Aurkibidea
Karmele Urrestiren lehen oroitzapena
LEHEN ZATIA (1927-1943)
Bosgarren Etorbideko egunerokoa
BIGARREN ZATIA (1943-1950)
HIRUGARREN ZATIA (1953-1979)
AZKENA (2010-2011)
Aurkibidea
Karmele Urrestiren lehen oroitzapena
LEHEN ZATIA (1927-1943)
Bosgarren Etorbideko egunerokoa
BIGARREN ZATIA (1943-1950)
HIRUGARREN ZATIA (1953-1979)
AZKENA (2010-2011)
AZKENA
2010-2011
155
Nobelaren eta bizitzaren arteko ezberdintasunak asko dira, baina esaldi bakar batean laburtzearren esango nuke: nobela gauza itxia da eta bizitza zabala. Eleberriak, eraginkorra izan dadin, kontakizuna lotzen jakin behar du, haririk solte ez uzten ehuntzen ari den oihal erraldoian. Bizitza, ordea, egiten doa egunez egun, mudatzen eta garatzen; eta hari solte asko dituenez gero, egundo ez dakizu nora eramango zaituen. Pertsonaiak benetakoak diren eleberrietan idazleak hautatu egin behar du zer kontatu eta zer ez, biribiltasuna edo sinesgarritasuna lortze aldera. Baneukan aukera pertsonaiei izenak aldatuz liburu erabat fikziozkoa idazteko, eta hori amarru amultsu moduko bat izango zatekeen, zilegitasuna emango lidakeena jolas literarioa nahierara egituratzeko eta edertzeko, baina ez beharbada beti egiaren aldamenean egoteko ihesbiderik hartu gabe.
Nobela 1979. urtera arte iritsi da, Manu Sotaren heriotza egunera arte. Baina harrezkero gauza mordoa gertatu da, noski, Letamendi-Urresti familiaren bizitzan. Esate baterako, udaletarako lehen hauteskundeetan Karmele eta Txomin ama-semeak hautetsiak izan ziren Ondarroan, bakoitza alderdi banatan; semea LKIko kide legez aurkeztu zen eta, aldiz, ama Herri Batasuna koalizio sortu berriko kide, Monzonen ibilbidearen antzera. Asko dira nobelatik kanpo geratu diren oroitzapen eta pasadizoak. Ikerne aktorea izan zen Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak filmean, erbestetik zetorren protagonistaren emaztearen rolean. Txominek bikoizketa lanak egin zituen, eta euskaraz ikusten genituen galai amerikar batzuen ahotsa berea zen. Patxi medikuak bihotz eta birika andana baten zaintza egin zuen urtetan Bilbon. Eta Karmele, laurogei urterekin, Antony egoitza ikustera bueltatu zen Ikernerekin batera, ihesean zebilen bilobari Parisera egindako bisita baliaturik; lurrean koltxoi baten gainean lo egin zuen pisu batean, eta erabat gaztetu omen zen egun haietan, Ikernek kontatzen duenez.
156
Beti galdetu izan diot neure buruari gure garuneko zein tokitan gorde eta metatuko ote diren oroitzapenak; eta zein den haiek antolatzeko era, bata bestearen gainean ote dautzan Atlas hegoaldeko buztinezko etxeen gisa edo katedral gotikoak bezala, antzinagoko eliza erromanikoak estaliz eraiki izan baitziren maiz, eta hauek era berean antigoaleko tenplu erromatarren oina profitatuz, edo aitzitik era kaotikoago batean biltzen ote diren tropikoko oihanen antzera, edo beharbada pilatzean forma fraktalak eratzen dituzten, gure barruan hodeiak eta olatuak eta kristalak sortuz, elurrarena bezain forma ederrekin, nahiz eta zauria ere eragin dezaketen haiengana hurreratuz gero; eta zergatik gomuta batzuk geratzen ote diren horren agerian, desengainua haur baten begietan legez, lehen planoan, eta beste zenbait horren ezkutuan, nola hitz egokiak unerik zailenetan.
Garun barneko liburutegiak balira, ordena alfabetikoari jarraiki apalategietan pilatuko ziren gogorapenak, edo gaika: hala nola, maitasunezkoak, oinazeari lotuak, izuari, haurtzarokoak, ezinegonari atxikiak, ezintasun eta etsipenari, bizipen erotikoei eta azkenik zorionari. Baina ez, gauzak ez dira gehienetan norberak irudikatzen dituen modukoak izaten, eta oroitzapenak tematikoki metatzearen ideia hori metafora ederra izan arren, eta nahiz eta defendatzailerik ere izan baduen iraganean, ez zaio erabat egiari lotzen.
