Sorterriratze baten kaiera
Egunsentiko hondar orduan…
Hoa, niotsan nik, txakur-mutur, hedexuri-mutur hori; hoa, gorroto ditiat ordenaren otseinak eta itxaropenaren erlamandoak. Hoa, kutun gaizto, fraideki-zimitz hori. Gero, itzulirik harentzat eta haren ingurukoentzat galduak ziren paradisuetara, burutapen nekagaitz baten lurrunek lotaratua, gezurretan dabilen emakumearen begitartea baino lasaiago, jaten ematen nion haizeari, munstroak askatu, eta hondamendiaren bestaldetik usapalak eta pagotxak entzuten nituen ibaika igotzen etxerik harroenen hogeigarren solairuaren garaiera iruntzietara daramadan sabana honetatik; sabana hau, beti neurekin daramadana goiz-alba aroetako indar ustelen kontra, gau eta egun eguzki sakratu benereo batek urraturiko sabana.
Egunsentiko hondar orduan badia hauskorrez ernaberrituriko Antilla gosetuak, astanafarreriak jotako Antillak, alkoholez dinamitaturiko Antillak, badia honetako lokatzetan, hiri honetako hautsetan ilunki hondoa joak.
Egunsentiko hondar orduan, uraren zauriaren gainean, idorturiko zolda engainagarria, berealdikoa; lekukotasunik ematen ez duten martiriak; odol-loreak, loro kalakarien txilioen gisa alferrikako haizebean zimeltzen eta sakabanatzen direnak; gezur-irribarrez dagoen bizitza zahar bat, estutasun aihergabeek zabaldurik ezpainak; miseria zahar bat eguzkipean isilean usteltzen; isiltasun zahar bat, oilaur epeletan lehertua,
gure izate-arrazoiaren hutsaltasun zantarra.
Egunsentiko hondar orduan, berez duen etorkizun oparoa laidogarriro atzean uzten duen lur geruza are hauskorrago honen gainean —sumendiak lehertu egingo dira, ur argiak eguzkiaren orban helduak eramango ditu, ez da itsas hegaztiek mokoz jotako irakinaldi epela baino geratuko—, ametsen hondartza eta iratzartze zentzugabea.
Egunsentiko hondar orduan, hiri lau hau —zabal-zabal dela, zuhurtziak behaztopatua, nagi, behin eta berriro hasten den gurutzezko fardel geometrikoaren mendean gose, patuarekiko menderakaitz, mutu, beti ere muzindu, lur honen izerdiak elikaturik hazteko ezgai, nahasi, muskildu, azpiratu, animaliaz eta landarez gabetua.
Egunsentiko hondar orduan, hiri lau hau —zabal-zabal dela…
Eta hiri nagi honetan, hiria bere joan-etorritik, bere norabidetik bezala bere garrasiaren aldamenetik hain harrigarriro igarotzen den jendetza zaratatsu hau, batere larritzeke bere egiazko garrasiaren alboan, entzun nahiko zen bakarra, bera delako berezkotzat daukan bakarra; sentitu egiten delako bere baitan, itzal eta harrotasunezko aterpe sakonen batean bizi dela; hiri nagi honetan jendetza hau, bere gose, miseria, asaldatze, herra-oihuaren alde-aldean, hain jendetza zaratatsu eta harrigarriro mutu hau.
Hiri nagi honetan, besteengana biltzen ez den jende ohi ez besteko hau, nahasten ez dena: trebea aurkitzen akordio eza, itzuria, ihesa ikusten. Jendetza osatzen ez dakien jendetza hau, jendetza hau, eta norbera ohartzen da honetaz, hain osoro bakarrik eguzkipean non emakume bat dirudien bere ibilera lirikoaren bilin-balaunari zeharo emana, bat-batean balizko euriari dei eginda ez jausteko agintzen diona; edo motiborik gabeko aitaren bizkor bat dirudiena; edota zangoak zabal eta zurrun, pixa zutik egiten duen emakume nekazariaren bat-bateko animaltasun egiazkoa.
Hiri nagi honetan eguzkitan nahigabetutako jendetza hau, berea den lur honen argitasun betean, esaten, baieztatzen, askatzen den ezertan ere parterik hartzen ez duela. Parterik hartu gabe frantsesen Josefina enperatrizaren kontuetan, negrailaren gainetik amets egiten zuen harenetan. Ezta harri zurituzko liberazioan gogorturiko askatzailearenetan ere. Ezta konkistatzailearenetan ere. Parterik hartu gabe ez mespretxu honetan, ez askatasun honetan, ezta ausardia honetan ere.
Egunsentiko hondar orduan hiri nagi hau, eta gainerako legen, herbaltze eta goseak, sakanetan kukuturiko izuak, arboletara igotako izuak, lurrean zulatutako izuak, zeru goietan noraezean dabiltzan izuak, pilatzen joan zaizkion izuak eta larritasunezko ke-adarrak.
Egunsentiko hondar orduan, burkaitz ahaztua, jauzi egiten ahaztu zaiona.
Egunsentiko hondar orduan, apatx urduriko burkaitz otzana —haren odol paludikoak, taupada bizkorrez, nahasi egiten du eguzkia.
Egunsentiko hondar orduan, sute neurritsua burkaitzean, negar-zotina nola, lehertze odoltsuaren mugan bozatu dena ezkutatzen eta ezagutzen ez den ignizioaren bila.
Egunsentiko hondar orduan, upelen eta erroten zelatan den bulimiaren aurrean kukubilko, burkaitza, goitika eginda giza-nekeak; burkaitz gorria, eta haren odol isuria; burkaitza eta haren itzalezko bendak; burkaitza eta haren izu-errekak; burkaitza eta haren esku handi haizezkoak.
Egunsentiko hondar orduan, burkaitza gosekilik, eta inor ez egokiagorik burkaitz bastart hori baino jakiteko zergatik suizidak, hipoglosoaren lagun eginda, atzeratu duen mihia ito den arte; zergatik Capot ibaian emakume batek plantxa egiten dabilela dirudien (haren soin malgua, argikiro ilun, zilborrak esaten dionera moldatzen da), baina ez den ur zaratazko fardo bat baino.
