Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2023, antzerkia
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

5

 

Taxistak eta biok elkar ezagutu genuen gau hartan gidoi bati jarraiki ari ginen berbetan. Ni, inprobisatzen. Gidaria, gai-jartzaile. Ez zuen isilean galtzeko astirik, kanpoan euri txingorra ari zuen bitartean.

      Bitor: Barka nire senperra, Kurdistanen ibili zarela esan didazu. Zertan?, atrebentzia ez bada.

      Arantza: Egunkarietan agertuko diren argazkiak ateratzen, hango emakume gerrillariei.

      Bitor: Hara!, zu zara Arantza Ojanguren gerra argazkilaria, Zaloa Velezekin Kurdistanen ibili dena.

      Arantza: Bazenekien, antza.

      Bitor: Ni Bitor Larralde naiz. 60 urte ditut eta Huntington gaitza diagnostikatu berri didate.

      Arantza: Zorionak, detektibe pribatuen gaixotasuna ematen du. Punk talde batena dirudiena dut nik: glaukoma.

      Bitor: Sei urte zituela, auzoko baserriko madariondo gainean lapurretan ari zela, txakur zaindaria haginkasmoka etorri eta astebetea madariondoan igaro zuen tipo bat eroan nuen behinola taxian.

      Arantza: Kontu bitxiak entzuten dituzue taxistek.

      Bitor: Sarritan garraiatzen ditut bizitzaren eguneroko altxor xume bezain ezdeusak maite dituztela goratuz masturbatzen diren milioidunak ere.

      Arantza: New Yorken izan nintzen lehen aldian, uzbekeraz baizik ez zekien taxista bategaz ezagutu nuen Manhattan osoa.

      Bitor: Eta ezagutu zenuen Philippe Petiten laguntzailea izan zen taxista pakistandarra?

      Arantza: Nor da Philippe Petit?

      Bitor: 1974ko goiz batez World Trade Center dorreak kable baten gainean zeharkatu zituen funanbulista.

      Arantza: Eta taxista?

      Bitor: Petitek zain egoteko esanda, gora begiratzea burutik pasatu ez eta agindutako hotelera itzuli zuen pakistandarra: Faruk Hamid, Nik ezagutu nuen Philippe Petit idatzi zuena.

      Arantza: Ezagutu ditudan taxista pakistandarrak isilak bezain baketsuak iruditu izan zaizkit, New Yorkekoak zein Karatxikoak.

      Bitor: Kairon egondakoa izango zara orduan. Eroen antzera gidatzen omen dute.

      Arantza: Ez dakit zelan gidatzen duten eroek, ez dut erorik gidatzen sekula ikusi. Izua bai, sarritan sentitu dut, Kairon baino hurbilago ere bai, hiru ordu laurdenera dagoen aireportuan, adibidez.

      Bitor: Guraso, irakasle, gidari, edozeini ematen diote baimena edozertarako.

      Arantza: Ero faltan ez gaude...

      Bitor: Berton duzu balizko bat. Medikua oker ez badago, Huntington gaitza pairatu duten gehienen antzera, erotu eta neure buruaz beste egiteko aukera asko dauzkat.

      Arantza: Medikuak ere okertzen dira.

      Bitor: Eta gerra argazkilariak.

      Bitor Larraldek ez zuen denbora alferrik galtzeko asmorik. Aurpegia tupustean mudatu eta gezia bidali zuen erdi-erdira barruko erretrobisoretik begira, eskua bolanteari gogor oratuta, baiezkoa beste erantzunik onartuko ez zuten begi nabarrekin. Aurreko eserlekuraino ernaiarazi ninduen proposamena egin zidan:

      Bitor: Lan bat daukat zuretzat. Lagundu egin behar didazu.

      Arantza: Nik? Zertan?

      Bitor: Huntingtona senda dezakeen bakarra hiru aste barru iritsiko da Bilbora. Zack Vicente du izena. Bahitu egin behar dut.

      Arantza: Zorte on.

      Bitor: Bahiketa argazkietan gordetzea gura dut. Ez dut bideorik gura, ez kazetaritza kronikarik. Zuk ateratako argazkiak gura ditut.

      Arantza: Ez duzu benetan esango!

      Bitor: Huntington gaitzarena egia da.

      Arantza: Orduan, baliteke bihar bertan balkoitik hegaz egiten ahalegintzea? Beldurgarria da Huntington hori.

      Bitor: Gupidagarria, esango lukete beste batzuek.

      Arantza: Aizu, non ipinita daukazu ezkutuko kamera hori? Gustuko ditut era honetako txantxak...

      Bitor: Endekatzea erabatekoa izan aurretik, zorarazi eta inoren laguntza beharrik ez duen eutanasia ahalbidetzen duen gaitza da. Ez nabil brometan. Dirutza daukat prest zure laguntzaren truke.

      Arantza: Eskuzabala zer zara gero! Ez dut gogoan Bilboko taxisten artean arrotzei bahiketetan parte hartzea eskatzea ohitura denik. Mundu osoan ibilitakoa naiz eta aurrekari guztiak hankaz gora bota dizkidazu brastakoan.

