Elkarrekin esnatzeko ordua
Elkarrekin esnatzeko ordua
2016, nobela
344 orrialde
978-84-92468-92-8
Azaleko irudia: Antonio Gezala, Ate birakaria 1927 (zatia)
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2021, nobela
2019, poesia
2012, nobela
2001, poesia
 

 

Euria Caracasen

 

 

50

 

Aurrena euri inarrak entzun ziren bedera-bedera sabaia kolpatzen, ostean are jarraiagoak bihurtu ziren kixkorrak, zerua azkenik truxu batean lehertu zen arte. Lorategiko lurreko hautsa altxatzen zuten tanta lodiek eta dunbotsa atera lurrezko ontzi eta leihoetako burdinazko forjetan talka egitean. Ikernek, artean hiru urteko umeak, pentsatu zuen mamu handi baten oinotsak zirela eta jostailuzkoa balitz bezala etxeko teilatua altxatu egingo zuela. “Euria da, Karibeko euria”, lasaitu zuen amak. Ez zuten egundo halako euri jasarik ezagutu, zirinagoa zen Euskal Herriko euria, hanka mehea, Caracaskoarekin alderaturik. Eta gero, hain arraroa egiten zitzaien haize epel hura, euria ez zegoen hotzari lotua. Neskatoa abiatu zen leihotik begiratzera nolakoa zen erazarria, zeharo liluratuta, eta hantxe, leihoko kristalaren kontra begira eta eskorgan eserita zegoen Txomin neba txikia baztertu nahi izan zuen eskuaz. Tenk eta tira bi umeak, euri jasa nork hobeto ikusiko, Txomin txikiak harramazka egin zion arrebari eta orduan zoperna negar malko bihurtu zen Ikerneren begietan.

      Caracasko euria da Ikerneren lehen oroitzapenetako bat. Bitxia da ohartzea Ikerneren estreinako gomutak Venezuelakoak direla, Parisen jaio eta Atlantikoa ontziz zeharkatu arren. Orobat, gogoratzen du zaldizko tranbiatan ibiltzen zirela hirian barrena, kreola zela haien zaindaria, eta bazutela txakur bat, Txino. Behinola, bulldoga ez baitzen ageri, Ikerne haren bila ibili zen etxeko gela guztietan, lorategian. “Txino, Txino” hots egin eta erantzunik ez. Non sartu ote da? Neskatoa kaleraino irten zen artega, nahigabe handiarekin. Zaindariak auzuneko aguazilari galdetu zion txakurrik ikusi ote zuen eta honek ezetz. Gertatua amari kontatu ziotenean, aguazilaren etxera joan zen Karmele eta, atarian txirrina jotzear zegoela, aguazila bera entzun zuen deika: “Txino, Txino”. Halaxe lortu zuen berreskuratzea, umeen bozkariorako. Txomin txikiak hain estu besarkatu zuen Txino ezen, erreflexuz, ausiki arin bat egin zion, eta Ikerneri iruditu zitzaion lehenago nebak berari egindakoaren mendeku eztia.

 

 

51

 

Winston Churchillen espioiek Rockefeller Centerren zuten New Yorkeko egoitza. Han biltzen zen Manu Sota kaierean aipatzen duen “Miller” delakorekin, benetako izenez Bill Ross-Smith. Millerri informazioa pasatzen ahalegintzen zen Sota, Euskal Zerbitzuak benetan baliozkoak izan zitezkeela frogatu eta Intelligence Service Erresuma Batuko agentziarekin harremanak sendotzearren.

      — Jakin dugu bandera espainiarra duten ontzietako kapitainei zorro berezi bat banatu zaiela. Antza denez, zorroak barruan duena benetan garrantzitsua da —esan zion Millerri—, hura galtzen duena hiltzera kondenatuta dago-eta.

      Aitarena izan zenez Kantauriko flotarik handiena, faxistek zigor gisa desjabetua, Manu Sotak ongi ezagutzen zituen ontziburu gehienak.

      — New Yorkera datozen euskal kapitainengandik zorro horietako bat eskura dezakegula uste duzu?

      — Hain zuzen ere.

      — Biguna den norbait aurkitzen duzunean deitu egidazu.

      — Badut bat. Gaueko hamaiketan izango naiz Madison Etorbidea eta 58. Kalea gurutzatzen diren kantoiko tabernan, hogeita lau orduz zabalik egoten da.

