Elkarrekin esnatzeko ordua
Elkarrekin esnatzeko ordua
2016, nobela
344 orrialde
978-84-92468-92-8
Azaleko irudia: Antonio Gezala, Ate birakaria 1927 (zatia)
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2021, nobela
2019, poesia
2012, nobela
2001, poesia
 

 

Parisko irudiak

 

 

11

 

Bigarren Mundu Gerraren preludioa izan zen Espainiako Gerra Zibila, haren aurrekaria izan baitzen eta bazetorren gerra handirako saiakuntzak egiteko balio izan baitzuen. Gernikako bonbardaketak, esate baterako, lotura ugari ditu Bigarren Mundu Gerran erabateko protagonista izan ziren pertsonaiekin. Gernikako bonbardaketa, azken aldiko ikerketei kasu eginez gero, Varsoviako setioaren entsegua izan zen. Carpet bombing eta Shuttle bombing tekniken bitartez, eta hegazkinekin, lehenik eta behin biztanleria toki baten bildu eta ondoren hura bortizki bonbardatuz, Gernikaren gainera 31 eta 41 tona inguru bonba bota zituzten alemanek. Erabat kiskalita geratu zen hiria, eraikinen %1 bakarrik geratu zen onik.

      Baina are larriagoa da, opari bat baino ez zela izan Gernikako bonbardaketa. Göringek Hitlerri egindako urtebetetze oparia. Hitlerrek apirilaren 20an beteko zituen urteak eta Göringek dena filmatua nahi zuen Hitlerri bere berrogeita zazpigarren urtebetetzean erakusteko. Filmean argi eta garbi geratuko zen zeinen indartsua eta geldiezina zen Luftwaffearen indarra. Wolfram von Richthofenen arduran geratu zen bonbardaketaren antolakuntza eta grabazioa. Ekintza Condor legioak egingo zuen Hugo Sperrle jenerala buru zela. Halako oparia eta gero, Göringek ez zuen zalantzarik Hitlerrek Defentsa ministro izendatuko zuela, ez zuela lehiakiderik izango horretarako.

      Göring ez zen suerteko izan ordea. Hilaren 15erako edo pentsatua zuten Gernikako bonbardaketa, baina baliabideak ez ziren garaiz iritsi eta atzeratu egin zen apirilaren 26ra arte. Azkenean, urtebetetze oparia astebeteko atzerapenarekin iritsi zen Berlinera. Hitlerrek gustura hartu zuen oparia, baina ez zion berandutzea barkatu. Göringen asmoak ez ziren bete, Fürherrak ez baitzuen Defentsa ministro izendatu.

      Hitlerrek bazuen hautagai hobe bat: Hitler bera.

 

 

12

 

Nola bihurtu zen Bilboko Orkestrako musikari bat gudarien batailoi bateko buru? Txomin Letamendik ez zuen heziketa militarrik, ezta gutxiago ere. Musikari profesionala zen, Bilboko gauetara zegoen ohitua, inprobisazio eta askatasun une haietara, baina ez kuarteletako diziplinara. Nolanahi dela, gerra hasi zenean gizon heldua zen, hogeita hamabost urte zituen, eta mendizalea zen gaztetatik. Ederki ezagutzen zituen Bilbo inguruko bazterrak eta nor zen Markinako frontera mendiz mendi joateko.

      Militar buruak idazleak eta musikariak zituen armada berezi hartan, Letamendi kapitain gisa aritu zen Azkatuta konpainian eta, ondoren, komandante karguz Ariztimuño batailoian, ia seiehun lagun bere kargura. Batailoiak Jose Ariztimuño Aitzolen izena zuen, gerra hasieran fusilatuta hil zuten apaiz eta idazlearena. Metrailadore itzel batekin mugitzen ziren lubaki batetik bestera, eta jakin dut Arrasaten, Gasteizen, Otxandion eta Intxortan borrokatu zirela, besteak beste. Bilboko setioan, hiriko babes antiaereo eskasa ere beraien metrailadore horrekin moldatu behar izan zuten, Artxandako bizkarrean.

      Umetan, Txomin, Castaños auzotik funikularrean igotzen zen Artxandara. Aisialdi tokirik atseginena zenez Bilbon, jendez betetzen zen igandeetan, dibertimendurako guneak zeuden, jatetxeak, paseatzeko bidezidorrak. Han gainetik hiri osoa ikusten da, fabrikak, zubiak, Nerbioi ibaiaren zanbuluak, itsasoratzen den arte. Eta hantxe, Artxanda bertan izan zen gerrako erasoaldi ankerrenetako bat.

