Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

1

 

 

Alaben ate azpitik argirik ez; lotan behar zuten. Trapua hartu eta zirri-zarra hasi zen marmolezko harraska zurixkan. Nahiz eta plazatik ahotsen marmarra igo, kanposantua ematen zuen etxeak. Hozten ari zen bakailaoa patatekin, Joxeren afari kuttuna; ama-alabek baratxuri-zoparekin konformatu behar.

         Paretaren kontra bota zuen trapua. Non demontre zegoen? Gaueko hamarrak ederki pasata! Horrelakoetan, aitarekin gogoratzen zen Irene. Arrazoi izango ote zuen azkenean? Urte asko lehenago, Zarauzko senargaia egin zuela aitortzean, epelak aditu behar izan zizkion:

         — Ez dut alaba arrantzale alfer baten atzaparretan utziko.

         — Baina, aita, ez du ulertzen. Joxe ez da arrantzalea...

         — Ze ote dakizu bizitzaren berri! Langosten moduan harrapatu zaitu, zurezko otarre horietako batean. Hori nahi al duzu?

         Bat-batean lotsatuta, trapua lurretik hartu eta plater batekin estali zuen bakailaoa. Udal batzar inportante bat... baita zera ere! Joxe mekanografo xumea zen arren, idazkari-plantak egitea maite zuen. Ate guztien kisketa izanda, nola galduko zuen Urriza alkate berriaren kontrako zera hura? Hainbesteko iskanbila nafarra zelako eta ez herriko semea... faborez. Karlistek jakingo zuten zein jarri; ez al zituzten hamaika kontzejaletatik zazpi? A, baina ezin Joxeri argudio hori eman, purrustada ederra bueltatuko zion-eta: “Ez duzu ulertzen, ez zara zauztarra”.

         Beharrik ere ez. Ados: hogeita hamahiruko hauteskundeetan, karlistek baino boto gehiago atera zuten jeltzaleek herrian. Eta? Parlamentua aukeratzeko egin ziren, ez kontzejalak. Madrilek udal hauteskundeak antolatu arte, hogeita hamaikako emaitzek agintzen zuten, alegia, karlistek. Baimen berezia al zeukaten zauztarrek hori ez ulertzeko?

         Bonbilla itzali eta balkoiko barruko ateak ireki zituen, kristalezkoak. Leiho-ateak, berriz, egurrezkoak ziren, marko barruan xafla horizontalak zituztela. Burdinazko maratila batek lotzen zituen kanpoko paretarekin albo banatan. Gauero bezala, plaza kuxkuxeatzeko aprobetxatu zuen askatu eta itxi bitartean.

         Kioskoa zeukaten etxe parean, udaletxea eskuinean. Momentuz lasai zegoen, argi guztiak piztuta eta gazte-multzo bat atariko arkupean erretzen. Aurreko asteko istilu latzak zirela-eta, sarrera debekatu zieten hemezortzi urtez azpikoei.

         Irene ezkerrera ez begiratzen saiatu zen, alferrik. Hotel Otamendi: zenbat serenata entzun zituen leihotik aurreneko udaran! Eta beheko Gran Cafe Reina Victorian zenbat merienda. Joxeren irudia etorri zitzaion gogora, eguerdiro Gran Cafeko terrazan eserita, oihal merkeko trajez eta liburu bat irakurtzen poeta erromantikoaren airez. Inuzentea, Joxe. Eta bera. Biak. Ezpainak estutu zituen.

         Hotza. Apalegi iristen zen balkoiraino ekonomikako epela eta tokilla estutu zuen. Amaren oparia: ιcharpe du Cachemire bat, leuna, gozoa, beroa...

         Kristalezko ateak itxi zituen. El Dνa egunkaria hartu eta Euskal Orria bilatu zuen, euskarazko bakarra. Irrikaz errepasatu zituen herrietatik bidalitako kronikatxoak, Zarauzko zerbaiten bila. Do maiorreko denbora-pasa xaloak ziren, pianista hasiberrientzat. Munduak, berriz, do minorrean jotzen zuen: dramatiko, heroiko, sentibera.

         Pauso isilak pasilloko lur hotzean. Alaba nagusia azaldu zen, hanka-hutsik eta kamisoia besterik ez soinean. Bularrekorik gabe, nabarmenago sumatzen zitzaizkion emakume forma berriak. Eta ilea: goi-goian ibiltzen zuen mototsa; bitxia zen haren adats argi eta luzea solte ikustea.

         — Zer dun, Bego?

         — Ama... margaritekin egin behar dut dantza —lotsaz baina tinko.

         Margaritekin? Etxean jeltzaleak ziren, ez tradizionalistak. Agudo ahaztu zituen Maiatzeko Loreak eguneko negarrak: prozesioko atzealdean atera behar izan zuen nazionalisten beste alabekin batera, neskatxa karlistek leku onenak kenduta. Sei urte lehenago eman zuen izena Mariaren Alabetan, komunio handiaren ondoren. Hango lagunek jan ote zioten burua?

         — Ea aitak zer esaten duen. Neronek galdetuko zionat; orain segi ohera.

         Beste bataila bat Joxerekin; gozoa jarriko zen! “Karlista zerri horiek dantza eta politika nahasten dituzte” botako zion gutxienez. Zer uste zuen, batzokiko poxpolinak Gabonetako kabalgataren parte zirela?

