Aurkibidea
Karmele Urrestiren lehen oroitzapena
LEHEN ZATIA (1927-1943)
Bosgarren Etorbideko egunerokoa
BIGARREN ZATIA (1943-1950)
HIRUGARREN ZATIA (1953-1979)
AZKENA (2010-2011)
Aurkibidea
Karmele Urrestiren lehen oroitzapena
LEHEN ZATIA (1927-1943)
Bosgarren Etorbideko egunerokoa
BIGARREN ZATIA (1943-1950)
HIRUGARREN ZATIA (1953-1979)
AZKENA (2010-2011)
Denok batera berriro
120
Garai hartako bi superpotentziek, Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak, mundu osoan nahi izan zuten eragin eta ahalegindu beraien aldera eramaten herrialde gehienak, eta horren ondorioz sortutako Gerra Hotzak nazioarteko mapa politikoa zeharo baldintzatu zuen, hainbeste ezen ez baitzen egon mundu zabalean zatiketa horretatik libratu zen naziorik. Euskal Herria ez zen salbuespena izan. “Bigarren Mundu Gerra bukatu berritan ezin zen igarri ere egin hurrengo hamarkadak, hots, 1945etik 1955era bitarteko urteek herri txikien bizitzan izango zuten eragin latza”, idatzi zuen Julio Caro Baroja antropologoak, “ez eta ere hirurogeiko hamarkadan piztuko ziren mutazio biolentoak. Euskal Herriak aldaketa hori nozitu du Europa Mendebaldeko gainontzeko herrialdeek adina, edo gehiago”.
Nahiz eta 1954an eta 1956an egindako greba orokorrak jendetsuak eta arrakastatsuak izan —Bilbon 50.000 langile atera ziren kalera eta 4.000 atxilotu izan ziren—, nazioarteko giroa Francoren gero eta aldekoagoa zela ikusirik, Jose Antonio Agirrek kulturara jo zuen berriro eta, orduan ere Manu Sotaren laguntzaz, mundu mailako kongresu bat antolatu zuen Parisen: Euskal Mundu Biltzarra.
Lehendakariaren, eta bera buru zen belaunaldi osoaren, beltxarga-kanta gisa hartzen da gaur egun bilkura hura. Izan ere, 1944az gero OSSrekin lankidetza eten ostean, diru faltarengatik erbesteko Euskal Gobernuari eutsi ezinik zegoen Agirre, eta orduan, gehien behar zuenean, Mendebaldeko estatuek bizkarra eman zioten garai batean horren estrategikoa iruditzen zitzaien estaturik gabeko estatu-gizon hari. Jose Antonio Agirreren azken urteak desengainuaren urteak dira.
Manu Sotaren patua ere pareko joan zen. Senitartekoen aburuz, bere bizitza bitan zatitzen da. Bigarren Mundu Gerra bukatu arte guztiz aktiboa izan zen Manu Sota, Euskal Delegazioan, estatubatuarrekin harremanetan, espioitza lanetan, hara eta hona, gelditzeko astirik eta paradarik gabe. Aitzitik, gerra amaitu zelarik, goitik behera aldatu zuen bizitzaren norabidea. Miarritzen bizitzen jarri zen, Etcheferdian, euskal literatur lan klasikoak aztertzen eta hiztegi erraldoi bat egiten —Diccionario Retana de Autoridades de la Lengua Vasca—, ia etxetik irten gabe. Akzio-gizona izatetik espirituala izatera igaro zen. Garaitua sentitzen zen, engainatua, gogaitua. Ondorioztatu zuen politikak baino hizkuntza zaharrak indar eta zentzu handiagoa zuela, euskaldunek bizirik iraungo zutela hizkuntzak bizirik irauten zuen bitartean, eta euskara lantzen eta babesten emango zituen bere bizitzako gainontzeko urteak.
Garai hobeen esperoan, zaratatik urrun eta liburuen artean, egunen joanari norabide espiritual eta filosofikoa emanez, bere egin zuen, urte batzuk lehenago, Nafarroa Behereko Ibarrola herriko etxe baten atarian ikusi eta bere kaierera aldatu zuen inskripzioa:
Adiskideentzat lehenic,
Heltzen denean pobreric,
Etsaier, nor gabe denic,
Dener nago zabalduric.
