Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2023, antzerkia
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

25

 

Flavia izena zuen Nardiko hitzorduan Bitorrek aurkeztu zigun andrazkoak. Berbakeragatik brasildarra, imintzioengatik bipila, isiluneengatik apala. Bitorrek aurkeztu orduko harira etorri zitzaigun. Gorroto zuela Fidel Imaz, estimu handian zuen nesketako bat haurdun utzirik, mututu ezean estraditatzea lortuko zuela esanez zemaitu zuenetik. Ez zen lehen aldia, oraingoan ez zion barkatuko, berdin zion Imazek euren aurka hari boteretsuenak mugiarazita ere, ez zen inoren koroapean belaunikatuko, nahiko zorrotz zuen labanaren ahoa.

      Flavia: Eta zuek biok, badakizue gizonak zelan xarmatu?

      Saioa: Gura barik egin dut inoiz.

      Arantza: Kontatu didate kasurik ez egitea dela eraginkorrena.

      Flavia: Gure altzoetara datozenak bestela beteko ez lituzketen ametsak gugaz txortan eginda betetzen dituztela uste duten haur papar iletsuak dira. Baina fantasiak, umetakoak baino, helduarokoak dituzte, ikasiak.

      Saioa: Aberatsak dituzuela bezero uste genuen.

      Flavia: Eskuarki bai, baina badira urtean behin gutxienez jatetxe garestietara lez datozkigun asko. Horiek dira asetzen errazenak.

      Arantza: Eta usu doatzuzen maila gorenekoek, horiek ez dute fantasia berririk?

      Flavia: Kasu horiekin. Dena probatuta, minak baino ez ditu asetzen.

      Bitor: Flavia, harira joan gura nuke artez. Saioa eta Arantza Carlton hotelean sartzea lortu behar dugu.

      Flavia; Arazorik ez, adiskidea dut hoteleko maizterren hornitzailea.

      Bitor: Saioak eta Arantzak konpainia egin behar liokete suite nagusian ostatu hartuko duen ospetsu bati.

      Flavia: Eta nor dugu izarra? Ez genuen Imaz kakaztu behar?

      Bitor: Gero eta gutxiago jakin hobe. Ez zaitez arduratu.

      Flavia: Baina Imaz gogor izorratuko duzue, ezta?

      Bitor: Hondaleraino.

      Flavia: Ongi da, nahikoa dut, zugaz fio naiz, Bitor. Goazen ba, eskolak eskolan ematen dira ondoen.

      Ikasgaiak jasotakoan deitzekotan, General Conchako klubera bidean agurtu genuen Bitor. Langileak atsedenean zeudelarik arretatsuago hartuko genituen lezioak. Kamerarik sartzea galarazo zidan Flaviak, jakina zena ezagunegi egitea ere ez zitzaiela komeni argudiatuta. Eskaintzen zuten zuhurtziagatik ziren ezagun Flavia eta bere langileak dirudun mokofinen artean, ikusezinak izateak famatzen zituen.

      Bitorrek esana, Laguna hiriko Morrinhos bazter-auzoan jaioa zen Flavia Ribeiro da Silva. Aita eta hiru nebak galdu zituen oso denbora laburrean. Ama, hilabeteetara. Hamabost urteko esposatu zen urte gutxian aberastutako abeltzain batekin. Berehala banandu ziren, liskarzale hutsa zen gizona Flavia jipoitzen hasi zenean. Banaketak utzitako diruagaz Zuzenbidea ikasteaz gain, Europarako bidaia txartela eskuratu zuen. Kale gorrian lanean hasi zenean ezagutu zuten elkar Bitorrek eta biek.

      Flavia: Lehen ikasgaia: Miresten dituztenekin laketzen diren bezeroak dira gureak.

      Hiru ordu laurdenetan erakutsi zizkigun suge liluratzailearen amarruak. Arnasa sakon hartu eta doinua sugea tente gura beste denbora mantentzea ez zitzaigun ezinezkoa suertatuko, hain gutxi bi xirulari izaki. Imazekin erakutsi zuen grinaren erdiagaz Saioak berak bakarrik birloratuko zituzkeen Zack Vicente, John Paulson, bizkartzaina, Carltoneko zuzendaria eta aitasantuaren eskribaua. Flaviak atoan igarri zion dohaina. Saioaren zazpi marabillen aurrean, nire titi txiki, ipurdi estuak desiragarri bihurtzeak miraria zirudien.