      Garaiko testigantza idatzietatik atera dut, oso fidakorra zela Letamendi komandantea, ez zuela bururik makurtzen lubakian zegoenean eta, halaber, Bilbo erortzear zegoela, murru batera igota azken defentsa egitera mendian gora zihoazen gudariei agurra egin ziela bere Conn tronpetarekin. Agur jaunak jo zuen.

 

 

13

 

Gerrak nahasmena, isiltasuna eta iluntasuna dakartza berarekin. Xehetasunak ez dira zehatzak izaten, detaile ugari ezabatu egiten dira —galtzaileenak are gehiago—, eta beste anitz moldatu, hanpatu; horregatik gaitz da jakitea nola ihes egin zuen Bilbotik Txomin Letamendik.

      Badirudi, Bilbon zer eginik ez zegoela jakinarazi ziotenean, ontziz joan zela Baionara. Baliteke, Sota familiaren Goizeko Izarra laketontzian irtetea Santurtziko kaitik, txalupa hark Bilbotik errefuxiatuak ateratzeko egin zuen azken ahaleginetako batean. Ehun eta hogeita hamaika heldu eta ehun eta hogeita hamaika haur zihoazen ontziaren azken bidaian. Horien artean, Antonio Gezala margolariaren alabak.

      Era batera edo bestera ihes egin, bere izena berriz agertzen da Baionako portuan egin zioten osasun agiri batean. Txartel horren arabera, ekainaren 17an iritsi zen portura. Baina ez hori bakarrik, agiri horren atzealdean, arkatzez idatzita, gauza bitxi bat dator. Helbide bat:

 

            Madamme Tejada,

            266 Saint Honorée kalea,

            Paris.

 

      Tamalez, ez dut Tejadaren arrastorik topatu.

 

 

14

 

Txomin Letamendik berehala bideratu zuen bizimodua Parisen. Pako Zamakonarekin, bera bezala erbesteratua zegoen adiskidearekin batera, 26 Boulevard Saint-Denisko estudio batean hartu zuen bizilekua, eta ogibidea ere laster lortu zuen tronpetari gisa. Francisco Canaro, Uruguain jaiotako argentinarrak bazuen tango orkestra entzutetsu bat eta hara aurkeztu zen probak egitera. Onartu egin zuten eta Ambassador hotelean eta Olympian jotzen zuen. Bizikletan mugitzen zen hiriko etorbideetan barrena.

      Manu Sotak eta biek Bilbotik ihes egin ostean, Parisen elkar ikusi zuten estreinakoz. Manu itzuli berria zen euskal futbol selekzioak Europan zehar egindako biratik eta afaltzeko geratu ziren Manu eta biak futbolariekin, Anjel Zubietarekin eta enparauekin.

      Sobietar Batasunean erositako liburu bitxi bat atera du Sotak mahai gainera. Eugene Gordonen Pancakes and Caviar. The Food Industry in the USSR.

      Manu, mokofina zara gero! —bota dio Txominek—. Kabiarrari buruzko liburu bat izan da Errusia osoan aurkitu duzun bakarra?

      — Arrazoi duzu. Patrikak zulatuta ditut, baina klasea ez da sekula galtzen. Zer nahi duzu?, ingelesezko liburu gutxi zegoen han.

      — Kontatu egizkidazu Moskuko gezur batzuk. Ez da egia izango egunkarietan agertu zena, hegazkin baten barruan hartu zenutela lurra?

      — Halaxe da. Eta estadio osoa ukabila altxatuta zegoen gure zain. Hau beldurra!, jakin izan balute noren semea naizen zintzurra moztuko lidakete...

      Txomin topa egitera altxatu da.

      — Bilboko Athleticek izan duen presidenterik onenaren alde! Gora Manu Sota!

      — Ez nazazu jendaurrean lotsarazi.

      — Zergatik Athleticeko presidente onena?—galdetu du Zubietak.

      — Nori otuko zitzaion bestela dirua aurreztearren entrenatzailerik gabe jokatzea!

      — Nola liteke hori?

      — Pentsatu baitzuen jokalariak gauza zirela entrenatzailerik gabe jokatzeko. Eta halaxe aritu ziren, libre, era asanblearioan.

      — Tira, badakizue, beti izan dut arima anarkikoa —onartu zuen Manuk.

      — Ai, gure Bakunin, a ze iraultza zurea!, bigarren mailara jaistear egon ginen!

