Elkarrekin esnatzeko ordua
Elkarrekin esnatzeko ordua
2016, nobela
344 orrialde
978-84-92468-92-8
Azaleko irudia: Antonio Gezala, Ate birakaria 1927 (zatia)
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2021, nobela
2019, poesia
2012, nobela
2001, poesia
 

 

Etxe huts

 

 

110

 

Beharbada zeru urdinean ilargi bete gorritua ageri zelako ilunabar hartan; beharbada Karmenek maistra lanera berriz itzultzea eskatu eta emazteari betiko ezezkoa eman ziotelako; beharbada arrain garraioaren negozio txiki hark ere porrot egin zuelako, eta porrotaren ondorioz Josu eta Jon semeekin haserrealdia izan zuelako, eta bi-biek Venezuelara joatea erabaki zutelako; edo beharbada Karmele alaba alargun geratu zelako eta hau ere neben bideari jarraiki Caracas aldera abiatu zelako Marqués de Comillas ontzi madarikatu hartan; beharbada Txomin suhia egoera tamalgarri batean hil zitzaiolako eta haren heriotzaren urte berean hasi zelako Lehendakariaren ametsaren gainbehera, Nazio Batuek Franco birgaitu eta Madrilera itzultzen hasi zirelako mendebaldeko herrialdeetako enbaxadoreak; beharbada Lekerika lagun zaharrak Washingtonen enbaxadorea izanik 62,5 milioi dolarreko kreditua erdietsi zuelako Espainiako erregimenarentzat; beharbada gogaituta zegoelako eguna joan eta eguna etorri ontziolako arlanpan Jontxu baporea usteltzen ikusteaz, sekula itsasoratzeko aukerarik gabe, barku umildua; edo beharbada, zergatik ez, Anita alaba nagusia Mexikora ezkondu zelako, berandu eta gaizki ezkondu, eta ez zuelako senarrarekin zoriontsu ikusten, astero igortzen zizkion kartetan idazten zionaren arabera; edo beharbada umeek ibaian bainatzea debekatuta zutelako eta haurrak igerian zeuden bitartean moilan uzten zituzten arropak aguazilek uretara berariaz botatzen zituztelako, arropa bustiarekin zebilen hari isuna jartzeko; eta beharbada dena debekatuta zegoelako urte haietan, den-dena, beharbada horrexegatik hartu zuen erabakia Frantzisko Urrestik, herri osoa aho bete hortz utziko zuen erabakia, nork eta berak, mediokritatea jasan ezin zuen gizon hark, etxeko leihotik begiratu eta galipota kalean gaizki jartzen zuten langileei agirika egiten zien agure hark, oilategia plano ingeles batzuk behatu eta bere eskuez eraikitzeko nor izan zen makinari hark, erbestetik itzuli zenean zerua goian lurra behean laga zuten bihotz nekatu hark, 1953ko San Juan bezperan, umeek suak egiteko trasteak biltzen ziharduten arratsalde luze hartan, jendea San Juani kantari ari zitzaion iluntze berean, damurik gabe, zalantza izpirik gabe, etxepeko lantegian gasolina-potoa hartu eta noizbait familiakoa izandako ontziolara joan zen, bidean geldiarazi nahi zutenei aurre eginda, inori aurpegira begiratu ere egin gabe, zuzen, irmo, eta han, potoa zabaldu eta arlanpari atxikita zegoen Jontxu hegaluze-ontzia gasolinaz busti zuen, mela-mela egin gasolinaz, bai, amorrazio osoz, beharbada geratzen zitzaion indar apurra bertan xahutuz, bere atorra zuria ere gasoil orbanez betez, eta birritan pentsatu gabe lastargia izeki eta ontziko karel artera bota zuen, gerra garaian herriko jendea babesean jarri zuen ontzi hura, semeak Iparraldetik onik ekarri zituen txalupa, ontzi bati ezar dakiokeen zigorrik ankerrena, lehorrean lotzea, nozitu zuen baporea, kiskali egin zuen.

      Frantziskoren betaurreko biribiletan sugarrak islatzen zitzaizkion bitartean, halako bake lipar bat sentitzen hasi zen, luzaroan lotzen zuen kate batetik askatzen ari balitz bezala, amiñi batean bederen. Bere bihotzeko itsasontzitik ateratzen ziren su-lamei begira egon ondoren, begiak itxi eta betazalak estalirik ere sugarrak ikusten jarraitu zuen, pizten eta itzaltzen ziren argitxoak, mikroskopio batetik behatutako laranja koloreko organismo ñimiñoak ziruditenak, zizareen gisara higitzen, ezari-ezarian, txinpartok ezabatzen joan ziren arte.

