4
Lokomotorak lurruna askatu du, makinari indarra kentzearren, eta geltokia trenaren hots-adarrek eragindako dardakadaren pean geratu da. Txinpartak sortarariz labandu dira gurpilak errailetan. Onofrek, aurrean duen bagoiko plataforma-atea behetik zabaldurik, eskua luzatu dio Anitari, errezago igon dadin ezeze berriro ere beronen larruazala erpuruetan izatearren. Goitik behera emakumeak gizonari, honek behetik gora eta aldi berean, elkarri begiratu diote senar-emazteek. Anitaren begietan ilentiak, sua dariela, Onofreren ninietan pantera gosetiak, begiradak iraun duen liparraz lurralde ezezagunen bateko amilburuan ikusi du bere burua gizonak, durduzurrez.
Ciclon! aldarri egin du bapatean ahotsen batek geltokian eta Onofreren aditasuna oihartzunaren aurkako bidean joan da, hitz egin duenaren bila. Txapelokerrak han ere.
Beti hor egon diren goardizibilak tupustean agertu balira legez izan da Onofrerentzat John Ingelesaren gorabehera guztia. Hain zuzen ere, txapeloker hori berori, «Ciclon» haserre aldarri egin duena ezaguna du. Ez ordea Ciclon deritzan presoa. Geltokiko etxe amaitu berriaren alboan gordetegia eraikitzen diharduten presoak jagoten dagoz txapelokerrak. Haietariko bat geldi dago trenari begira, gerritik gora biluzirik, bularralde indartsua zeruari erakusten. Agindua eman dion txapelokerra ikatza baino beltzagoa da larruz eta besteek egiten duten lanaren izerdiak bera nekarazten duela begitandu zaio Onofreri. Trikornioaren pisuari eutsi ezinik makurtuta burua, zigarroa eskegita ezpainetan, umore zantarrez dagoela eta Ciclon deritzanaren aldera kendu ditu begiak. Presoarenak aurkitu ditu, barre egiten diotelako edo, dirdirean. Bagoi barruan sartu da Onofre Anitaren atzetik.
Aurrez aurre jesarri dira, leihatilaren aldean. Trenaren ke eta hots-adarrek gurpilen higikera nagia iragarri dute eta Anitak leiharraz bestealdean atzerantz joaten hasi den paisaiari begira dagoelako itxurak egiten ditu. Onofrek ezin izan du eragotzi. Trenean edo beste edozein ibilgailutan igotzen deneko erregurak odola mintzen dio. Berak ere leihoaz kanpora begiratu du, ezer ez delakoan chester paketea atera artean. Ciclon hark harri-zati itzela du zilborraren parera altxaturik eta trenari begira geldi dago, lehenago nabaritu ez dion lausodura igarri diolarik Onofrek begietan. Artega erretzen hasi da. Begiak kiskaltzen dizkion gizon hura eta bere buruaren artean lainoa ipini guraz ahokada luzea jo dio zigarroari. Artega erre du.
Bigarren tunelean John Huxleyren akordua etorri zaio. Benetako John Huxleyrena, nor izan zen ez dakien pasaporte haren jabearen aurpegia, irudikatu nahi du. Hirugarren tunelean lipar batez argizuloaren azpian igaro da trena. Anitaren begiak ikusi ditu, berari begira, Onofrek. Bart gauekoaren gomutak birrindu egin du John Huxleygaz izan duen akordua. Anitaren larruazala bart gauean, aspaldiko partez, pentsatu du Onofrek. «Billetes por favor» esan dute eta Anitak erakutsi ditu bienak.
«Denok diaukagu pizti bana gure barruan» otu zaio gizonari, han aurrean leihatilaz kanpokoak ardura diola nekez isladatzen duen emea zein modutan esnatu eta bizkortu zen, horren gogoratze hutsak, kalanbrazoak eragiten dizkiolarik. Gerrialdean esku bat automatismoz ezarri eta ohekidearen eme-mamiak ipurdian puzten nabaritzeak laztan herabeak entsaiatzera eroan zizkion atzamarrak. Tigremea izan zuen Anita, sabanaren erdian. Sudurtzuloak arnasketa gero eta bortitzagoaz zabalagotzen aditu zituen eta eskua ausardia handiagoz menturatu zen aurrera. Muino perfektu bi aurkitu zuten, biribil eta elkarren ispilu. Ohe-erropa eranzten hasi zitzaion, astiro, ikaraz. Emakumearen garondoan musua ezartzera ausartu zenean laster aurkitu zituen ezpainak ere. Anitak berak erantzi zuen arropa luzea azkenean. Onofreren begiek emea ikusi zuten haren begietan. Senak aginduta ihardun zuen.