Eta ez maisuak eskolan, ez apaizak dotrinan aterako dio hitzik logurak erreta dagoen beltx horri, bi-biek indarrez joko duten arren hatz-muturrez kaskar motzean, haren ahotsa gosearen urmaeletan ahiduraz buxatu delako (hitz bat-hitz-bakar-bat eta ahantz-zaitezkete-Gaztelako-Blanca-erreginaz, hitz bat-hitz-bakar-bat, begira-basakristau-ttipi-horri-Jainkoaren-hamar-aginduetatik-bakar-bat-ere-ez-daki)
haren ahotsa gosearen urmaeletan ahanzten delako
eta ezin delako ezer, benetan ezer atera alprojatxo honen baitarik
ezpada dagoeneko haren ahotsaren txikotetara igotzen ez dakien gosea
gose baldar eta makala
burkaitz gosekil honen Gosearen barren-barrenean ehortziriko gosea
Egunsentiko hondar orduan hondo-jotze ez ohiko hau, ustelkeriaren kirats hiratua, hostiaren eta biktimarioaren sodomia beldurgarriak, aurreiritziaren eta ergelkeriaren brankako zuaker igaroezinak, prostituzioak, hipokrisiak, lizunkeriak, traizioak, gezurrak, zurikeriak, eskupeko behartuak —koldarkeria urrien itoaldia, ernamuin gehiegizkoen nekerik gabeko karrak, espak, histeriak, perbertsioak, miseriaren arlekinkeriak, mankatzeak, erresuminak, urtikariak, endekatzearen hamaka epelak. Hona zorne-zorro gingiltsu eta irrigarrien joan-etorria, mikrobio zinez bitxien loditu beharra, sendabide ezagunik gabeko pozoiak, ondo zauri zaharretako jainko-odolak, espezie ustelkorren hartzidura esperogabea
Egunsentiko hondar orduan, gau handi eta geldia, balafon hautsi bat baino hilago izarrak,
gauaren erraboil teratikoa, geure ukatzez eta doilorkeriaz ernatua.
Eta gure imintzio ergel-eroak une hautatuen urrezko zipriztinak susper daitezen, garai bateko distira hauskorrera ekarritako zilbor-hestea, lagun giroko ogi eta ardo, egiazko ezteietako ogi, ardo eta odol.
Eta antigoaleko alaitasun hau, egungo miseriaren berri dakarkidana, bide konkordun bat amildegian behera murgiltzen dena etxola batzuk barreiatzeko; gain baterantz ziztuan doan nekerik gabeko bidea etxolaz betetako putzu batean buxatzeko, ero-eroan igo eta ausartegi jaisten den bidea, eta barregura eragiten duten ohol gaizki josi batzuk porlanezko zutoinen gainean, nik “gure etxea” deitzen dudana, xafla kizkurrez egindako orrazkera horrekin, ezta lehortzen jarritako larrua balitz ere; jangela, iltze buruak dirdirka dituen zoru latza, pinuzko eta itzalezko habeak sabaian alderik alde, lastozko aulki beldurgarriak, argi griseko lanpara, bernizatua eta berehala labezomorroz betetzen dena, min eman arterainoko burrunban…
Egunsentiko hondar orduan, herri esentzialago hau ostera neure sabelkeriara ekarria, ez samurtasun lausoz, ezpada burkaitzetako titi mardoaren bategite sentsual oinazezkoa halabeharrezko palmondoa duela ernamuin gogortu, uhaitzen poztasun etena, eta Trinité-tik Grand Rivičre-raino, itsasoaren milikatze histeriko gaitza.
Eta arin doa denbora bere bidean, benetan arin.
Hala joan zen abuztua, mangoak ilargi erdiz apaintzen direnean; iraila, zikloien emagina; urria, kanaberen su-emailea; azaroa, destilategietan urrumaka dabilena; Eguberria zen, hastera zihoan.
Eguberria bazetorrela desio azkura batez iragarri zen lehenik, samurtasun berrien egarriz, amets lausoen ernamuinez; gero bat-batean hegatu zen, alaitasun hegal handien frufru more gozo harekin, eta berehala amildu zen herri gainera, granada aski heldu bat bezala lehertua, bizipoza ekartzera etxoletara.
Eguberriak ez zuen osterantzeko jaien antzik. Ez zuen kalez kale ibiltzea maite, ez plazaren erdian dantzatzea, ez zurezko zaldikoetara igotzea, ez zen jendearen emanaz baliatzen emakumeei ipur-mamietan atximur egiteko edota tamarindoen parean suzko erroberak botatzeko. Agorafobia zuen Eguberriak. Behar zuena egun beteko hara-honakoa zen, prestaketak, sukaldeko beharrak, garbiketa lanak, kezkak,
iritsiko-ez-den-beldurra,
faltako-den-beldurra,
aspertuko-ote-garen-beldurra;
gero iluntzean elizatxo bat, ez inor izutzekoa, borondate onenez irriz, marmarez, isilmandatuz, maitasun aitorpenez, gaitz-esanez eta etorri oneko xantre baten eztarri kakofoniaz betetzen uzten zena, eta adiskide alai eta bizinahiez, eta barruki gozoko etxoletan, xuhurkeriarik gabe, hogeiren bat lagun elkartzen dira, eta kaleak hutsik daude, eta herria kantu-buketa da, eta ederto baten egoten da barruan, ondo jaten da, eta pozarren edaten, eta odolkia dago, hatz biko mehe horietakoa, itzulikari kiribiltzen dena, eta bestea, zabalagoa eta lodiagoa dena, eta gozo horietakoa, dastaz ezkaia dirudiena, edo beste min hori, goritasun piperrautsezkoa, eta erretzen duen kafea eta anis gozatua, eta pontxesnea, eta ronen eguzki likidoa, eta muki-mintzek hartzera behartzen zaituzten gauza on horiek guztiak, edo liluraz destilatzen dizkizutenak, edo agian lurrin gozoz ehuntzen, eta irri egiten da, kantatu egiten da, eta leloak gora eta gora luzatzen dira, kokondoak bezala begi bistatik galdu arte:
Aleluia
Kyrie eleison… leison… leison,
Christe eleison… leison… leison.
Eta ez dira soilik ahoak kantuan ari direnak, eskuek abesten dute, oinek, ipurmasailek, sexuek, eta izakia da, osoki hots, ahots eta oinots bilakatzen dena.
Gora bidean gailurra jota, hodeia balitz bezala lehertzen da bozkarioa. Kantuak ez dira eteten, artega eta astun, izuaren ibarretan barrena, larriaren tuneletan eta infernuko garretan doaz pirritan orain.
