Azken fusila
Azken fusila
1993, nobela
212 orrialde
84-86766-46-X
azala: Michael Paraskevas
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

19

 

Kanposantua erakustean errealitatearen lepoa erakutsi diola igarri dio Ciclonek Onofreri, hantxe goian ageri bait dira ispiluan legez aberatsak eta pobreak ondo bereizturik betiko, beheragoko herrian biziak legez. Bestela, Ciclonekin egin duen adiskidetasuna herriko mihingain guztiek akitu arte erabili behar duten gaia denaz ziur, iluntzeroko osteratxoak udari joaten uzteko bide bihurtu zaizkio Onofreri.

        Harrigarri egiten zaio gizonen arteko adiskidegoak ohi dituen bide bihurriak. Luisena hoztu zitzaion eran eta leku beretsuetan irmotu zaizkio lagun berriekikoak. Ohizkoak egin dira iluntzeetako pasioak, beti ere jendemodu eleganteen aldea zapaldu barik herri inguru guztian barna egiten dituztenak. Lantzean osteratxo bat egiten dute burdinbidearen alboko aldatsean gora, Anitaren orturaino, eta han, emazteak lagun berria atsegin ez duela ohartzen da behin eta berriro. «Ez daba trenak ekarrinekoa hori be?», esaten dio gero afalorduan eta Onofrek grinatsu ekin behar izaten dio lagunaren ezbeharren letania aletzeari. «Preso ekarri eben; berak gura barik, aitzitik». Eta ez dio azaldu nahi Anton hura hilik denik, zergatik eta Ciclon preso egin zuen gerra berberean segitzeagatik. Sekretua bera eta Luisen artean ondo gorderik dute, Doroteok dakienik jakin barik, harik eta uztailaren hondarretan herrira atzera azaldu den arte, agur-kutsua izan duen bisitaldian.

        Goizerdia aldera izan da. Portuko karkabara jotzen duen bere gelatxoan egon da jesarrita, 'Point counter point' aspaldion ukitu ere egiten ez duen liburuaren bizkarrezur luzengan idatzirikoari begira Antonengana doakiolarik gogoa, Bachen musika orekatuaren hegal-maniobretan. Fitt! egin dute kaletik eta behingoan ohartu da. «Doroteoren txistu hotsa».

        Ez da Doroteo bakarrik izan. Adela ere hantxe ikusi du, plano pikatuan, arropa luzenga soinean, pamiela buruan, itsasotik datorren hozkirriak bere esku ikustezinaz atzetik oratu eta janzkia bigarren azal baten moduan datxekiolarik gorputzari.

        Anitak abegi amoltsua egin die, behingoz, orturako dagoelako barkamena eskatuz batera kafea eta gailetak eskaini ostean ezer ez delakoan galdetzeko Antonen berri.

        —Zer da lagun harena, Antonena? Ez dakizue ezer? Ze zuen laguna be bada, ezta?

        Anitak ez du borobildu bere esatekoa, modurik izan ez duelako barik, lar ardura dionik ez erakustearren.

        —Ez dakigu ezer —Doroteok erabili duen pluralari susmo txarra hartu dio Onofrek bere kafe-kearen atzetik—. Beno, zeozer bai. Gizonak ez deutsu ezer esan?

        —Zer? —Anitak bihotza ahoan erantzun du.

        —Hilda dagoela Anton.

        Bihotz bakoitzak bere lau zuloak, Anitaren begiek askatu duten iusturiaren lipar bateko argitasunaz hango beste hiruren bihotzak eta berea ere agirian geratu dira, sekretu bana erakutsiz. Anitak Antonenganako duen grina, zorabio egin da. Adelak eutsi behar izan dio, Doroteok Onofreri luzatu dion begiradan honek ziur jakin duelarik Antonen sare bereko beste maila bat dena. Doroteok berak Onofrek bizi duen ikararen neurria jakin duen bezain ziur.

        —Zoazte nonora —Adelak senaz ekin dio Anitaren aldeko maniobra xume bati.

        —Kasinora —esan du Onofrek, neskak bertan sartzea errazen izango duen lekua delako. Kalea zapaldu baino ez eta, chester bat iziotu du, zeharkako begiradaz galdera mutua luzatzen diolarik Doroteori—. Zelan jakin dok Antonena?

        —Ez deuat beste ezer esango zera baino, halakoak beti jakiten dirala, segun eta non, goizago edo beranduago.

        Onofrek ez dio ezer erantzun. Ikara batek astindu du, beti goiz-edo-berandu jakiten diren horien artean bere umearena ere dagokeelako egunen batean. Ikararen oihartzunak gortu zaizkioneko bere artean ihardun du Antonen sare horretakotzat dituenak josten Doniane egunean Doroteo ez zela kasualitatez agertu izan erromerira eta orain ere ez dela hala izan, ziurtzako du. Jon sarean zelan sartu, beraudaez dakiena, makisa izanik ez bait zen hemengoekin ibili.

        —Ez hadi dena ulertzen ahalegindu —igarri egin dio lagunak buruan darabilen gogoeta isila, Kasinorako harmailetan gora doazelarik.

        «Hemengoak?», harritu egin da bere buruak oharkabean egin duen bereizketaz. Kasinoko saloia zapaltzean itsasoa ikusi du, azul eta bare, beiraduraz bestaldean. Orduantxe igarri du zer diren «hemengoak». Itsasoz alde egiten laguntzeko sarea da, erregimenaren kontra den edonor balia dadin.