      Flavia: Ez kezkatu. Ezkutukoa da denok gehien irrikatzen duguna.

      Bularrak harro papartu eta ipurdia ahateki kulunkatu. Gainontzekoa bere langileetako baten soineko sofistikatuaren eta Vicenteren Saioarenganako irritsaren kontu uztea besterik ez nuen. Beste bizitza bat, beste nortasun bat, lana, betebeharra.

      Zack Vicenteri ez genion larrua jotzeko betarik emango, igurtzi batzuk izterretan gora, ferekak belarri gingiletan, sua piztuko genion taxian, garra hauspotu suite inperialean, baita erre orduko itzali ere. Luxuzko zerbitzua zen gurea, begirada nagientzat antzeman ezinezko arte lan faltsuak ginen: Burmako bi rubi. Flavia ez zen debaldetan madama. Vuitton zorro bana ere mailegatu zizkigun, zeintzuetan argazkietarako erabiliko nituen mugikorra eta mikrokamera gordeko genituen.

      Berriro Nardin elkartu ginenean, Bitorrek askari oparoa zuen mahai gainean. Doloresek harridurazko keinua egin zigun, isilka mintzatu, Bitor ezohiko zegoela iragarriz. Bekozko, marmarti agurtu gintuen. Xingarra oratzeko zerabilen ezkerreko eskuak dardara luzea egin zion, ordura arte ikusia nionik larriena. Huntingtonen pauso hotsa gero eta hurbilago entzun zezakeen. Zack Vicente bahitu, gaixotasunaren sendabidea erauzi eta bizitza berri bati ekiteko egun gutxitara ginen. Funtzio bakarrerako hari guztiak neurrira finkaturik zituen Bitorrek, txotxongilook ez gintezen zangotrabatu. Baina zerbaitek aztoratzen zuen, hariren bat ondo lotu barik zegoen.

      Bitor: Hemen duzue bahiketaren plana. Okertu barik betez gero, gizateriari egingo diogun oparia gogoangarria izango da. Ez ahaztu.

      Arantza: Eta okertuko balitz?

      Bitor: Orduan ere gogoangarria izango da, zin dagizuet.

      Saioa: Ezagutzen duzu Walter Benjaminen Historiaren aingeru beltzarena? Hegazkinen bonbek eraitsitako etxeak eta zatikatutako gorpuak bata bestearen gainean metaturik dakusa aingeruak. Nahi lituzke hondakinak berregin, hildakoak berpiztu, baina Paradisutik datorren ekaitzak sortutako zurrunbiloa korapilatu zaio hegoetan eta ezin du hegan egin. Ekaitzak etorkizunerantz egiten dio bultza, hondakinen eta hildakoen metak zerua ukitzen duen arte.

      Bitor: Zer gerta ere, ez naiz egindakoaz damutuko, Saioa. Okerrenera, hil baino ez.

      Arantza: Baina, Saioa, ez duzu uste izango Vicente aipu filosofikoekin limurtzea, ezta?

      Saioa: Ez da, ba, munduko ikertzaile handienetako bat? Izango du kezka etikoren bat.

      Arantza: Mamalia zer zara gero!

      Bitor: Arantzak arrazoi du, egin ahalik eta berba gutxien. Zuek igurtzi ondo Vicente eta bestea utzi nire esku.

      Arantza: Gu ere ez gaude lasai. Hil ala bizikoa da guretzat ere.

      Bitor: Hemen neu naiz hilko den bakarra. Zuri diruak bermatuko dizu bizia. Prestatu ondo kamerak, teknologiak huts egiten du-eta gehien behar izaten denean. Bihar arte.

      Banatu zigun bahiketari buruzko txostena besapean nuela irten nintzen azkenekoz Narditik. Saioak laguntzeko begirada zakurtxo deslaiarena egin zidan. Masailean musu emanda agurtu nuen. Ernegatuta egoteko Bitorrek beste arrazoi banuen. Gerra argazkilari batentzat itsu geratzea ez da hiltzea baino samurragoa; zer uste zuen Bitorrek, bere zilborrean biltzen zirela munduko malur guztiak?