Eta orain gertuen daukan deabruaren buztanetik tiraka dabil bakoitza, izua ametsaren hondar xeheetan ezarian galtzen den arte, eta bizi, eta edan, eta oihu, eta kantuan amets batean bezala egiten da, eta lo ere amets batean bezala, betazalak arrosa petalozkoak direla, eta eguna zapoteondoa bezain belusezko dator, eta kakao-sailetako sats-uraren hatsa, eta indioilarrek zuldar gorriak zuritzen dituzte eguzkitan, eta kanpaien ekina, eta euria,
kanpaiak… euria…
dilin… dalan… dilin…
Egunsentiko hondar orduan, hiri lau hau —zabal-zabal dela…
Aztaparka dabil inoiz inolako gogorik gabe zerurantz kiribilduta protesta garaieraz harrotzeko. Etxeen bizkarrak suz gizendutako zeruaren beldur dira; hauen oinak, zorutikako uholdeena; eta hala, nahiago izan dute ezusteen eta traizioen gainean doi pausatu. Baina hala ere, hiriak aurrera egiten du. Egunero bazkatzen bada ere ahalkezko pertsianen pasabide lauzaturikoen, patio likatsuen, tantaka diren margoen mareaz bestalde. Eta eskandalu ito ziztrinek, lotsa akitu ziztrinek, arrangura larri ziztrinek koskorrak eta zuloak eragiten dituzte kale-zulo estuetan, non halako keinu batez, gorotz artean errekasto bat doan…
Egunsentiko hondar orduan, bizi makaldua, amets etenak nora igorri ez dakiena, hanpadurarik eta sakonunerik gabea, zalantzati bere bidean eta zoritxarrez hutsik, biziaren ibaia edonor bere onetik atera arteko baldartasunez doa, gogaitzaren inpartzialtasun astuna, itzalak han-hemen berdin banatzen gauza guztien gainean, aire geldia berau zulatuko duen txoriaren argitasunik gabe.
Egunsentiko hondar orduan, kirats nazkagarriko beste etxola bat kale-zulo estu batean, zur ustelduzko erraietan dozenaka arratoi eta nire sei anai-arreben iskanbila gordetzen duen etxe ezin ttipiagoa, etxola bihozgabe bat, bertan erotzen dizkigu setakeriak hilabete hondarrak, eta gure aita barratsua, sekula jakin ez dudan miseriaren batek ozpindua, batean sorginkeria ezusteko batek malenkonia samurrera gozo daramana eta bestean suak hartu arte berotzen duena; eta gure ama, gure goseagatik pedalei aspergaitz eragin eta eragin, gau eta egun pedalei eragiten, eta gauerdian iratzartzen nauten nekerik gabeko zango horiek gauerdian eragin eta eragin ari direnak, eta amak eragiten dion Singerraren karrakaren hozkada gauaren mami gurian, gau eta egun eragin eta eragin gure goseagatik.
Egunsentiko hondar orduan, aitaz eta amaz harago, gorrinak oinazeturiko muxikondoa nola, puslez harrotutako etxola, eta sabai meharra, petrolio-bidoi txatalez adabatua, hala osatzen dira herdoil zingirak lasto arteko ore grisaxka zikin eta kirastuan, eta haizea dabilenean, ohi ez bezalakoa bihurtzen dute adabakiok hotsa, zerbait frijitzen ariko balira bezala hasieran, uretan sartzen den ilintiarena gero, dariola daraman adaxka-kearekin… eta oholezko kamaina hau, hemendik zutitu da nire arraza, nire arraza osorik oholezko etzangu honetan, keroseno tankez eginak hankak, elefantitisa balu bezala ohantzeak, bere antxume larruarekin, eta platanondo-hosto lehorrak, eta zarpailak, gure amonaren kamaina lastaira-nostalgia da (etzangu gainean, olioz betetako poto batean kandela mutur bat, garra dantzan duena eulitzar batek bezala… eta poto gainean, letra urrekaraz: ESKER MILA).
Eta lotsagarrikeria hutsa Lastokale hau,
heste-mutur higuingarria, herriaren lotsariak bezalakoxea errepide kolonialean barrena ezker-eskuin teilatuen olatu grisen emana zabaltzen. Hemen ez da lastozko teilatua besterik, uhin zipriztinek ondu eta haizeak depilatu duena.
Mundu guztia bizi da Lastokaleari atzea emanda. Han galtzen da alferrik herriko gazteria. Han husten du zikinkeria itsasoak, katu hilak eta lehertutako txakurrak. Kalea hondartzan itsasoratzen delako, eta hondartza ez delako aski itsasoaren amorru apartsuarentzat.
Miseria hutsa ere bai hondartza hau. Zakar-tontorrak usteltzen, atzealdeak isil-gordeka husten, eta hondarra beltza da, iluna, ez da egundo horren hondar beltzik ikusi, eta bertan bitsa uluka doa; eta itsasoak boxeoan muturrekoka darabil, edo txakurtzar bat da itsaso hau hondartzaren hanka-zainei milika eta haginka, eta hainbeste darabil ahutz artean non seguru osorik irentsiko duen hondartza eta honekin batera Lastokalea bera.
Egunsentiko hondar orduan, garai bateko haizea harrotzen da, saldutako fideltasunak, saihesten den dudazko eginbeharra, eta Europako beste egunsenti hori…
Abiatu.
Eta giza-hienak eta giza-panterak dauden bezala, ni
giza-judua izango naiz
giza-kafrea
Kalkutako-giza-hindua
Harlemgo-gizon-bat botorik ematen ez duena
giza-gosetea, giza-iraina, giza-tortura edonoiz harrapa, jipoitu, hiltzea dagoena —bai horixe, hil— inori ezer esan beharrik gabe inori azalpenik eman beharrik gabe
giza-judua
giza-progroma
txakurkume bat
eskale bat
baina akabatzen al da akaso Arrangura, ingeles seņora batek jarriko lukeen harridura aurpegia bezain ederra berau zopa-ontzian hotentote baten burezurra topatzekeran?
Hartu-eman handien eta konbustio handien sekretua aurkituko nuke. Ekaitza esango nuke. Ibaia esango nuke. Traganarrua esango nuke. Hostoa esango nuke. Zuhaitza esango nuke. Euri guztiek nindukete bustiko, ihintz guztiek arrosatuko. Odol sutua banintz bezala ibiliko nintzateke hitzen begiko jaidura motelean, zaldi ero bihurtuta haur jaioberri odolbildu etxeratze-agindu tenplu-aztarna harri-bitxi bihurtuta meatzariak etsiarazteko bezain urrutiko. Ni ulertzeko gauza ez litzatekeenak ez luke tigrearen orroa ere ulertuko.
Eta zuok mamuok igo zaitezte kimikaz urdin inguraturiko piztia-basoz bihurrituriko makinez usteldutako okela-jujubaz saski bete ostraz begiz sisal ederrari moztutako uhalezko sare-ehunez giza larruz, eta zuek guztiok barnean hartzeko besteko hitzak izango ditut eta zu lur nagi lur hordi
lur sexu handi eguzkiari eskainia
lur eldarnio handi Jainkoaren zakilarena
lur basa itsasoko biltegitik ahoan zekropio eskukada batez igoa
oihan birjin eta eroarekin baizik aldera ez dezakedan begitarte iluneko lurra
neure esku balego neure aurpegia balitz bezala erakutsi nahiko nukeena
gizakien begi argiezinen aurrean
aski nuke zurrut bakarra zure peyote esnetik zugan aurkitzeko beti irudipenetik tarte berean —hamaika aldiz jatorragoa eta inongo arragok koskarik egingo ez dion eguzkiak gorritua— dena aske eta haurride artekoa duen lurra, nire lurra.