        —Onorfe jauna, zer izango da? —ipurdiak egokitu orduko egin die galde zerbitzariak, Onofreri gorrotoa eragiten dion akats madarikatu eta guzti.

        Doroteok Campari eskatu du eta Onofrek bere betiko ardo zuria agindu du, lagunaren mizkeriak esanahiaren bat duenentz igarri ezinik. «Campari, kanpora», halaxe josi ditu hariak bere baitan, Adelaren ahotsaren hatsak garondoa epeldu dionean.

        —Nik be beste Campari bat —eskuak Onofreren lepora luzatu ditu, katu higikeraz, gizonak ikusi barik ere igarri uste duen emetasunaz.

        Emazteari gorputza galdatu behar diotela egin du bere artean Onofrek, lepoan dituen eskuek iraganarazten dioten isuri elektrikoak horretarako beharko lukeen energia guztia kortozirkuitatzen dion artean. Adelak berak erabagi du auzia, labur.

        —Lagun handitzat izan dau ba berak egun bitakoa —Anita dela eta dio—; ez da harritzekoa ba holan paratea. Neuk be halantxe nahibakotu nintzan harena jakitean. Hemen datoz gure Campariak.

        Ez diote gaiari berriro ekin. Doroteok gurago izan du batelekoagatik Onofrek sufritu behar izan duen katarroaz zirikatu, umoretsu.

        —Kalenturearen erdian, ze sirena ikusten izan dok heuk ba? —zeharka Adelari begiratzen diolarik—. Sinfonietakoak baino melodia gozoen bat daukana da bera, hemen inguruan dagoan baten bat edo?

        Beiradurak iragazten dien eguerdiko argiaren izpi oblikuenek baino berotzen ez duten miradorean jesarrita hiru lagunak, Onofreri jatekoa bertan agindu behar dutela otu zaio, euren arteko suak bihotzak azkenengoz berotzen ote dien, susmoa duelako, hurrean. Berak ere ez daki. Eguerdi honetan dena egokitu da behiolako bazkari haren simetrian edo, falta izan ziren biak hemen direlako eta izan ziren besteak falta direlako orain.

        Bazkalondoan trenbideko gorabeherak azaltzeari ekin dio gogotsu Onofrek, iluntzera arte geratuz gero Ciclon aurkeztu behar diela eta, beste mundu bat ezagutuko dutela. Doroteok erabat ezinezkoa dela esan du.

        —Ez joat gura sidecarrean gauez ibili —moztu du, Onofreri harrigarri egin zaion eran.

        «Behiola holan joan zinaten ba», esateko gogoa barru-barruko beste susmo ilun batek kendu dio. Adelari begira geratu da, beronek alde egingo ote dion.

        —Hango batek keinu egiten deutsu —esan dio, begiak beste nonbaitean galdu guran ibili dituelarik hango beste batenak estekatu dizkiotelako.

        Bertarantz begiratu du Onofrek. «Barkatu» labur bat esan eta zutitu egin da, chester bat iziotzeko mainobra aldi berean hasiz. «Genaro deika daukat».

        «Genaro txakurkumea», hagin artean mamurtu du, inspektorea harro jesarrita, habanar zigarroari tenka irribarre zuri batez abegi egiten dion gizonaren alderantz doala.

        —Zer, zelan doaz ba lehorreko kontuak ba? —gizalezko berbon atzetik marrazuaren haginkada etorriko delako era lasaian bota dio.

        —Tira —esan du Onofrek, hurrengoaren zain.

        —Gogoaitu be ez haiz egingo ba, beti batelean edo pasiaten bestela, zeragaz, zelan esaten deutsoe berari?

        Behingoan igarri du berri txarren baten enbajadore datorrena. «Madarikatu hori!» pentsatu du, jesartzeko keinua egin bitartean.

        —Ez, ez hadi jesarri, egongo gaituk besteren baten, ze ikusten joat ba jendeagaz hagoana; baina behintzat jakik zera, ezin deuat lehorrekoa gehiago luzatu. Atentzinoa deitu jeustek Bilbotik. Asteon joan behar dok, edo itxi bestela postua.

        Zerbitzariari dei egin dio Genarok, gonbitea luzatuz berriketa moztutzat ematen duela adierazi nahian. Halaxe ulertu du Onofrek ere. «Ezer ez», erantzun eta «tira ba» esan dio Genarori, mahaira itzuli aurretik, hartu duen telegramari «jasoa» erantzuna emanez, hamaikatxo milia urrunagotik itsasoan mezuren bat igortzen dionari bezala.

        Aurpegian igarri bide diote aztoramena Onofreri mahakideek, ez bait diote ezer ere galdetu. Onofrek berak azaldu gura izan die, bada, hiru egun beranduago berriro itsasorako bidean, Sondikako aireportuan lehorra uztera eroango duen berria. Nahita ere Ciclon ezagutu gabe geratu behar direla eta, honekin gogoeta egitean, orduantxe ohartu da Genaroren ezkutuko zioaz. Zuzen begiratu dio. Zigarroa jasoaz batea luzatu dion irribarrea inoiz baino zuriago izan da eta, halaxe jakin du bere susmoa egia dena.