      Eta etxera itzulitakoan otu zitzaion, umeek bainatzea debekatuta zutenez, behintzat ezkutaketan jolasteko ontzi-hezurdura bat izango zutela aurrerantzean, hildako balea erraldoi baten sabela, eta bertan irudikatuko zutela haurrek, esate baterako, piratak zirela Karibe itsasora bidean, Karmele zegoen itsasoaz bestaldeko lurralde urrun hartara. Eta halako kontuak asmatzen hartu zuen loak, aspaldiko partez, jabal.

 

 

111

 

— Ikerne, denboratxo batean ez dugu elkar ikusiko —gaztigatu zion Karmelek alabari Berrizko ikastetxean.

      — Lehenengo aita joan zen! Eta orain zu! Gorroto zaituztet!

      — Txomin zintzo portatu da —gogor egin zion amak—, zu baino txikiagoa izanda.

      — Utzidazu behintzat Santurtziko portura zu agurtzera joaten.

      — Ezin da...

      Hiru haurrak Euskal Herrian utzi eta Caracasera itzuli zen Karmele Urresti 1953ko bedatsean. Gerraosteko lehen egonaldian bezala, berehala aurkitu zuen erizain-lana, eta gainera Gonzalo Aranguren medikuak bizitzeko gela bat ere utzi zion bere klinikan, mediku egoiliarrentzat eraiki zuten pabilioi berrian. Hamarkada bat atzera utzitako herri epel eroso berbera izaten jarraitzen zuen Venezuelak, baina senarraren heriotzak eta, batez ere, seme-alaben hutsuneak edozein poztasun-keinu edo gogobetetze galarazten zizkion Karmeleri. Egia zen, bi neba, Josu eta Jon, bere aurretik joanak zirela Venezuelako erbestera, eta Josuk ordurako bazeramatzala hilabete batzuk petrolio konpainia batean lanean, urrun, oihanean, eta bestalde Jonek bizimodua ateratzen zuela han-hemenka lan txikiak eginez eta pentsioetan lotan, izeba Ezekielaren etxean egun batzuk egon eta gero bere bideari ekin zionetik —nonbait aiurri gogorrekoa zen izeba—; baina hala ere neba-arrebek ez zuten maiz elkar ikusten, hain zeuden lotuta bizimodu berri bat egoki hasteari.

      Gauzak horrela, Karmelek barruan zeukan hutsuneari amaiezina irizten zion, nahiz eta barru-barrutik uste zuen bere erbestea ez zela alferrikakoa, premiazkoa zela hilero-hilero etxera dirua bidali nahi bazuen; era horretan, Ikerne, Txomin eta Patxiren heziketa ordaintzeaz gain, familiako negozioaren porrotaren zuloa ixten laguntzen zuen, eta orobat gurasoek estatuarekin zituzten zigorrezko zorrak.

      Hastapeneko hilabeteetan Karmelek bere aisialdiko une laburrak nostalgiaz igarotzen zituen, seme-alabei gutunak idazten, etenik gabe, eta baita Anita ahizpari ere, senar zoliarekin zoriontsu ez bazen behingoz utz zezala eskatzen, Mexikotik alde egin eta berarengana, Caracasera, etor zedila adoretuz. Arratsalde batzuetan Caraboboko parkean paseatzera joaten zen, Txomin jaioberria zenean senarrarekin batera ibiltzen zituzten tokietara, eta sinesten zuen, hein batean, senarra oraindik bere ondoan zeukala, halako presentzia leun bat. Parkeko banku batean eserita, amesten zuen han nonbaitetik agertuko zitzaiola senarra, laguna, maitalea, eta esango ziola, ohi bezala, berandutzen ari zela, etxera bueltatu behar zutela berehala, Roof Gardenera joan behar zuelako tronpeta jotzera. Horrela, sentitzen zuen ez zegoela bakarrik, Txominekin zegoela nolabait, nahiz eta benetan bere bakardadea itzela izan, han inguruko pertsonarik bakartiena baitzen Karmele, sekula ere ez zuen-eta inorekin hitzik egiten.