121
Erbeste ekonomikoa jasaten duten ama guztien antzera, Karmelek amesten zuen Anacoko erretiroan bere seme-alabekin berriro elkartu eta familia berrosatzea, oraingo honetan, Caracasen. Hutsetik hastea bezalakoa izango zen berarentzat. Lan on bat izan bazuen, eta bera arduratuko zen seme-alaben hezkuntzaz. 1957ko Gabonak bakardade osoan igaro ondoren, Mobil Oilen lekualdaketa eskaria egin zuen, Caracasko egoitzan beretzat tokirik ba ote zegoen, eta baiezkoa jaso zuenean, astirik galdu gabe, Ikerne eta Txomin seme-alabei eskutitz bana idatzi zien, esanez bukatu zela eskola eta barnetegien garaia, eta elkarrekin bizi behar zutela Venezuelan.
Karmelek kalkuluak eta aurreikuspenak eginak zituen. Pentsatu zuen, Mobil Oileko lekualdaketa uste baino gehiago atzeratuz gero, onena izango zela seme-alabak Caracasera iritsitakoan Jonen etxera joatea, beraien osabaren etxera, urteak baitzeramatzan nebak hirian bizitzen eta, maiteminez, Miren ere berarengana bildu baitzen, Anita Antsosolora lan egitera joandakoan etorritako neskato hura.
Jonek ez zuen sosik La Guairako kaira ailegatu zen egunean, bidaia txartelean xahutua zuen dena; eta beraz, portutik hiribururako bidea oinez egin behar izan zuen, errepidetik, maleta aldean zeramala, kamioilari bat gizonaz errukitu eta jaso zuen arte. Venezuelako hainbat lekutan bizi izan ondoren, lan batetik bestera, azkenean lortu zuen Caracasen finkatzea. Eta hiriburuan zegoela, espero gabeko bisita bat izan zuen; Miren zen, abisatu gabe ozeanoa zeharkatu zuena —hark ere zeukan diru urria gastaturik—, pentsatuz Jonek estimatuko zuela berak egindako maitasun-keinu ikaragarria. Nahiz eta Miren zalantzati egon, gizon lirain eta prestua izaki Joni ez baitzitzaion ezkongairik faltako Caracasko euskaldunen eta ez euskaldunen artean, ondo atera zitzaion hartutako arriskua; berebiziko sorpresa izan zen Jonentzat eta elkarrekin egin zuten bidean aurrera, tartean bi seme jaiota.
Ilusioak eta pazientziarik ezak markatutako itxaronaldi luzearen ondoren, Caracasera iritsi zen Ikerne, eta osaba Jon eta izeba Mirenek etxean hartu zuten, Karmele Anacotik itzuli bitartean; eta gero, Chacaitora bizitzera joan ziren ama-alabak, hiriaren erdigunera, Anclemi deitzen zen eraikin batera.
Caracasen Ikernerekin berriz topo egin zuen goiz hura bizi osoan izango zuen gomutan Karmelek: nola besarkatu zuen alaba bere indar guztiarekin, nola nahastu ziren emozioaren urduria eta pozaren handia, nolakoak izan ziren ezustekoa eta barreak konturatu zirenean Ikerne ama baino zertxobait altuagoa zela.
— Jainkoarren, emakume bat eginda zaude-eta!
— Hemezortzi urte ditut...
— Baina zu beti izango zara nire alabatxoa.
— Zurea bezalako soineko moderno bat behar nuke...
— Utzi begiratzen! Argazkietan baino askoz politagoa zara!
Liluratuta zegoen Ikernerekin, eta bata bestearengandik bananduta igaro bazuten ere bost urtez, alabak transmititzen zuen energia baikor hark, edertasunak eta bozkarioak, erabat asebete zuten. Bai, orain bai, bizitza osoa zuten aurrean, bizitza zoragarria, eta inork ez zien galaraziko hura bete-betean bizitzea.
