Gauerdiko gogoeta
Hau…, kaltzio bor-bor hau,
fite lehortuko da,
maleziarik bako neskatilaren negarraren antzo,
poltsa-dendako andreak bart gauean isuri mukiaren antzo.
Zuhaiztiko ilunsentia
ama lausotua da,
adaburuetako xomorro hegalariena,
zupakiaren dantza txantxazalea.
Ile izurtuko ehiza-txakurra oso aurretik doa,
ehiztariak nekez darama bere bizkar konkortua.
Oihan atariko belazea
aldapa gora da!
Hondartza beltzera inguratzen da Margarete,
haizeak harrotzen dio beloa,
jauzi egin behar du haren haragiak,
jainko handios den Aita Itsasoagana!
Hura dagoen amildegiaren gainean,
izpirituak lerro beldurgarriak marrazten,
eta tristura dakarkit gogora, oroituz nola ari nintzen biltzen bere gela,
laster hil egin behar baitu.