      Egunerokotasuna hausten zion ezuste bakana postontzian kartaren bat jasotzea izaten zen, familiaren berri izatea. Alabaina, goiz batez, errutina bakarti hori hautsi zuena Mobil Oil konpainiatik jaso zuen deia izan zen. Gonzalo Arangurenen klinikara hots egin zioten esanez Josuk lan-istripu larria izan zuela, erredurak zituela gorputzeko atal desberdinetan, petrolio-putzu batean izandako eztanda batengatik. Zorionez, nebaren bizitza ez zegoen arriskuan, baina erreduren larritasuna zela-eta, Caracasko egoitza batera hurreratuko zuten eta erregutu zioten Karmeleri ea arduratuko zen, arreba izanik, Josuren zaintzaz eta aseguru-etxeekin eta egin beharreko izapide guztiez.

      Karmelek bere anaia lehenengo aldiz bisitatu zuenean, egiaztatu zuen eskuetan eta hanketan zituen erredurak hirugarren gradukoak zirela eta hasieran uste baino luzeagoa izango zela haren zaurialdia. Egunero joan zitzaion ospitalera geroztik, eta bisita haietan Mobil Oileko langile bat ezagutu zuen Karmelek, gizon adeitsu bat, eta hark Karmele erizaina zela jakin zuenean, berehala kontatu zion Mobil Oil konpainia petrolio-putzuetan lan egiteko mediku eta erizainen bila ari zela, gerta zitezkeen istripuetan langileak ahalik eta lasterren artatzeko.

      — Mobil Oilek hemengo edozein klinika pribatuk baino askoz hobeto ordaintzen duela ziurtatzen dizut —esan zion gizonak—. Baina ez zenuke Caracasen lan egingo, ustiapen guneetan bertan baizik. Txandak oso gogorrak izaten dira, erauzketak ezin baitira gelditu, eta medikuek eta erizainek aldioro egin behar dute guardia.

      Karmeleri aurpegia argitu zitzaion. Egiatan ez zekien oso ondo zerk erakartzen zuen gehiago, hango soldata onak edo ezertarako astirik gabe lan egin beharrak, hobeto eramateko horrela erbestearen zama.

      — Dena uzteko prest dauden erizainak aurkitzea ez da erraza izaten konpainiarentzat. Jakizu euskaldun asko daudela gurean. Fama ona duzue. Langileak eta fidagarriak zarete. Prest bazaude, zuretzat gordeko dut lanpostua.

      Karmeleri komeni zitzaion lan hura; zaila zen ezetz esatea, amerikanoekin haserretuta egon arren. Senarra kartzelan zegoenean estatubatuarrek ez zioten sostengurik eman, harrapatu zutenean haien menpeko agentea izanik ere; eta hori gutxi balitz, errezelo handia sortzen zion amerikarrek Francorekin zuten jarrerak, ematen baitzuen bat-batean munduko lagunik onenak egin zirela. Baina Karmeleri senak agintzen zion gauza guztien gainetik familiaren hobe beharraren alde egin behar zuela une hartan, eta onartu egin zuen lanpostua.

      — Ados. Oihanaren erdigunera joango naiz.

      Eta Anacon lan egiten hasiko da, Anzoategui izeneko estatu urrunean. Estatu Batuetako mediku eta teknikarientzat etxetxoak eraiki zituzten han, oholezkoak, zuri-zuriak, aurrefabrikatuak, eta haietako batean biziko da Karmele, bera bakarrik. Egunez eta gauez lan egingo du, etenik gabe, txandak bata besteari lotuz, oporrik ere hartu gabe. Ahalik eta diru gehien bildu nahi du gurasoei bidaltzeko eta, batez ere, denbora papurtu gura du, seme-alaben hutsune eskerga arintzeko.

 

 

112

 

Zirriborroz beteriko Francoren zigiluak betaurrekoetako kristaletan jarrita jauna hartzera joateagatik ezarritako zigorra bete zuenean, Ines prefektuak zuzendaritzara deitu zuen Ikerne.

      —Bueno, bueno, baina nor dugu hemen? Gure Visitación hezigaitza —esan zuen serorak aitaren eginez—. Eser zaitez, faborez.

      Ikerne aulkian eseri eta artez begiratu zion mojari. Urteetan sartuta zegoen, eta neskatoaren jarrerarekin ez zegoen nazkatuta, asper-asper eginda baino. Serorak eztarria garbitu zuen hitz egiten hasi baino lehen:

      — Ematen du ikastegi honetan ez dagoela zentzaraziko zaituen inor. Beraz, tratu bat egin beharko dugu. Zu hemendik aurrera Visitación izango zara eta, horren truke, ni ahaztu egingo naiz zure barrabaskeria guztiez. Ondo iruditzen al zaizu?

