Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2023, antzerkia
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

13

 

Diru premiak sakailatuta onartu nuen Zack Vicenteren bahiketan laguntzea. Freelance izendunoi egindako argazkia ordaintzen ziguten, eginasmoa egundo ez. Kummabzara eta Juarezera egindako bidaietatik poltsa eta bihotz husturik itzuli nintzen. Hegazkinetik jaitsi, puskak bildu, taxia hartu eta maizter nintzen etxeko alokairuko ispiluan neure burua ikustean ikaratu egin nintzen. Imajinatzen nuen neure buruaren irudia ispiluak itzulitakotik oso bestelakoa zen. Prestatzen ari nintzen erakusketa berriaren argazki sentitu nintzen.

      Mundu osoko gatazketan egindako argazkietatik 50 apailatu asmo nituen Rekalde aretoan erakusteko. Argazkien artean, ezkutuan, mikrokamerak ezarriko nituen. Inaugurazioaren egunerako aretokoek, neure eskariz, gonbidatuko zituzten politikariak, bankariak, kirolariak, idazleak, musikariak, eskaleak, poliziak, irakasleak, telebistako aurkezleak, arotzak, iturginak, etxekoandreak, laborariak. Argazkiak ikusita gorputzak zelan erantzuten zien jasoko nuen mikrokamerez. Horixe izango zen benetako erakusketa: gerra irudiek sorrarazitakoaren irudiena, argazkiak eta erreakzioak aurrez aurre. Van Heuseren egiaren makina nuen gogoan.

      Kandilera itzularazi behar nuen memoria, Kummabzara, Juarezera.

      Zelalen hitzak ibiltzeko tenorea nuen.

      Zelal, etsaiaren basakerietan kamera desarratzen zuela ezagutu nuen ofiziokidea da. Kandilgo mendietan ezagutu genuen elkar, gerrillari kurduei buruzko erreportaje fotografikoa betetzen ari nintzela. Hirugarren egunean hurreratu zitzaidan lehen aldiz. Fusila lurrean utzi eta ISISekoen asasinatzeen argazkiak erakutsi zizkidan.

      Zelal: Zu ere izotzezko etorri zara basamortura. Sendatoki egokira etorri zara.

      Zelal zen, beraz, uhertuta nuen odola araztuko zuen ura. Aise gainditu zituen komandanteak ni jagoteko emandako aginduak, ez zidan behin ere estropezu egiten utzi. Ukitu ere egin gabe oratu ninduen eskutik erreportajerako eman genituen egunetan. Lehen egunetan ezin nuen antzeman bihotzeraino iristen zitzaizkidan uhin haiek ziostatena. Esan barik adierazteko kode hura ezezaguna zitzaidan zeharo. Ulertu uste izan nuen, oliba berdearen koloreko soineko prakaduna horren galanki zerabilen andrazko hark zeruan eraikitako harrizko hormaren aurka jauzi eginda kolpatzea proposatzen zidala. Desira bihurtu zidala erregai, promesik gabeko balizko musuz, legebako ebazpenez. Lurraren eta haizearen, argiaren eta ilunaren arteko ituna proposatu zidala. Ikus nezan, maita nezan, izan nenkion, ahantzi ez nezan.

      Kandiletatik ordekara so zegoela atera nion alboz aurrerakoa dut gogoan iltzatua.