7
«Andrak be badozak gero!». Ezki-hostoek zidarrezkoago eginik dute berde urtsua. «Nori-eta ezagunari erakutsi behar». Berak medikua laguna balu ez lioke erakutsiko halakorik, ezta beste ezer ere. «Baina diferenteak gaituk, eta horrek ez diaukak bueltarik». Anita Urigoiena haren aurrean gerritik behera biluzik ikusi du bere buruan. Betaurrekotzat erabilten dituenak akordura etorri eta barre egin du bere artean. «Beharbada hobedok horreri inportantzirik ez emoteko halantxe egitea, esatea ba, begira jauna, hemen zera daukat, eta zer hori zer den erakutsi eta kitto».
Odol-galdaretan su berri bat du. Anitaren gorontzak dituen sokak, apio itzelak, kitzakagarri zaizkio eta, gauzak zelan dagozen ikusita, otu zaio ausartu egin beharko litzatekeela esaten, «itzidazu neuk kentzen hori». Nobelak jakako faltrikeran egiten pisuak hangoa gogorarazi dio. «Zerbeza bat ez jak txarto etorriko». Pacho hautatu eta bertan sartu da. Una cerveza.
Hemengoa? ugazabak euskaraz egin dio, jirafa lepoa dirudien iturria erakutsirik.
Ondo dago, hortixek.
Bost berari. Ez du hain sarritan edaten garagardorik. Liburua atera eta hasierako hori berrirakurri du. My mistress' eyes are nothing like the sun, edo, nire señorearen begietan eguzkiak, hainbat hobe. «Baina hi ez hintzan benetan enamoratuta ezkondu Onofre». Garagarra bezain mingotsa den aitorpena iruntsi du, edaria bera bezalaxe, eztarrian behera zeozeren arrastoa utziaz moduan, eta biek eragin diote ekurutasun bera. «Eta zer horrek?», zeren hurrengo bertsoetan erantzun bat dago eta. Coral is far more red than the lips' red, if snow is withe why then her breast are dun. Itzulpen automatikoa egin du Onofre, eta «haren ditiak» bere kautarako esatean Anitarenak etorri zaizkio gogora. «Ditiengatik galtzen gara». Iluna da haren ditietako esnea. Umerik ez datorren artean esnerik ez, «eta hataz eta guztiz be, iluna dok haren hango burutxoetan esnea».
Garagardoaren esku ikustezinek besotik oratuta legez urten du Pachotik, poz apartsuzko «ikusi arte» alai bat aidean utziaz. Bidebarrieta kalean gora egin du Katedrale aurreraino. Hantxe geratu da lipar batez geldi. Eskuin orpoa erro eta gorputza ate, lepo astiro bihurtu du, begiek inguruko denda-izen guztiak antzeman ditzaten.
«Txano mesedez», begiek ezer idoro ez eta etsituta Donejakue haren atetan dagoen eskekoari galdatu behar izan dio argitasuna. «Hortxe», eskekoak. «Itsua haiz ala?» esan balio ez zatekeen lotsatuago egongo Onofre. Hortxe aurrean du denda.
«Kakazaharra, musika zeretako denda dok», kanpoko aldean geratu da erakusleihoari begira. Han barruan egundoko burua ageri da, erabat soildua, salmahiaren atzean dagoenarena. Idetasun bat sumatu dio eta aurrera egin du «eguerdion» luze ahoskatuz batera katedraleko kanpaien hotsak barruraino ekarri dituelarik atea iriki-itxi tartean.
Ederra dago bai burusoilak trakets erantzun dio.
Onofreri nobela etorri zaio burura berriro ere. If hairs be wires. Ileak hari balira. Bera ez zen maitemindurik ezkondu, zeren nahikoa bait da hari ikustezinena bera gizakumea lotzeko, eta zertako ba berba luzeagorik. Zeozer egitearren dendako zokondora joan da, ilebakoak ezikusia egiten diola betertzaz ziurtatuz. «Ez dakik ezer jotzen», barreguraz esan dio bere buruari, hango tresneria itzel haren erdian galduta. Burusoilari begiratu eta berau ere berari begira dagoelarik harrapatu du. Ilebakoak begiak begietatik deslotu eta aurrean duen zerbaiti, Onofrek zer den ez dakiena, harexeri beha geratu da. Buruandia jokoz kanpo harrapatzearren bakarmena eskatu guran moduan, bertara zuzendu du burua. «Diskoak».
