Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

6

 

 

Abortatzea izan zen aurreneko ideia. Izeba Estiri gertatutakoa gertatuta, ezin. Ez zion Txumari hori kontatu, haurdun zegoela baino ez. Negarrez hasi zen gizona, pozez txoratzen. Eta, segituan, planak: berri ona zabaldu, elkarrekin bizitzen hasi...

         Bazekien Xabirena ez zela errepikatuko: irrika, energia gainezka, argia, poz eroa. Atzean geratu zen Olatz hura ere. Baretasuna ematen zion Txumak, eta horixe behar zuen. Batzuetan, ordea, gau erdian insomnioak esnatuta, bere buruari galdetzen zion ea benetan nahiko ote zuen baretasuna bizitza osorako, ez gatzik, ez piperrik.

         Hurrengo gauean, haren letra ezagutu zuen Herriko Etxeko arbelean: “Txumak 1, Espainiak 0”.

         Laster iritsi zitzaien barrutik biluzteko beharra. Momenturik intimoena zen eta, Olatzentzat, beldurgarriena. Aita galtzeaz hitz egin zion Txumak, ama posesibo baten menpean bizirauteaz. Trukean, Olatzek gainetik aitortu zion Etxe Zabalakoa, Ibarrakoak aipatu gabe.

         — Horregatik sartu zinen... etan? —Txumak, ulerkor eta tentuz.

         — Ez nintzen etan sartu; bestaldera pasatu behar izan nuen, tortura...

         Txumak muturra okertu zuen. Biolentzia guztiak baztertzen zituen eta Olatzek ez zekien nola esplikatu.

         Harremanaren hasieran, erronka polita izan zen bestea norberaren erlijiora erakartzea; eztabaida politiko zoragarriak izaten zituzten gauetan, asteburuetan. Olatzek independentziaz hitz egiten zuen, euskal kultura bultzatzeaz, euskara salbatzeaz, ekologiaz; Txumak autonomiaz, hezkuntzaz, euskal industria salbatzeaz. Momentu batetik aurrera, ordea, tenis partida bukaezin bihurtu ziren, ez bata, ez bestea ez zirelako zentimetro bat bera ere mugitu. Diskusioak gero eta antzuagoak, birritan haserre bukatu eta, adostu ez bazuten ere, politika tabu bihurtu zen.

 

 

Ama ez zen haurdunaldia kritikatzera ausartu. Hemeretzi urte betetzeko bidean zegoen alaba eta, Estirenaz gain, bizirik zeukan bera ama bihurtu zuen bekatua. Ramiro eta biak, halere, hamasei hilabetez ibili ziren nobiotan, ezin konparatu.

         Ez zuten Txuma ezagutu ere egiten. Alokatutako etxean bizitzen jarri eta astebetera, Sodupen bazkaltzera gonbidatu zituzten. Sukaldean harraska eta hiru su zeuzkaten, logelan koltxoia besterik ez. Gorka Urrutiak eskaini zizkien lau aulki eta mahaia, luzatzen zen horietako bat, baina Txumak ezetz: Gorka gaixoak lurrean bazkaldu beharko zuela bere etxean, agian zerbait puskatuko ziotela... Azkenean, Olatzek bazkaria prestatzearen ardura hartu eta Txuma bidali zuen Gorkari altzariak ekartzen laguntzera. Bitxia: atsegin bezain hotz jokatu zuen harekin Txumak.

         Gorka Urrutia joan ondoren galdetu zion.

         — Zer duzu?

         — Ezer; zergatik izan behar dut zerbait? —harrituegi.

         Egurrezko koilararekin apuntatu zuen Olatzek:

         — Zer egin duzu?

         Urtu egin zen gizona:

         — Niri ez zait ondo iruditzen...

         — Zer!

         — Batzokikoek... Diote radikalek herria apurtu nahi dutela. Zaretela... komunistak.

         — Garela —aste horretan bertan inoiz baino beranduago etxeratu zen gau batean batzokitik Txuma, beste emakume batekin traizionatu izanaren aire damutuaz—. Eta sinisten diezu?

         — Ez dute zugatik esaten. Informazioa eskatu dugu... Gorka Urrutiari buruz eta komunista da, gure umeen irakaslea.