      Kapitaina eta Manu Sota jan-edanean ari zirela, kontu kontari, erraza izan zen katanarrua ebastea, horretarako zerbitzari italoamerikar bat baliaturik; Millerri gaztigatu baitzion Manuk: “Edonor irabazteko nor naiz edaten, baina lapurretan makala gero!”. Ez zegoen denbora galtzeko astirik. Kapitaina ohartu baino lehen, zorroa zabaldu eta fotografiatu egin zuten barruan zeraman gutuna. Lan horretaz, Dorothy izeneko estatubatuar bat arduratu zen. Dorothyk, jakin zuenean Sotaren ekintza zela hura, esan zion Millerri, “Sota, ezagun dut, bolo-bolo dabil bere izena departamentuko emakumeen artean”.

      Zorroan, mezu sekretuak bidaltzeko erabiltzen zuten kodea zetorren, baina baita agindu bat ere: “Mezu hau irratiz entzundakoan, bideratu ontzia 48 ordu baino lehen Espainiako portuetara, eta hala egitea ezinezkoa balitz Norvegiara edo Hego Amerikara, ahal izatera, Argentinara. Irratiko mezua hauxe da: 46 gradu 15 minutu Ipar Latitudean eta 29 gradu 25 minutu Longitudean mina batzuk ikusi dituzte inora bidean”.

      Arrakasta izan zen zorro hori zabaltzea. Churchillek informazio ezin hobea atera zuen ekintza hartatik. Alde batetik, faxisten kode sekretua lortu zuten, eta bestetik, are garrantzitsuago zena, jakin zuten Franco gerran sartzeko gertu zegoela, Ardatzaren alde. Britainiarrentzat berebizikoa zen Espainia gerran ez sartzea eta horretan saiatuko ziren ordutik aurrera, militar-buru espainiarrak diruz ordainduz, esate baterako.

      Ekintzaren ondorioz, Manu Sotaren eta Euskal Zerbitzuen lanak aintzakotzat hartu zituzten britainiarrenek. Ross-Smithek bere oroitzapenetan prestutasun hori nabarmendu zuen, esanez, euskaldunak benetan baliagarriak izan zirela gerran eta arrisku handiak hartu zituztela aliatuen alde.

      1941eko Gabonak ziren. Tabernako zerbitzari italoamerikarrak, arrastorik utzi gabe, atzera ere kapitainaren jaka barnean irristatu zuen zorroa. Ez Manu ez kapitaina ez ziren ezertaz konturatu. Kantari zebiltzan, alai asko, marinelen abesti zahar bat: “Kalian gora, kalian behera, ai ai ai ai”.

 

52

 

Gurasoengandik eta neba-arrebengandik ozeano batek urruntzen bazuen ere, Karmele zoriontsua zen Caracasen. La Pastorako etxe kolonial hartan familia ezagunak batu ziren, hantxe bizi ziren garatetarrak eta, baita ere, lehengusu zituen urrestitarrak. Nabari zen bikote gazteak zirela, ilusioz beteak, amets guztiak mamitzeko bizitza osoa aurrean zutenak. Paulin Urrestik gustuko zuenez kantua, abesbatza antzeko bat sortu zuen La Pastoran bertan, eta gurasoak kantari aritzen ziren ume guztiak patioan jolasean ziharduten bitartean.

      Julene Urzelai adiskide min zuen Karmelek, Eresoinka garaitik. Marseillatik ere biak elkarrekin abiatu ziren itsasontziz Venezuelara, eta geroztik harreman estua zuten, hainbeste, ezen Julenek zaintzen zuen Txomin txikia egun askotan eta bi-biek txandaka ematen zioten biberoia umetxoari.

      — Julene, badakizu Billo Frometaren bandan sartu baino lehen nik neuk lortu niola talde bat Txomini tronpeta jotzeko?

      — Ez da egia izango.

      — Goibel ikusten nuen gizona, etxean bakarrik orduak eta orduak tronpeta jotzen.

      — Euskal musika jartzen zuen Estudios Universal irratian... Guk behintzat igandero entzuten genuen etxean. Horrek zertxobait entretenituko zuen ba.

      — Bai, baina luze joaten zitzaion astea hala ere. Eta behin batean, klinikan lanean ari nintzela, kantari bat ezagutu nuen. Venezuelako kantari ospetsuenetakoa zela esan zidaten, Alma llanera abestia idatzi zuena.

      — Entzuna dut kanta hori!, sekulako arrakasta izan zuen.

      — Kontua da, nik, lotsagabe, esan niola nire gizona tronpetaria zela, Bilboko Orkestrakoa, eta ea egingo zion audizio bat. Baietz esan zidan. Pozarren itzuli nintzen etxera eta kontatu nion Txomini.