«Sena» irten dio gurabakoan, ozen. Anitak begiak leiharretik kendu eta begira geratu zaio. «Ezebez, neure gauzak» erantzun dio emaztearen begirada mutuan eskegita geratu den itaunari. Berriro ere hoztearen helera igarri du instant horretako atezuan. Kanpoan erreka mehe eta padurak zabal, haizeak mizkeriaz laztantzen duen adats senglea dira ihien gandorrak. Anitaren adats luzea, lepo gainerantz jausten, ditiburuetara etorten, Onofreren hankek arkulua eratzen duten gunean hankazabalik, bateginda, eta Anitaren keinua adatsa garondora biltzeko, eta ditiak orduan ageriago, Onofreren ahoa gosetiago, zorrotzago haginak biek. Oraindio ere Anitaren haginkadatxoen min gozoa bizirik du bularraldean. Sabana erdian tigremea zuzperturik, eskuak biktimaren saman eta hortzaginak harat-honat min ematen, plazerezko oturantza luzean.
Chester lar errea kanpora jaurtitzeko leihatila beherantz egin duenean goizeko haize kresaltsua birikietako sotoetaraino sartu zaio Onofreri. Ekainak bere erdia jan duela nabaritu du. Kontrapikatuan harrapatu du Anitaren begirada. Zer diotso? Ezin ulertu du euren artean behin eta berriro hedatzen den izotz-mortua, non eta lehenago sabana kiskalgarria izandako alde berberean, hots, begiradetan, larruazalaren arteko magnetismo-eremuetan, grinaren gudalekuan.
Berak gogoan duelarik, Anitarekin izandako plazereganarik ederrena, bakarra beharbada. Zalantzan egon da, harik eta beste emakume batekin akordatu beharra izan duen arte. Beharra, zeren burua berez hasi bait zaio bere bizialdiko porroten kontuak eskatzen eta ezinbestez ipini behar izan du beste bat ere zerrendan. Hiru urte joan dira Buenos Airesen egin zuen egonaldian Marina, Malintxe esaten zioten hura, ezagutu zuenetik hona. Zertan ez zen orduan hemengoaz ahaztu eta harexekin geratu Argentinan, beharbada inertzia hutsagatik izan zen. Barkuan zuen matxurak behartu zuen han egotera eta matxura konpontzeak berez ekarri zuen alde egitea, bitartekoak bitarteko.
Ez du akordu mingarririk gura Onofrek. Anitak, leihatilaz beste aldeko paisaiaz aspertuta, Siete Fechas hori atera du. Berak ere goizeon liburua gorde duela haren zorroan eta eskatu egin dio. 'Point counter point', Jonen azken txantxa. Irakurtzeari ekin dio, han barruan lotan duen ingeles-hiztunaren nagikeriak lerroarteko zuriduretan galarazten diolarik adimendua. «Hemen be dana dok kakanahastea andra-gizonen artean», berau da liburuko lehen orrialdeetakoek gogora ekarri dioten bakarra. Akordura etorri zaio goizeko berbaldia.
«Tiaren bisitan joan beharko geunke» esan dio Anitak goizeon, itzartu berri biak, armozua hartzen egon diren bitartean. «Tira, atso hori» erantzun Onofrek eta behingoan konturatu da hankasartzeaz. Sabanan bart iratzartu zen tigremearen atzaparrak samara zetozkion. «Noiz joateko asmoa dozu ba?». «Goizeon». «Goazen ba biok». Kafesneak beroturiko katilutik Anitaren eskura eroan gura izan du eskua Onofrek, emandako hitzaren zinaren bila. Atzez egin dio emazteak, «Berandu gabiltz» esan duen era berean. Hala eta guztiz ere gauerako berriro itzartuko dela tigremea, itxaropenak ez diola huts egingo eta dena geratzen dela gero Tiaren etxean bera zelan portatzen den, horrexen menpean. «Trenean leiduteko zeozer hartuko dot». «Eta ez erre, mesedez». Hor ere okerretara jokatu du. Zelan ez ote da konturatu ez erretzeko erreguaz. «Kakazaharra, sena eta ostiya, hara zergatik izoztu jakozan begiak horreri!». Inpertsonalizatu egin du oharbakoan emaztea. Konturatzeak ikaratu egin du, bere baitan ere suren bat, haserrezkoa berau, iziotzen dela igarri bait du. «Ez naiz konturatu zigarroaren asuntoagaz baina badakizu trenek artegatu egiten nabena». «Ez dau ardura». «Ardura deutsu, bai!». «Ezetz ba!».
