Poesia kaiera
Poesia kaiera
Chuya Nakahara
itzulpena: Hiromi Yoshida
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-03-7
Chuya Nakahara
1907-1937
 
 

 

Udazken itsua

 

 

                           I

 

Haizea altxatu du, uhin burrunbatsuak daude,

      besoak inarrosten ditut infinituaren aurrean.

 

Bitartean, lore gorri ñimiñoak bistatzen dira baina,

      erauzi egiten dira deblauki horiek ere.

 

Haizea altxatu du, uhin burrunbatsuak daude,

      besoak inarrosten ditut infinituaren aurrean.

 

Ez naizela betirako itzuli oldoztuz

      zenbat bider egin ote dut hasperen bihozgabea…

 

Odol-garraio, zain zurrun bihurtu zait dagoeneko gaztaroa,

      eta infernu-loreak eta arratseko eguzkia doaz haren baitan.

 

Isil, distiratsu, emankor,

      urruntzen ari den emakumeak azken unean oparitu didan irribarrea bailitzan,

 

aintzatsu, aberats eta bakarti orobat,

      bakun, epel, argitsu, betirako nire barnean…

 

      Ai, betirako nire baitan...

 

Haizea altxatu da, uhin burrunbatsuak daude,

      besoak inarrosten ditut infinituaren aurrean.

 

 

                           II

 

Hau nola amaituko den, edo hura nola amaituko,

txikikeria zait, ez dit ardura.

 

Honek zer esan nahi duen, edo hark zer nahi duen esan

txikikeria zait, ez dit ardura batere.

 

Norbere buruari eustea, horrekin da aski!

Beste gauza guztiak beude bere horretan…

 

Norbere buruari eustea, norbere buruari eustea,

norbere buruari eustea, norbere buruari eustea,

behin hori lortuz gero, ezin da hobenik egin.

 

Bare, alai, eta isil lasto-sorta lez,

eltzea goizeko lainoaz beterik, jauzi batean jaikitzearekin da aski!

 

 

                           III

 

Nire Ama Birjina Santa Maria!

      Ez dut ohartu gabe odola galtzea besterik egin!

Onartzen ez nauzulako

      behea jota nago, hori baino ez...

 

Nik zu maite izatea berezko gauza zen bezala,

   zuk ere maite ninduzun, baina

   ni beti-kontra hutsa nintzenez,

   ez nuen aski kemen…

 

Ai, nire Ama Birjina Santa Maria!

     Jada ez dut konponbiderik baina,

jakizu hau bederen:

 

berezko aiurriz maite izatea

     ez da suertatzen sarri,

gutxiri zaio emana, gainera, hori jakiteko zoria.

 

 

                           IV

 

Hiltzen naizenean sikiera

emakume hark erakutsiko ahal du nire gainean bularra?

      Ez nuke nahi une horretan makilatuta egotea,

      ez nuke nahi une horretan makilatuta egotea.

 

Zuk soilik erakuts iezadazu bularra isilean,

eta isla zaitez nire begietan.

      Ez nuke nahi zuk ezer ere pentsatzea,

      ez nuke nahi zuk nitaz ere pentsatzea.

 

Ez nuke besterik nahi, zuk gorde malkoak begietan

eta hartu eztiro arnasa.

            Malkoak isurtzen bazaizkizu,

 

zu deblauki etzan ahuspez nire gainean,

eta lasai hil nazakezu.

Ni pozarren joango bainaiz beste munduko bide sigi-sagatsuan gora.