Gidariaren okerra
Gidariaren okerra
2015, nobela
128 orrialde
978-84-92468-78-2
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2023, antzerkia
2018, saiakera
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

6

 

Hiru aste geroago egingo zen gaixotasun arraroei buruzko nazioarteko mintegia aurkezteko prentsaurrekora eroan ninduen Bitor Larraldek. Begira-begira egon nintzaion. Patxadaz gidatzen zuen, ez klaxonik ez deiadarrik, ez haserre keinurik. Aurrera egiteko une egokiaren zain egoten ohituta zirudien. Esku maiztuak zituen, tinko eusten zioten gidatzen zuen zilar distiratsuko Mercedesaren larru beltzeko bolanteari. Larrua gozatzen ez beste zerbaitetan zigortutakoak zituen eskuak. Begizuloak, beste hainbeste.

      Damasko ekarri zidan akordura. Mercedes beltzen errenkada, bazar erditik ziztuan, atsoari paretik kentzeko oihukatzean besoak airoski astintzen zituen haizerrotaren tamainako bizkartzainaren espantuak. Klikliklikliklikliklik. Begizulo berdinak, eskubarru puztu lakarrak, gidari jaioarenak baino egurrezko kirtenak urratuak. Erditik kentzen ez zelako, autotik jaitsi eta lagundu zuen bizkartzainak atsoa. Parera etorri zitzaion kaputxadunak kalaxnikova desarratu zuen. Esku txikiak zituen, begientzat zulo bakar estua. Zoomagaz ari nintzen dena erretratatzen, kamera atzean ostenduta aurpegia. Diru asko eman zidaten argazki haiengatik.

      Prentsaurrekoan aritu ziren Summers & Paulson produktu farmazeutikoen multinazionaleko zuzendaria, Gurutzetako ospitaleko bi neuropsikiatra, alkatea, ahaldun nagusia eta gaixotasun larriak dituzten haurrei laguntzeko nazioarteko fundazio bateko arduraduna. Elkar koipetsu balakatu ondoren, komunikazio arduradunak azalpenetarako zerabilen pantailari erreparatzeko eskatu zigun. Washingtondik skype bidez agurka ari zitzaigun doktorea zen txaloen eragingarri. Zack Vicente, gaixotasun arraroetan mundu mailako adituetan neuropsikiatra laudatuena, Harvardeko katedraduna, genetika eta neurologia ikerketa saileko burua, Clinton, Bush eta Obamaren administrazioetan AEBetako osasun sistema kudeatzen zuen batzorde aholkulariko kide iraunkorra, hies zein bestelako gaixotasun hilgarrien aurka ekiteko Free Africa Illness irabazi asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakundearen sortzailea, droga trafikoaren aurka ekiteko AEB eta Mexikoren arteko bitariko batzordeko kidea, Summers & Paulson multinazionaleko aholkularia.

      Burusoila, metro eta hirurogeita bost, lepo zabala, gihartsua, kolore marroi kaobazko azala. Nazioarteko mintegia Bilbon antolatzeagatik eskerrak emanez hasi zuen aurkezpena mexikarren espainiera argian. Pozarren zegoen lehenbizikoz bere arbasoen sorlekua ezagutuko zuelako; eta horren garrantzitsua zitzaiola frogatzearren, Harvardeko bere ikerketa taldekoek burutu berri zuten urte luzetako ikerketaren ondorioak plazaratuko zituen, beste inon baino lehen, hemen, gurean. “Anai-arrebok, arbasook, gizateriaren ongizateari, bizi-itxaropenari zein bizi-kalitateari, Bilbori eta Espainiari, alimaleko onurak ekarriko dizkien albiste mundiala izango da, Historiak gogoan hartuko duenetakoa. Ezin dizuet besterik aurreratu”. Txaloak.

      Summers & Paulsoneko komunikazio arduradunak ziurtatu zuenez, krisitik ateratzeko behar genuen azken bultzada emango zigun. Bitorrek eskatutako gorputz osoko argazki sorta egin eta alde egin nuen. Bahitzeko modukoa iruditu zitzaidan Zack Vicente hura. Bahitzeko gogoa ere eragin zidan, zetazko atorra okaztagarria aldean. Ezkutatzeko asko dutenen eran mugitzen zituen bekainak. Enpatia sentitu nuen Bitorrekiko. Bahitzea lortuz gero, galdeketa argazkitan hartzen uzteko eskatuko nion, bekainak gezurrekin edo ukabilkadekin konpasean zelan mugitzen zituen erretratatzeko. Bahitua kolpatu osteko borreroaren begirada kameraz jaso gabea nintzen oraino. Mendoza mojari eskolan igartzen genion atsegina adieraziko ote zuen Larralde taxistaren begiradak Vicente kolpatzean?

