20
Klaxon hotsak esnatu ninduen. Kamerak aldean armosetako asti barik sartu nintzen taxian. Aurrez aurreko begirada saihestuz agurtu ninduen Bitorrek.
Bitor: Aginduak bete eta kito, besterik ez dizut eskatzen. Ez da bitan gertatuko. Carltonera goaz, Gran Hotel Turismo aldizkarirako argazkiak aterako dituzu, sarreratik hasi eta goiko geletaraino. Saioak mezu faltsua bidali die, hotelaren urteurrenaren karietara, zortzi-hamar orrialdeko koloretako erreportajea burutu asmo duela aldizkariak. Baiezkoa eman diote.
Arantza: Ados.
Bitor: Karnetagaz batera, hemen daukazun mezuaren kopia erakutsita nahieran ibiliko zara. Zack Vicenteri ziurrenik bertako batean emango diotela ostatu aurreratu dit Imazek, haren mailakoentzat habia urrezkoa delako. Litekeena da barruan bi gela dituen suite nagusia eskatzea. Atera egizkiozu hari argazki gehien: sarrerak, balkoia, gaindegira igotzeko eskaileretarainoko bidea. Den-dena xeheki gura dut. Argazkietan antzeman behar ditugu batetik besterako metroak, ahalik eta doien. Ezin dugu pauso bakar bat oker eman.
Arantza: Homoplatoaren ezkerretara dut interruptorea. Sakatu egiozu, mesedez.
Bitor: Koplarik ez. Iluntzean Doloresenean elkartzen garenerako pendrive honetan bildu itzazu argazkiak. Eta ezabatu zure kameretatik.
Arantza: Ez dakit gaur egiteko astirik izango ote dudan, erakusketaren antolatzaileekin hitzordua daukat.
Bitor: Aurreratu batzar hori. Asmatuko duzu estakururen bat. Nardin 20:00etan.
Arantza: Imazek aise irentsi du amua, beraz.
Bitor: Zure lana argazkiak ateratzea da. Imazekikoak neure kontu. Ez da horren gatxa. Gero arte.
Arantza: Aizu... zuk ba al dakizu bonoboek, bisaizuri tximinoek, makako japoniarrek noiz egiten duten apotan?
Hotelaren ataurreko aterpearen babesean barik, Rodriguez Ariasen utzi gintuen Saioa eta biok, kukuarenak eginez, bera hotelaren segurtasun kameretatik salbu.
Saioa: Carltoneko argazki historikoa etxeko egongelan dugu, zeuk oparitua, oker ez banago, ezta osaba?
Bitor: Agirre, De la Torre, Leizaola, Monzon, Espinosa, Aznar, De los Hoyos, Gracia, Nardiz eta Astigarrabia.
Arantza: Gurean ez dugu inoiz futbola maite izan!
Saioak aldizkariko zuzendariaren izenean bidalitako mezuaren arabera, hotelaren urteurrena ospatzeko erreportaje zentrala argitaratuko genuen Gran Hotel Turismon. Carltoneko komunikazio arduradunak, mezuaren kopia eskuartean, agindu zehatza eman zion mandatugileari ate guztiak zabal ziezazkidan.
Saioa: Hik ere izango ditun mitoak...
Arantza: Hamaikakoa gura dun? Abaitua, Leibovitz, Modotti, Maier, Taro, Lange, Cole, Addario, Bollack, Iturralde eta Lubaki.
Saioa: Euskaldunak munduko selekzioan?
Arantza: Gure etxean liburu gutxi izaten genituen. Aitak ez zuen biblia besterik irakurtzen. Amak irudia maite zuen: Ojanguren, Lekuona. Uste dinat Emmanuel Radnitzky eta Castelaogaz enamoraturik bizi zela: “Hildakoak alfer hutsak dira. Bizitzaz etsi dutenean erori egiten dira, zerraldo, eta luze gelditzen dira oso jarrera barregarrian, eta aldizka, lizunean. Nolanahi erortzen dira eta ez dira ostera zutitzen. Esanen nuke hobeki atseden hartzeko geldiarazten dituztela arnasa eta bihotza. Begiak zabalik geratzeko gauza izanen lirateke esku amultsu batek estaliko ez balizkie. Galtza-alkandoratan geratuko lirateke ez balituzte jantziko hartzearren, duintasunez, auzokoen azken bisita. Badakite familiari ematen dioten nahigabea, eta hala ere ez dira iratzartzen. Badakite ehorzketa batek balio duena, eta betiko hiltzen dira alfer alaenak. Negar egiten dute haien inguruan haurrek, emazteak eta amaginarrebak, eta zerraldo jarraitzen dute. Zurezko kutxa batean daramatzate eta ez dira izutzen. Badaramatzate lurpean estaltzeko eta ez dute protestarik egiten. Irentsi behar ditu lurrak, eta nagiok nahiago dute haragia galdu, bizitzara ez itzultzekotan. Ireki ezazue kontuz zazpi urteko gorpu baten zerraldoa eta ez dituzue hezurrak eta zapatak besterik aurkituko; baina ehorzleak utzi zituen jarrera bera edukiko dute”.
Saioa: Begiak zabalik geratuko lirateke, esku amultsu batek estaliko ez balizkie... Gustatzen zaidan.
Arantza: Pasarte hori errezitatzen zidanan amak goibel sumatzen ninduenero, berari amamak legez.
Saioa: Berezia, hire ama.
Arantza: Ezkondu aurretik margotu ere egiten zinan. Eta bere osaba amerikanoak ekarritako kamera txiki bategaz ateratako argazkiak ere erakutsi zizkidanan behin. Eta bazinan urretan gordetako argazki liburu bat, Eulalia Abaituarena. Emakume haien argazkiek bete zizkidatenan umetan bakarrik igarotako orduetako hormak.
Saioa: Eta orain ogibide ditunan gerrako argazkiek bakardadea baino okerragorik badela sinesten laguntzen dinate.
Arantza: Euria bota ahalean ari zen egun batean, Bidebarrieta liburutegian abarotu nindunan. Zer irakurri ez nekiela Russian war photograhps 1941-45 argazki liburua hartu ninan eskuartean. Arranditsua irudituko zain, baina uste dinat nire bizitza bitan banatu zutela argazki haiek.
Saioa: Besteen sufrimenduagaz enpatizatzeak erruduntasuna badakarkigu, inguru afektibo hurbileko norbaitekiko zorra dugun seinale.
Arantza: Gero eta filosofia merkeagoa irakasten dizuete.
Saioa: Psikoanalisia baitezpadakoa dun.
Arantza: Zertarako?
Saioa: Egiten duguna ulertzeko.
Arantza: Hara, horregatik dun lanbroa zurikaila.
Saioa: Horregatik ditun maiteago argazkiak zuri-beltzean, horregatik janzten haiz beti beltzez, horregatik erakartzen hau nire azal zuriak. Eta zuen ama, zergatik buztartu zen apaizkume putazale batekin?