18 kopla aberri mingotsari
3. Zelata
Zelata honetan luzatu ziren gauak,
han errotu zen kantua, eta zuhaitza bezala hazi.
Eta batzuek burdin hesietan, besteek urrun, erbestean,
mingoski diote “ai”, makal-hostoaren gisan erne den intziria.
4. Herria
Herri txikia borrokan, ezpatarik gabe, balarik gabe,
mundu osoko ogiaren, argiaren eta kantuaren alde.
Mingainen azpian gordetzen dira intziriak eta pozak,
eta, kanturako orduan, haitzak pitzatzen dira.
6. Goiz-alba
Udaberriko goiz-alba, pozez eta bozkarioz betea,
non da begirik zu ikusteko, zuri ongi etorria emateko?
Bi ikatz intsentsu artean, eta bi intsentsu apur;
kezko gurutze bat aberriaren ateburuan.
10. Ura
Urria haitzetako ura, bedeinkatua isiltasunean,
txoriaren zelatan eta heriotzorriaren itzalean.
Ezkutuan du gerrillariak edaten, eta lepoa altxatzen,
txolarreen antzera, bedeinkatzeko Grezia, bere ama gaixoa.
12. Neska argalak
Neska argalak gatza biltzen ari dira itsasertzean,
uzkurtuta oso, mingostuta, itsasoa ikusi ere egin gabe.
Eta bela bat, bela zuri bat agurka dute zerutik,
eta, ez baitute ikusi, saminez belztu da.
14. Hilobiaren gainean
Palikaria burua tente zuela erori zen;
ez du estali lur hezeak, ez du ukitu ezein zizarek.
Hego bat bezala bizkarrean, gurutzea hegaldatu egin da,
bat egitera arranoekin eta aingeru urrezkoekin.