      — Txomin, jo ezazu zerbait. Hitz egiten zolia zara, baina goxoagoa tronpeta ahoan duzula.

      Goiz albak L’Étoile plazan harrapatu zituen Txomin eta Manu. Paperak aldatuta, Txomin kantari eta Manu tronpetari alferrik putz egiten.

 

 

15

 

Manu Sota zen Eresoinka ikuskizunaren arduraduna, Agirre lehendakariak hala aginduta. Manuk berak urte batzuk geroago aitortu zuenez, “ez zegoen Agirreri ezetz esaterik”, hain zuen karisma berezia; eta lehenago euskal futbol selekzioaren Europako biraz arduratu zen bezala —eta lortutako arrakastaren ondorioz— bere gain hartu zituen enbaxada kulturala osatzeko eta garatzeko lanak.

      Eresoinkaren antolakuntzan nabarmena da Manu Sotaren ukitua. Haren desira zen saioak ahalik eta itzal handiena izan zezala. Azken batean, ez zen soilik kalitatezko kultura emanaldi bat, hori ere bai, baina helburu behinena Franco burutzen ari zen eskubide urraketa munduaren aurrean azaltzea zen. Propaganda kulturala zabaltzea zen beraien eginbeharra. Medioetan ikusgarritasuna lortzeko Manuk bazuen inoiz huts egiten ez zuen metodoa: berak eskuz sinatutako gutunen bitartez bazkaltzera gonbidatzen zituen politikari, kazetari eta musika-kritikariak.

      Halaxe egin zuen Parisen ere. Opera ondoko euskal jatetxe batean gonbidatuei egitasmoaren nondik norakoak azaldu zizkien eta aurrerapen labur bat eskaini. Detailerik txikiena ere zainduta zegoen. Juan Aranoa margolariaren pintura batek apaintzen zuen jangela, menua era artistiko eta irudimentsu batean aurkeztuta zetorren, Sotaren hitzaldia sendoa izan zen. Eta, nola ez, platerak: barazkiak, arraina, okela eta postreak. Chistera jatetxera gonbidatutakoek pentsatuko zuten, han dastatutakoak bezain onak baziren Eresoinkaren saioak, kontua ez zela batere txantxetakoa.

      Montmartreko Sainte Genevieve elizan egindako entsegu nekagarrien ostean, estreinaldiko eguna iritsi zen. Sotak espero bezala, Eresoinkaren emanaldia arrakastatsua izan zen —nahiz afinazio arazoak egon, partaideen gutun batzuetan ageri denez—. Erreportaje zabalak eta kritika bikainak argitaratu zituzten Frantziako egunkari muntazkoenek. Harrera horren eraginez, 1938an Belgika, Holanda eta Londresko aretoetan izan zen Eresoinka, eta halaber, Parisen bertan berriz ere, era iraunkor batean, 1939ko udazkenean, Bigarren Mundu Gerraren hastapenarekin taldea desegin zen arte.

      Ikuskizunaren burua Manu Sota zen eta arte zuzendaria Antonio Gezala margolaria, Sota eta Letamendi baino hamar urte pasa zaharragoa. Aita aberatsa zenez, Gezala ez zen margolaritzatik bizi, ez zuen koadroak pintatzea ogibide, eta horrek, zalantzarik gabe, askatasun handia eman zion sortzeko. Artista ez zegoen erosleen gustuen mende; libre izan ahal zen sormenari dagokionez, bere gurari, gustu eta intuizioei bide emateko. Hargatik izango da garai hartako pintore pertsonalena eta aurrerazaleena. Askotariko artista izan zen, margolanez gain, afixak, karikaturak, ex-librisak eta altzariak diseinatu zituen-eta.

      Lehen emaztea hil arte koadro estatikoak margotzen zituen, baina hainbeste maite zuen emakume hura galtzeak barruak mugiarazi zizkion, eta senitartekoen erretratu domestikoak egiteari utzi eta kalera atera zen margotzera, mugimenduaren bila, bere bihotza ere halaxe mugitua baitzegoen. Ez zen joan, hala ere, mendialdera ohituraz jantzitako baserritarren bila edo itsasaldeko giro txiro eta ainubeak jasotzera, ustez behin galdutako purutasun haren xerka, aurreko margolari eta orobat belaunaldi kide zituen batzuk usu egiten zuten legez; Gezalak hiria hartu baitzuen gai nagusitzat, sasoi hartako gazteriaren iritziekin bat eginez bestalde, zeintzuk uste baitzuten euskal kulturaren benetako pizkundea hirietatik etorriko zela.