1958. urte hartan bertan, ama-alabak berriz elkartu eta pare bat hilabete geroago iritsi zen Txomin Letamendi Urresti ere, bigarren hezkuntza bukatu berritan Venezuelara abiatu baitzen itsasontziz egindako ostera ia amaigabean.
122
Konturatu ere egin gabe, Karmele, Ikerne eta Txomin ohitu egin ziren atzerriko herrialde hartan zuten elkarbizitzara, beraien arteko banantzea gau luze bat besterik izan ez balitz bezala. Eta lantzean behin hirurak elkarri begira geratzen ziren arren, pentsatuz bezala “ze arraroa den hau!, eta ze ederra aldi berean!”, Caracasko eguneroko bizitzako trenean sartu ziren eta ezinbestean aurrera eraman zituen hirian barrena.
Euskal Etxean itzal handia zuen Karmele Urrestik, begirune bereziz tratatzen zuten, denek zekiten-eta Txomin Letamendiren alarguna zela, Venezuelako erosotasunak laga zituztela Francoren aurka borrokatzen segitzeko; hildako senarraren argazki bat ere jarria zuten hango saloian, omenduz horrela borroka antifrankistan eta Euskal Herriaren alde egindako ahalegina.
Gainontzeko euskaldunak bezala, maiz joaten ziren Euskal Etxera, igandero behintzat bai, izan ere erbesteratuentzat hura zen aisialdirako zuten elkargune ia bakarra; baina Karmele ez zuen betetzen giro hark, ematen zuen-eta etengabe atzean utzitako bizitzari begira zeudela, itzultzea amesten eta egunean bizi gabe. Egurats hertsia begitantzen zitzaion hangoa Karmeleri. Eraginik izango zuen horretan Jesus Galindez euskal agentea New Yorken bahitu eta hiltzeak ere, CIAren oniritziarekin gainera, izu-laborria zabaldu baitzen ondorioz euskal diasporan, babesgabe sentitzen ziren, kaltebera. Caracasen euskaldunek euskaldunekin izaten zituzten harreman estuenak, eta urteak igaro ahala fosildua zirudien denak, galdutako paradisuaren nostalgiak estaltzen zuen atmosfera, halako irrits ezin ase batek. Eta Karmelek nahiago zuen aurrera begira ibili.
Seme-alabek, ordea, lagunekin elkartzeko eta ondo pasatzeko toki bat legez ikusten zuten Euskal Etxea. Antolatzen ziren ekintzetan parte hartzen zuten, zirela euskal dantza saioak, zirela pilota partidak, dena delakoa. Ikerne, bestalde, lanean ere hasia zen, idazkari gisa Mobil Oil konpainian, eta soldatak ematen duen konfiantzarekin batera hasi zen bizitzen gaztaroko urte zoroak, non gauza guztien gainetik agintzen duen maitasunak.
123
Caracasen bertan, baina Euskal Etxeko girotik aparte, Karmelek adiskidantza sakondu zuen Txominen ezkutuko taldean ibili zen gizonezko batekin, Andima Ibinagabeitiarekin. Ihes egin eta erbesteratu zenez geroztik, itzultzaile lanetan murgilduta zegoen, kulturgintza suspertu nahian; ordu luzeak ematen zituen latinezko klasikoak euskarara ekartzen: Virgilio, Katulo, Ovidio.
Andimak bazuen damu bat Karmeleri aitortzeko:
— Ez genuen Txomin Bartzelonara bidali behar. Erabaki inozoa eta egoista izan zen gure partetik. Nahikoa egina zuen ordurako. Ez dakit, haren kide gisa, nolako ardura har dezakedan haren heriotzan, baina jakizu, Karmele, barru-barrutik sentitzen dudala.
— Ez zen zuen errua izan. Zeurea ez behintzat. Badakizu nolakoa zen Txomin: errebeldea, inkonformista. Ezin zuen beste alde batera begiratu. Horrelakoxea zen, eta kito. Ezin zuen bizi diktadurak berarekin zerikusirik izango ez balu bezala, lasai ederrean, mugitu gabe. Bizitzak aukera onak eman zizkion, Canarok Parisen, gero hemen Sangroniz ziztrin hark... Bazenekien, ezta?, erosi egin nahi izan zuela. Tira, aukera onak izan zituen, baina Txominek zirt edo zart egiteko gogoa zeukan. Musikari bat besterik ez zen, baina musikari engaiatua.