Nik dakidan arte, badirudi oroitzea lotuago dagoela espazioari denborari baino, zeren “denboraren gezia” esaten zaion horri ez baitio jaramon handirik egiten garunak; gure bizitza gertakizunen jarraipen bat izanik gure burmuinak ez du hala jasotzen, esan nahi baita oroitzapenak ez doaz bata bestearen atzetik, eta horren adierazle da txikitako gertakari bat azal-azalean izan dezakegula eta, aldiz, ez garela gomutatzen atzo bertan jazotakoaz. Aspaldian, libururik eta are gutxiago internetik ez zegoen garai hartan, memorizatzeko tekniken oinarria zen oroitzapenak gauzekin lotzea; jauregi bat irudikatzen zuten, gelaz gela, eta oroitzapenak bertako altzariekin erlazionatzen ziren, hartara objektua gogoan hartuz gomuta ere jaioko zelakoan burura —Mateo Ricci XVI. mendeko misiolariaren kasua datorkit burura, zeinak Txinako enperadorea harri eta zur utzi zuen teknika hori erabiliz gauzak gogoan hartzeko zuen gaitasunarekin—.
Nolanahi dela, gure burmuina ozeano handi bat da eta hango mendikate ikusgarriak eta munstro beldurgarriak ezagunkizun dira oraindik.
Kontu jakina da, hori bai, oroitzapen bakoitza emozio bati lotuta dagoela, eta horregatik esan ohi dugu gogorapenak onak edo txarrak direla, atseginak edo mingarriak; eta gomutak gordeta dauden kutxak zabaltzeko bidea ere emozionala izaten da askotan, lurrinen bat usaintzean, paisaia bat berriz ikustean, larruazala ukitzean, ahots bat ezagutzean edo kanta bat aditzean.
Baina zer gertatzen da oroitzapenik ez duzunean? Ustez bizi behar zenuen hori benetan bizi izan ez duzunean? Norbere bizitza zulo beltzez beteta dagoenean?
Ikernek, Txominek eta Patxik uste izan dute beti munduaren ulermenak bi maila zituela, bi unibertso paralelo existituko balira bezala, non batean gizartearen gehiengoa zegoen, eta bestean beren familiaren bizipenak, gordean bizitako emozioak eta sentipenak. Jende guztiak izan dituen gogorapenetatik asko beraiek ez dituzte, atalak falta zaizkie bizitzan, eta hutsune horiek betetzea izan da agian beraien bizitzako helburu behinena, galera horiei buru egitea. Urteek aurrera egin ahala, gainera, eta batek baino gehiagok aurkakoa pentsatu arren, hutsune horien garrantzia gero eta handiagoa bilakatzen da; gorputzaren erreinua itzaltzen hasten denean, edertasuna adimenean babesten da, jakinminean, ez dakizun hori argitu nahi horretan. Eta orduan, gure gorputza, gela askotako palazio handiak gobernatu ezinik etxerik txikienean babesten da, eta etxe txiker horretako sukaldeko sua da, beharbada, ezaguerak izekitzen duena.
“Gabeziak sortzen du desira” esan zidan Patxi Letamendi medikuak, “arrazoi zuen horretan Freudek”. Patxiren arabera, hiru seme-alabek halako babes antzeko bat sortu dute aitaren gabeziaren aurrean: Ikerne babestu zen bere berezko xarman, Txomin iraultzan eta Patxi beldurrean. Hirurek nozitutako aitaren faltak eta, ostean, urte askoan amaren absentziak sortu zizkieten ezkutaleku horiek.
50etako urte ilunetan dena zen galera, dena hondamena, dena isiltasuna. Eta Ikernek, Txominek eta Patxik ez zuten sekula jakin non hilobiratuta zegoen aita, non zegoen gorpua. Ez zuten horretaz amarekin inoiz hitz egin, egundo ez zuten aita hilerrian bisitatu. Isiltasuna eta beldurra.
157
Karmele Urresti 2010eko maiatzaren 23an hil zen, igandez, 95 urterekin, Ondarroako bere etxean, hiru seme-alabez inguratuta. Zaharra sentitzen zen, nekatua, “ez dut gehiago bizi nahi” aitortu zien. Ez zebilen osasunez makal, eta ehun urte ere beteko zituen, baina duintasunari eutsi nahi zion azken une hartan ere. Eskatu zion seme medikuari ez emateko botika gehiago, uzteko bakean hiltzen, lasai, atseden hartzen. Eta halaxe egin zuten.
Amaren heriotzak piztu zion Ikerneri bere gurasoei buruz gehiago jakiteko irrika, bizitza osoan izan zuen hutsune handi hori nolabait bete nahian, eta informazio bila hasi zen. Bere buruari galdetu zion non hilobiratuko ote zuten aita, ikara sartu zitzaion, gorpuzkia hezurtegi batean sartuko ote zuten eta galduko ote zen haren arrastoa.
Baina bihozkada batek agindu zion deitzeko Madrilgo lehengusinei, Juanen eta Angelesen alabei, suerte pixka batekin beraiek jakingo zuten zer edo zer. Estuturik, urduri, telefonoa hartu eta Madrilera hots egin zuen Ikernek. Kortesiazko hiru lau galdera eta gero, ausartu zen Ikerne, bizitza osoan barruan zuen zalantza argituko zion galdera egitera.
— Jakingo ez dugu ba non hobiratu zuten zuen aita! Carabanchel barrutiko San Justo kanposantuan.
Ikerne zur eta lur geratu zen, eta mina sentitu zuen bihotzean, ezten bat sartuko balitzaio bezala.