      Hiriko eszenak margotu zituen, egoera bizi eta mugimenduz beteak, dela emakume bat auto gorri batetik jaisten, dela zamaontzi bat moilan garabiaren alboan. Areatzako tranbien talka izeneko mihisean istripu bat irudikatu zuen hiriaren bihotzean 1922an; tranbien burdina okertuak, ardo upelak lokarrietatik aske, automobilak bihurgunea hartzen eta, halaber, tabernen iragarkiak, klaxonen zarata eta kaioak hegaz, ihesi. Paris Bilbora ekarria, koloreak, mugimendua, azantza.

      Izan bada beste detaile bat, margotzeko bere era berezia bihurtu zuena: Gezala liluratuta geratu zen Sonia Delaunay margolari ukrainarrak 1919an Bilbon egin zuen bakarkako erakusketarekin. Bere bigarren bakarkako erakustaldia zen hura, hiru urte lehenago Stockholmen atondutakoa eta gero, nahiz eta kontu honekin nahasmen pixka bat baden, iturri batzuen arabera senarraren lanak ere bazeudelako Bilbon ikusgai. Eta tamalez, luzaroan, kritikarientzat Robert zen margolaria, eta Sonia “dekoratzailea”. Ez, ordea, Antonio Gezalarentzat.

 

 

16

 

Gezalak diseinatu zuen Eresoinkako ikurra, haritz hosto bat bi ezkurrekin, eta baita kaleko hormetan jartzeko kartel iragarlea ere. Baina ez hori bakarrik, berak asmatu zituen, Sotarekin batera, dekoratu ia gehienak. Ikusgarriena, agian, Pleyel aretoko agertokirako margotu zuen gramofono erraldoia izan zen. Eszenaren atzealdean zegoen gramofonoaren ahotik agertzen ziren dantzariak taulara, musika notak balira bezala, ikusleen harridurarako.

      Eresoinkaren lanak eta jardunak jasoz, bi olio-pintura handi margotu zituen Gezalak Parisen. Eresoinka 8.45 eta Eresoinka 20.45 izena dute. Lehenak, estreinaldi eguneko goiza jasotzen du, goizeko bederatziak laurden gutxitan nola muntatzen ari diren agertokia. Bigarrenaren motiboa saioa bera da. Baina margolariak ez du hartzen ikuslearen ikuspegia; horren ordez, antzeztokiaren atzealdean gertatzen ari dena erakusten digu, normalean ikusgai ez dagoen hori. Margo bietan agertzen da Txomin Letamendi. Lehenengoan, muntaketa lanetan dabil goiz partean, alkandora gorriz eta praka urdinez, dekoratuko zati den panel handi bat mugitzen dihardu. Bestean, Manu Sota bera, Gabriel Olaizola abesbatzako zuzendaria, Enrique Jorda Gallastegi orkestra gidaria —denak frakez— eta Txomin Letamendi —oraindik alkandora gorriarekin— agertokiaren atzealdean daude azken xehetasunak lotzen. Jendaurrean irakurri behar duen testua errepasatzen ari da Sota, berak idazten baitzituen gidoiak, eta narratzaile lanak ere egiten zituen, ikuskizuneko ekitaldi batetik bestera dauden tarteetan azalpenak emanez. Atzealdean dantzariak ikusiko dituzu, taulara irteteko prest, jantzi zuriekin. Buruen artetik ikurrin bat erdikusten da.

      Ezpatadantza deritzon guda dantza tradiziozkoan aterako zuten euskal bandera dantzariek. Manu Sotak kontatzen zuen gisara, garai batean, ez zen bandera bat haizatzen, dantzarien amek elkarrekin josten zuten oihala baino. Bakoitzak etxetik zapi zahar bat ekartzen zuen eta elkarri josiz koloretako bandera bat osatzen zuten dantzarako. Hartara, dantzari bakoitzak bere etxea ikusiko zuen banderan, izengabeko eta jatorri desberdinetako gizabanakoen ikurra, iraunkortasunik gabea, behin erabili eta gero desegiten zena.

 

 

17

 

Karmele Urresti eta Txomin Letamendi Londresera joan ziren Eresoinkarekin 1938ko ekainean. Hamabost eguneko bidaia laburra izan zen, hango Aldwych Theatre antzokian baitzuten emanaldia. Manu Sota Cambridgen egona zen estudiatzen eta Erresuma Batuko literatura eta bizimodua maite zituen; bigarren sorterrira itzultzea bezalakoa izan zen harentzat, gaztetu egin zuen Londresko ostera honek.

