12
Goxo-goxo esnatu zuen Joxepi. Senarra ez zegoenetik, elkarrekin egiten zuten lo. Alaba orrazten hasi zen: aurreko neguko soinekoa zabal geratzen zitzaion. Hamahiru urterekin hazten ez bazen, noiz?
Joxepi sukaldera joan zenerako, dena mahai gainean: ura, ogi gogorra eta, plater batean, bezperan lortutako intxaurrak, oskolik gabe jateko prest. Erreketeekin batera ari zen Joxe, baina horrek ez zien etxekoei askorik lagundu: bat gutxiago zirenez, kartilla mehetu zieten. Soldadu-paga ziztrina, gainera, oso-osorik kentzen zieten kontribuzioa ordaintzeko.
Paki etorri zen umearekin, gero Bego. Mamu isilak, aurpegi luzeak. Joxepi joan eta handik gutxira aditu zuten zalaparta eskaileretan. Botak. Paki izoztuta, zuri, izerditan. Igotzen ari ziren. Lehenengo eskailburua, bigarrena.
Atean jo zuten, kanoikaden moduan: bum, bum, bum. Koinatari begiratzeko bihotzik ez; Xebasena esatera etorriko ote ziren? Herritik bidaltzera?
Ireki egin zien. Harroputz desfilatu zuten sukalderaino; ordurako, ederki ezagutzen zuten etxea. Arropa zintzilikatuta zeukaten barruan, umearen fardelak, gonak, blusak, soinekoak. Esku zikinekin soken alde batera bultzatu eta sukaldeko mahaia eraman zuten, aulkiak. Soldadu bat gelaz gela joan zen bonbillak askatzen:
— Separatistek ez duzue irakurtzeko beharrik.
Seltz-sifoia ikusi zuen armairu gainean, aspalditik hutsik. Irribarre egin zuen, hartu.
Takoi martzialak atzera plazan. Paki negarrez hasi zen.
Brigidari etxetik ihes egin omen zion Manuelitok tertzioetan izena emateko. Don Cesar Mendozak, ordea, ditxosozko asma zela-eta, ezin izan zuen izena eman Espainia salbatzeko. Horren ordez, Falangeko bulegoa ireki eta, egun batetik bestera, herriko buruetako bat bihurtu zen. Errentari zegokionez, lehengo lepotik burua. Beasaindik ere berri gutxi, are gutxiago dibidenduaren inguruan.
Hamaika alkandora urdin azaldu ziren kalean. Bat baino gehiago, preso egon ondoren, agudo txapela aldatu eta gorria jantzita ibili zen sutsuki guardiak egiten karlistekin.
Urriza alkatea itzulita, lanean jarraitu zuen udalak. Lanpostua mantenduko bazuten, astebeteko epea eman zieten udal-langileei itzultzeko. Bilbo aldean edo gudari zebiltzanei ere bai. Irene lasai zegoen, Joxe haien soldadua baitzen; zerbaitetarako balioko zion!
Bazegoen Gracia izeneko kastillano bat, guardia zibil erretiratua eta liberazio aurretik bakea predikatuz ibilitakoa. Denbora falta izan zitzaion, gero, trikornioa berriro eskatzeko! Hark eraman zien etxera kargu-orria: ... Jose Larraρaga Egaρa ... lanera itzultzeko espedientea ... soldata etenda ... jarduera politiko-sozial separatistak ... zortzi egunen buruan erantzun beharko duzu.
Alferrik Graciari esatea boluntario zegoela. Nagusikeriaz erantzun zion, kontzientzia garbi izanez gero, ez zuela arazorik izango errekurtsoan.
Uztailetik, zenbat ordu gauero sabai ilunera begira! Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, zortzi. Luze eta, aldi berean, motz. Zortzi egun horietan ia ez zen oheratu. Altzari faltan, harraskaren ondoko marmol gainean zirriborratu zituen hamaika argudio errekurtsoan jartzeko, mantetan bilduta eta eztulka, kandela guztiak urtu zituen arte.
Narrosera joan beharreko goizean, seietan hasi zen bere burua apaintzen. Kamisoia erantzi eta ispiluko amona aztertu zuen. Aldaken hezurrak. Bular eroriak. Begi-zuloak. Pubiseko ile gristua. Eta buruan, artean ezin mototsa egin. Jan gabe, nola luzatuko zitzaion, ba? Atso horietako bat ematen zuen, gaztetasuna berreskuratu nahian munstro bihurtzen direnak.
Jantzi egin zen. Azkena, Pakiren berokia. Zakarra. Gainera, txikia zuen, eskumuturretatik sartzen zen hotza eta, halere, ez zen gorria erabiltzera ausartzen. Irten aurretik agertu zen Paki, begiak puztuta. Jakingo al zuen Xebasena? Besarkada bat. Hitzik ez.
Goizeko zazpietan antzeztu zuten guardia-aldaketa Narrosen. Geroago, ofizial bat agertu zen erretzera, dotore-dotore, jaka zabalik, harroputz. Guardiako soldadua konturatu eta disimuluan tentetu zen. Ofizialak buruarekin agindu zion ateraino gertura zedin. Irenerengana.
Anjelmari Izeta zen.
— Zerori hemen, Anjelmari?