      — Eta?

      — Halako “ikusiko dugu” batekin erantzun zidan. Baina hainbestetan errepikatu nion, azkenean joan zen zorioneko zita horretara.

      — Bai ondo!

      — Ez!, umorea galduta itzuli zen-eta etxera. “Horrek ez daki tutik musikaz”, bota zidan.

      Julene barreka hasi da:

      — Esker txarrekoa!

      — Gizonak!

 

 

53

 

Harro zegoen Jose Antonio Agirre, Euskal Zerbitzuen eta amerikarren arteko elkarlana era ofizial batean sinatzea lortu zuen 1942an. Britainiarrekin egindako lan onak estatubatuarren zalantzak uxatu zituen. Euskaldunak propaganda eta espioitza lanean arituko ziren batez ere OSSrentzat —Office of Strategic Services, gerora CIA izango zenaren aurrekaria— eta FBIrentzat. Amerikarrek sostengu ekonomikoa emango zioten, eta beraz Estatu Batuetako administrazioa arduratuko zen Euskadiko Gobernuaren finantziazioaz. Euskal espioiek talde gisa egingo zuten lan, ez banako gisa, talde osoa amerikarren esanetara, baina era autonomoan.

      Argi zegoen zein ziren bi gudu zelaiak. Alde batetik, Iberiar penintsulan bertan barneratuko ziren euskal agenteek informazioa aterako zuten Espainiako Gobernu berriaren asmoei buruz eta, batez ere, nazien mugimenduei buruz. Euskaldunetako asko portuetako langileak edo marinelak zirenez, ez zen lan zaila izango Ardatzeko barkuen nondik norakoak zelatatzea. Beste bataila eremua Latinoamerika zen, erbesteratuen multzo zabalak baitzeuden kontinentean barreiaturik, agente nazien ibilerak kontrolatzeko prestaturik eta, premiazkoa baldin bazen, haien egitekoak saboteatzeko.

      Eta horri guztiari diktaduraren kontrako propaganda gehitu beharko zitzaion, izan ere, Latinoamerika oso katolikoa zen eta politikari ugarik beren kidetasuna azaldu zuten Francorekiko. Agirre lehendakaria, bera ere katolikoa izanik, Aliatuen aldeko ideiak hedatzen ahaleginduko zen euskal jatorria zuten agintarien aurrean. Itxaropentsu zegoen, bere sareak munduko estatu boteretsuenetako batentzat lanean ari baitzen, eta horrek aurrerantzean ordain politikorik ekarriko zuen.

      Nahiz eta Bill Donovan koronelaren ordezkariak Lehendakariari iradoki zion hamabost egunen buruan Franklin Delano Roosevelt presidentearekin elkartuko zela, ez zen halakorik gertatu. Horrez ordez, Henry A. Wallace presidenteordearekin bildu zen Agirre ordu eta erdiz Washingtonen. Geroztik Wallace beti izango zuen aldeko Agirrek Estatu Batuetako administrazioan —beste asko ez ordea, Harry Truman adibidez—. Presidenteordeak ez zuen arreta gerra irabaztean soilik jartzen, funtsezkoa iruditzen zitzaion-eta orobat jakitea nola eta norekin irabaziko zen gerra hura; azken batean Aliatuak ideia batzuen defentsan ari ziren borrokan, askatasunaren eta duintasunaren alde, eta Ardatzak, aldiz, “garai ilun berri bat” baino ez zuen ordezkatzen.

      — Gerra garrantzitsua da, baina bakea ere bai —esan zion Agirreri—, alegia nola kudeatuko den bakea.

      Ez dago jakiterik zehatz-mehatz zer parametrotan hitz egin zuten Wallacek eta Agirrek, eta zer agindu zion batek besteari. Jasota dagoena da, hori bai, Francok Washingtonen zuen enbaxadoreak Estatu Idazkaritzara igorritako kexua, esanez jakin duela Wallace presidenteordea euskal agintari batekin egon dela berbetan eta, promes egin diola, gerra bukatu bezain laster, euskal herrialdeen askatasuna bideratzen lagunduko duela. Kexak ez zuen erantzunik jaso.

 

 

54

 

Euskal Delegazioaren jarduera etenik gabea bilakatu zen, hala harremanetan nola propaganda alorrean.