— Txominen heriotza kolpe oso latza izan zen guretzat guztiontzat, horixe bakarrik esan nahi nizun. Jabetzen naiz kontsolamendu eskasa dela zuretzat, baina galera ikaragarria izan zen benetan.
— Badakit, Andima. Baina Txominentzat garaiz egindako atzera-egitea sekula ez zen garaipena. Toki guztietan daude horrelako pertsonak, bizitza osoan borrokatzen direnak. Eta normalean beraien bizitza ez da luzea izaten. Bartzelonan izango ez balitz, Madrilen harrapatuko zuten, edo bestela beste edonon. Ezin zion grinari eutsi.
Lehendabiziko enkontru haren ondoren, Karmelek lagun fidel eta handia ikusi zuen Andimarengan, Euskal Etxetik apur bat aldentzen zuen gizon kultua eta geldigaitza. Ibinagabeitia ilobekin bizi zen Caracasen, baina batzuetan ematen zuen Karmeleren familiako kidea zela; beraiekin batera joaten zen hondartzara, meriendak egiten zituzten harrizko bankuetan eserita, Karmelek gustura igarotzen zituen orduak politikaz eta kulturaz hizketan, isilpeko solasaldiak ere bai ez kontatzeko modukoei buruz. Egiazko lagun bat bihurtu zen Andima, eta osaba antzeko bat seme-alabentzat.
Andimak Ikerne ingelesez hitz egiten entzun zuen estreinako aldian harrituta geratu zen neskaren hizkerarekin eta ahoskatze mailarekin. Hiriburuko terraza batean Karmele, Andima, Txomin eta Ikerne afaltzen ari zirela, lanetik ezaguna zuen estatubatuar batekin ingelesez mintzatzen hasi zen Ikerne, naturaltasun osoz, hainbat ezen bere mahaikideak txundituta laga baitzituen.
— Non ikasi duzu horrela berba egiten? —galdetu zion Andimak.
— Ingalaterran. Nire bizitzako urterik onena izan zen.
— Aristokratek bezala egiten duzu.
— Zoragarriak ziren beren etxean hartu nindutenak. Ingeles peto-petoa zen Phil, lord bat zirudien. Kontatzen zituen gauzen arabera, bazirudien Londres osoak ezagutzen zuela. Pentsa, Churchillen alaba ere haren adiskidea zen, Sara Churchill...
— Oso ondo portatu dira gurekin —esan zuen Karmelek.
— Askotan gogoratzen ziren zurekin, ama. Eta zer esanik ez osaba Josebarekin...
— Abade klandestinoa!
— Sussexko etxeari ere euskarazko izena ipini zioten!, Angelun bizitako urteak gogoan.
— Zein izen? —Andimari jakinmina piztu zitzaion.
— “Txekaria”. Baina ez zekiten zer esan nahi duen...
— Eta zer esan zenien zuk?
— Ni isilik, nik ere ez nekien-eta!, zer nahi duzu egitea. Bururatu zitzaidan agian “Txekaria” horretako txe hori “etxe” hitzetik etorriko zela. Auskalo...
— Iparraldean erabiltzen den “xerka” aditzetik dator ziur aski. “Txekaria”, beraz, izango litzateke “xerkaria”, bila ari dena, “the seeker” ingelesez.
— Guri ondo datorkigu izen hori —esan zuen Karmelek—. Bizitza osoa bide berriak bilatzen, mundu berri baten xerka.
124
Lehendakariak, noizbehinka, Gobernuak Parisen zuen egoitza utzi eta bidaiak egiten zituen euskal presentzia nabaria zen herrialdeetara, Latinoamerika aldera gehienetan; eta lehenago urte batzuetan izan zuen baikortasuna jadanik erkideen artean zabaldu ezin bazuen ere, 50eko hamarkadaren bigarren erdialdean bere betebeharra izaten zen, alde batetik, iraunkortasunaren garrantziaz ohartaraztea eta, bestetik, Gobernuari eusteko behar zuen diru bilketak egitea.