      Neska pentsakor geratu zen.

      — Baina nire izena Ikerne da, euskaraz.

      — Eta zergatik ez Visitación? Esanahi bera dute eta askoz politagoa da. I-ker-ne ahoskatu ere ezin dut egin ia. Visitación beste gauza bat da, doinu ederragoa du. Badakizu nondik datorren izena?

      — Ez, ez dakit... Akaso, amak azkenekoz egin zidan bisita laburretik? —Ikerne haserre zegoen mundu guztiarekin.

      — Ez, lotsagabea. Bisitan joan zena Ama Birjina izan zen. Isabel bere lehengusinarengana joan zen haurdun zegoela kontatzera. “Bedeinkatua zu emakume guztien artean eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua, Jesus”. Badakizu zer den hori? Izen alaia da, ederra, Visitación, Ama Birjinak Jainkoari egindako esker oneko alabantza.

      — Ados.

      — Ados, esan duzu? —Ines prefektuak eskuak zerura jaso zituen, goi-ardurari eskerrak emanez bezala—. Jainko maitea, hasi dira gauzak bere onera etortzen. Nahiz eta gurasoak deabru hutsak izan, umeak salba litezkeela uste izan dut beti.

      — Visitación Monte de Hoyos...

      — Zer?

      — Visitación Monte de Hoyos Avellanedas naizela —esan zuen neskatoak, harro.

      — Ez, txiki, Visitación Letamendi zara zu.

      — Nire izena Visitación izango bada aurrerantzean, alegia Ikerneren ordez Visitación, diot nik izango naizela Monte de Hoyos Letamendiren ordez, Avellanedas Urrestiren ordez, Collados Muruaren ordez eta, azkenik, Fuentefría Iturriotzen ordez. Ahor nire izen-abizenak!

      —Baina, baina... —serora gontzetatik saltarazita, bulegotik bota zuen Ikerne, birao bibliko batzuk jaurti eta gero.

      Handik egun batzuk barru, Ikerne eskolako patioan saskibaloian zebilela, papertxo bat jausi zitzaion uniformeko poltsikotik. Zaintzaz arduratzen zen mojak berehalaxe jaso zuen lurretik, Ikerne konturatu baino lehen. Karratuz betetako paperean, Ikernek “Ene aberri laztana” zeukan kopiatuta, itzulita hori ere, euskal kantak ere itzuli egin baitzituen, denbora-pasa. Serorak zuzendaritzara eraman zuen papera.

      — ¡¿Que los vascos tenéis hierro?!, pues yo os haré morder el polvo —bota zion prefektuak, idatzita zegoena irakurri zuenean.

      Aste Santuko oporretako azken egunean, Berrizko Mesedeetako Misiolarien eskolatik dei bat jaso zuten Antsosolon. Ikernek prest zeukan uniformea, ondo lisatua, gelako aulki batean, eta maleta ere bai, egina, ohearen kontra.

      — Ez dadila etorri —hori baino ez zioten esan Karmeni.

      Aitona-amonek Zallako irlandarren eskolara eraman zuten orduan, pentsatuz han laxoagoak izango zirela haurren hezkuntzan eta ez zutela Erregimenarekin hain lotura estua izango. Ikernek ingelesez ikasi zuen.

 

 

113

 

Berrogeita hamar urte igaro izanak ematen duen talaiatik itzuliz gero Francoren erregimena finkatzen ari zen hamarkada hartara, deigarria egingo zaigu denbora, esan nahi baita egunen joana, ikaragarri mantsotu zela sasoi hartako biztanleentzat. Garaituak izan ziren haientzat arras pisua zen egunerokotasuna, inolako ilusiorik gabekoa, eta soilik beraien bizimodua hala edo bestela aurrera ateratzea zuten helburu, horretarako duintasuna galdu behar bazuten ere maiz. Begiratu batean badirudi ez zela gauza berezirik gertatzen ari, baina sakonean mugimendu handia zegoen. Azalean ez, azalean ez baitzituzten bi aukera besterik: edo etsipena edo erbestea, erdibiderik ez.

