8
Bitorren anaia Domingoren eta Juliana Okendoren alaba bakarra zen Saioa. Firestonen lanean ezagutu zuten elkar. Zortzikoak hamabira luzatutako aparteko orduetatik etxerako trenean kontu kontari hasita maitemindu ziren. Hogeita hamarrak ondo beteta zituztela gurasotu, Errebaleko etxea ordaintzen amaitu zutenean. Julianak proposatu zion Domingori herritik hirira lanera etorritako anaia sasoi baterako apopilo aterpetzea, etxea lehenago ordaintzen lagunduko ziela-eta anaiaren errentak. Bitorrek laudorioak baizen ez zituen koinatarekiko. Ez zuten familia bizitzarik egiten. Domingok eta Julianak errelebotan lan egiten zuten, Bitor goizean goizetik abiatu eta gauean berandu itzultzen zen. Igandeetan, ez denetan, izaten zuten elkarrekin bazkaltzeko parada; orduan igartzen zuten Julianak eta Domingok eurekaz bizi zena Bitor.
Saioa munduratuz geroztik, Julianak aparteko orduetan lan egiteari utzi egin zion. Bitorrek astegun buruzurietan Saioa lokartu aurretik etxeratzeko ohitura hartu zuen. Txera berezia zioten elkarri Bitorrek eta Saioak. Txikitxuterik izugarri maite zituen ama-aitak, eta osabagaz askoz hobeto konpontzen zen etxeko neskatila. Osaba taxistagaz joaten zen eskolara, osabak jasotzen zuen unibertsitatetik iluntzeetan. Umetan ez zuen inori musu ematen derrigortu, heldu aroan ez zion eguneko gorabeherez ezaxola galdetzen. Bitorrek aspaldi ikasi zuen, Saioagaz entzutea zegokiola. Haren jakingoseak liluratua zeukan.
Bitor: Ondo?
Saioa: Bourdieu, Azurmendi, aspertzeko gutxi.
Bitor: Ekarri dun musika berririk?
Saioa: Betikoa, baina ahots ezberdinez.
Bitor: Iraultzak, orduan, itxaron egin beharko din musikan ere.
Saioa: Zuek entzuten ez dituzuen arren, iraultza txikiak etengabe datoz.
Bitor: Merkatuak aspaldi irentsi zituelakoan nengonan.
Saioa: Eta guk merkaturik ez dugunez, autonomo joka genezake. Ez gaituzte horrenbeste suntsitu.
Bitor: Hire bekokiak ez din ba garaipenaren aztarrenik!
Arangoititik Errebalera, Bilboko kaleak zabal, argi, palmondo bustiz beteak. Saioak maite zuen semaforo gorriek etengabe geldiaraztea. Maite zuen denbora gogoetari ematea, herrikideei beha. Semaforo gorrietan taxiaren aurretik igarotzen zirenen ibilerari erreparatzea, herrena zein hankatan zuten igartzea, presaz ari zirenen larridurak diagnostikatzea.
Saioa: Begira horri, neska ilehori erkin horri, osaba. Historia irakaslea da. XX. mendeko azken laurdenean munduan izandako goseteen eraginak aztertzen ari dira egunotan eskoletan. Arduratuta dago, orduan gertaturikoak errepikatuko diren gero eta zantzu gehiago dakusa.
Bitor: Historia eta literatura gaurkoan? Zortziko txikian, arren, horrela hasten haizenean amaitzea ahaztu egiten zain. Horra nire azken puntua: txakurrak, arratoiak, hostoak zein lurra jaten hasi eta auzoak hiltzen hasiko gaitun hiritarrok, gosea berdintzeko. Bai, antzekoak ikusten ohituta nagon taxi gidaritzan nabilen urteotan.
Saioa: Misiolari arabar batek jasotako kroniken fotokopiak dira euritik babesten dituen horiek. Liburuzainak zarratzeko tenorea dela ohartarazi die justu kronikaren gordinenean. Milaka lagun alderrai, lapurretan, gurasoak seme-alabak merkezurrean saltzen, ogi beltzaren truke auzokoak lotan daudela erailtzen.
Bitor: Eskertzen dinat ahalegina. Baina egon hadi lasai, Zack Vicenteri egia erauziko zionat. Hutsik egiten ez duen modua aurkitu dinat. Ez naun berehalakoan erotuko.
Saioa: Utzi egidazu amaitzen, osaba, semaforoa atoan berdatuko da. Loa galduta bizi da gure Historia irakaslea, ongi baitaki norbanako zein gizarteen erabateko suntsipenaren ostean, munduko potentzia handienek egoera baliatuko dutela inperioak kapitalismoaren eredurik anker eta militarrenean hedatzeko. Zapaldutako herrialdeen aberastasunak ahalik eta azkarren eta merkeen eskuratzea izango dute guztiek ere helburu. Halaxe bilakatuko dituzte lekuan lekuko biztanleak hil arteko esklabo.