Abiatu. Ene bihotzak oparotasun harroz zegien murmurio. Abiatu... apal eta gazte helduko nintzateke neure herri horretara eta bere buztina nire haragiaren osagai duen herri horri esan: “Luzaroan ibili naiz noraezean eta zure zaurien laztura desertatura nator berriro”
Etorriko nintzateke neure herrira eta esango nioke: “besarka nazazu beldurrik gabe... eta hitz egiten baino ez badakit, zugatik dut hitz egingo”.
Eta esango nioke oraindik:
“Ene ahoa ahorik gabeko zorigaitzen ahoa izango da, ene ahotsa, etsipenaren ziegan eroritakoen askatasuna”.
Eta nentorrela neure kolkorako:
“Eta batez ere, gorputz eta arima nireak gorde zaitezte bata zein bestea ikusle jarrera antzuan besoak antxumatzetik, bizitza ez baita ikuskizuna, oinaze-itsasoa ez baita antzeztokia, deiadarka ari den gizakia ez baita hartz dantzaria...”
Eta hona non etorria naizen!
Eta berriro bizitza herrenkari hau nire aurrean, ez bizitza hau, heriotza hau, zentzurik eta errukirik gabeko heriotza hau, heriotza hau non handitasuna aieneka hondoratzen den, heriotza honen ttipikeria dirdiratsua, ttipikeriaz ttipikeria herrenka dabilen heriotza hau; lehia ttipiko palakadok konkistatzailearen gainera, morroi ttipien palakadok basatitzarraren gainera, arima ttipien palakadok hiru arimadun karibearen gainera,
heriotza alferrikako guztiok
absurdoak nire ezaguera irekiaren lokatz zipriztinpean
ipurtargi bakar honek argiztaturiko huskeria tragikoak
eta ni bakarrik, egunsenti honetako eszena latza non munstroen apokalipsia kulunkatu egiten den, gero, inarrosirik, mututzeko
errauts, hondakin eta hondoratzezko hautu beroa
— Eragozpen bat dago oraindik! Bakar bat, arren, bakar bat: ez dut eskubiderik nire bizitza arra-bete kedartu honen neurriz kalkulatzeko; ez marraren gainetik lau hatz-betera dardaraka den elipse itxurako ezerez honetara murrizteko, eta hala, ni naizen gizaki honek, latitudearen eta altitudearen artean hartzen nauen kreazioa eraldatzeko.
Egunsentiko hondar orduan,
egarri arra eta irrits tematia,
hona non nagoen senidetasun-oasi ezkoetatik erauzia
ezerez lotsor hau ezpal gogorrez kizkurtzen da
ostertz irmoegi honek kartzelarien gisa egiten du dardara
Zure azken garaipena, Traizioaren erroi egoskor hori.
Nirea dena, hil hurran diren milaka lagun hauek, nirea ere baden irlako kuia barnean jiraka; bere burua ukatzen duen nahiera larriaren antzera okerturiko artxipelagoa, esan liteke irrika amatiarra dela Amerika bata bestetik bereizten duen mintz hauskorrena babesten; eta haren hegalak, Gulf Stream baten pattar gozoa dariela Europarantz; eta goritasun-isurialdeetako bat, zeinaren gainean Ekuatorea hari-harian Afrikaraino doan. Eta nire irla hesitugabea, ausardia garbiko, zutik polinesia honen atzean; eta haren aurrean, Guadalupe, bizkarrezurra erdibitua duela; eta geure miseria berberaz egina, Haiti, non negrotasunak, aurrenekoz zutik paratua, gizaterian sinesten zuela aldarrikatu zuen; eta Floridako buztantxo barregarria, negroa urkatuta akabatzen den hori; eta Afrika, zizare baten antzera handiago Europaren hispaniar oinetaraino hurreratua, biluzia, non Heriok sega-ukaldi alimalezkoak egiten dituen.
Eta nik neure artean diot Bordele eta Nantes eta Liverpool eta New York eta San Frantzisko
ez da mundu honetan eremu bakar bat nire hatz-marka digitala ez daramanik
eta nire orpo-hezurra etxe-orratzen bizkarrezurrean eta nire ugerra harri-bitxien dirdiran!
Nor ni baino harroago gehiago duelakoan?
Virginia. Tennessee. Georgia. Alabama.
Eraginik gabeko matxinaden usteltze higuingarriak
odol ustelezko zingirak
zentzurik gabe bozatutako tronpetak
Lur gorri, lur odoleztatu, lur odolkideak.
Nirea ere bada: ziega ttipi bat Juran,
ziega ttipi bat, elurrak bi halako egiten ditu
bertako burdin-barra zuriak kartzela atarian
guardian dagoen zaintzaile zuria da elurra
Nirea dena
zuriz gatibu hartutako gizona
heriotza zuriaren deiadar zuriei
bakar-bakarrik aurre egiten dien gizona
(TOUSSAINT, TOUSSAINT LOUVERTURE)
heriotza zuriaren gabirai zuria seko liluratzen duen gizon hori
bakarrik dagoen gizon bat harea zuriko itsaso antzuan
zeruko uraren kontra harrotu den agure belzkara da
Heriok uztai dirdiratsua osatzen du gizon haren gainean
heriok astiro izarniatzen du haren buru gaina
herio puzka, ero, haren besoetako kanabera helduetan
herio kartzelan lauhazka zaldi zuri bat balitz bezala
herio katu begiak bezala itzaletan dirdirka
herio ura bezala zotinka irla zingiratsupean
herio zauritutako txoria da
herio urritzen
herio zalantzan
herio partyura izutia da
herio azken hatsa ematen isiltasunezko istil zuri batean
Gau-hanturak egunsenti honen lau ertzetan
heriotza gatzatuzko izu-ikarak
helmuga irmoa
oihuak lur mututuaren gainean zutik
ez da egundo lehertuko odol honen edertasuna?
Egunsentiko hondar orduan uhararik gabeko herriok, oroimenik gabeko bideok, triba-oholik gabeko haize boladok.
Zer ardura dio?
Esan egingo genuke. Abestu. Ulu egin.
Ahots betean, zabal, zu zinateke gure ondarea, zu gure aurreko muturra.
Hitzak?
A bai, hitzak!
Arrazoi hori, kontsakratzen zaitut iluntzeko haize hori.
Aginte-ahotsa zure izena?
Zartailuaren lili-koroia zait.
Edertasun, deitzen zaitut, harriaren eskakizun hori.
Baina ai! ene irriaren
kontrabando marrantatua
Ai, ene kresalezko altxorra!