      Disidentziak biziraun zuen esparru intimoan, hots, etxeetan, eta han, gerra galdu zuten familietan, han bai bazegoela su txiki bat piztuta, han bai egiten zuela epel, beldurrak eta ikarak erabat itzali ez bazuten. Diktaduraren erantzunaren hazia etxe barruan aldatu zen, gordean, ilunpean, urte batzuk barru berdatuko zen udaberriaren esperoan.

      Karmen eta Frantzisko irrikaz egoten ziren bilobak etxean hartzeko. Oporretan izaten zen hori, udako oporretan oroz gain, eta bilobak beraiek ere, nola ez, desiratzen egoten ziren barnetegietako egunerokotasun ilun eta goibela utzi eta Antsosolora joateko, aitona-amonengana bai, baina batez ere bestelako mundu bat aurkitzera Ondarroan, mundu mitiko bat beraien begirada gazteetan, nahiz eta aitona-amonentzat herria, askotan, kartzela handi bat baino ez izan. Gaztetxoak libre sentitzen ziren Ondarroan, libre alde batetik bestera ibiltzeko, mendira joateko, hondartzara, lagunekin jolasean aritzeko. Letamendi-Urresti neba-arrebek gustuko zuten hori, edozerekin jolasteko aukera hori, eskoletako diziplina zorrotzetik urrun.

      Amonak, oharturik bilobek gaztelaniara jotzen zutela sarritan eta euskara, erabiltzen bazuten, pobrea eta akastuna zela, erabaki zuen isun txiki bat jartzea gaztelaniaz hitz bat esaten zuenari. Amona baino bigunagoa zen arau horrekin Miren, Anita Mexikora joan zenetik Antsosolora laguntzera etorri zen neskatoa, inguruko baserri batean jaioa, Akilan hain zuzen. Horren biguna zen ezen ordaintzen ere berak laguntzen zien askotan.

      Eguraldi txarra zenean, Antsosolo barruan aitonarekin desfileak antolatzen zituzten, kanpoko leiho oholak bildu eta leihoak ondo itxita, gudariak zirela irudikatzen zuten eta kantari ibiltzen ziren bata bestearen atzetik korridorean barrena, “ikusi mendizaleak...”. Desfileak egiteko jantzi egiten ziren eta zetazko paperarekin paperezko ikurrin txikiak josten zituzten, eskulan atsegina, Gaizka osabaren laguntzaz egiten zutena, abenduko oporretako egun euritsuetan. Afalostean, arrosarioa irakurtzen zuen amonak. Justu une horretan bertan, larritasuna sartu eta Gaizkak alde egiten zuen komunera.

      Jonek begiko zuen Miren, eta elkarrekin ere egoten ziren maiz, eta gurasoek galdetzen zioten beren buruari ea lagunak baino zerbait gehiago ziren, Jon Venezuelara joan zelarik, argi geratu zena bestalde, Mirenek maiteminak jota ematen zuen-eta, garai bateko neska alaia, goibel.

      Patxi txikiak gustuko zuen Antsosolo errekan bertan lan egiten zuen otzaragilearengana joatea. “Baldomin” esaten zioten otzaragileari, izen bereko Mutrikuko baserrian jaioa baitzen. Frantziskok laga zion etxe ondoko xirripan lantegitxoa jartzen, San Juan Txurru aldean. Emakumeek lixiba egiten zuten erreka ere hantxe zegoen. Uretan beratzen uzten zituen zumeak, eta gero aizto handi baten laguntzaz xaflak ateratzen zituen, hanketan hartuta kiribildu egiten zituenak. Behin xaflak bata besteari lotutakoan, gaztaina egurrez egiten zien hegala.

      Patxik laket zuen zume bustiaren usain sarkorra. Otzaragilearen hanka biluziei begira egoten zen, luzaroan, bere ondoan jarrita, ikusiz nola egoten zen hankagorririk beharrean.

      — Zergatik begiratzen nauzu horrela? —galdetu dio Patxiri.

      — Ez dakit, iruditzen zait eskuekin eta hankekin lan eginda, halako tximino antzeko bat zarela, saki aurpegizuri bat.

      — Saki bat, zer ote da hori? Aurpegi zuria banaiz baina, hala ere...

      — Venezuelan bizi den tximino bat, amak haren argazki bat bidali zidan bere gutunetako batean. Esku luzeak ditu, zuk bezala, eta ilez beteta dago. Beltzarana da baina begibitartea zuria du.