— Hirurogeita bat urte pasatu dira... honezkero gorpua hezurtegian izango da agian.
— Bai zera! Gure aita fina zen horretan. Anaiaren hilobia betirako ordaindu zuen. Han egongo da. Gordeta daukat hobiaren zenbakia.
Ikernek ezin zuen sinetsi. Madrilen zegoen aitaren gorpua. Urduri, astirik galdu gabe, nebei deitu eta bi egun barru hantxe zeuden hirurak, San Justo hilerrian, 2011ko otsailaren 6an.
Txominek bideoz hartu zuen dena. Beraien emozio-oihuak eta iruzkinak grabatuta daude bertan; lehenik zuloa idoro dutenean, gero kutxaren gainean Pinotxo Aburtok utzitako lore-sorta aurkitutakoan. Langileek kutxa atera eta aldare antzeko batean paratu dute. Giltza eman diete hilkutxa zabaltzeko eta, begirunez, bakarrik utzi dituzte neba-arrebak.
Ikernek zabaldu du giltzarrapoa. Hantxe dago aita, beneditar arropaz jantzita, gazte, oso gazte, beraiek baino askoz gazteagoa, 49 urterekin hil baitzen aita eta seme-alabek orain hirurogei urtetik gora dituzte. Toki lehorrean egon izan delako-edo, hilotzak baltsamatua ematen du, azal fin-fina dauka, ilea, dena.
Patxik, artega, atorra hautsi nahi zion jakiteko nola eta zergatik hil zen aita benetan. Hiruren artean egin zuten, kontu handiz. Ikusi zuen medikuak masailezurra hautsita zuela, ez zuela hortzik, eta bizkarrean zulo bat zeukala. Tratu txarren aztarnak alde batetik, eta bestetik medikuek bizia salbatzeko egin zizkioten ahalegin guztien arrastoak.
Une hura askatzailea izan zen hirurentzat. Aitaren gorpua aurrean izatea, dolua egiteko ezinbestekoa zitzaiena. Urteak hutsune harekin bizi eta gero. Patxi heriotza duinaren eta doluaren garrantziaz mintzatu zitzaidan, Bilbon berarekin izandako azken elkarrizketan; John Bergerren aipu bat ekarri zidan gogora: “Hildakoak bizidunen ingurumarian daude. Bizirik gaudenak gara hildakoen erdigunea”.
Aitaren hilotzari begira, itaun andana jaio zitzaien. Zergatik ez zien amak esan aita non zegoen? Garai bateko beldurragatik? Zeukan traumarengatik? Iragana atzean utzi nahi zuelako behingoz? Eta ondotik beste makina bat galdera. Zergatik esan zion aitak baietz Agirreri familiako beste kide batzuek, amaren lehengusuek adibidez, ezetz esan ziotenean?
Inoiz ez da erantzunik izango.
Gorpua Bilbora eraman zuten, erraustu eta hausterreak Artxandan botatzeko, batzuk gudarien monumentuaren aurrean eta beste batzuk San Roke baselizaren aurrean dagoen zuhaitz txiki baten oinean. Txominek bota zuen hitzaldia, bere umore bereziarekin: “Kostatu zaizu hona iristea” esan zion aitari, eta jakinaren gainean jarri zuen ama ez zela beste inorekin elkartu, “ez dakit zu horren fidela izango zinen”.
Ikurrin batean hautsak bildu eta Eusko gudariak kantatuz aireratu zituzten.
158
Txominek grabatutako bideoa ikusi ondoren, bizikleta hartu eta Lekeitiorantz egin nuen, aldapan gora, astiro, eta gero azkarrago, aldapan behera, gurpilaren erradioen hotsa entzuten, eta iparraldetik zetorren haize fina sentitzen aurpegian, barrutik lasaitzen ninduen itsas brisa hura, eta orduan gogoan hartu nuen Txomin Letamendi tronpeta-jolea eta eskuak askatu nituen eskulekuetatik eta zabaldu airera, pentsatuz, menturaz, askatasun une bera sentituko zuela Txomin Letamendik ere bizikletaz zebilenean Parisen barrena, eta agian Paris utziko zuela eta St. Germain-en-Layera abiatuko zela, Château de Belloyra, eta hantxe ikusiko zuela Karmele koilara eta arrautza ahoan, lasterka egiten gainontzeko emakumeekin, Julenerekin, Garbiņerekin, Pepitarekin, Mirenekin, Aurorarekin, Anitarekin, Axunekin, Maitanerekin, Felixarekin... eta bitartean animatu egingo zuela Txominek, eta barre egingo zuela Karmelek, eta seme-alabek horrela oroituko dutela Karmele, irribarre batekin, distirant, amorratuta koilaratik arrautza erori zitzaiolako, bozkarioz baina amorratuta emakume duina zelako, eta berriz jarriko zuela arrautza eta jarraituko zuela jolasean, erortzea eta berriz altxatzea baita bizitza, eta gero Karmele Txominekin batuko zela eta biek biziko zutela, beraiek ere bai, ordu hau, elkarrekin esnatzeko ordua.