«Hara!, honexen bila etorri naiz ba», bertan egon eta konturatu ere ez dela egin, lehenagokoa zurituz esan du. 'Point counter point' kasulitate-kate itzel baten barruko katanbegia izan dela eta, berau gogorarazten dion barne-ahots berberak gertaeren hurrenkera eten ez dezan agintzen dio. Diskoen artean bilatzeari dautso, nobelan ikusitako izenak gogoan.
Ezer espezialik? dendakoak berba egitean burua itzuli eta lehen eman diona baino gazteago eritzi dio Onofrek. Euskalduna zara ezta? bisigu-betzuriak geratu bide zaio, desenkusatuz bezala jarraitu bait dio dendariak esaten, ze hemen egunon asko eta gero barra-barra erderaz.
Euskalduna nok, bai beroago berba egiten ausartu zaio Onofre. Diskoetan ageri diren izenak ezezagun zaizkio gehienak.
Kostakoa? erantzunak baiezkoa ekar diezaion itxaroten egon barik aurrera egin du. Ez da askorik ikusten hemen dendan. Ezer espezialik gura dozu ala?
Zein atxakia atera ez du jakin Onofrek. Bera kostakoa dela baina andreak familia duela baserrian, beharbada ezagutzen duela, Urigoiena medikuak ere ezagutzen duela eta.
Ezagutuko ez dot ba! Ana. Horixe dozu disko ona. Mozart dioen bat atzamarren artean geratu zaio. Uda ederrak emon genduazan han guk ba. Baina bertoko zeozer gurago badozu zergatik ez dozu hartzen Santa Maria Donostiako organuaren musika?
Berriro zaharrago ikusten duen burusoil harek agindu eran egiten du Onofrek, berriketaren haria luzatu guran konturatu ere egin gabe; diskagailurik ez dauka etxean. «Honexek ba», Huxleyk berak ere Mozart darabilela haratik hara eta kasualitate katea hausteak merezi ez duelako hartu ditu diskoak.
Sandalioren herrikoa zara, aitzitik. Isilunea eta Onofrek aurrekoari josi dio. Sandalio hori benetan izan bazan, behinik behin.
Izango ez zen ba! Paperak eta dagoz. Hasieran lapurra, gero mikeletea, gero berriro bidelapurra, badakizu orduko denboretan oraingoetan legez, enborretik ezpala, lapurretan ekiana egiten eben lapurren harrapari.
Berba egin artean ezarian-ezarian Onofrek hirur-lau disko ekarri ditu burusoilak pulpututzat duen erakusmahaira. Begiko egin zaio haren bozari darion bake-jarioa.
Ezkonduta gero beste andra bat hartu eta beragaz ibilten ei zan lapurretan, umeak lehehengoagaz itzita.
«Nobelak», Onofrek zazpi itsasoak hausten eman dituen urteetan nobela asko dituela irakurrita orain halakoak sinesten hasteko.
Kapitaina zara, hara! igarri egin dio. Jakina, izarrekaz zerikusirik daukeen gorabehera guztiak ikasi dozuz bai, baina apenas erakutsi deutsue ezer norberaren barruan eta historian be egoten direan itsasoak direala eta. Sekula ez da gizona orain dana legez izan, hain esklabu; edo ezkondu, edo ez dago zerik.
Zera, diskook non entzun ez diaukat amorruz otu zaio, zeren hasieran atxakia hutsez hartu baditu ere, orain asturuak eskaintzen dion ate berriaz bestaldera ausar dadin dei egiten dio grinak, odolaren abiadura biderkatuz.
Diskoak non entzun ez daukazula? Errez konpontzen da hori gizona. Erosizu pick-upa bat eta kitto, ze zuk dirua euki behar dozu derrigorrez. Eta, zera zalantzan geratu da, ume-irria ezpainetan, zu ez zara diskoak erosten etorri.
«Ez eta bai». Bere bizi guztian zenbatetan jokatu duen aurretiaz ezer erabaki gabe, eta jokoa mahai gainean agerian geratutakoan gehientsuenetan damu izan duela, Onofrek buru bi dituela daki. Bata pilutu automatikoa da. Bestea, kapitaina, kafez lar betea, tematsua, seta eta amets-gorapilotsuez josia. Gogoko zaio dendakoa. «Hau ez dok dendari hutsa, hala esateko modukoa behintzat».