      — Ni ez naiz sekula hemendik atera. Bizitza osoan lanean jardun dut, otzarak egiten, baina ez naiz kexatzen. Ez. Ni naiz neure nagusia, eta gauza handia da, oso jende gutxik esan dezake hori. Baina lana ez da hain astuna izaten lagunak bisitan etortzen bazaizkit. Asko itsasgizonak dira eta gauza mordoa kontatzen didate. Orduan, bidaiatu gabe ere, gauza pilo bat dakit mundu zabalari buruz. Egunero ikasten dut zer edo zer.

      — Eta gaur, zer ikasi duzu?

      — Amak zure falta handia daukala.

 

 

114

 

Karmelek nolabaiteko kontsolamendua kausitu zuen Anacoko paisaiaren edertasunean, hain desberdina zen ordura arte ezagututako guztiaren aldean, zerikusirik ez Ondarroako ibar estuarekin, ezta ere Bilbo edo Paris hirietako jende zirimolarekin. Klima atsegina zen Anacokoa, epela, sub-tropikala. Arratsaldetan sortzen zen haize finak eguneko une goxoena bihurtzen zuen eguzkia ezkutatzen zen hura, arrautza gorringoa odolusten. Orduantxe itzartzen ziren animaliak aditzen zituen Karmelek, intsektu ñimiñoetatik hasi eta ugaztun handiak arte, denak batera deiadar, marru, korrok eta ziztu egiten; urlehortarrak, hegaztiak eta herrestariak orkestra erraldoi bat eratzen denen artean, erabat harmonikoa, Anacoko gau izartsua zabaldu arte irauten zuena, ezari-ezarian notak amatatzeraino.

      Petrolio putzuetan zauritutako gaixoak zaintzen ibiltzen zen Karmele, gehienak erredurak zituztenak, bateon bat sukar tropikalarekin, beste batzuk urdaileko arazoekin. Erizaindegian egiten zuen lanari esker gaixo horietako askorekin harremanetan jarri zen, baita mediku eta sendagileekin ere, bera bezala lo-hiri berezi hartan bizi zirenak. Gutxika-gutxika, lagun taldea handituz joan zen, eta gizatalde berezi hartan barneratzen, lagun minik egin ez zuen arren.

      Esan beharrik ez da, ziurrena, lankide bat baino gehiagok Karmelerekiko erakarpena sentituko zuela, hain zen oraindik gaztea eta liraina, baina berak sekula ez zion inori utzi laguntasunaren muga zeharkatzen. Urtebetetze festetara ere, gonbidatu arren, oso gutxitan agertzen zen.

      Gizonekin, esate baterako, bazkalorduan jantokian ohi baino atseginago agertzen baldin bazen, han denek zekiten zergatik zen, eta iritsi berriei ere halaxe gaztigarazten zieten.

      — Ez ezazu itxaropenik egin. Ez dizu zuri irribarrerik egin. Seme-alaben gutuna jaso berri du eta horregatik dago kontent. Zeruko ateak zabaldu zaizkio bat-batean.

 

 

 

115

 

Antsosoloko bizimodu geldoak aztoramen handia izan zuen aitona Frantziskok istripua izan zuenean etxeko urtegia konpontzen ziharduela. Gainera erori zitzaizkion harriak, ohol zatiak eta lohia. Baldomin otzaragileak askatu zuen anabasa hartatik. Geroztik beherakada izan zuen haren osasunak. Txolintzen ere hasi zen aitona, umetuta zegoen, pijama luzea jantzi eta, lotarako txano eta guzti, teilatura igotzen zen.

      — Zer egiten duzu berriz ere hor goian?

      — Oherako ordua da.

      — Ez duzu afaldu behar?

      — Prest al dago ba?

      — Hori esatera etorri naiz.

      — Zer daukagu?

      — Berakatz zopa.

      — Berehala noa.

      Frantzisko lan egiteko moduan ez zegoenez, etxeko zamak arintzearren Karmen eskola partikularrak ematen hasi zen Antsosoloko liburutegian. Han inguruko umeak joaten ziren berarekin ikastera, otzaragilearen semea adibidez, eta baita Migel Anjel izeneko mutiko bat ere, urte batzuen buruan herriko alkate frankista bihurtuko zena.

      Ondo sentitzen zen Karmen eskolak ematen, agian benetan asetzen zuen eginkizun bakarra zen. Matematikak maite zituen, Bilbora joaten zen bakoitzean behintzat matematika liburuak erosten zituen Verdes dendan.