      New Yorkera bildua zegoen Jacques Maritain filosofoaren lagun egin zen Jose Antonio Agirre, gauza pentsaezina urte batzuk lehenago; haren lanak irakurtzen zituen gaztetan eta orain elkarrekin egiten zituzten paseoak Columbiako campusean barrena.

      — Behatu behegainera. Campuseko zorua egiteko Foru Erromatarrean oinarritu ziren...

      Baina gauez ere egitekoetan luzatu behar izaten zuten. Manu Sotaren egunerokoan behin baino gehiagotan ageri da, goizaldeko orduak arte egoten zela Agirre lehendakariarekin batera lanean, zigarroak erretzen eta anis botilatik edaten. Uste da, Lehendakariaren Europako ihesaldia kontatzen duen Gernikatik New Yorkera Berlinetik pasatuz liburua idazten zihardutela biak batera. Agirrek ihesaldi garaian idatzi zuen eguneroko notak irakurri eta gogora zetorkiona kontatzen zion, Manuk paperera ekarri eta bere erara molda zezan dena.

      Lortu zuten liburua argitaratzea gaztelaniaz eta ingelesez Estatu Batuetan. Ahalegin bereziz saiatu ziren horretan, eta zenbait gutunetan nabari da Agirreren urduritasuna ingelesezko bertsioa espero baino astiroago doalako. Jokaldia bikain atera zitzaien, merezi izan zuen zain egotea, MacMillan argitaletxe ezagunak eman zuen argitara eta best-sellerra izan zen, salduenen zerrendan egon zen luzaroan eta aipamen ederrak izan zituen, besteak beste, New York Times agerkarian. Itzulpenaren orrazketa, noski, aspaldiko lagun batek egin zuen, Nea Coltonek.

      Euskal Delegazioan langile ziharduten Anton Iralak, idazkari gisa, eta Jon Bilbaok, artxiboaren arduradun. Eta Lehendakariak idazkari pertsonal bat ere kontratatu zuen. Bada giro hori jasotzen duen film bat, hamahiru minutuko dokumentala, erbestean zeuden euskaldunei erakusteko egina. New York hiriaren irudiak datoz, etxe orratzak egunez eta neonezko argiak gauez. Eta ikusiko duzu Delegazioan buru-belarri dihardutela Agirreren liburuarekin edo Columbia Unibertsitateko eskolak prestatzen, eta orobat Lehendakariaren familiaren joan-etorriak edo eguneroko bizitzako pasarte arruntak.

      Pelikula ikurrina eta Stars and Stripes Estatu Batuetako bandera elkartzen dituen irudi batekin bukatzen da, esaldi honekin: “Erbesteko ordu luzeetan itxaropen haize batek eusten die bihotzei eta bizkortzen ditu nahimenak”.

      Karmele Urrestik eta Txomin Letamendik Caracasen ikusi dute filma, lagun batzuekin batera.

      — Badakit zer gustatu zaizun gehien —esan dio senarrak emazteari.

      — Zer?

      — Irri egin duzu Manu Sota mahukak jasota harraskan ontziak garbitzen azaldu denean.

      — Ez du txarto egiten. Trebetasun apur bat ere badu.

      — Nik dakidala lehenago ez du halakorik sekula egin...

      — Ba jarraitu eredua! Zeu ere platerak garbitzera hemendik aurrera.

      — Ados. Nik ontziak garbituko ditut eta zu joango zara Roof Gardenera.

      — Ez, hobeto oraindik. Zu etxeko lanez arduratu eta ni izango naiz espioia.

      — Hara! Euskal Mataharia.

      Etxera bidean eskutik helduta joan ziren lehenik, eta haize fina altxatu zuenez Karmelek gerritik estutu zuen Txomin, eta horrela, elkarri besarkatuta ailegatu ziren La Pastorara.

 

 

55

 

Espainiak Venezuelan zuen enbaxadoreak, Jose Antonio Sangroniz y Castrok, ohitura zeukan Roof Gardeneko saioetara joateko. Bilbotarra zen Sangroniz eta altxamenduan Francisco Francori Afrikatik penintsulara hegaz egiteko bere pasaporte diplomatikoa utzi zion. Gerra Zibilean Francoren kabinete diplomatikoaren burua ere izan zen, baina gobernukide batzuentzat “bigunegia” izan bide zenez Caracasera bidali zuten enbaxadore.