      Cambridgen Pedro Salinas poetarekin egin zuen adiskidantza. 1925ean Pedro Salinasek bidalitako gutun batean esan zion, Cambridgen elkarrekin egiten zituzten paseoen falta botatzen zuela, nola Manuk poesiaz hitz egiten zion eta Pedrok ezagutzen ez zituen poetak aipatzen zizkion. Karta honelaxe bukatzen da: “Hemengo literatura giroaz ez natzaizu mintzatuko, biziki tristatzen bainau. Betiko pobrezia. Ingelesez zerbait berria eta ona argitaratu bada, esadazu”.

      Manu Sotak Londres erakutsi zion Eresoinka taldeari. British Museum, Houses of Parliament eta Tamesis ibai ertzean dauden herrixka pintoreskoak. Parlamentu aurreko belardian biribilean eserita zeudela atseden hartu zuten taldekideek. Manu kontu-kontari zebilen, zertxobait puztuta gaztetako tokietara itzuli zelako.

      — Britainiarrek demokraziaren kontzientzia antzinakoa dute, baina geuk ere bai. Guretzat erregea gaitzerdi izan da beti. Gure eskubideak errespetatzen bazituen, hor konpon. Gurea beti izan da gizarte demokratikoa.

      — Tira, baina —Karmele ez dago kopla askotarako— gizonezkoek bakarrik zeukaten bozka eskubidea.

      — Ez. Etxe bakoitzak. Beheko su bakoitzak bozka bat zuen, sufragio fogerala zen.

      — Etxeko gizonak agintzen zuen beraz.

      — Ez derrigorrez. Ez zen esaten nork erabakitzen zuen bozka. Geografo zaharren arabera, erromatarrak iritsi zirenean hainbat jainko txiki ezarri nahi izan zituzten, toki bakoitzak zuen jainko txiki bat beraientzat. Guk, orduan, esan genuen jainko txikiak dagoeneko bagenituela: emakumeak.

      — Eta erromatarrek onartu al ziguten proposamena?

      — Ez dakit, beti moldatu izan gara. Nahiko mesfidatiak gara, ez da dudarik. Euskaldunak ez du uste zoriontasuna etengabeko aldaketan dagoenik, berritasuna besterik gabe asimilatzearekin. Onartzen dugu geuretzat ona dela uste dugun hori. Mendeetan halako oreka bat izan dugu asimilazioaren eta erresistentziaren artean, eta horrelaxe iraun ahal izan dugu ia mundua mundu denetik. Hori bai, kostatu egiten zaigu kanpokoa onartzea; baina behin geure egin dugunean, geu izaten gara defendatzaile sutsuenak. Kristautasuna ere berandu onartu genuen, eta harrezkero... geu gara sinestunenak.

      — Zu ez zara ba horren fededuna! —Txominek ondo ezagutzen du Manu.

      — Nik neure erara ulertzen dut fedea. Euskaldunak maite du hurkoa, baina indibidualista gogorra ere bada. Begira bestela nola dauden eraikita baserriak, bata bestetik ahalik eta aparteen...

      — Hala ba, Manu, joan zaitez zeu ere apartexeago —esan dio Karmelek sorbaldan bultzadatxo bat emanda—, aspertu behar gaituzu-eta.

 

 

18

 

Charing Cross kaleko liburu-dendak gustuko zituen Manu Sotak. Txomin Letamendirekin batera ibili zen han goiz oso batez liburuak miatzen.

      119. zenbakian dagoen Foyles liburu-dendan sartu dira eta Poetry aldizkariaren ale zaharrak zabaldu ahala begirada argitu zaio Manuri.

      — Ai, ene lagun bohemioa, entzun ezazu Ezra Pounden poema hau. “Ganbara”, 1913ko apirilean argitaratu zuen Poetry-n. Nire gustukoenetakoa da. Bukaera zoragarria du, gizabanakoaren eta sexu askatasunaren aldarri egiten du.

 

            Zatoz, gupida ditzagun gu baino zorionekoagoak direnak.

            Zatoz, laguna, eta gogoan hartu

            Aberatsek etxezainak dituztela adiskideen ordez,

            Eta guk, etxezainik ez baina, lagunak ditugula.

            Zatoz, gupida ditzagun ezkonduak eta ezkongabeak.