Zuen arrazoibidea eta zuek gorrotatzen zaituztegulako,
eromen goiztiarra dugu aldarrikatzen,
kanibalismo tematiaren eromen kartsua
Konta dezagun altxorra:
oroitzen duen eromena
ulu egiten duen eromena
ikusi egiten duen eromena
askatu egiten den eromena
Gainerakoa badakizue
2 gehi 2 5 direla
oihana miauka aritzen dela
zuhaitzak ateratzen dituela gaztainak surtatik
zeruak bizarra laztantzen duela
eta abarra eta abarra…
Nor gara, eta zeintzuk? Ederra galdera!
Hainbeste begiratu nien zuhaitzei haietako bat bihurtu nintzen
eta nire zuhaitz-oin luzeek zakukada pozoi franko zulatu dute lur barrenean
hezurrezko tontor hiriak
hain estu hartu dit gogoa Kongok
non oihan eta ibai marmartiko Kongo bihurtu naizen
non zartailuak zutoihal handi baten modura
klask egiten duen
profetaren zutoihala
non urak
likuala-likuala egiten duen
non hiraren tximistak aizkora berdea jaurti
eta ustelduraren basurdeak bortxatzen dituen
sudur-zuloetako ertz zangar ederrean
Egunsentiko hondar orduan eguzkiak eztul egin
eta birikak egozten ditu
Egunsentiko hondar orduan
hondarrezko urrats ttipi bat
muselinazko urrats ttipi bat
artalezko urrats ttipi bat
Egunsentiko hondar orduan
polen-lauhazka gaitza
neskatilen urrats ttipien lauhazka gaitza
kolibri-lauhazka gaitza
sastakai-lauhazka gaitza lurraren bularra beheragotzeko
debekuen zaintza
bitsaren atarian ezartzen duzuen mugazain aingeruok
aitor ditut nire krimenak ez daukat ezer esateko nire burua zuritzeko.
Dantzak. Idoloak. Berriz eroria. Nik ere
hil dut Jainkoa nire nagikeriaz
nire hitzez nire keinuz nire kantu lizunez
Loro-lumak jantzi ditut katu musketadunaren larruak
Egonarria agorrarazi diet misiolariei
gizateriaren ongileak iraindu ditut.
Erronka jo diot Tirori. Erronka Sidoni.
Zambeze gurtu dut.
Lotsatu egiten nau nire maltzurkeriaren neurriak!
Baina zer txara zarratugatik gorde behar da oraindik nire eskaletasunaren zero bizkorra eta ez ospatu prestutasun ikasiaren arduragatik
nire pahuinoar itsustasunaren jauzi beldurgarria?
vum rooh oh
vum rooh oh
sugeak sorgintzeko hildakoei deitzeko
vum rooh oh
euria behartzeko maremotoei aurre egiteko
vum rooh oh
itzala jira ez dadin eragozteko
vum rooh oh
nire zeruak zabal zakizkidan
— errepidean aurrera ni, umetan, azukre-kanaberaren sustraia mamurtzen
— lepoan soka daraman gizona bide odolduan arrastaka
— zirku itzel baten erdian, nire bekoki beltza asma-belarrez apaindua
vum rooh oh
hegan gora
dar-dar-ikara baino gorago beste izar batzuetara doazen sorginak baino
gorago inork gogoan ez dituela arrozturiko baso eta mendien gorespen basatia mila urterako loturiko uharteak!
vum rooh oh
itzul dadin agindutako garaia
eta nire izena zekien txoria
eta mila izen zituen emakumea
iturri eguzki malko izenak zituena
eta haren adatsa arrain zehezkoa
eta haren urratsak nire aroak
eta haren begiak nire urtaroak
eta kalterik gabeko egunak
eta laidorik gabekoak gauak
eta isil-lagun izarrak
eta elkar hartzekoa haizea
Baina nor dabil nire ahotsa bihurritzen? Nork larrutzen du nire ahotsa eztarrian banbuzko mila kako sartuta? Mila kirikino-hesola. Hi haiz
munduaren azken mutur zikin hori. Egunsentiko azken mutur zikin hori. Hi haiz gorroto zikin hori. Hi haiz irainaren zama eta zartakoen ehun urtekoa. Hi haiz nire egonarriaren ehun urteko hori, nire artatzeen ehun urtekoa doi ez hiltzeko.
rooh oh
gure kantuetan zelai sutsuetan lehertzen diren lore pozoitsuak; enboliaz moztutako maitasun zeruak; goiz epileptikoak; harea abisalen besarkada zuria, itsasontzi hondarren beheratzeak
basa-usainek birrindutako gauetan.
Zer egin dezaket baina?
Hasi beharra dago atzera.
Hasi zer?
Munduan hastea merezi duen gauza bakarra:
Munduaren Akabua, alajaina.
Opil mineralezko
oi udazken izugarriko opil mineralezko
handixek sortzen dira altzairu berria eta
porlan bizia
opil mineralezko oi opil mineralezko
non airea alaitasun gaiztoko
xafla zabaletan lizuntzen den
non ur zornatsuak eguzkiaren
masail guriak ebakitzen dituen
gorroto haut
oraindik ikusi egiten dira madras-oihalak emakumeen aldaketan arrakadak haien belarrietan irribarreak ahoetan haurrak bularretan eta zertarako segi:
ASKI DUGU ESKANDALU HONEKIN!
Beraz horra hor erronka nagusia eta bulkada
satanikoak eta ilargi gorrixken, su berdeen
eta sukar horien nostalgia-jito lotsagabea
Alferrik daukazue heltzen hogei aldiz
zuen eztarrien epelean
atsegin huts bera
hitzak ahopean darabiltzagulakoa
Hitzak? Mundu-atalak eskukatzen ditugunean, eldarniotan kontinenteak ezkonarazten, ketan diren ateak bortxatzen ditugunean, hitzak, a bai, hitzak! baina odol berriko hitzak, maremotoak eta erisipelak direnak, paludismoa eta labaketa txara-suak eta haragiaren sugarrak eta hirien sugarrak…
Jakin ezazue ondo:
ez dut egundo jokatzen ez bada mila urtekoaren alde
ez dut egundo jokatzen ez bada Izu Handiaren alde
Zuek etsi beharko duzue nirekin. Nik ez dut zuekin etsiko-eta!