Bitor: Esnatzean ohartu dun, finean atertzen ez duen euri zantar honengatik ernegatuta dagoela.
Saioa: Oker zagoz. Historia errepikatuko den susmoak aztoratuta bizi da, lehen ere esan dizut.
Bitor: Potoa bukle paranoiko batean. Horra gura dunan doinu eta neurritarako gaia. Arnasa ere loditzen zaidan, Saioa, ez zagon horrenbesteko zamagaz bizitzerik. Ez ezan munduaren akabera horren serio hartu.
Saioa: Eta taxiko guanteran daroatzazun liburuok? Taxi ilaran ofiziokideak berbetan aritzen ziren bitartean, eskola zein unibertsitateko atarian nire esperoan, liburua bolantearen gainean beti.
Bitor: Konbenioak behartuta.
Saioa: Kolektiboak ez, behintzat.
Bitor: Ez hadi ikasle izan aurretik irakasle hasi.
Saioa: Ez dut gehiago txintik aterako. Trukean, jolasa proposatzen dizut afalosterako: etxerako bidean ikusten dugunaren inbentarioa egin eta ea zeinek zerrenda luzeagoa osatu.
Bitor: Badakin zerrendak osatzen ez didanala irabaziko.
Horrenbeste egunetako atergabeko euriak hiriko trafikoa izugarri moteldua zuen azkenaldian. Hiritarrek lantokietara berandu iristeko ohitura hartu zuten. Konkortuta iristen ziren, arropa bustiak gehitutako zama aldean. Euritakoa zeru, lurrera begira ibiltzen eboluzionatutako espeziea bilakatzen ari ginen. Ilusio saltzaileentzako bazka, argazkilariontzako bakantza. Larraldetarren etxeak 73 metro karratu zituen, bi logela txiki, ezkontideentzat handiena, komuna, egongela eta sukaldea. Senar-emazteak telebistari so, iloba-osabak berriketan jarduteko ohitura zuten afalostero.
Saioa: Horra zerrenda.
Bitor: Saria ahaztu dun.
Saioa: Irabazleak aukeratzen du saria, betiko lez. BBK, Laboral Kutxa, BBVA, El Corte Ingles, Zara, Springfield, Massimo Dutti, Banco Popular, La Caixa, Banco Santander, Guardia Zibila Gobernu Zibilaren atarian, Louis Vuitton, Casino, Eusko Jaurlaritzaren egoitza bat, Jesucristo gurutziltzatua, San Mames.
Bitor: Aiko hemen neurea: bederatzi semaforo, hamahiru zebrabide, lau bider ezkerreko keinukaria, bost bider eskuinekoa. Hogeita hiru bat minutu arrastiko 18:00ak bitartean. Hamabost hurrengo goiza bitartean. Idazkariei aginduta zain izaten diren bezeroak, bataz beste hiru eguneko, Gran Vian beti ere. Telefono bidezko elkarrizketa arranditsuak, bezeroko hiru bat. 26 euro ere irabazita nagon eskupekoetan, dirua ukabiletan gordetzen trebeak ditun.
Saioa: Hunkigarria, zinez. Neuk irabazi dudanez, aita eta ama limurtu beharko dituzu masterra Bartzelonan ordain diezadaten.
Bitor: Zack Vicente Loiuko aireportuan jaso eta mintegiak dirauen bitartean, asmatu behar dinagu zamari izango duen taxista zelan limurtu. Bartzelonak itxarongo hau, berton ere ederto batean filosofa daiteken. Amaitu hasitakoa eta gero gerokoak.
Saioa. Eta zertan lagunduko digu argazkilari honek?
Bitor: Bezero bat eroan ninan argazki erakusketa batera. Itxaroteko agindu zidanan. Eta barrura sartu nindunan. Irudi haiek gogoan iltzatuta zauzkanat. Argazkilariaren berri izan ninan handik gutxira. Sirian zela, erreportajea egiteko kide zuen kazetaria bahitu egin zitenan. Sarean irakurri ninan. Kaletik zihoazela, fruta erosteko gelditu zunan bera. Bitarte horretan auto batetik bi lagun jaitsi eta kazetaria eroan zitenan. Lepoa zelan mozten zioten erakutsi zitenan gero youtuben. Handik bi hilabetera, burugabetutako kazetariaren emazte eta bi semeak itsasoan ito zitunan.
Saioa: Hondartzako umea?
Bitor: Aylan Kurdi.
Saioa: Eta zelan konbentzituko duzu bahiketan parte har dezan.
Bitor: Hik zelan uste dun?