           

            Egunsentia badator bere oin txikiekin,

            Urrezko Pavlova baten gisa,

            Eta ni nire desiratik gertu naiz.

            Ez da ezer bizitzan hoberik

            Ordu fresko eta garbi hau baino,

            Elkarrekin esnatzeko ordua.

 

      Manu ez dago seguru Txominek poema ulertu ote duen.

      — Zein ederra den, esaten duenean astiro sartzen dela goiza, Pavlovaren urratsen fintasunarekin, titi-tapa, tipi-tapa. Ba al dakizu nor zen Pavlova?

      — Ez ba.

      — Dantzari errusiar bat. Dantza klasikoaren mundua aldarazi zuen Anna Pavlovak. Dantzariek sendoak izan behar zuten, indartsuak. Horixe zen legea. Pavlova, aitzitik, fina zen, delikatua, haren oinak ia ikusezinak ziren taula gainean. Horregatik dio Ezra Poundek Pavlovaren gisara sartzen dela goiza gelan, ia oharkabean.

      — Miragarria.

 

 

19

 

Karmeleren eta Txominen arteko harremana Château de Belloy jauregian izandako egonaldian sendotu zen. Egia da elkarrekin hitz egiten zutela tarteka, baina Karmelek ez zion berehalaxe konfiantzarik emango Txomini. Bazekien haren gustukoa zela, musikariaren begiradan eta keinuetan nabari zen hori, baina ez zen guztiz fio ia hamabost urte helduagoa zen gizon hartaz. Hala eta guztiz, ez zuen lokarria erabat askatzen. Alderantziz, tenkatu ere egiten zion lantzean behin.

      Château de Belloy euskal jatorria zuen merkatari aberats baten etxea zen, Paristik hogeita lau kilometrotara dagoen St. Germain-en-Laye herrian zegoena, eta euskal gobernuari musu-truk utzi ziona. Eresoinkakoak 1938ko uztailean iritsi ziren hara, eta hainbat hilabetez bizileku izan zuten etxea. Jauregi apaina zen, bikaina, hiru solairukoa. Lorategi handi bat zuen inguruan, eta lorategira marmolezko eskailera zabal batzuk ematen zuten, San Markosen bi lehoi hegadun zituztela alde banatan.

      Artista gehienak hantxe bizi ziren, komuna batean bezala —tira, ez da hainbesterako, gizonezkoek alde batean eta emakumezkoek bestean lo egiten zuten, eta zer gerta ere apaiz bat ibiltzen zen hor zehar—. Tabernatxo bat atondu zuten, jatetxea eta kapera. Korta txiki bat ere bazuten animaliekin. Lorategian egiten zituzten entseguak, zuhaitz erraldoi baten azpian. Egonaldia aurrera zihoan heinean, kideen arteko ezkontzak ere izan ziren.

      Château de Belloykoa da Karmele eta Txomin elkarren ondoan agertzen diren lehen argazkia. Karmele trajez eta gorbataz jantzita dago, eta alboan du Txomin; badirudi zerbait kantatu behar dutela, eta musikaria tonua ematen ari zaio. Bi-biek altura ia bera dute. Karmele eder ageri da, begi handi txeratsuak, masail biribilak eta irribarrea ezpainetan. Ezinezkoa berarekin ez maitemintzea. Txomin ere galant, ile ilun sendo kizkurrarekin eta espresio jostalari batekin.

      Askotan paseatzen zuten elkarrekin Belloyn, eta hasi ziren batek besteari norbere bizitzako pasarteak kontatzen, artega eta modu desordenatuan.

      Karmelek kontatu zion, Francoren altxamenduak udako oporretan harrapatu zuela Ondarroan, eta ez zela bueltatu Basurtuko ospitalean zuen lanpostura. Laster, urriaren 4an, Ondarroan sartuko ziren matxinatuak eta frontea bertan finkatuko zen hilabete batzuetarako, Ondarroa eta Lekeitio arteko mendietan, herriko kaskotik arra bete bidera. Karmele ez zen handik mugitu. Nahiz eta Francoren aldekoak bazetozela jakin, herrian geratu zen.

      — Nolatan ez zenuen ihes egin?

