Antzoki zaharra
Eguerdi aldera, ohartu zelarik antzoki zaharraren erdian zegoela,
greziar gazteak, susmorik gabe, eta halere haiek bezain eder,
oihu bat egin zuen (ez mirespenez, mirespenik
ez baitzuen sentitzen, eta sentituko balu ere
ez zuen, noski, erakutsiko), oihu soil bat,
agian gaztetasunaren bozkario basaren indarrez,
edo leku haren akustika probatzeko. Bestaldean,
mendi piko haien gailurretik, oihartzunak erantzun zion,
oihartzun greziar batek, zeinak ez baitu imitatzen ez errepikatzen
ezpada goratzen, ezin neurtuzko moduan,
ditiranboaren* betiereko lantua.
* Ditiranbo: Antzinako Greziako konposizio lirikoa, batik bat Dioniso jainkoaren omenezko errituetan erabilia (I.O).