Tarteka hor ikusten naute burmuin keinu handi batez,
hodei gorriegi bat atxikitzen
edo euri laztan bat, edo haizealdiaren aurreneko firrinda,
ez zaitezte lar lasaitu:
Neure buruarengandik bereizten nauen bitelo-mintza behartzen dut,
Odolez lotzen nauten uhaitzak behartzen ditut
Neu baino ez naiz ene esertokia gordetzen duena azken maremotoko azken olatuko azken trenean
Neu baino ez naiz mihia azken estutasunaz
askatzen duena
Neu baino ez naiz oi, neu baino ez
birjina-esnezko lehenbiziko tantak
ziurtatzen dituena xirulan
Eta azken arraioa! orain:
eguzkiari (ez da aski nire buru sendo hau mozkortzeko)
irinezko gauari ipurtargi aldakorren urrezko
errunaldiak dituela labar gainean
dardaraka dagoen adatsari han non haizea zalditeria gazi etenez
jauzika dabilen
exotismoa ez dela niretzako bazka irakurtzen dut nire taupadan
Deiadarrez itotako Europatik irtetean
etsipenaldi isilak
Europa izututik berpizturik harrotu eta
handietsitik irtetean
maite dut egoismo eder hau
eta arriskatzen dena
eta branka-ola zorrotza dakarkit gogora
nire lurgintzak
Zenbat odol oroimenean! Nire oroimenean aintzirak daude. Hildakoen buruez estaliak. Ez igebelarrez beteak. Aintzirak nire oroimenean. Hauen ur ertzean ez da emakumeen gerripeko oihalik.
Odolez inguratua dago nire oroimena. Nire oroimenak hildakoz osaturiko gerrikoa du!
eta gure matxinada bilauak egokiro arrosatu dituen ron barriken metraila, askatasun ankerra drangaka edateagatiko harridura begi gozoetan
(negro-guztiak-berdinak-dira, neuk-diotsut
bizioak-bizio-guztiak, neu-naiz-diotsudana
negro-hatsa, horrek-hazten-du-kanabera
gogoratu-esaera-zaharra:
negroa hebaintzea hari jaten ematea da)
kulunkaulkien inguruan
zartakoen atseginkoitasuna darabildala gogoan
jira eta bira dabilen moxalemea naiz
Edo aiseago, zeinen maitatuak garen!
Zantartasunez alai, jazzez beratuegi
hain aspertuak daude beti.
Badakit zer diren tracking-a, Lindy hop-a eta matrakak.
Aho onentzat gure lantuez eginiko sordina ua-ua.
Itxoin… dena bere lekuan da. Nire aingeru onak
neona du bazkatzen. Nik atabal makilak ditut irensten.
Ene duintasuna gonbito artean dabil iraulika.
Eguzkia, Eguzki Aingerua, Eguzkiaren Aingeru kizkurra
doilorkeriaren uretako igeriketa berdexkaz eta
gozoaz haragoko jauzirako!
Baina azti okerrarengana jo dut.
Exorzitaturiko lur honen gainean, bere asmo gaizto zoragarritik jitoan askatua, emeki marrantaturik, alferrik, alferrik marrantaturiko ahots hau da garrasi dagiena.
eta erantzunik ematen ez duten gure gezurren simaur pilatua baino ez dago.
A zer erokeria txiribuelta zoragarri hura, ttipitasunaren gainean amestu dudana!
Alajaina, bai gerlari handiak direla Zuriak!
Hosana nagusiari eta negroen irentzaileari!
Irabazi duzue! Irabazi duzuela diotsuet! Garaituak pozik daude! Kirats alaiak, lokatz-kantuak!
Espero gabeko barne iraultza ongile hau dela-eta, ohore ene itsustasun nazkagarriei.
San Joan Bataiatzailearen egunean, aurreneko itzalak Gros-Morne gainera datozelarik, ehunka zaldi tratalari biltzen da De Profundis kalean,
izenean behintzat zintzoa da, jendearen emanak diosku non diren Herioren bazter-auzoak. Eta Heriotik da egiatan sortu, haren bertako mila itxuretatik (Para-belarrez ase ezineko goseak eta destilategietako esklabotasun uztaiak) sortu hesitu gabeko bizitza gaitzera zamalko suharren behorreria. Hango lauhazkak! Hango irrintziak! Hango gernu zintzoak! Hango gorotzen ederra! “Gainera igo ezin dakion zaldi ederra!” —“Eztenaren mina den zer dakien behor harroa!” —“Moxal izukaitz hanka ederra!”
Eta aitakide azkarra, txalekoan alderik alde erloju kate bikaina duela, horra non doan titi beteen, gaztetasun suharren, egiazko biribiltasunen txokora, edo liztor adeitsuen ohiko handituetara, edo jengibrearen hozkadetara, edo dekalitro bat azukre-uraren isurtze osasungarrira.
Ez dut nahi ene handituak benetako loriak balira bezala hartzerik!
Eta barre egiten diot garai bateko ume-irudimen hari.
Ez, ez gara sekula Dahomeyko erregearen amazonak izan, ez zortziehun gameluren jabe ziren Ghanako printze-printzesak ere, ez mediku Timbuktun Askia Handiaren garaian, ez arkitekto Djennen, ez madish eta ez gerlari. Ez dugu behiala lantzarekin ibili zirenen errea sentitzen galtzarbeetan. Eta gure historiatik ezer ez gordetzea erabaki dudanez (nik, arratseko bazka bere itzala duen ahariari baino mira handiagorik ez dion honek), aitor dut beti izan garela plater-garbitzaile kaxkarrak, ganorarik gabeko oski-argitzaileak, eta onenean, azti saiatu samarrak, eta dugun errekor garbi bakarra zigor-zartak jasatearena da…
Eta herri honek astazakil batzuk izan garela dio mendez mendeko oihuan; gizateriaren taupadak negreriaren atarian gelditzen direla; kanabera samur eta kotoi zetatsurako batetik besterako simaurtegi zantarra baino ez garela; eta burdina goriaz markatzen gintuztela eta geure pixa-gorotzen gainean egiten genuela lo eta plazaren erdian saltzen gintuztela eta Ingalaterrako kana bete oihalek eta Irlandako okela gaziak geuk baino gutxiago balio zutela, eta herri hau lasai bizi zela, bare, Jainkoaren izpiritua haren egintzetan zegoela esanaz.
Gu negrontziaren oka
Gu Kalabarretako ehiza
zer? Belarriak tapatu?
Gu, balantzadez, barre algarez, lanbro arnastuz hordi!
Barka, zurrunbilo adiskidea!
Hor entzuten ditut madarikazio kateatuak kalan gora, hil hurran direnen zotinak, itsasora bota duten baten zalapasta… umeginean ari den baten orroak… eztarri bila ari diren harramazkak… zartailuaren irribarre burlosoa... neke arteko bizkarroien nahas-mahasa…
Ezerk ez zuen lortu mentura zintzo etsitu baten aldeko borrokan sar gintezen.
Hala bedi. Hala bedi.
Ni ez naiz kantzelaritzek aurreikusitako inongoa.
Axut buru-neurgailuari! Homo sum etab,
Zerbitza dezatela eta traditu eta hil.
Hala bedi. Hala bedi. Hala zegoen idatzia haien aldaka jitean.
Eta ni, ni
ukabila estututa kantuan ari zen hura.