      — Ez dakit, dudatan egon nintzen, baina gurasoekin geratzea erabaki nuen. Lan egiteko asko neukan herrian. Gerrako zaurituak zeudenez, inprobisatutako ospitale bat atondu genuen zinema batean eta bertara eramaten genituen alde batekoak zein bestekoak. Halako batean herrian zabaldu zen Santakrutz ermitatik bera zetozela soldaduak. Frankistak Ondarroan sartu bezain laster amenazu egin zuten niri begira. “Urrestirenak egin du”. Ez ziren berandutu. Aita atxilotu eta udaleko hiltegian sartu zuten.

      — Txakur halakoak!

      — Baina gertatu zen, obus batek ofizial italiar bat zauritu zuela eta zinemara eraman zutela hura ere. Nik sendatu nion besoa. “Horren ondo osatu nauzu, gazte; zer nahi duzu trukean?”, galdetu zidan. Eta nik, bi bider pentsatu gabe: “Aita askatzea”. Biharamunean libre zegoen.

      — Asko maite duzu aita.

      — Ikaragarri.

      — Nik ez nuen nirea ia ezagutu ere egin.

      Gau epela da Belloyko lorategian, ipurtargiak ikusten dira.

      — Ni ere gerran aritutakoa naiz, Ariztimuño batailoian. Baina ez dizut balentriarik kontatuko. Lasaiuneak ere izaten ziren. Behin, gaurkoa bezalako gau batean, lubaki aurreko zelaian argitxo batzuk ikusten ziren, piztu eta itzali, eta alde batetik bestera higitzen ziren, su ñimiñoak balira bezala. Ametsetakoa iruditu zitzaidan une hura, gauez tiroek soilik egiten baitzuten argi ordura arte. Tiroen itxura zuten baina ez zuten zaratarik egiten. Eta ez zuten hiltzen. Nire alboan lubakian zegoen gazte batek, unibertsitate ikaslea bera, biologoa, galdetu zidan: “Ba al dakizu ipurtargiek zergatik egiten duten argia gauez?”.

      — Gose direlako?

      — Ez ba. Maitasunagatik pizten zaie ipurdia. Emeak geldirik egoten dira, ez baitute hegorik, eta arrak hara eta hona dabiltza. Ar bakoitzak sekuentzia batean egiten du argia eta emeak erantzun egiten dio. Sekuentzia berekoak baldin badira, elkartu egingo dira. Azken batean, notak dira, kantu bateko notak. Argiz egindako kantuak. Emeak arraren kantua onartzen baldin badu, maitatuko dira.

      Txominek aurrez aurre jarri du Karmele.

      — Zuk onartuko al zenuke nire kantua?

      — Ikusiko dugu.

      Logelen eraikineko eskailerara lagundu dio Txominek Karmeleri. Agurrean Karmelek musu eman dio masail eta ezpain ertzaren artean, eta eskailerak igotzen hasi da.

      Karmele gorantz doala, Txominek ataritik galdetu dio:

      — Ba al dakizu nor zen Pavlova?

      — Bai, dantzari bat.

      Eta Karmeleren soslaia galdu egin da eskailera muturrean.

 

 

20

 

Manu Sotak New Yorkera abiatu behar izan zuen. 1938ko abuztuaren 13a zen, larunbata. Agirre lehendakariaren agindu zehatzak zituen. Premiazkoa zen New Yorken Euskal Gobernuko ordezkaritza bat ezartzea. Anton Iralarekin eta Ramon Sota ilobarekin batera Estatu Batuetara joango zen Île de France itsasontzian. Ostatua hartuko zuten tokia: Hotel New Weston, 31 East 49 Street. Bilerak egin behar zituzten batzuekin eta besteekin. Propaganda eta harremanak. Egitekoen artean zeuden bisita hauek: Frank Murphy, Michigango gobernadorea; Harry Binsse, The Commonweal aldizkariko zuzendaria; P. Lafargue, America aldizkariko idazlea; Mundelain kardinala; Fiorello Laguardia, New Yorkeko alkatea... Bestalde: New York Herald eta Times eta New York World Telegram agerkarietan artikuluak argitaratzea lortu behar zuten kosta ahala kosta.

      Txomin Letamendik lagundu zion Belloyko jauregitik St. Germain herriko tren geltokira. Airos joan ziren, zalgurdiz, Manu traje argi batekin eta pipa bat eskuan; Txomin, aldiz, alkandora zuriz.

      — Bai goiz irten garela, Manu.

      — Bi gauzek ateratzen naute nire onetik. Lehena, desordenatutako gela batean egoteak. Bigarrena, tren geltokira arima ahoan dudala iristeak.

      — Ez da gozoa izaten hori, ez.