Caracasen egona zen 1957an, Euskal Etxeak hamabost urte betetzen zituela ospatzearren, eta 1959ko martxoaren 28an atzera itzuli zen Venezuelako hiriburura, Aberri Egunaren bezperan.
Biharamunean, Euskal Etxeko lorategian meza entzun eta gero, hitzaldia egin zuen Lehendakariak, beti bezain kementsu, beti bezain argi, nahiz eta bertaratu zirenei agian iruditu errepikatu egiten zela ideietan, agindutako egoera berria asko atzeratzen ari zela, halabeharrez. Lehendakariari entzun ostean zelaian geratu ziren bildutakoak, elkar agurtu eta solas egiteko.
Une hartakoa da argazkia, oso gertutik egina. Lau lagun ikusiko dituzu irudian, Karmele Urresti eta hiru gizonezko: Jose Antonio Agirre, Santiago Aznar kontseilaria eta Lucio Aretxabaleta, Gobernuaren Venezuelako ordezkaria. Karmele zuriz jantzita dago, mahukarik gabeko soineko batekin, bitxi-orratz bat paparrean, eguzkitako betaurreko beltzak, arras dotore eta modako. Apur bat nekatuta antzematen zaio Lehendakariari, bera da berbetan ari dena. Serioski begiratzen dio Karmelek, ezpainak estu, irribarrerik gabe. Bien arteko hitz trukea azalekoa izan da, elkarri dena esanda edukiko balute bezala, dena jakingo balute bezala batek besteari buruz. Lau lagunetatik inork ez du Letamendi aipatu, baina denak gogoratu dira Letamendirekin.
Bazkalostean Karmele Lehendakariarengana hurbildu da, Txomin eta Ikerne seme-alabak aurkeztu nahi dizkio-eta. Bozkarioz daude gazteak, ez dakite Karmelek dakiena, zelako estutasunak igaro zituen aita kartzelan eta hilzorian zegoenean, zenbat gutun idatzi zizkion laguntza eske. Seme-alabek ez dituzte zauri horiek, garbi dute bihotza.
Agirre beti da arretatsua. Lanari buruz itaun egin dio Ikerneri eta ikasketei buruz Txomini. Baina Ikernek badu zerbait gehiago, eta ezin dio eutsi esateko gogoari.
— Lehendakari jauna, ezkondu egingo naiz udazkenean.
— Hara!, berri ona da hori. Nongoa duzu zorioneko senargaia?
— Bilbotarra, baina hemen bizi da aspalditik. Rober Diaz Mata, Txapartegi. Gerra Zibilean Habana ontzian alde egin behar izan zuen umeetako bat.
— Ondo gogoan dut une lazgarri hura —esan dio Lehendakariak—, ez ditut une lazgarriak sekula ahazten. Pozten naiz orain zoriontasuna aurkitu duelako neska jator batekin.
— Eskerrik asko, jauna. Ilusio handiz gaude. Euskal Herritik etorriko dira nire neba txikia Patxi eta Ondarroako amona. Egun berezia izango da.
— Zure bataio egunean izan nintzen, baina tamalez ezin izango dut zure ezteietara etorri...
— Oso atsegina zara.
Txominek aldiz, Ikerne baino lotsatiagoa izaki, hitz gutxi trukatu zituen Lehendakariarekin, baina miresmenez begiratzen zion, haren mugimendu guztiei adi. Agirrerekin berbetan jardun zuten ia guztiei ere galdetu zien haiei zer esan zien; eta halaxe kontatu zion, adibidez, Lehendakaria Euskal Etxera gidatu zuen guardiak, motorbizikletaz aurretik joan ohi diren horietako batek:
— Zuen lehendakari hori munduko azken puntaraino berarekin joateko modukoa da.
— Zergatik ba?
— Bere bila iritsi garenean, bakoitzari galdetu digu gure izena eta zer moduz dagoen gure familia. Inoiz ez du halakorik egin ezein politikarik.
— Adeitsua da, bai, asko maite dute denek.