      BECetik Errebalera egin genuen, Bilbokoa izan arren ezezaguna zitzaidan auzunera. Serorategian bizitako urteek sorterritik ihes egiteko premia eragin zidaten, doi-doi ezagutzen nuen hiria Bilbo zaharretik edo erdialdetik landa. Lekutako gerra batetik itzulitakoan ez zitzaidan egundo bururatzen etxetik paraje mugitzerik. Argazkiak editatzeko erabiltzen ez nituen orduak lan berriak lortzen ematen nituen, sarera loturik. Ez nuen neure hiria ezagutzen.

      Periferiako auzunea da Errebale, Euskalduna ontziolarentzat horniketa lanetatik aberastu zen Tubespa fabrika sortu zutenean auzo zaharraren gainean eraikitakoa. Porlan grisa, leiho zuriak, nortasun bako ateak, ehunka familia. Populatua zen, herri baten bizimodua zekarrena. 1960tik aurrera era guztietako dendak, 13 taberna, 4 ostatu, 5 banketxe, ibilgailuak konpontzeko 3 tailer eta 2 eliza dituena. Tubespa zarratu zutenetik laurdenera etorria.

      Euripean grisagoa iruditu zitzaidan Errebale.

      Arantza: Burumakur jendea hemen...

      Bitor: Tubespa itxi zutenetik lanurdinak kakoan eskegita dituzte, berriz noiz lohituko. Gutxi dagoz amaigabeko euri honetatik lehor.

      Arantza: Ezingo diet bisaia erretratatu.

      Bitor: Esaiezu, agian ez ziren jabetuko. Uzkurrak dira, izan ere!

      Arantza: Ohitura dut. Noan lekuko jendearen aurpegiei argazkiak egitea gustatzen zait.

      Bitor: Memoria nagia. Asko entzuten den gaitza da. Amnesiaren ahaide gaztea ei da.

      Jantzia zen gure taxista, luzaroan hausnartuaren diskurtso sendokoa, gorputzaren mugimenduetan bilin-balantza gutxikoa, txirriporroa zenbaitetan. Taxitik Nardi ostaturainoko ehun metro eskasetan auzunearen historia laburbildu zidan, nabarmendurik, aurrerantzean bahiketa prestatzeko batzarleku izango genuen ostatuaren historia ezagutu ezean, ezinezkoa zela Errebale ulertzea.

      Bitor: Atera egizkiozu argazkiak etxeari auzotik eta auzoari etxetik.

      Arantza: Nire argazkigintza paisajismo zikina dela aurpegiratu zidan kritikari batek. Non dago hemen lupetza?

      Bitor: Ostatu honetan prestatuko dugu Zack Vicenteren bahiketa, leporaino sartuko gara lokatzetan. Elkarrizketa batean irakurri nuen, zure sormen lanaren helburua agerian ez dagoena azaleratzea dela. Ahaztu egin dituzu zure esanak?

      Arantza: Oker zaude, nik ez dut horrelakorik sekula esan, kazetariak manipulatuko zituen.

      Bitor: “Nire argazkien xedea hitzak lotsagorritzen dituena kontatzea da”, ondo gogoan dut zer esan zenuen, azpimarratu eta gordeta daukat.

      Arantza: Dena baldin badakizu, zertarako behar nauzu?

      Bitor: Laguntza behar dut. Besterik ezean burutuko nuke bakarrik, baina ezin dut arriskatu. Ez da edozelangoa nire egitekoa.

      Arantza: Beste salbatzaile bat! Jainkoak benedika gaitzala! Beste gizon bat gudarako martiri!

      Bitor: Hil aurreko egiaren bilaketan ari naiz.

      Arantza: Zure egiaz ari zara, noski.

      Bitor: Egiaz ari naiz, bai.

      Arantza: Egunero harritzen nau zakilburuen kirtenkeriak. Diruarengatik bada ere, egin asmo duzuna ulertzeko aterako ditut argazkiak, ez zure endekatzea mitifikatzeko. Hori kamerarekin ez beste zerbaitekin lortu beharko duzu.

      Bitor: Badago alderik?

      Arantza: Diruaren truke egingo dut. Eta, bide batez, artistaren jakingosea asetzeko.

      Bitor: “Arteak akatsak ditu eta egia latza da”, ez ezazu ahaztu.

      Arantza: Horiek ere nireak al dira? Zenbat maite ditudan elkarrizketa hutsal horiek.