
Jaidura ikonoklasta nabarmeneko idazle eta emakumea izan zen Kamala Das (Punnayurkulam, India, 1934 - Pune, India, 2009). Bizitza osoan nekaezin jardun zuen beragandik espero zenaren aurka. Emakumearen askatasuna aldarrikatzeari eskaini zion bere sorkuntzaren parte handi bat, betiere bere esperientzia pertsonalaren kontakizunetik abiatuta. Haren poesia sentsoriala da, eta hizkera espontaneo eta grinatsuan mintzo zaigu, hertsitasun erritmiko eta errimazkoetatik libre. Berariaz bilatutako perfekzio eza egotzi izan diote adituek eta metaforetan ere inkongruentzia aire bat sumatzen da; distantzia kulturalak mendebaldarroi ezartzen digun arroztasunagatik, noski, baina baita irudi itxuraz bateraezinak elkartzen dituelako ere. Joxe Mari Berasategik ezin hobeto atzeman du Dasen poesiaren tonua: asmamen jostariz lexikoan eta natural joskeran.