Poesia kaiera
Poesia kaiera
Chuya Nakahara
itzulpena: Hiromi Yoshida
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-03-7
Chuya Nakahara
1907-1937
 
 

 

Kanta lañoa

 

Pentsatzen hasita hain urrunera iritsi naiz baina,

hamabi urte nituela neguko arrats hartan,

portu gaineko zeruan entzuten zen sirena haren lurruna

egun non ote da?

 

Laino artean ilargia,

sirena entzun nuenean

kikilduta kuzkurtu egin nintzen,

ilargia ortzian zen.

 

Zenbat urte joan ote da,

sirena haren lurrunari segika mozolo begiradaz

gelditu nintzen triste.

Garai hartan nintzen hura, egun non ote da?

 

Emaztea eta haurrekin nago orain.

Pentsatzen hasita hain urrunera iritsi naiz eta,

aurrerantzean, ez dakit noiz arte,

baina egingo naiz bizi…

 

Bizi egingo naiz baina,

igarotako gau eta egunak

hain ditut maite

ezen ez nagoela ziur bizitzen jarraitzeko izango naizen gai.

 

Hala ere bizi naizen artean,

naizen naizenean

saiatuko naiz izaten ahalik eta zintzoen.

Baina kupitu egiten naiz neure buruaz.

 

Ondo pentsatuta,

azken finean eginahalak eginda,

eta iraganeko egunen eskasa sentitu arren batzuetan,

nola edo hala moldatuko naizela uste dut.

 

Ondo pentsatuta erraza behar du izan,

azken finean gogo kontua da,

nola edo hala moldatu beste aukerarik ez da:

nola edo hala moldatu eta kito.

 

Hori da pentsatzen dudana baina,

hamabi urte nituela neguko arrats hartan,

portu gaineko zeruan entzuten zen sirena haren lurruna

egun non ote da?