Jakin beharrekoa da noraino eraman nuen koldarkeria.
Gau batean tranbia batean negro bat nuen aurrean.
Orangutan bat bezain handikotea zen, ttattar egin nahian tranbiako eserlekuan. Eserleku zikin hartan utzi nahian hanka luze haiek eta boxeolari gosetuaren esku dardaratiak. Orok zuen abandonatua, denak abandonatzen zuen. Haizeak berdindutako penintsula zirudien sudurra eta haren negrotasuna bera, gero eta kolorgeagoa larru zuritze etengabearen menpean. Eta larrugilea Miseria zen. Ustekabeko saguzar lodi bat, aurpegian egindako atzaparkadak orbantzean irla troko zikinak utzi zizkiona. Edo behargin nekaezina zen Miseria hori, bineta itsusiren batean ari zena. Primeran ikusten zen nola hatz lodi saiatu gaiztoak moldeatua zion bekokia erliebean, nola zulatu zion sudurra bi tunel paralelo eta kezkagarri eginda, nola zion luzatua ezpainetako neurrigabekeria hura, eta karikaturaren maisu-lan haren bidez, nola zuen orraztua, limatua eta bernizatua kreazioko belarritxo txikerren hura.
Erritmorik eta konpasik gabeko negro zarpail bat zen.
Odolduriko begi utziak zituen negro bat.
Lotsarik gabeko negro bat, oinetako irekien babes-zulotik behatzak kirats batean barrez zituena.
Ezin liteke besterik esan, miseriak lanak hartu zituen hasitakoa burutzen.
Begi-zuloa ere egina zion, hauts eta makarrezko makillajez apaindua.
Tira egina zion barailetako kako sendotik hasita higaturiko masail zahar baten hezurren tarterainokoa. Egunetako bizarraren hesola dirdiratsuak sartu zizkion azpian. Aztoratua zion bihotza, makurrarazia bizkarra.
Eta denak zer zuen osatzen? Negro ezin itsusiago bat, negro petral, negro malenkoniatsu, negro erori bat, eskuak otoitzean zituena makila adabegitsu baten gainean. Zarpailduriko jaka baten barruan lur emandako negroa. Negro zatar barregarri bat eta nire atzean emakume batzuk begira irriz.
BARREGARRIA ZEN, ETA ZATARRA,
benetan BARREGARRIA ETA ZATARRA
Irribarre lagunkoi bat erakutsi nuen…
Hara ostera ere koldarkeria nigan!
Agur bat ene eskubide zibilei eta ahitu hurran dudan odolari eusten dieten hiru mendeei.
Ene heroitasuna, sekula halako fartsarik!
Neurri-neurrira egina dut hiri hau.
Eta ene arima etzana dago. Hiri hau ugerretan eta lokatzetan bezala.
Hiri hau, ene lokatzezko aurpegia.
Karkaxaren gorespen burrunbatsua eskatzen dut ene begitartearentzat!
Orduan, horrelakoak izanda, gureak al dira bulkada adoretsua, belaunburu irabazlea, etorkizun zokorrez betetako ordekak?
Tira! Nahiago dut aitortu eldarnioak naroki izan ditudala, belaunburu hordi bat balitz bezala, burmuin barnean dudala bihotza.
Ene izarra orain, guaragao goibela.
Eta amets zahar honen gainean ene ankerkeria kanibal oro:
(Balak aho-zuloan listu lodia
gure bihotzak zart eguneroko doilorkeriaz
kontinenteek hautsi egiten dituzte istmoen arteko lotura hauskorrak
ibaien zatiketa nahitaezkoei jarraikiz jauzi egiten dute lur sailek
eta mendez mende oihua bere baitan itoa burkaitza
bera da era berean isiltasuna porroskatzen duena
eta herri hau, punpaka dabilen ausardia
eta gure soin-atalak tortura erarik bikainenak alferrik bereiziak
eta bizitzarik oldartsuena, simaurtegi honetatik sortzen
bat-bateko guanabanaondoa
ogi-arbolen fruitu ustelen artean bezala!)
Ene amets zahar honen gainean, ene ankerkeria kanibal oro:
Harrokeria ergelaren atzean gorde ohi nintzen, halabeharra nuen deika, eta hona hemen gizona behegainean, barreiatua defentsa hauskorra, zapalduak bizi-arau sakratuak, ageria dauden ele harroak haizea askatzen zauri bakoitzetik.
hona hemen gizona behegainean
eta haren arima biluzik bezala
eta horra halabeharra garaile bere azal-berritzeari begira
axuka zuen arimaren betiereko lokatzatan
Eta hau ondo dagoela horrela diot.
Ene bizkarrak garaipen betean leherraraziko du zuntzen laxatzea
Esker onez galtzada-harriztatuko dut ene berezko eskuzabaltasuna
Eta esklabotzaren ospe sasoiko babuino liriko estaltzaile,
Habanako zaldi-mutilaren zilarrez apainduriko jardunak
aurrea hartzen utziko dio ene gogo biziari.
Eta hau horrela ondo dagoela diot.
Ene arimaren alderdirik soilenerako bizi naiz.
Ene mamien alderik lausoenentzako!
Antigoaleko beldur eta berotasunezko egunsenti epela
gure odol otzanak madreporan kantuan darabilen
ikara arruntez ari naiz dardaraka
Eta ene jatorri miragarritik ene baitan sortu diren zapaburu hauek!
ez sutautsa ez iparrorratza asmatu ez zuten haiek
ez baporea ez elektrizitatea inoiz bezatzen jakin ez zuten haiek
ez itsasoa ez zerua esploratu gabe
minaren herriko zoko guztiak ezagutzen dituzten haiek
bidaietatik deserrotzea baino ezagutzen ez duten haiek
belaunikatzeetan loeroan geratu diren haiek
bezatuak eta kristautuak izan ziren haiek
bastartasuna txertatu zitzaien haiek
ezer gabeko eskuen tam-tama
zauri ozeneko tam-tam hutsak
traizio akituko burlazko tam-tamak
Antigoaleko berotasun eta beldurrezko egunsenti epela
kareletik behera aberastasun txundigarriak
kareletik behera ene benazko faltsukeriak
Baina zein harrotasun arrotzek argiztatzen nau bat-batean?