      Bitor: Sinesgaitzagoak irenstetik zatoz, ezta?

      Arantza: Eta zelan dakizu Zack Vicente horrek zure gaitzaren sendabidea ezagutzen duela?

      Bitor: Jakin behar du.

      Arantza: Noski. Barkatuko didazu mesfidantza baina...

      Bitor: Bai edo ez, ez didazu besterik erantzun behar.

      Arantza: Lagunduko dizut... Ez dut sekula bahiketa batean parte hartu. Zirraragarria izango da. Gainera, ez dut beste zereginik...

      Bitor: Esan dizut ez nabilela brometan. Badakit diru premia larrian zaudela. Zuk behar dituzun sosak nik dauzkat. Pentsa ezazu. Bihar bertan hasiko gara, eta bihar bertan emango dizut lehen partea.

      Arantza: Ezaguna egiten zait aginduz proposatzeko era hori.

      Marra gorridun alkandora merkea eta lisagailuagaz tente markatutako praka beltzeko taxista bat artoski pentsatutako bahiketa batean parte hartzeko gonbita egiten ari zitzaidan, behar-beharrezkoa nuela zekien diruaren truke.

      Drogak, luxuzko prostituzioa, ustelkeria, mafia eta heriotza mehatxuak bertatik bertara ezagutaraziko zizkidan bahiketa baten egile izateari erantzun beharko nion, artean antzekorik urrundik ere susmatzen ez nuen arren.

      Nire bizitza hamarkadek bereizi beharrean, oinaztargien pareko gertakariek bereizten zutela sinesten hasita nengoen.

      Bitor: Gerrako argazkilaria zara eta, oker esan ez didatenez, glaukoma aurreratua diagnostikatu berri dizute. Bi aukera dituzu: gerra argazkilaritza utzi edo itsu bizi. Uste dudan bezain azkarra bazara, lehena aukeratuko duzu eta bigarrenari aurre egiteko ebakuntza egingo duzu. Dirutza baten premian zaude. Nik badaukat, gura bestetan errepikatuko dizut. Horra nire telefonoa. Deitu egidazu, bihar non batuko garen zehazteko. Ekarri kamera eta koadernoa.

      Arantza: Larregi dakizu niri buruz, gauza onerako. Gelditu taxia atoberean!

      Bitor: Baretu zaitez. Taxista naiz Bilbon azken hogeita hamar urteotan. Bezero asko ditut: kontakatiluak, ahoberoak, larderiatsuak, inorengatik edozer edozelan esan zaleak. Ez daukazu jakiterik zeinen zorigaiztokoa den hiri honetako jende bakartia. Konfesore mugikorra naiz. Eta ez dut minutu bakarra galtzeko.

      Arantza: Benetan da publikoa gure osasungintza.

      Bitor: Hain zuzen ere. Pentsa ezazu, ez daukazu aukera askorik.

      Arantza: Utzi egidazu neuri hanka sartzen.

      Bitor: Ez ahaztu bihar kamera eta koadernoa.

      Arantza: Baiezkoa ematekotan, ez dut koadernorik erabiliko. Ez naiz berben lagun. Iruzurtiak dira. Zure antzera.

      Etxepean utzita, etorri bezain astiro alde egin zuen. Desagertu zen arte begiratu nion atzetik Mercedes C 320ari.

      Euri-haizeak oroitzapena ekarri zidan. Hilabetea zen gau batez esnatu eta bost minutuko itzalaldia izan nuela. Medikuak bi begietan sekulako tentsioa nuela ohartarazi zidan, denbora laburrean hagitz garatutako glaukoma. Ebakuntza egunetik biharrera egin ezean itzalaldian betiko bizitzeko arriskuan nintzen. Zinez zen larritzekoa bi begietara zetorkidakeen lurrikara. AEBetako Milwaukeeko ospitale pribatu batean zegoen tunel osteko argia, merketik galaxietara. Deontologi kodeaz pare bat gauza esango nizkion familia medikuari ukabilen pare izan banu. Nori ez zion emango nire glaukomaren berri taxista single bati dena aitortu ostean?

      Horrenbesteko nekearen podesuz burua galtzen ari ote nintzen, jet-lagak eldarniotan horditu ote ninduen, logelaren ospelak hormatu. Lominez, atseden hartu ahal izateko, gerra argazkilaritzan eman nituen urteetan erabakiak di-da hartzeko gaitasunari erregu egin nion sehaska kantari etor zekidan. Debaldetan. Lorazepamari esker lortu nuen, beste behin, gorputzak eskatzen zidan su-etenari amore emanda lokartzea, biharamunean Bitor Larralderekin izandako elkarrizketa ametsetan izan zela oharturik esnatzea gurarituz. Telefonoak jo zuen arte.

      Bitor: Egunon, 10:00ak dira. Prentsaurreko batean argazkiak ateratzeko enkargua daukazu. Hogei minutu barru jasoko zaitut.