         Bi hilabete ez ziren alaba gazteak haiekin ateratzea eskatu zuela, eta denak txoratzen. Irene ez, ondoegi ezagutzen baitzuen Joxepi: ba omen zuen dantzarako sena, eta gogotsu ari zen. Noiz arte, ordea? Ezin jakin harekin; pulamentu eskasagorik! Baietz laster gurasoak leku txarrean utzi.

         Dantza-soinekoen kontua ere bazegoen: patroiak kopiatu, moztu, moldatu... dena Irene neskameak egin behar; ez zituen gau gutxi dantza-soinekoak josten emango. Gainera, oihalak garesti baino garestiagoak ziren. Joxeren trajeak bukatua zuen urteko luxuen dirua; hurrengo neguan, Ireneren txanda izango zen: aja-aja eginda zeukan berokia. Aurrezteko, txakur txikiak ere ari zen mesanotxean pilatzen.

         Diru madarikatua. Gaur bezala gogoratzen zuen Joxe tinko hitza ematen, ezkontza-egunaren biharamunean: “Sei mila duro eskatu dizkidate etxea erosteko. Momentuz alokairuan jarraituko dugu, baina oposizioa ateratzen dudanean...”. Oposizioa... ederra ziria! Tratatzen hasi orduko iragarri zion Joxek udal-idazkariko azterketak gainditzear zegoela; urteak joan, urteak etorri eta mahai gainean segitzen zuten paperek, hautsa pilatzen.

         Sei mila duro. Begoren kapritxoari esker, beste erremediorik ez zuen izango: beste bi neguz jarraitu beharko zuen Irenek nola edo hala eskale-beroki grisa adabakiz konponduz.

 

 

Garrasiak kalean. Tximista baino azkarrago itzuli zen balkoitxora. Leiho-ateko bi xafla mugituz ikusi ahal izan zuen agertoki osoa. Gazte abertzaleak, gizalegea zeharo ahaztuta, kontu eske ari zitzaizkien irten berriei builaka. Atean geratu zen Urriza, kohorte tradizionalistaren babesean, kopeta luzea atzeraka orraztuta eta kezka disimulatuz.

         Giza horma batek inguratu zituen karlistak. Zulo bat induskatzen saiatu ziren; besteek, eutsi. Karlista batek, Manterola zinegotzi ohiak, nonbait nazkatu, eta lurrera bota zuen bultzada batez parean zeukana. Hamaika besok heldu zioten Manterolari. Zurrunbiloan, gizon batek jendearen gainean salto eginez sekulako muturrekoa eman zion.

         Amatxo maitea: Anjelmari Izeta! Joxeren lagun-laguna, gizon jatorra, aukeran ahoberoegia. Erotuta al zegoen?

         Urriza alkateak keinu bat egin zion Haundiyari eta han hasi zen kankailua belarrondokoak partitzen: idiaren indarraz gain, haren burua ere bazeukan. Emazteak, berriz, burua sobran. Brigida Plantxadora zeritzen orain. Irenek, ordea, ederki gogoratzen zuen bere neskamea izan zela herrira iritsi zenean, kaleko putzuen gainean ere jartzen zela seρoritak zapatak busti ez zitzan, eta begira orain, handikeriatan.

         Lotsagabe halakoa... bezperan, enkarguak egin ondoren Irene etxeratu zenean, hara non atzetik igo zitzaion bestea, irribarretsu eta losintxari, marmelada-poto bat oparitzera, desertuko idoloak baino faltsuagoa.

         — Hitz egingo al dun nire alde Hotel Otamendiko gobernantarekin? Maindireak lisatzen dituena, Agerreko andre gaztea, begizkoak jota omen zegon ohean, larri eta ezin hilik.

         Irene aho zabalik: nola ausartzen zen hitanoa erabiltzera? Igualetik igualera! Aldaketa ederra Irene herrira iritsi zenetik; hamasei urte edo ehun igaro al ziren?

 

 

Guardia zibil bikotea bat-batean. Liskarra epeldu eta bi bando azaleratu ziren, aurrez aurre; tarteko lubakian, gora eta behera animoak hozten, zein eta Azpiroz alkate karlista ohia eta... Joxe! Ministro-airez, garrantzitsu. Hobe zuen txorakeriak alde batera laga eta etxera lehenbailehen igotzea, nahikoa arazo bazeuzkaten eta.

         Karlistek Circulo Tradicionalistarantz desfilatu zuten. Joxe olatu abertzalean murgildu zen batzokirantz, eta Anjelmari Izeta besarkatu zuen, Paulino Uzkudun garaitu izan balu bezala.

         Hoztuta sartu zen ohera Irene. Manta pisutsuaren azpian, Errusiako tundra; beranduegi alabei jarritako adreilua berreskuratzeko.

         Kla-kla, kla-kla, logelako leiho-ateek dar-dar egin zuten haizearen astinduz. Betiereko otsailean bizi zen: udaberriaren esperantzaz, jakinda neguko txarrena etortzear zegoela.

         Sei mila duro; nondik, Jauna, nondik?

         Kla-kla, kla-kla, langostek pintzekin bezala. Gauaren dirdiran, otarreko zumeen tankera hartu zien leiho-ateen xaflei.

         Hasia zen kaiolen garaia: astea bete aurretik, hamabi gazte jeltzale atxilotu zituen Guardia Zibilak.