      — Begira, Txomin. Bidaiaren garrantziaren araberakoa izan behar du itxaronaldiak. Trenaren bidaia ordu erdikoa bada, nahikoa da hamar minutu lehenago geltokian izanda; ordu betekoa bada ostera, hogei minutuz egon behar duzu zain...

      — Hortaz, Estatu Batuetara zoazenez eta bidaia bost egunetakoa izanik, bezperatik egon beharko zenuke geltokian. Oso berandu goaz!

      — Ez, topea ordubetekoa da. Ordutik gora itxaroteak asperdura dakar. Baina ordubete denbora tarte zentzuzkoa da. Jakin behar da itxaroten estutasunik gabe. Egunkariak eta liburuak erosi, edari gasdunak dituzten gurditxoen talka soinuak entzun, gose bazaude otarteko txiker bat jan... Geltokietan zain egoten jakitea ere artea da.

      — Nik ezin dut horrelakorik egin, ezin dut jasan maleten eta bidaztien joan-etorria. Bost minutu aurretik egonda nahikoa dut. Gainera, artistok eguerdira arte egin behar dugu lo eta...

      — Bai, noski, batez ere gauez lan eginez gero. Ba al dakizu zer esan didaten etxean New Yorkera noala esan dudanean?

      — Zer?

      — Jan egingo nautela han. Amerikara joandako hamaika euskaldun jan dituztela indigenek.

      — Eta zer erantzun diezu?

      — Gu hain gosetiak garela jakinik, lepoa egingo nukeela euskaldunok izan garela lehenak natiboak jaten.

      — Ni Estatu Batuetan egona naiz. Eta ez nuen arazorik eduki. Ezetz asmatu zerk harritu ninduen gehien?

      — Harlemgo musikak.

      — Ez, jende apala dela. Gauza gutxirekin dira zoriontsuak. Hemen itxurakeria handia dago. New Yorkeko portura ailegatu nintzenean, zamaketari beltz batek lagundu zidan itsasontzitik jaisten. Musikaria nintzela bazekien baina bost axola, aberatsa banintz bezala tratatu ninduen. Eskutik heldu eta “take care, brother” esan zidan. Zaindu, anaia.

      — Zaindu, bada, anaia Txomin —esan dio Manuk, iritsi dira-eta tren geltokira.

      Besarkada estu batean lotu dira, berriz elkar ez ikusteko arriskuan baleude bezala.

 

 

21

 

New Yorkera abiatu zen egun hari buruz hauxe idatzi zuen Manu Sotak bere Underwood idazmakinan:

      “1938ko abuztuaren 14an pakebote frantses batean nindoan New Yorkerako bidean. Estatu Batuetara sartzen nintzen lehen aldia errefuxiatu gisa izango zen. Nire aurretik joandako milioika gizon-emakumeren tradizioari jarraitzen nion, mundu berrira doan erbesteko bidean.

      “Gerra Zibilarekin aberaskumetik txiro izatera egin nuen jauzi. Barkuan, turista klasean paseatuz, oroitzen nintzen umetatik aitaren yatean egindako osterez. Txofer eta morroiz inguratuta bizitzetik, estutasunik batere gabe, nire galtzerdiak zula ez zitezen arduratzera igaro nintzen. Jaio nintzenez, Jainkoari esker, arima bohemio batekin, dirua galtzeak ez zidan loa kendu, baina barnean deserriratuen tristura neraman.

      “Ez nuen orduan ezertarako ilusiorik. Nire iragana deseginda geratu zen Europan, hain zuzen, bizitza berriz bideratzea zaila izaten den adin batean. Hiltzea ez da derrigorrezkoa bizitzak apur daitezen”.

      Sotatarren familiak dena galdu zuen gerran. Aitari ehunka barku konfiskatu zizkioten faxistek. Ez zen ezertaz konturatu, gerra hasi baino gutxi lehenago hil zen-eta. Hala ere, epaiketa egin zioten hil ostean. Ibaigane jauregia militarren esku geratu zen, eta tximinian zuten familiako armarriari lepoa moztu zioten sable batekin.

      Faxistak dena kendu zaleak ziren. Arrasateko emakume batek kontatua da, bazutela haur-kotxe hori bat ume jaioberriarentzat eta hori ere konfiskatu egin zietela. Geroztik, beraien umeari lapurtu zioten kotxe berarekin paseatzen omen zen erregimenaren aldeko bikote bat. Eta ikusi behar zituzten egunero-egunero aurretik pasatzen, kotxe horiarekin.