29
Bitor esperoan genuen hamarrak jotzeko laurdena falta zela. Ardo beltza bi eskuekin oratzen zuen kopan. Goizeko 7:00etarako Iberdrola dorrean jaso behar zituen presidentea, Emilio Aberasturi eta John Paulson, Loiura Zack Vicente jasotzera abiatu aitzin. Fidel Imazi deika ari zitzaion, hitza bete eta Aberasturik Vicenterekiko gidari lanak egiteko mandatua egin ziola eskertzeko, baina erantzungailuagaz bakarrizketatzea baizik ez zuela lortu.
Flaviaren argibideak, telefono bat eta goitizenak ere banatu zizkigun. Bastet izango zen Saioa. Eta ni Anat.
Aberasturik ez gintuen gauerdia baino lehen erreklamatuko, baina 22:00etarako mozorroturik elkartuko ginen General Conchako bere lilitegian. Flaviak zehaztera, maila gorenekoenek itsusi ei zeritzoten elkarri aurrez aurre loberdatxurik behar zuten galdetzeari. Itaundu barik ere, negozio gizonen artean ohikoa zen gonbidatuak hotelerako taxian izatea canna indicak, orkideak, gerezi lore japoniarrak, hortentsiak, lantanak, ixorak edo magnoliak lore-hautsa xurgatzeko prest.
Taxian lau izango ginen: Bitor, Flavia, Bastet eta Anat. Flaviak ezagutzen zituen Iberdrolako jaunskiloak, berak kitzikatuko zituen Vicenteren bizkartzaina bere altzoaren epeletan lokartzeko. Bilbon ez zen Carlton hotela baino gotorleku seguruagorik, Vicentek ez zukeen bizkartzain armatuaren beharrik.
Hogeita lau orduren buruan elkartuko ginen. Bitartean ez genuen deirik ere trukatuko.
Bitor: Galderarik? Zalantzarik?
Saioa: Proposamen bat dut.
Bitor: Ez dago proposamenetarako aukerarik. Bahiketa neuk zehaztu bezala burutuko dugu, kito. Edo beste sorpresaren bat duzu guretzat gordea?
Saioak alde bietatik beteriko paper bana luzatu zigun.
Alde batean, antzinatetik erabilitako tortura modurik izugarrienen zerrendatik suite inperial batean aplikatu zitezkeenak zituen azpimarraturik.
Beste aldean, kanta bat:
Ez dezazula isiltasuna idealdu
Hitz egitea urrea da
Isiltasunean bizi dira
arratoiak eta izurritea
Ikusi zeinen isil jaten zaituen tumoreak
Hor alferrik dira hitzak
Ez dezazula uste
borreroa solasten denik urkatzekoarekin
Ez dezazula uste
kisteak egunonak ematen dituenik
Ez dezazula uste
maitasun ezak bere hustasuna aitortzen duenik
Ez dezazula uste
balak eztabaidan aritzen direnik
Uste duzu sokak
negar egiten duela?
Uste duzu somniferoek
hasperen egiten dutela?
Ez dezazula uste
gizakiak erabakiak hartzen dituenik
arratoiek mihia jan diotenean
Uste duzu txarrantxak
balio duela gramofonoko orratzerako?
Ez dezazula uste
ezer hazten denik isiltasunaren baitan
ez bada isilen isila
Bitorrek zorrotz begiratu zion Saioari, papera mila zatitan txikitzen zuen bitartean.
Bitor: Inoiz ez bezala behar zaitut orain, Saioa. Ez egidazu hutsik egin!
Rekalde aretoko komunikazio arduradunaren deiari erantzuteko Narditik lekora atera nintzen. Ez dakit zer gertatu zen kanpoan nintzen artean.
Bitorrek alde batera egin zuen, Saioak bestera. Mercedes 320ak eta Citroen C2ak kontrako noranzkoa hartu zuten.
Oinez etxeratu nintzen, euri-haizeak tangadaka zekarzkidan oroitzapenak orrazten. Aita hil osteko egunetan amak lotarakoan kontatzen zizkidanak oroitu nituen. Gure auzoan, emazteari biluzik ehunka argazki egin ostean, bere buruaz beste egin zuen argazkilaria bizi izan omen zen. Senarrari gutun anonimoetan benetako sentimenduak aitortzen zizkion emaztea ere izan omen genuen auzokide. Akordatzen naiz amak askotan kontatu zidala haurdun geratu zen emakumearena, senarrak komuneko ateagaz sabelean kolpea jota galdu zuela umekia. Zesarea egin zioten eta hildakoa bizi baten truke aldatu. Senarrak maitalea zuela salatu zioten. Ez zion sekula ezer aurpegiratu, ordezko alaba ken ez ziezaion.
Oker ez banago, etxerako bidean ez nuen oroitzapen samurragorik izan.
Saioak Zack Vicente hiltzea ekidin behar nuen. Bitorrek, lana amaitu osterako, promestu baitzidan glaukoma sendatzeko edo Zelal heriotza zigorretik libratzeko premiazkoa nuen dirutzaren bigarren zatia.
Hamar bat ordu nituen, edo loari edo erabakiari eskaintzeko.