      Venezuelakoa, dena den, ez zen urrezko deserri hutsa izan. Sangroniz nabarmena zen luxu kontuetan, laket zitzaion erakustea diruduna zela eta sosak ez zetozkiola Espainiako goi kargua izatetik. Susmoak berehalaxe zabaldu ziren Caracasen. Alemanek gerrarako behar-beharrezkoa zituzten tamaina handiko diamante industrialak eta Venezuelan asko zeuden horrelakoak. Beraz, nazientzako diamanteen kontrabando handia zegoenez —eta Espainiako enbaxadore batek ezin zuen ahalkegabeki nazien alde jardun, Franco neutrala baitzen orduan —, euskal agenteen lanetako bat kontrabando hura kontrolatu eta Aliatuei salatzea izan zen.

      Sangroniz gizon kultu eta berriketaria Roof Garden dantzatokian ezagutu zuen Txomin Letamendik. Enbaxadorearen eta haren alaben laguntasuna irabazten joan zen gutxika-gutxika, era zuhurrean. Bilbori buruz mintzatzen ziren, eta musikaz edo arteaz. Letamendik Caracasko goi mailako jendartean sartzea lortu zuen eta giro horretan kontatzen zirenak trukatzen zituen enbaxadorearekin.

      Gau batean, bizimodua aldatu behar lukeela aholkatu zion Sangronizek:

      — Hau ez da zuretzako moduko herrialdea. Espainiara itzuli behar zenuke, horren tronpetista fina izanda.

      — Arrazoi osoa duzu, enbaxadore jauna. Nekatuta nago gerra luze honetaz. Baina hemen ondo irabazten dut.

      — Espainia asko aldatu da.

      — Niri ez zaizkit politika kontuak batere interesatzen. Musika da nire mundua, eta ez dut pentsatzen familia aurrera ateratzean besterik.

      — Espainiako gerra amaitu zen, gizona. Orain neutrala da eta uste duzuna baino modernoagoa. Madril, Bartzelona, Bilbo... ez zaizu lanik faltako.

      — Caracasen ohitu gara.

      — Jakinaren gainean egongo zara Antonio Gezala ere itzuli dela Bilbora. Ohartu da beste inon baino hobeto dagoela han. Urte batzuk igarotakoan Erregimenak asmatuko du haren artelanak baloratzen. Itzul zaitez zu ere, bihotz onekoak izango gara zurekin eta zure familiarekin. Ahaztu Agirre eta haren amets eroak. Badakizu nork lortu dion bisa? Lekerikak.

      Txomin isilik geratu zen une batez. Informazio hark nahastu egin zuen erabat eta nekez disimulatu ahal izan zuen Sangronizen aurrean. Egia izango al zen Lekerikari esker itzuli zela Gezala Bilbora?

      — Baina hemen ondo gaude, euskaldunen artean bizi gara, haur txikiak dauzkagu... Itzultzea ez da hain erraza.

      — Pertsonak jakin behar du edozein egoeratara moldatzen. Francok ongi daki hori. Ez egin kasu gorrien propagandari. Franco ez da eroriko, benetan diotsut. Hobe duzu moldatzen hastea. Nahi baduzu, nik neuk lagunduko dizut paperak egiten. Pentsa ezazu lasai, adiskidea, eta deitu nahi duzunean —enbaxadoreak bere txartela sartu zion Letamendiri jakako poltsikoan, eta zerbitzariari hots egin zion eskuarekin kriskitin eginez—: Daikiri bi, faborez.

 

 

56

 

1942ko udazkenean Jose Antonio Agirrek, OSSk ordaindurik, bira bat antolatu zuen Latinoamerikako zenbait herrialdetara hitzaldiak emateko. Mexiko, Panama, Kolonbia, Peru, Txile, Uruguai eta Kubako presidenteek harrera egin zioten. Alde batetik, agidanean, aliatuen aldeko propaganda egitea zuen xede, baina beste aldetik, eta bigarren hau ezkutuko kontua zen, hitzaldietara hurreratzen ziren euskaldunak, horietako asko gerran ibilitako gudariak eta exiliatu behar izan zutenak, zerbitzu sekretuetan sartzeko ahalegina egingo zuen.

      Hiri bakoitzean hitzaldiak eman zituen; gogoangarriena, beharbada, Habanako Unibertsitatean urriaren 11ko berbaldia. Nafarroako eta Bizkaiko testu zaharrak aintzat hartuz mintzatu zen giza duintasunaz, eta Bizkaiko antzinako legeek torturaren aurka jasotzen duten lege bat irakurri zuen: “Ez diezaiola inork ezein bizkaitarri tormenturik egin, ezta tormentu amenazorik ere, ez zuzenean ezta zeharka ere, ez Bizkaian ez eta handik kanpo ere, inon”.