Denda ixteko ordua da eta, gura badozu pick-up hori eroan, bestela itzizuz diskoak eta dana, eta goazen zeozer hartzen ze egunero be ez dot izaten nire pasiño handienaren gainean berba egiteko erea: itsasoa! Onofrek eroateko asmoa daukala esan dionez, dena paperetan ondo bildu eta gero kaxan sartu bitartean ekindendakoak: Ni barriz, beitu, horko Unibertsitate madarikatuan historia ikasi eta orain hemen, txistuak eta panderuak saltzen. Zera, pick-upa ez dozu eskuetan eroango ezta? Atutxaren kamioiak eroango deutsu etxera. Bertan eukiko dozu iluntzerako. Eta, zera, Doroteo naiz.
Ni, Onofre.
Denda itxi eta Somera kaleko taberna labirintoan galdu dira lagun berri biak. Batak bestearengan ikusten duelako norberarengan ez duena, lehorrekoak oinetan itsasoak eragiten duen dardararen berri ez dakielako, eta itsastarrak eguzkiaren eguneroko deriba leiho beretik begiratuz neurtzea zer den ez dakielako, denda berriro zabaltzeko ordura arte ekin diote, ardaoaz lagunduta hasieran eta bazkaldu bitartean gero. Kafeak bere pattarra eskatu die eta ez Onofrek ez Doroteok ekandutzat ez dutena egin dute, hartu.
Hirea dok izena barruko epeltasunaz adoretsu esan dio halako batean Onofrek.
Hirea be ez dok makalagoa hizkera ere aldaturik erantzun dio, elkarrenganako konfidantza sendotuz. Trena galdu behar dok. Eta pick-upa, ez joat uste gaur arratsaldean agintzeko moduan izango naizenik.
Trenean loak hartu du Onofre. Ametsetan Anitaren osabak Sandalioren heriotza zelan kondatu zion, halaxe ikusi du. Lehenik, preso ikusi du basamortuko gotorleku itzel batean. «Hantxe egon zuan preso eta». Aurpegia estalita euki du, mairuen modura, eta estalkia kendu duenean Onofrek bere aurpegia ikusi du Sandalioren aurpegian. Ihes egin du. Itsasoz itsaso ibili da, ke huts zen barku itzalean kapitain baina sotoan ostendu da. Kea laino bihurtu da eta hantxe ikusi du Sandalio, lau zaldiren buztanetara lau gorputz-atalak loturik. Onofre Sandalioren aurpegia ikustera makurtu da. Oraingoan Sandalio bere lagun berria da, Doroteo, barre egiten, barre eta barre, eta zeozer diotso. Diotsonak barregura eta poza dakarzkio, biak ore bakarrean, Onofreri. Baten batek arre egin die zaldiei eta Sandalioren lau adarrak airean doaz, buruak han behean gorputzik gabe barre egiten segitzen duen artean. Trenaren txistuak iratzarri du Onofre. Iluntzea da. Bagoian erraz sartzen da Isabelitaren kedarra. Sandalioren azken hitzak gogoratzearren ahalegina egiten du Onofrek. Ezin ekarri ditu burura. Egonezina itsasgoran nabaritzen du bere barruko ozeanoan, karramarroak harearen pean zortzi hankak eta alikate biak astiro zabalduko bailituen. «Pattarra, badakik ez dokena edan ezta tindirik be edan behar». Plataformara urten du.
Ekainak bere erdia jotzean zeruari odola isurarazi gura diola begitandu zaio, itsasoa ikusten hasi deneko bertako azken kurbaduran gorri ageri bait da. Chesterra piztu du, haizeari lepoa emanez. Gero trenak astiroago ekin dio. Behargin presoak hortxe dabiltza, ertzetako hormak altxatzen, txapelokerren begiradapean. Ciclon deritzatena etorri zaio gogora. Geltokian, hantxe ikusi du berriro ere, gordetegia egiten dihardutenen artean. Elkarri begiratu diote, goizekoagatik ezagutetsiz halako keinu mutu batean bata besteari agur esaten.