         — Komunista izateagatik ezin du irakaslea izan?

         — Ez zigun esan! —minduta—. Gainera... nik ez dut erabakitzen. Proban dago eta kalera botako dute.

         Olatzek begiak estali zituen:

         — Baina zer da hau? Franco hilda eta hilobiratuta dago! Nola ez duzu saihestu?

         — Ezin dut —lurrera begiratu zuen—. Esaten dute Migel Garairi batzokiko dena kontatzen... diodala. Diziplina komitera eraman nahi naute.

         — Ze esaten duzu! Batzokiko buruen emazteek kontatzen diote-eta Migeli kontsultan...

         Txumak indarrez estutu zituen ezpainak, isilik. Olatzek, desesperatuta, mina egiteko beharra sentitu zuen:

         — Ez garela ezkonduko esango diot amari —Txumak elizatik nahi zuen eta Olatzek ezer ez.

         — Oraindik ez dugu ezer erabaki —eskuez lasaitasuna eskatuz.

         — Nola ezetz? Nobiarik gabe ez dago ezkontzarik.

         Ezkaratzeko txirrinak jo zuen: gurasoak. Nahiz eta bi tren hartu Zarauztik Bilbora eta handik Sodupera, espero baino lehenago iritsi ziren, bazkaria bukatu gabe zegoela. Liskar erdian.

         Negar egiteko gogoak eztarria itxi zion Olatzi; zer ari zen egiten bere bizitzarekin?

         Sartzean ikusi zuen amak paella. Olatzi mantala erantzi, soinekoko mahukak igo eta hondamendia makilatzen saiatu zen, hitz eta pitz. Eta eskerrak: aita altzari bat zen eta Txumak ahalegin handiegiak egin zituen jatorra izateko. Baietz amak sumatu tentsioa.

         Bazkaltzera eseri ziren. Arroza gehiegi eginda eta oilaskoa gordin; gurasoek berdin-berdin goraipatu zuten oturuntza.

         Halako batean, amak aingeru-irribarrea jarri eta tiro egin zuen:

         — Noiz ezkondu behar duzue?

         Txumak ez zuen eztulik edo ezer arrarorik egin; platerean ezkutatu zen.

         — Ez gara ezkonduko, ama —bazkari osoa emana zuen azazkalak besoan iltzatuta malkoak atzeratzeko.

         — Sodupeko eliza ere polita da.

         — Xexili, ezetz esan du —aitak.

         — Zer esango du handitan ume gaixoak? —amak, irribarrea galdu gabe—. Gainera, ezingo duzue bataiatu ez bazarete ezkontzen.

         — Ez dugu bataiatzeko asmorik —Olatzek.

         — Bai zera! Hau ez da zerorri bakarrik eragiten dizun gauza bat; haurtxo errugabe baten arimaz ari gara, elizaz. Bataiatu egin behar duzue —Txumari erregutu zion begiradaz.

         Olatzek ezetz erantzun zuen buruaz, besoak gurutzatu.

         Aitak eztarria garbitu eta suhiari bota zion:

         — Hi, ederra aurreko larunbatekoa! Ikurrina atera zutela entzutea... hura emozioa! Ba al dakik Iribar zarauztarra dela? Makatzarenekoa; Makatza ziotek.

         Begiak bekokitik ahora zabaldu zituen Txuma koitaduak, galduta, umiliatuta. Olatz duda-mudan: argitu behar al zion aita derbiaz ari zela? Astean zehar, barra-barra komentatu zuten ikasleek, debekuak debeku, ikurrina eskuan irten zirela zelaira Athletic eta Realeko kapitainak.

         Begirada jaitsi zuen Txumak. Harekin euskaraz egiteko eskatu zien Olatzek gurasoei, baina gizajoak ulertzen nahiko komeria eta sufritu egiten zuen erantzuten, izerditan hitz bakoitzaren bila. Eta tristeena: amak espainolera saltatzen zuen bakoitzean, lasaitu ederra Txumak.