      Ordurako ezagunak ziren alemanek kontzentrazio esparruetan egiten zituzten triskantzak eta Agirre ziur zen arrazoiaren jabe zela bera, euskaldunok gerraren alde egokian geundela, bazuela bere gobernuak halako “nagusitasun etiko bat”, garaiezin bilakatzen zuena. Giza eskubideen urraketen aurka zeuden, askatasunaren alde, eta hori ere zegoen gelditzerik, bere ustez.

      Habanako hitzaldi hura baino justu astebete lehenago, Venezuelan izan zen Lehendakaria. Urriaren 5ean iritsi zen Caracasera. Han euskal espioitza talde bat osatuta zegoen ordurako. Blas Garateren agindupean, Calvo Goiri, Lucio Aretxabaleta, Triki Azpiritxaga, Sabin Barrena eta Txomin Letamendi. Lehendakaria Caracasera iristear zela jakinik, beraien ekintza arriskutsuena burutu zuten. Letamendik ondo zekien enbaxadorearen txoferra eta atezaina pertsona bera zirela, eta Sangronizekin batera Roof Gardenera joateko ohitura zuela oso berandu arte. Txominek Billo’s Caracas Boysen emanaldi berezi batera gonbidatu zituen diplomatikoa eta txoferra. Dantzan eta edaten zihardutela, espioitza taldeko kideetako batek enbaxadako kutxa gotorraren giltzak ostu zizkion Sangronizen atezainari, eta halaxe, gau berean, kutxa zabaldu eta agiri sekretuak zituen zorroa eskuratu zuten. Atezaina ez zen ezertaz ohartu, ezta Sangroniz bera ere, etxera itzuli orduko txoferrak giltzak jakan zituen-eta berriro.

      Biharamunean heldu zen Lehendakaria. Haren aurrean zabalduko zuten, OSSko ordezkari baten laguntzaz, enbaxadako kode sekretuak gordetzen zituen gutun-azala. Venezuelako nazien mugimenduak ezagutu zituzten horrela, eta halaber Sangronizek diamanteen kontura egiten zituen tratuak noiz eta nola burutzen ziren.

      Ematen du Caracasko ekintza azken froga baten antzekoa izan zela estatubatuarren konfiantza irabazteko. Handik gerora, erabat sendotu zen OSS eta FBIrekiko harremana. Agirrek FBIko Edgar Hooverrekin sinatuko zuen elkarlanerako akordioa.

 

 

57

 

Hiru egunen buruan, urriaren 8ko goizean, Txomin Letamendik automobil bat zain zuen etxeko atarian. Bi motozikleta alde banatara. Lehendakaria zen, ostera labur bat egin nahi zuen berarekin hondartza aldera. Karmelek Txomin autoan sartzen ikusi zuenean ez zion susmo onik hartu.

      Autoa abiatu bezain laster hitza hartu zuen Lehendakariak:

      — Lehenik eta behin opari hau eman behar dizut Manu Sotaren partetik.

      Woody Guthrieren disko bat zen. Dust Bowl Ballads. Letamendik, diskoari begira, azala laztandu zuen.

      — Nola dabil gure gizona?

      — Kexu, ez diozulako jaramon handirik egiten. Idatzi egiozu gutunen bat lantzean behin. Lagunak zaindu egin behar dira.

      — Lanpetuta nabil hemen. Orkestra, familia...

      — Bai, jabetu naiz. Nola aldatu diren gauzak Parisen azkenekoz elkar ikusi genuenetik. Esan nizun Karmele zutaz maiteminduta zegoela.

      — Zortekoa naiz.

      Lehendakariak bizkarra arteztu zuen eserlekuan. Ostera haren xedea azaltzeko unea zen.

      — Txomin adiskidea, agian neurekoia izango naiz esatera noakizunarekin, eta nire proposamena onartuz gero baliteke zure bizitzako hanka sartzerik handiena egitea.

      — Bota.

      — Badakit egoera onean zaudela hemen, baina...

      — Esan, koplarik gabe.

      — Bueltatuko al zinateke Euskal Herrira? Zulako agenteak behar ditugu barruan. Hantxe dago benetako gerra. Francoren erregimena erortzear dago, baina barrutik egin behar zaio bultza behingoz eror dadin. Gutxi falta da Aliatuek gerra irabazteko. Estatu Batuen indarra geldiezina den arren, Francori lurra bigundu behar diogu azpitik.

      — Ume txikiak ditut. Ezingo nuke Karmele hemen bakarrik laga.