      Eskoletan, orria lerro batekin banatzeko agintzen zien umeei: ezkerraldean eragiketa ebatzi, eskuinaldean ebazpenaren arrazoibideak argitu. Eskolak bukatutakoan zigarro bat erretzen zuen, lasai ederrean, eta ahaztu egiten zituen une batez iraganeko eta oraineko neke guztiak.

 

 

116

 

Anitaren eta senarraren arteko harremana gero eta gaiztoagoa zen. Anitak Mexikoko jantokietan lan egiten zuen, sukaldari. Eta senarra bere kasa ibiltzen zen, nagikerian. Arratsalde batean, Anitak, aurreratuta zuen dirua hartu eta Caracasera hegan egin zuen. Ezin zuen gehiago jasan. Hantxe zeukan zain Jon neba, Karmele hiriburutik urrun bizi baitzen.

      — Banandu egin behar duzu —esan zion Jonek arduratuta—. Ez zoaz Mexikora bueltan. Onena Ondarroara itzultzea izango duzu, gurasoengana. Aita ahul dago eta zure laguntza eskertuko dute.

      Ontziratu zen eta ailegatu zen halako batean Antsosolora. Baina han, ikusirik gurasoak estutasun ekonomikoan bizi zirela, eta haientzat ere traba izan nahi ez zuenez, Joseba nebarengana aldatzera deliberatu zen, Frantziako Itsas Alpeetako departamenduan dagoen Thorenc herrira. Madamme Dutz izeneko emakume batekin bizi zen han Joseba, Montecarloko Orkestran jo izan zuen biolinista baten alargunarekin. Biriketako gaitzak asko makaldu zuen Joseba, eta honek benaz eskertu zuen arrebaren laguntza.

      “Zer egiten dute apaiz batek eta biolinista baten alargunak elkarrekin etxe berean?”, idatzi zion gutun batean Karmeleri. “Paseatu egiten dute, arteaz eta literaturaz hitz egiten dute”. Anitak bazekien, ordea, Karmelek irri egingo zuela lerro haiek irakurtzeaz batera, eta segituan gehitu zuen: “Tira, nik uste dut hauek biek...”.

      Karmeleri ondo iruditzen zitzaion harremana: “Zer esango dizut, ba, edonolakoa izanda ere bien arteko harremana, gure nebaren zoriona besterik ez zaigu axola behar guri, Dutz andereak arnasa hartzea eragozten ez dion bitartean behintzat”.

      Esan behar litzateke, agian, Josebaren eta Dutzen arteko harreman horrek antz handia zuela Thomas Mannen nobeletan edo Anton Txekhoven kontakizunetan ageri diren pertsonaiekin, inork ziur ez baitaki noraino diren platonikoak eta zenbateko elipsia egon den fisikoa ere izateko. Hain zuzen horrexegatik, Anita erne zegoen beti... azkenean deus ere ez jakiteko, noski.

      “Josebaren ametsa Venezuelara joatea da, han elkarrekin bizi gaitezen anai-arrebak”, idatzi zion Anitak Karmeleri. “Halaxe esaten dit: Anita, prest daukat dokumentazio osoa, aliatuek emandako diplomak, kondekorazioak... Baina osasunak ez dit laguntzen bidaia luze hori egin ahal dezadan”.

      Eta Karmelek honela idatzi zion Anitari, ez ironia gutxirekin: “Ez ote da izango Dutz andereak nahiago duela Alpeetako freskura Ameriketako sargoria baino?”.

 

 

117

 

Gabonetako opor batzuetan, Ikernek eta gure ama izango zenak topo egin zuten kalean. Beroki berri batez jantzita zegoen gure ama, aitonak itsasoan udako kanpaina ona egin eta gero. Hizketan jardun ondoren, agur egindakoan, amak entzun zuen nola esaten zion Karmenek Ikerneri:

      — Lasai, Ikerne, zuk ere izango duzu noizbait horrelako beroki bat.

      Jarraian gure amak ez zuen entzun amonak eta bilobak izan zuten elkarrizketa, Antsosolo bidean aienatu zirenean. Baina honen gisakoa izan zen...

      — Badakizu, Ikerne, egunero joaten naizela mezetara.

      — Bai.

      — Eta badakizu Zapatandi bikarioak Pedro Arakama izena duela.