— Baina harrigarriena izan da, gero autotik jaitsi denean eskerrik asko esanez agur egin digula, betiko bere guardia bagina bezala.
— Beharbada hori da zuregandik espero duena, betiko akorda zaitezen.
Lucio Aretxabaletak alde egin zuelarik Jose Antonio Agirre une batez jantokian bakarrik utzita, horman zintzilik zegoen Txomin Letamendiren argazkiari begira geratu zen, pentsakor. Eta zigarroa amatatu eta hasperen egin zuen, adoreak huts egin balio bezala. Eta bakartu egin zen. Eta pentsatu zuen noraezean dabilen itsasontzi baten buru zela beharbada, Alsina izeneko ontzi haren gisakoa, zeina 1941. urtearen hastapenean norarik gabe egon baitzen 441 egunez, eta hantxe zihoazen bere arreba Maria Teresa Agirre, eta Telesforo Monzon adiskide eta kontseilaria, eta Lucio Aretxabaleta bera, eta baita Niceto Alcala Zamora zaharkitua ere, Espainiako Errepublikako lehen presidentea izan zena. Eta ontzi hark tira-bira biziak izan zituen moduan, halaxe Alderdiak ere, gauzak aldatzen ari baitziren Alderdiaren barruan. Belaunaldi berriek beste era bateko politika aldarrikatzen zuten, lema-kolpe bat euskal politikagintzaren norabidean. EAJtik zetozen gazte batzuek ETA sortu zuten 1958ko abenduan; eta tartean zen Julen Madariaga Agirre ere, Maria Teresaren iloba, umetxo bat zelarik Alsina ontzi hartan erbesteratutakoa.
Garai berri bat hastear zegoen euskal nazionalismoaren historian.
125
1959ko uztailaren 13an, Ikerneren urtebetetze egunean hain zuzen, amona Karmen hil egin zen Ondarroan. Ezin izan zuen bere azken ametsa bete, Ikerneren ezkontzara joatea, alegia.
Beste askotan bezala, uztaileko arratsalde hartan ere elizan sartu zen Patxi bilobarekin, baina han ondoeza sentitu zuenez, atera egin behar izan zuten presaka, eta elizapeko plazatxoan zegoen tabako-denda batera eraman zuten, gela itsu batean etzanarazteko. Hantxe bertan, Patxiren esku txikiari helduta, utzi zion arnasa hartzeari.
Ilundu zenean, Gaizka semeak eta haren lagun batzuek Karmenen gorpua eserleku luze batean jarri eta tabako-dendatik Antsosolora garraiatu zuten.
Ezbeharrak, hala ere, ez ziren hor bukatu. Handik gutxira Joseba Urresti hil baitzen Alpeetan zuen txokoan.
Antsosolo ezagutu nahi izan zuen Madamme Dutzek, eta han hiru hilabetez bizitzen egon zen, dolua pasatzen. Ordurako, urrestitarren familia zabaletik, Gaizka baino ez zen geratzen Ondarroan.
Azkenean, Venezuelara joandako hiru seme-alaben artean ezinegon eta zalantza handienekin lehorreratu zena Patxi izan zen, hiruretan gazteena. Egiatan, Patxik ia ez zuen gomutan hartzen ama nolakoa zen —zazpi urte baino ez zituen Karmele Ameriketara joan zenean—, eta bere aurpegiaz gogoratzen bazen, Antsosolon zeukaten argazki bati esker zen. Semearen nahasmenaz berehala jabeturik, Karmele geldo hurreratu zitzaion eta, luzaroan elkarrengandik aldenduta egon ez balira bezala, txantxetan hasi zitzaion:
— Zer, Patxi, hau Ondarroako Kale Handia baino pixka bat handiagoa da, ezta?
Ahaztuta zeukan amaren ahots sendoa bat-batean entzuteak barrenak mugiarazi zizkion mutilari. Karmelek amultsu besarkatu zuen eta Patxik utzi egin zion; begiak itxi besterik ez zuen egin, amari zerion lurrin lasaia usaintzen zuen bitartean.
Egun hartan Patxik ez zuen negarrik egin. Karmelek bai ordea.