—Ixo, emakume —xuxurlaka—. Erotu al zara? Fuera —Irene ez zen mugitu, harrituta—. Zer nahi duzu, biok galtzea?
— ΏQuiιn es, Izeta?
Anjelmarik eztarria garbitu zuen urduri. Atzerantz joan zen pauso batez, Ireneri begiratu gabe.
— La mujer de un nacionalista, mi capitαn.
Besteak ke-bafada osatu, eta epelera itzuli zen.
Irenek ateko barroteei heldu zien:
— Errekurtsoa aurkeztu behar dut; Joxe depuratu dute —paperak luzatu zizkion.
— Vete y no vuelvas.
Ez itzultzeko? Hain erraza balitz!
— Zerorrek entregatuko al duzu, Anjelmari? Faborez...
Paperak hartu, kapote azpian sartu eta guardia-postura itzuli zen.
San Tomas egunean ikusi zuen Florentina, urrutian, Santa Marina kalean. Ile zurizko amonatxo bat, kontsumitzeraino argalduta, konkortuta. Irenek Txerrikaletik sartuz saihestu zuen.
Oparirik gabeko Gabonak. Pakik ez zuen Xebas aipatzen; ez zuen ia jaten, juxtu-juxtu Andoniri titia emateko adina. Gehienetan, nahikorik ez eta txikiak marru egiten zuen; uretan samurtutako ogi-pusketak ematen zizkioten. Kartillak, berez, esne kondentsatua aurreikusten zuen bularreko umeentzat, baina ezin haiek etxeko kartillan sartu. Ez ziren existitzen, eta hobeto horrela.
Arratsalde batean, Xalesen koadernoari erreparatu zion. Gauean, mesanotxe gainean saiatu zen idazten. Tinta bota, luma busti. Gertatzen ari zena kontatu nahi zuen; burura, ordea, beste gauza bat etorri zitzaion: Karmele Lanpernas, tren-geltokiren batean, agian Bilbon. Ama janari-ilarara joan eta maleta baten gainean utzia zuen eserita. Bonba bat, abisurik gabe. Oihuak, kea, arropa guztia sakabanatuta, maleta-puskak han eta hemen eta, erdian, Karmele lurrean botata, ahoz behera, burua margariten txapel zuriak estaltzen ziola.
Hankak Begorenak ziren. Oinak. Eskuak. Gorpua.
Koadernoa itxi zuen, baina ez zitzaion gogotik joan.
Bitxia zen kaleko isiltasuna. Haren altzoan, are deigarriagoak ziren batzuen barreak, agurrak, vivaspaρak, banda-saioak ez dakit zer hiri konkistatutakoan, soldaduen takoikadak, bota-hotsak, desfileak... Irene etxe barruan ere ibiltzen zen begiak jaitsita. Etxe barruan, batik bat.
Beste emazte batzuek gutunak jasotzen omen zituzten, denetan izenburu berdina: “‘Arriba Espaρa! En campaρa, a... ii Aρo triunfal”. Joxeren berririk ez. Hiltzen bazen, esango al zieten? Errekurtsoaz ere ez zekiten ezer.
Harribitxiak Brigidari eramango zizkion. Hark jakingo zuen nori saldu. Soineko zahar baten barruan zeuzkan, belusezko bi poltsatxotan josita. Ez zion batere penarik eman hariak mozteak. Brigidaren etxe aldamenera hurbildu zen, kasualitatea antzeztera. Hiru ordu geroago, ia ilunduta, han jaitsi zen, buru-otarrea soldadu-arropaz beteta. Bazeukan lana.
— Brigida, hirekin hitz egin nahiko niken... —parean geratu zitzaion, lepoa tinko otarreari eusten—. Zera... Gauza batzuk saldu nahi ditinat eta herorrek agian...
— Ze gauza?
— Harribitxiak —izerditan ari zen, hotzak hotz—. Asko gaitun etxean eta kartilla...
— Kontuz hitz egin.
— Ez, ez, ez naun esaten ari gutxi ematen digutenik, baina... Hi ere ama haiz; badakin.
— Ezin dinat lagundu —eta mantso-mantso biratuta, martxa egin zuen. Irenek samur eutsi zion besotik.
— Faborez. Ez dinagu ezer ere —malkoek ihes egin zioten—. Ia bederatzi mila pezeta ordaindu beharra zauzkanat —bere burua estutu behar izan zuen jarraitzeko—: isuna eta kontribuzio boluntarioa. Bankuan mila ere ez zeuzkanagu eta Joxe...
— Eman eta ikusiko dinat. Zaila zegon... —poltsatxoak hartu zizkion errukiz.
Errukia; marka da! Herrira iritsitakoan gona-barrena usaindu ere ez zion batek.
Ikusiko ote zuen inoiz dirurik?
Hiru egun geroago joan zitzaion etxera Brigida, billeteak eskuan. Irenek eskale-eskua jarri arte itxaron zuen: ehun, berrehun, hirurehun, laurehun, bostehun, seiehun eta zazpiehun pezeta jarri zizkion, eta ehun atzera hartu.
— Nire ahaleginagatik.
Joan zenean, ezin ate itxitik aldendu, Brigidak nahi zuena lortuta.