, ohe zein lurreko koltxoietan. Olatz bere txokoan uzkurtu zen manta azpian. Ez zekien zerk ematen zion lotsa handiagoa: Xabi gaixoa ahaztu izanak edo Alfontsoren ez hain ustekabeko saiakerak.

         Hanka inurritzen denean bezala, zerbait sumatzen hasia zen. Desioa?

         Askotan jorratu zuten askapen sexualaren gaia Usandizaga institutuan: hango eztabaidak! Zergatik, orduan, beldurra? Zergatik damua?

         Ezinegona ere sentitu zuen, eta autoerruki lasaigarriraino iristea oztopatzen zion zerbait: epeltasun moduko bat, erakarpena, esker-ona behinik behin norbait arduratu zelako berarekin.

         Halere, lo hartzean, marea bezala itzuli zen lotsa, eta dena estali zuen.