30
Akiturik esnatu nintzen. E-posta irakurri nuen gosaldu bitartean. Begiak mingor nituen lehena amaitzerako. Zelalen burkideak kontu korronte baten zenbaki andana bidali zizkidan. Azaldu nion biharamunera arte ezingo nuela dena batera bidali, sartuko nuela nire borondate ona erakutsiko zuen kopurua, lehen zatia, egin zitzala moduak militar-epaile ustelak konbentzitzeko.
Ezin nion Bitorri deitu, ezin nion erregutu bigarren zatia aurreratzeko, maitearen bizitza zegoela jokoan, ez niola hutsik egingo, beti paratuko nintzela bere alde. Inpotentziak hamar minuturako ilunaldia sortu zidan. Telefonoak jo zuen lurrean botata nengoela. Rekalde aretoko komunikazio arduraduna zen. Hainbat komunikabide elkarrizketa eskean zebilzkion, arratsaldeko inaugurazioa eguneko hitzordu kultural saihestezintzat saltzeko limurtu zituela eragin handieneko kazetariak. Baietz, prefosta, erantzungo nituela galderak, baina telefono bidez, gau txarra pasatu nuela, kamera aurrean agertzeko itxuratxarturik nengoela, bazkalosteko lo-kukuak berrindartuko ninduela gonbidatuen aurrean aurkezgarri egoteko eran.
Banketxe batera joatea, horixe izan zen egin nuen lehendabiziko gauza. Zelalen burkideak bidalitako kontu korronte zenbakian sartu nuen neukan dirua. Bitorrek emandako sobre berean luzatu nion leihatilaz bestaldeko langileari. Begiak zarratu nituen zelan zenbatzen zituen ez ikusteko.
Nardira joatea izan zen bigarren gauza. Doloresek esan zidan Bitorrek 6:30etako kafeari huts egin ziola, bere Mercedesa ez zegoela betiko lekuan aparkaturik, menturaz ez zuela gaua Errebalen eman.
Hiriko taxi geltoki guztiak korritu nituen, taxista mordoari galdegin nien, inork ez zuen bezperatik ikusi. Mesfidatzen hasita nengoen, bahiketatik onik irteteko aukera herenera murrizten hasita nekusan. Poliziarik lerdoenak ere gurutzegramak betetzeko denbora beharko zukeen Zack Vicente Bitor Larraldek bahitu zuela ondorioztatzeko. Daborduko jabetua nintzen bahiketa okertu egingo zitzaiguna.
John Paulson, bahitugaiaren itsumutil adiskidemina!, Bushen ministro ohia! Ez neukan beste aukerarik. El Correo egunkarirako argazki sorta eskatu zidanaren bitartez Paulsonegaz berba egitea, hori izan zen egitekoa nuen hirugarren gauza.
Arantza: Arantza Ojanguren naiz, argazkilaria.
Idazkaria: Ez zaizu iritsi argazkien diru ordaina?
Arantza: Bai, arazorik gabe. Baina, orain, John Paulsonegaz berba egiteko zer egin behar dudan jakitearren deitzen dizut.
Idazkaria: Sentitzen dut, aireportura bidean da. Pertsona ospetsu bat jasotzera joana da.
Arantza: Esango diozu, mesedez, niri deitzeko?
Idazkaria: Ez da posible. Gero ere ezingo dizu deitu. BECen burutuko den nazioarteko mintegi batean parte hartu behar du.
Arantza: Haren egiteko guztien jakitun zaude?
Idazkaria: Bilbon den bitartean idazkari lanetan ari natzaio. Ezin dizut ezer kontatu.
Etxera itzuli nintzen. Dutxa bat hartu nuen, entsalada bat jan, eta arropak aldatu.
Erakusketaren ordua iritsi zen. Taxi gidariagaz adostu nuen, Juan Ajuriagerra kalean bertan elkar gintezen berriz erakusketaren aurkezpena amaitu ostean, 21:30ean.
Kazetariz enpo zegoen Rekalde aretoko ataria. Komunikazio arduradunak atoan kokatu ninduen mikrofono eta kameren aitzinean.
Kazetaria-1: Zer deritzozu Vicente doktoreak goizean BECen iragarritakoari?
Arantza: Barkatu, erakusketaren antolamenduak arreta guztia bereganatu dit. Zer iragarri du ba?
Kazetaria-1: Arratoiekin, txerriekin eta zakurrekin frogatu ostean, gizakien organo hilak berpizteko sendabidea aurkitu duela. Zure erakusketara etorriko da, zer deritzozu?
Rekaldekoa: Mesedez... Ojanguren andereari ezustekoa eman gura genion, ez daki Vicente doktorea erakusketara etortzekoa dela.
Kazetaria-2: Erretratua egiteko baliatuko duzu bisita?
Kazetaria-3: Vicente doktorearen aurkikuntzak eta zure erakusketak zerikusiren bat dutela uste duzu?
Kazetaria-4: Zure argazkietan gerrek eragindako sufrimendua erakusten duzu. Vicente doktoreak heriotzari aurre egiteko osabidea aurkitu du. Hitz egingo duzue lotura horri buruz?
Arantza: Ez dut Vicente doktorea ezagutzen.
Gonbidatuei harrera zor niela argudiaturik aldendu nintzen zaparrada hartatik.
Rekaldekoa: Barkatu, Arantza. Kazetari horrek dena izorratu du. Sorpresa eman nahi genizun, erakusketarekin izugarri pozik gaudela adierazi. Denak etorriko dira, ez da inor faltako. Zorionak.
Sasoi batean uste osoa nuen pentsamendua isiltasunean garatzen zela ondoen. Solaskide nituenak gai zirela pentsatzen nuena entzuteko, gai zirela nire argazkiekin solastatzeko, ez nuela hizkuntzaren beharrik. Erakusketa areto oraindik jenderik gabean sartu nintzen. Argi ahul banak gaztigatzen zituen 50 erretratuak. Bitorren erranairuaz akordatu nintzen: Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko.
Komunikazio arduradunari keinua egindakoan zabaldu zituzten aretoko ateak. Han nintzen ni, erdi-erdian, aretoko zuzendaria aurkezle, gonbidatuak banan-banan agurtzen. Amaiera bakoa begitandu zitzaidan politikari, kirolari eta ospearen bizkarroi orotarikoen erreskada, erregearen etorrera iragartzen zuten tronpetak entzun arte. Han zen Zack Vicente, han zen John Paulson, bertan Galan eta Aberasturi, bertan lekuko dozena erdi telebista kamera.
Zack: Zorionak, asko miresten dut zure lana. Bilduma bikaina da, oso ederra. John, emaiozu gure telefonoa, AEBetan erakustea aise lor genezake. Giza jendearen sufrimenduaren berri zabaltzen lagunduko dizugu.