      Agirrek isilune bat izan zuen, serio, hitz egiten jarraitu baino lehen.

      — Ulertzen dut. Badakizu ezetz esateko aukera duzula.

      — Benetan?

      Ia agurrik egin gabe, automobiletik irten eta oinez egin zuen etxera Txomin Letamendik, bere pentsamenduetan katramilaturik. Bazekien Karmele kezkatsu aurkituko zuela, eta berak berri txarrak baino ez zituela.

 

 

58

 

— Karmele, bagoaz Euskal Herrira. Lehendakariak han behar gaitu.

      — Zu beharko zaitu, esan nahiko duzu.

      — Gutxi falta da dena bukatzeko. Gauzak antolatu behar dira bake garairako.

      — Ez dakit ideia ona den. Gurasoen gutunen arabera, giroa oso txarra da, ez dago ezer egiterik han. Ez al gaude hobeto hemen? Ez al diogu eman nahikoa gure herriari? Gerran ibili zinen, ni erizain Gudarostearekin, Eresoinkan ondoren. Nire anaia Josu preso egon da, Ezkabako gotorlekuan aurrena, gero Redondelan eta Vigon eta Astorgan... kontaezina da zer pasatu duen. Eta beti esaten digute azken ahalegina dela, baina zer lortu dugu? Nahigabea, Txomin.

      — Oraingoan egia da, Karmele. Badakit ondo zer pasatu duen zure familiak. Zure nebak senperrenak! Baina ezin da alferrik izan hori dena. Ezin dugu orain albo batera begiratu. Sinetsi egin behar diogu Lehendakariari. Informazio oso xehea du. Bukatzear dago dena...

      — Bai, ondo informatuta!, Belgikara oporretara joan zenean bezala, ez zekien Hitlerren ofentsiba zetorkiola gainera.

      Karmelek zorrotz begiratu zion Txomini, azken hitzak nabarmentzearren:

      — Orain gauzak desberdinak dira. Orain seme-alabak ditugu, urrezko ume bi. Eta familia duen inor ez da itzultzen ari infernu hartara. Nekagarria da beti korrontearen aurka igerian egitea, Txomin. Orain beste batzuk dira gure lehentasunak.

      Esku ahurrak senarraren paparrean jarriz, goxoago esan zion:

      — Har dezagun guretzat denbora pixka bat.

      Gurasoen arteko eztabaidaz kezkaturik, Ikerne aitarengana hurreratu zen eta eskutik tira egin zion.

      Aita, amak Txino aurkitu du!

      Txominek eta Karmelek ez zioten elkarri hitzik gurutzatu egun hartan. Elkarri begiratzea ere ekidin egiten zuten. Baina oheratzeko ordua iritsi zen eta bakoitza ohearen alde banatara hasi zen eranzten, eta bakoitzak bere aldetik uste zuen zerbait txarto egin zutela, eta ez ziotela batak besteari minik eman nahi. Halaxe, eta tentsio une hori nola hautsi zitekeen pentsatzen zuten bitartean, hala ilunetan emandako laztan bakan batez nola solas hutsal batzuek baliatuta, bi-biak oheratu ziren maindire hotzetan elkar agurtu eta ukitu gabe.

      Neure buruari galdetzen diot une hau ez ote zen berebizikoa izan beraien bizitzetan, lipar honek ez ote zuen markatu betiko beraien etorkizuna, ezen ohe-mahaiko argia piztu eta hitz egiten hasi baitzen Karmele:

      — Harro nago zutaz, Txomin, oso harro. Sekula ez duzu amore ematen. Ez dakit damutuko ote zaigun hemengo hau guztia utzi eta Euskal Herrira itzultzea. Baina zuri begira neure buruari galdetzen diodanean, “zergatik?”, zure barruko ahotsa entzuten dut esanez, “itzuli egin behar dut, horixe da nire betebeharra”. Zure kontzientziaren boza da, Txomin. Eta orduan pentsatzen dut: denak zure modukoak balira!

      Eta Karmelek ezin izan zuen hitz egiten jarraitu.

 

 

59

 

Manu Sotak aitortu zuen moduan, Agirreri ez zegoen ezetz esaterik. Eta halaxe, 1943ko apirilean, Txomin Letamendi eta Karmele Urresti, bi haurrekin, Bartzelonara bidean jarri ziren Cabo de Buena Esperanza itsasontzian.

