Azken fusila
Azken fusila
1993, nobela
212 orrialde
84-86766-46-X
azala: Michael Paraskevas
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

9

 

Lehorretik hurre, itsasoan naufratu eta hondoranzko bidean gailurra agirian geratu zaion menditxoa da Gaztelugatxe. Begi biko zubi ezrregularra da Soilubek luzatzen dion besoa, zeinaren esku-atzean Santuari eskainitako elizatxoa dagoen. Zubi-besotik harainoko eskuturra luzea da, eta malkartsua. Umeek baino ez dute arnasaldi bakarrean igotzen, harmailak zenbatu guran, kaioekin leihan. Emakumezko bi balaunbiko datoz gorantz eta bide erdian azkenik ere chesterra erretzen geratu den Onofrek, bera ere oinez datorrela eta, herri-multzoaren barruko deritzo bere buruari. Anitak zalantzaz esan dio, «Beharbada geuk be belauniko egin beharko genduke zati hau». «Hasikerean oinez esan dozu eta oinez amaituko dogu», gizonari barruan duen kapitainak egin dio gainez. Bere burua gorrotarazi aginean dago.

        Tabakoak ukendu miragarriaren eragina egin diona esker, legundu egin du ahotsa. «Amaitu daigun hasitakoa hasitako moduan». Oinetan hazka egin du Onofrek azken harmailetan gora jo orduko.

        Kanpai-hotsak, mezatara deituz, arindu egin ditu Anitaren hankak. «Mezatarako berandu goaz» entzun dio Onofrek beroneri esaten diotsola. Bera ez da sekula ere joaten. «Jainkorik izanez gero honegatik mogitzen danik, a ze jainko narratsa». Elizatxoko arkupetan gerizpe gozoenak egin dio abegi. Anitak bururako mantila atera du paparretik. «Eta jainkoak hemengoari jaramon egiten badeutso, kakazaharra jainko». Elizatxoko ilunpetan begiak itsu geratu zaizkio une batez. Apurka apurka, ninietako argitzuloak hangora egokitu ahala, neguko edozein arrastiko argitasun beretsuaz antzematen du eliza-barrua. Ekialdean leiho borobila dago, argizko hage oblikuoa dakarrena. Mantilak erdizka estalita begiak, Anita zein eder eta zein urrun, Onofrek ez daki bera zertan dagoen han. Behin erratu izarrarteko kalkuluetan eta harrez gero okerreko bidean ote dabilen dago. Ez oso okerrekoan. Hasiera batean graduren bateko aldeaz baino ez oker kalkuluetan eta gradutxo horixe, hainbeste miliaren ostean, egundoko alde bihurtu da. Beste kontinente batera ekarri du errakuntzatxoak. Trigonometri kalkuluak egin ditzake meza luzatzen den bitartean. Oinetan bere ohizko ibilkerara etortean odolak dakartzan danbadakadak nabaritzen ditu. Monagiloa ageri da altarean. Bertara begira geratu da Onofre. Kandelak iziotu ditu umeak eta hantxe agertu da abadea.

        —Introibo ad altarem Deum —latinez ekin dio gorantz begira burua. Onofrek ere gorantz begiratu du. Beste argitzulo borobil bat dago aurrekaldean. Hango argia oztaka dator ihesean sabaian eskegita diren objetuen artean. Exbotuak dira.

        «Jainkoari ume gaiztoari legez, olgetakoak emon», Onofrek, airean nabigatzen moduan dagozen itsasuntzi txikitxoei banan banan so, trigonometriazko beste kalkulu bati ekin dio. Benetan diren barkuak itsasoak eta benetakoen aldaki zehatza diren botogaizko hauen artean lerro teorikoak luza daitezke, brankatik brankara, txopaz txopa eta mastarik masta, eta lerro guztiak zentro teoriko bakarrean bilduko lirateke. «Jainkoaren begian!». Anita burumakur dago, zur ilunezko jesarleku luzengetan dagozen beste guztien moduan. Onofre ez da debozioa erakusteke dagoen bakarra. Atzean, sartu eta urten dabiltza umeak.

        «Eta badaezpada be», amorruzko su geldo batek hartuta, tripulante eta guzti miniaturizatuak diren itsasuntzi batean geldi begiak, «euren burua sartu juek trikimailuan». Trigonometria hutsa ere ez da. «Jainkoak begizko ona egin deien gura juek». Zutundu eta kanporako keinua egin du gizonak. Anitak nabarmen egin dio agiraka, mutu, berari giroak daragion barruaroa amarena izan eta Onofreren portaera ume zirinarena bailitzan, berdin.

        «Ez ama!», Onofrek bere kautarako egin alarau, kanpoan aditu ez den barru-ahotsaz. Azken begirada egin dio elizatxoari. Hormetan argazkiak dagoz, eta eurotan ere baporak. Dena dago santuaren eskuetan. «Edo buruan», aldare nagusian Donianeren buru bizartsu erretilu borobilean eta leporik gabe dago. «Agur!».

        Atetan bideko lehenagoko ipuin-edaslea agertu da. Behearen gainean iltzatuta geratu zaizkio hankak Onofreri. Ipotxa ez dela hain ttikia ohartu da, harek txapela burutik kendu, ezker hanka belaun-giltzaz itxi eta dantza bakarreko azken mogimenduaz eskuin besoa belaunbildurik ez duen hankaren parean, txapela eskuan eta burua makurturik, halaxe geratu denean.«Dana sinesten jok horrek be».Eguerdiko beroak galdara bihurtarazi behar du gailurtxoa. Gerizpe bila jo du Onofrek itsasoaren auzokide dagoen hormara. «Hemen behintzat ez diagok inor».