      — Ez, hori ez nekien. Zegamakoa dela esan zenidan. Eta aitortza berarekin egiten duzula.

      — Hori da ba kontua. Hauxe esan diot: “Jauna, gaur oraindik egin ez dudan bekatu bat aitortu behar dizut”. Eta bikarioa harritu egin da: “Oraindik egin ez duzuna?, nola liteke?”.

      — Zer da, ipuin bat? —galdetu dio Ikernek amonari.

      — Ez, ez, benetan gertatu da.

      — Eta zer esan diozu orduan?

      — “Aitortu behar dizut ez duzula ondo hitz egiten gaztelaniaz sermoian, ez dituzula aditzak ondo jokatzen”.

      — Hara! Eta zer esan dizu berak?

      — Ezer ez. Zapatandi aho zabalik geratu dela ikusirik, Patxiren eskutxoari oratu eta alde egin dugu.

      Ondarroan zegoen alditan, Patxi bilobak laguntzen baitzion amonari mezetara. Gogo onez gainera. Elizaren kanpoan zeudela, munstroen irudiei begira egoten zen Patxi. Hegoaldera ematen duen fatxadan bada hegaleko ate bat, eta han, arrosa-leihoaren ezkerraldean, bada irudi izugarri bat: biluzik dagoen emakume bat irensten ari da herensugea. Patxik bere buruari galdetzen zion zergatik izan behar zuen bekatua emakume biluzi eder hura; eta pentsatzen zuen, herensugeari so, Anitaren senar ohiaren itxura zuela, bera ere izeba irensteko zorian egon zen-eta, munstro itsusi halakoa!

 

 

118

 

Zallako ikastetxean bi urtez egon eta gero, udako oporretan, bizikleta karrera batean parte hartu zuen Ikernek Ondarroan. Berak ez zuen artean bizikletarik, baina osaba Gaizkaren Bartali hura hartuta egin zuen lehia Lekeition barrena.

      Zaletasun handia zegoen garai hartan herrietan eta kaleak mukuru beteta zeuden karrera ikusteko. Aitona eta amona ere kalera atera ziren, bozkarioz, biloba korritzen ikustera.

      Eta hantxe agertu zen helmugara Ikerne, karreristen artean lehena!, mutilen Bartali batean neska bizkorra. Lasterketa besoak gora bukatu ostean, aitona-amonengana hurreratu zen. Poz-pozik zegoen aitona, puztuta, harro, bilobarekin. Baina kexati amona:

      — Nondik atera dituzu praka horiek? Ez al zegoen laburragorik?

      Biharamunean, Thorencera joan zen Ikerne, osaba Joseba eta Anita bisitatzera. Han ezagutu zuen Dutz andre misteriotsua ere. Eta handik, hegazkinez, Nizatik Londresera, Josebak ikastetxea lortu baitzuen ilobarentzat Surreyn; ostatua ere Josebaren eta Karmeleren lagun baten etxean hartuko zuen, Janine de Greefen etxean, Fernand eta Elvireren alabarenean. Haren senarra, Phil, tenientea da Britainia Handiko Armadan, eta kontatu diote elkar ezagutu zutela Comète sareak libratutako paraxutista zelako hura ere. Geltokitik etxera iritsi orduko, Ikernek jakingo du eraikinari euskal izena jarri diotela: “Txekaria”.

      — Euskarazko izena da, bai, baina ez gara gogoratzen esanahiaz —esan diote.

      Ikerne ere isilik geratu zen, artean ez baitzekien hitzak zer esan nahi duen.

 

 

119

 

Gauero bezala, lotaratzean, Frantzisko Urrestik esan zuen:

      — Arazoak konpontzera noa.

      Eta bertan geratu zen, ez zen esnatu 1955eko maiatzaren 30ean.

      Bilobak ziklista karrera irabazi zuelako, aitona zoriontsu!, horixe izan zen Ikernek oroitzapenean gorde zuen haren azken irudia.

      Karmelek Anzoategui aparteko hartan jakin zuen aitaren heriotzaren berri, erizaindegian luze eta astun lan egin ondoren posta zabaldu zuenean.

      Bakarrik egingo du negar, karta eskuan duela, oholezko etxe zuriaren atariko eskaileretan eserita. Garrasi egingo dio oihanari, barru-barrutik egingo du heiagora, eta oihuarekin ikaratuta hegan hasiko diren hegaztien zalaparta izango da jasoko duen erantzun bakarra.