Basartean gora erreka estutu egiten da, sugetu, eta trenbidea bera ere herensuge ketsua da gorago igarten den argiaroaren bila legez. Trenbide alboko elektrikarietan harro pausaturik ikusi du mirotza Onofrek. «Heu» otu zaio.
Hurrengoa gurea esan du Anitaren ahotsak umetzaroko zorion-oihartzunetatik itzuliaz, zeren ubidertzeko altz-ilarei begira aspaldiko udaldi bat eguzkitu bait zaio berriro oroimenean.
Mirotza han urrunean geratu da mokoz behera, autista bailitzan. «Eta berak diakik edertoen kazan egiten», Onofrek aldi bereko buru bi ditu; bata Anitaren ahotsa aditzen duena, itzartua, eta bestea emaztearen ahotsaz haruntzago doakiona, belarri eta begietan zehar datozkion sentsazioen bidez pilotu automatikoa martxan sartzen diona berau. Itsasaldietan zenbatetan ez ote den geratu zubian itzarturik eta automatikoa han, bere zereginaren ordeko egiten duela. Herriminez erraiak, itsasoko brisarak malkoak betertzetara ekarrita, ezagunen soslaiak edozein akatsetik garbi gogoratzen zitzaizkion halakoetan. «Ilusiño hutsak». Anita bera ere, goitik behera biluzik bere aurrean, pilotu automatikoa sartzearen erruduna, ilusio hutsa, Tropiko aldeetako gaubeiletan ageri izaten diren mamuetariko beste bat baino ez. «Berton da».
Bagoitik kanpora urten eta nasan hantxe geratu dira biak, herensugearen higikeran soraio begiak. Azken bihurduran ezkutatzekotan izan delarik askatu duen lurrun-deiadarrak kendu ditu euren egonarritik biak. «Goazen», hitzokin batera gerrialdera luzatu dio besoa Onofrek. Hartu duten bidea, aldatzatxoa, bigun egin zaio. Mirotza gertu zaie han goian, hegal bat gorantz eta bestea alborantz, airezko malda ikustezinen batean behera eztitasunez labantzen moduan.
Anita, Onofreren besoa gerrialdetik kendurik, arrapaladan joan da maldan gora aldarrika, zoro aldarrietan. Beste chester bat piztu du gizonak eta sua ematean gorantz begiratu duelarik ez du mirotza ikusi.
Tira gizona, erdu hona, hara zer dagoan hemen.
«Umetuta diagok», behe-ezpaineko kanpoaldean geratu zaion tabako apurra ttu eginaz esan du bere artean.
Han haritz-kimu eta otabar artean hasten den gurpidean geldi dago Anita. «Eta?», galdera modua egin dio, bekaina gora eta kea begietara datorkiolarik.
Hara!, bandiduaren zaldiaren apatxak dira horreek.
Ferra-atzen taiukerako guneak dagoz, hirurlau, karearriaren gainazalean. Eskuaz eginak barik zaldiren batek benetan zapalduz eginak direla zin egiteko modukoak dira. «Apatxetan sua eroan bandidoaren zaldiak ala?».
Nire biziko egunik zerenak amaitu barik utzi du esatekoa Anitak, bere biziko egunik zoriontsuena alboan duen gizona senartzat hartu zuenekoa izan behar duela eta, hanka sartzekotan izan denaren gorridura sutu zaio aurpegian.
Onofrek ez daki bandidoen istoriorik. «Tiak esango deutsu». Anitaren ume-zorionetik urrun, geldi geratu da, han behean utzi duten trenbidera begira. «Bakarrik hago betirako», buru batek besteari esan dio. «Bandidoak!». Ingalaterrako basoak, Bristol, itsasaldera arin doazen bideak, denborak bere pikatxoi itzelaz landu dituen lakarrak eta ura gero, ore artegatsua, luzea, haraindirainokoa.
Bertorainokoa esan du ozen.
Anita begira geratu zaio:
Zer diozu?
Ez dio zuzen erantzun, zeharkako beste galdera batez baino.
Nor da edo nor izan zen bandidu hori ba? galderak esan gura duena besterik da. «Ez pentsa nire barruan galtzen banaiz be zuri jaramonik ez egitearren denik, ez». Pilotu automatikoa da.
Tiak argituko deutsu laster; haxe da etxea.
Mendiganan baserrietxe itzela dago, aspaldi dorretxea izandakoa.