         Poliki-poliki, amak nahi zuen eremura eraman zuen gaia: euskarazko klaseengatik huskeria kobratuko zuen alabak; kontuak eginak zituen eta Xantiorenean lekua sobran zegoen denontzat. Hitz egin zezala jendeak nahi adina: alaba eta biloba etxean, bost axola. Eta suhia, jakina. Txuma saltzaile zebilen Bilboko enpresa batean; aurkituko zuen zerbait Donostian edo, bestela, aitona Manueli eskatuko zioten Bombas Iturreko enkargatu-postua baliatzeko, hori bai egingo baitzuen gustura. Txumaren amak ulertu beharra zuen: alarguna izanda, ezin lagundu, ez behinik behin Xantiotarren moduan.

         Olatzek ez zion erantzun. Xexilik berriro estututa, plan lausoak aipatu zituen: etxea erosi Sodupen, Magisteritza ikasi euskarazko eskolak eman bitartean, andereρo bihurtu herriko haurtzaindegian... Esti bezain inozoa!

 

 

Miraririk ez: Gorka Urrutiari ez zioten proba ondoko kontraturik egin eta neska lasaiago bat ekarri zuten ordezko. Kolpe galanta.

         Avellanedan, Marisolek baino ordubete lehenago eskola ematen zuen moja umeei hasi zitzaien santuen estanpak ematen eta detenteak jartzen, sorginaren deabrukeriatik babesteko.

         Estutxearen afera ere ez zen makala. Etxe batean arkatz eta boligrafoa erosteko lain ez eta hango alaba esku-hutsik joaten zen eskolara. Marisolek kartoizko kutxa handi bat jarri zuen gela erdian, estutxeak bertan hutsarazi eta, behar zuenak, handik hartzen zuen zuzenean. Biharamunean, zuzendaria zoratuta sartu zen, ez zirela komunistak oihuka. Kutxa hustu, puskatu eta eraman egin zuen.

         Herriko Etxeko arbelak erantzun zuen: “Ladran, luego cabalgamos”. Marisol, baina, jomugan zegoen.

 

 

Haurdunaldiak bainoago, Txumarekin bizitzeak moztu zion askatasuna, samur moztu ere. Adeitsu tratatzen zuen, portzelana finezkoa balitz bezala, beti adi edozein desio betetzeko prest. Tripa gero eta puztuago, Txumak goxo-goxo eskatzen zion lana uzteko, atsedena behar zuela, bere soldatarekin moldatuko zirela. Olatzek eutsi arren, etxera zuzenean joaten hasi zen eskolen ondoren.

         Naturaltasuna galdu zuen Marisol eta Kororekin; klaseen kontuez harago, lotsatu egiten zen. Nahiz eta bi neskek ezer ez eskatu, huts egiten ari zitzaien. Gainera, Txumaren bikotekidea izateak haren aldeko bihurtu zuen; ederki zekien ze alde zen eta lagunekin eseri nahi zuen gauzak argitzeko, baina zaila zen gaia ateratzea, hitz egiten ez diren sentimenduak hitzetan sartzea.

         Goiz batean konturatu zen ez zuela horrela jarraitzeko balio. Twist Campera joango zen gauean eta hirurak eseriko ziren aspaldian bezala dena konpontzeko.

         Umore onean eman zuen eguna. Azken eskola gehiegi luzatu eta etxera itzuli zen presaka. Hurrengo egunean, berdin. Hirugarrenean, eskolako karpetarekin zamatuta zalantzekin borrokan zihoala, ilunpetatik atera zen Alfontso, Olatzen aurreko bizitzen puskak zintzilik.

         Lan erraz bat zuela beretzat: arrain gizen baten datu batzuk konfirmatzea, ohiturak kontrolatzea.

         Erakundearentzat.

         Azkenaldiko atxiloketak laburtu zizkion arin-arin, Poliziarekin izandako tiroketetan zauritu eta hildakoak, paramilitarrek garbitutakoak.

         Mesedez.

         Inork ez zuen emakume haurdun batez susmorik izango. Ez zuen ezertan konprometituko.

         Olatzek baietz erantzun zuen, pentsatzen segundo batean hutsal bihurtu zirela egunerokotasunaren arazoak. Aukera zuen berriro erabakiak hartzeko, bere bizitzako protagonista izateko.

         Amaren ahotsa etorri zitzaion: “Kontuz ibili, faborez”.