      Historialariak ez datoz bat esatean zein zen Txomin Letamendiren egitekoa Bartzelonan, zergatik eta zertarako itzuli zen, zehazki zer agindu zion Jose Antonio Agirrek. Batek esango du, Lehendakariaren gutun eskuizkribuzkoak zeramatzala Txominek, agindua emanez zerbitzu sekretuak antolatu behar zirela Euskal Herrian eta Espainian. Besteak esango du, dirua eramatera joan zela Barne Zerbitzu guztiak antolatzeko.

      Alabaina, OSSko paperetan miatuz gero, Letamendiren itzulerari buruzko ikuspuntu berri bat ezagutuko duzu, orain arteko hipotesiak zalantzan jartzen dituena. Aski duzu “Internet Archive” atarian “Basque Intelligence” bilaketa egitea, ager dakizkizun lotura batzuk OSS eta FBIri buruzkoak, euskal hizkuntzari buruzkoak —Third Language Adquisition— eta ETAri buruzkoak. Hauta itzazu OSSren ingurukoak, Ferdinand L. Mayerrek 1943ko apirilaren 13an Donovan koronelari bidaltzen dion memoranduma irakurtzeko. Besteak beste, Anton Iralak idatzitako “Mission of Letamendi” pasartearekin topo egingo duzu, tronpeta-jolearen itzuleraren berri emango dizuna.

      Agente sekretu bat zihoan Cabo de Buena Esperanza-n, itxuraz musikaria eta familiako aita bat baino ez zena.

 

THE MISSION OF LETAMENDI

      Itsasontzia Espainiaratu baino gutxi lehen iritsi nintzen Caracasera. Letamendiren irteera eta gerizatzea oso ongi landu izan da, zeharo, ezen Espainiako agintariek, eta are gutxiago euskal koloniak, ez daukaten susmo txikiena ere. Sangroniz jaunarekin izan dituen negoziazioak abilezia eta inteligentzia handiz eraman ditu Letamendik, hainbeste ezen, Sangroniz jauna bera arduratu den xehetasun guztiez eta egin beharreko lan diplomatiko guztiaz. Bi-biak barku berean doazenez, pentsatzekoa da, babesteko modurik onena izango dela Sangroniz beraren alboan izatea eta, bidenabar, Letamendik guretzat garrantzitsua den informazioa lor dezan horrela. Sangronizen alaben lagun mina da Letamendi, eta alabak ere ontzian doaz aitarekin batera.

      Aukera izan dut Letamendiri jarraibideak era lasai batean eta zehatz emateko, eta dena modu oso diskretuan. Ez dut uste ezer hobeagorik egin genezakeenik gisa honetako gai batean. Dena den, egoera ezin hobea izan da guretzat, gaur arte behinik behin. Nire iritsiera Venezuelara, seguru nago, ongi bideratua izan da bertan izan naizen egunetan egin dudan lana kontuan izanda. Hala ere, eta sor daitezkeen arrisku guztiak ekidin eta zirkuitu itxia egitearren, agindu zehatzak eman dizkiot Letamendiri inondik inora ez dadin kontaktuan jarri ezein agente edo azpi-agente amerikarrekin. Ezin dut besterik egin Letamendiren jarrera bikaina azpimarratu baino. Venezuelan zuen egoera ezin hobea uztera doa, eta berarentzat esleitua genuen diruari ere muzin egin dio, eta soilik behar-beharrezkoa duen horretarako erabiliko du.

 

      Beraz, diplomatikoarekin batera itzuli zen Txomin Letamendi, hari segika. Jose Antonio Sangroniz Frantziako enbaxadore egin asmo zuen Francok, Jose Felix Lekerikaren ordez, azken hau Kanpo Harremanetarako Ministro izendatuko baitzuen.

      Euskadiko Gobernuaren Barne Zerbitzuetako kidea zen Letamendi, enbaxadoreak uste zuenean tronpetari birtuoso eta adiskidea zuela alboan.

 

 

60

 

Ikerne hiru urte eta erdiko haurra eta Txomin bikoa, pozik ontziratu dira jostailu berriekin. Bidaia luzean aspertu ez daitezen, osaba Paulin Urrestik oparitu dizkie, jostailu-denda batean lan egiten du-eta Caracasen.

      Afalorduan, jantokirako bidean, amak gogor hartu du Txomin umea.

      — Zergatik jotzen duzu neba? —kexatu zen Ikerne.

      — Badaezpada ere, ondo porta dadin.

      Alferrik, jantoki dotoreko harizko zamauari ertz batetik tira egin eta mahaiko ontzi guztiak lurrera botako ditu Txomin txikiak.