        Uhinak apar burrunbatsuetan hausteak, elizatxoaz bestaldeko jai-zaratei ihardukiaz bezala, musikatasun eta guzti datozkiola deritzo. Munduaren borobiltasuna erakusten du han urrunean lurrun egiten diren uren kurbadurak.

        —Onofre —aditu du, Anitaren ahotsa denik ere ohartu gabe. Lepoa bihurtu du.

        —Ana, zer? —loaren osin sakonetik sorginduta datorkion ahotsaz.

        —Zergatik urten dozu mezea amaitu orduko? —begietan ageri dituen iusturiek trumoi-hotsa iragartzen dutelarik—. Halan pentsatu dozu betetzea gure promesea?

        «Zeure promesea», jesarrita dagoen belartza legunetik zirkinik egin gabe erantzun dio, berriketa bide labankorragoetan abiaraz ez dezan beldurrez.

        Itsasotik hain gertu, kapitaina nagusitu zaio barruan gizonari. «Ez dot halakorik sinesten nik». Anitaren okotza ogi kuzkurraren modura zimeldu da. Malkoek diosala egin diote haren begietan eguerdiari. Jagi da Onofre eta errukitsu oratu dio ukalondoetatik. Belartzan jesarrarazi du.

        —Nahikoa da zeuk sinesteagaz.

        —Zeuk be besteak lez bardin! —Onofreren eskuetatik askatuz—. Umerik ez eukitearen erruduna neu naizela uste dozu zuk be. Esaistazu ba 'matxorra' zeuk be, esaistazu, bai!

        Elizatzeak eskaintzen duen bakarraldeaz baliatzera gazte bikote bi agertu dira. «Xiii» egin dio Onofrek, ume txikiari legez, bere hanka sartzeaz konturatu den aldi berean emazteak orain arte jasan behar izan duena ausnartzen hasi bait da. «Matxorra». Gorrotoak uhin-hausteak baino indartsuago egin dio hesteetan gora. Arrapaladan dabilkio odola.

        —Barkatu —esan dio, izterretako kolore esnerkaraz mira eginda berriro ere—. Santuari debozioa deutsonak egin ezkero nahikoa dala esan gura izan dot.

        —Bardin da —gorputzean azogea duenaren moduan zutundu da, malkoek utzi dioten mintz bustiaren atzean dirdigarriago begiak—. Donianeri egin beharrekoa egin deutsagun eta, orain jaia da...

        Duela hamar urteko San Juanetan eskutik lehenengoz oratu zuen Anita da hau, begien indarrak bizi duena. Onofre bera ere zutundu egin da. Bikote etorri berriek zirrika dihardutela ezkuta gura dute, alferrik. Sugeak iratzarturik dabiltza sasoi honetan.

        —...eta endemas bedarrak dagoz.

        Elizatxoko aurre estuan dena da jai-sua orain. Aintzina gaztelua izan zenaren ekialdeko hormari teilatua gehitu eta hamaiketakoak egiteko leku bilakarazi dute. Beterik dago. Handik Onofreren eskuetara berez egin du bidea zahatoak. Adiskidetasun hutsa dahangoa. Anitari ere eskaini diote. «Kalterik ez deutsu egingo», Onofrek lehenagoko guztiak burutik uxa ditzan esan dio. Edoski egin behar izan du emazteak zahatoko muturretik.

        —Ezetz halan edan? —zirikatu du paparrean eskegita txiribita eta txikori-bedarrez osaturiko idunekoa duen batek.

        Zahatoa bekoki goian ipini, gerria atzez makurtu eta betartera isuri du ardaoa. Sudurreko malda biak ubide, gainezpainera lehenik eta ertzetara gero, ardaozko errioak etorri zaizkio jarioan aho barruraino. Teilapekoek txalo egin dute.

        —Hori dok popea —ozen esan du baten batek, jaramonik egin gabe harmailetan behera jaisten hasteko izan direnean—. Eta topea be —barre egin dute biek.

        Espartinak oinetan eta beherantz, «gozamena» otu zaio Onofreri. Harmailadiari eusten dioten arku bien pean erromesak uretan dabiltzala eta, «goazen» esan dio Anitari. Men egin dio. Haitzik haitz itsasoak agerian utzi dituen potzuen aldera ailegatu dira.

        —Berton —Anita jesarri egin da. Onofrek berak uhinak hausten direneko alderantz egin du.

        —Itsasoko bitsa, bizitza —burura etorri zaiona esan dio. Barre egin du Anitak.

        Onofrek biluzik ureztaldi bat non egin bila, haitzak berezko dituen zulo bien alderantz jo du, aurrean harro ageri zaion Akatx horretan ez egoteaz bekaizti. Karramarroen artean karramarro ikusten du bere burua, berba madarikatua bururatzeak zirgitik ere ez dagiola. Baten baten muskadak eragin ur-hotsa aditu du. «Ez hago bakarrik». Beste hori nor den sumatu ere egin gabe, burua azaleratu duenean zur eta lur geratu da.

        —Luis!

        —Fantasmen moduan agertuten haiz beti Onofre, neu natorren leku guztietara hator eta.

        «Ba egon hadi hor trankil, ze fantasma honek hondokarrika akabatuko hau eta», aldarri artean tri-tra erantzi da Onofre. Must! egin du, kikunbehera, eta behingoan izan aspaldiko lagunaren ondoan.