betor euli-txoria
betor gabiraia
betor ostertzeko zirrikitua
betor kinozefaloa
betor lotoa munduaren zamaketaria
betor izurdeetatik perla-matxinada
itsasoaren maskorra hautsiko duena
betor irla murgilaldia
betor haragi hilaren egunen desagertzea
harraparien gobelan
betoz uraren arrabak non geroak
astintzen dituen bere buru ttipiak
betoz
otsoak gorputzeko zulo basatietan bazkatzera
aterpe ekliptikoan nire ilargiak eta zure eguzkiak
elkar kausi dezaten orduan
bada ene gangailaren zuhurtziapean basurde-zuloa
badira egunaren harri grisaren pean
marigorri mulko ņirņirkari diren zure begiak
bada nahas-mahasaren begiradan enara hau
menda eta iruntzizkoa desegin ohi dena
beti berriro jaiotzeko zure argiaren itsasgorarekin
(jabalaraz eta sehaska ezazu, o hitz enea
udaberriko mapa beti berriro egiteko dagoela ez dakien haurra)
belar hostoak abelgorrientzat kulunkatuko dira
esperantzaren ontzi eme tirainaren alkohol imintzio luzea
inoiz ikusi gabeko bere eraztunaren begiko izarrek
iluntzearen beirazko organoaren tutuak dituzte moztuko
gero nire nekearen moko emankorraren gainean
barreiatuko dituzte ile-orratzak
odol-belarrak
eta zu astro hori atera ezazu arren zure muin argitsutik lemuriar
gizonaren hazi hondogabekotik emakumearen sabel dardarkariak
minerala balitz bezala daraman ausargabeko forma
o argi adiskidezko!
o argiaren iturburu hozkirri!
ez sutautsa ez iparrorratza asmatu ez zuten haiek
ez baporea ez elektrizitatea inoiz bezatzen jakin ez zuten haiek
ez itsasoa ez zerua esploratu ez zuten haiek
baina haiek gabe lurra ez zen lur izango
lurrak desertatu arau, txalkortasuna orduan eta onuragarriago
lurra batez ere
lurrak lurminen duena gorde eta umotzen deneko ziloa
nire negrotasuna ez da harri bat, bere gorreria
egunaren aldarriaren kontra oldartua
nire negrotasuna ez da ur hilezko hodeia
lurraren begi hilaren gainean
nire negrotasuna ez da ez dorre ez katedral
murgil egiten du lurreko haragi gorritan
murgil zeruko haragi egarrituan
zulatu egiten du hildura opakoa bere egonarri zuzenaz
Hura bai, kailzedrat nagusia!
Haiek bai, inoiz ezer asmatu ez duten haiek
inoiz ezer esploratu ez dutenak
inoiz ezer bezatu ez dutenak
baina zurturik, etsi egiten dute edozeren esentziaren aurrean
azalean dagoenarekiko ezjakin baina edozeren batetik besterakoak liluratuak
ezer bezatzeko ezaxolati baina jokoan munduaren jokoan
munduaren oinordekoak dira zinez
munduaren hats guztiekiko porotsuak
munduaren hats guztien haurridetasunezko gunea
munduko ur guztien isurbiderik gabeko ohea
munduko su sakratuaren pindar
munduaren haragiaren haragi
munduaren beraren batetik besterakoarekin batera
taupa-taupa dagiena
Antigoaleko dohainen egunsenti epela
Odol hau! Odol hau! Gure odol guztia eguzkiaren bihotz arrak emana
olio-soinekoa daraman ilargiaren emetasuna ezagutzen duten haiek
antilopearen eta izarraren arteko asaldatze adiskidetua ezagutzen duten haiek
biziraupena belarraren ernamuintzearekin batera doakien haiek!
Hara munduaren uztai perfektua eta bat-etortze itxia!
Entzun mundu zuriari
hain nekatua hainbesteko ahalegina eta gero
giltzadura bihurriak izar gogorren pean karraska
altzairu urdineko zurruntasunak haragi mistikoa alderik alde zulatzen
entzun haien traiziozko garaipenei derroten-aldarria jotzen
entzun alibi handiosoei estropezu ezdeusa
Erruki zaitezte gure garaile orojakile eta xaloez!
Inoiz ezer asmatu ez duten haiek
Inoiz ezer ustiatu ez duten haiek
inoiz ezer bezatu ez duten haiek
Hara alaitasuna
Hara maitasuna
Hara errapeetako malko berraragituetako mina
eta egunsenti honen hondarrean ene giza otoitza
ez dut ez negarrik ez oihurik entzun nahi, begiak finko
profetizatzen dudan hiri honetan, eder,
emadazue aztiaren basa-fede hori
eman ene eskuei modelatzeko indarra
eman ene arimari ezpataren adorea
ez naiz isilean joango. Egin ene buruaz branka-buru bat
eta nirekin, maitea, ez egin ez aita bat ez neba bat
ezta seme bat ere, baizik eta aita, neba, semea,
ez senar bat, herri bakan honen maitalea baizik
Egin nazazue menderaezin harrokeria guztiekiko, baina gozo haren jenioarekiko
ukabila beso luzatuarekiko legez!
Egin nazazue haren odolaren komisario
egin nazazue haren erresuminaren jagole
egin nirekin akabuko gizona
egin nirekin hasierako gizona
egin nirekin baitaratze gizona
baina egin nazazue ereile
egin nazazue egintza handi hauen esku
iritsi da gerrialdea estutu eta gizon adoretsu gisa agertzeko garaia
Baina horrela eginda, bihotza, libra nazazue gorroto guztitik
ez egin nirekin gorroto-gizon hori
gorrotoa baino ez diodana
arraza bakar honetan gotortzeko
baduzue hala ere ene maitasun zapaltzailearen berri
badakizue ez dela beste arrazei gorroto diedalako
nagoela behartuta arraza bakar honen maiseatzaile izatera
eta nik nahi dudana
gose unibertsal honengatik
egarri unibertsal honengatik
bere intimitate zarratutik azkenik libre dela
behartzea da fruituen gozoa ateratzera
Ikusi gure eskuetako zuhaitza!
Hor dabil guztientzat jira-biraka
enborreko zauriak ebaki eginik
guztientzat lantzen du lurra
datorrela hordialdia lurrin-erauntsizko abarretara!
Baina biharko baratzeetara jo aurretik
egin nazazue hura merezi izateko gauza haien itsaso-gerrian
emadazue ene bihotza lurraren zain nagoela
emadazue ozeano antzuan
baina amularen promesa laztantzen duen horretan
emadazue ozeano askotariko honen gainean
piragua harroaren egoskortasuna
eta haren itsas kemena
Hona non datorren olatu hautsien gainean gora eta behera
hona non dabilen herriaren uherduraren aurrean dantzan
hona hemen puzka karrakela handiaren zorabioan
hona hemen karrakela handian lauhazkan gora burkaitzen zalantzaraino
eta hona hemen hamaikagarrenez arraunaren ahalegin bizkorra
ura behartzen,
piragua olatuaren zurrunbilopean muturra zut, bidea hautsi du,
ihes egin nahi du, baina arraunaren laztan zakarrak birarazita,
hotzikara dabil olatuaren bizkarrezurrean,
itsasoa lerdea dariola eta orroka
eta hor doa piragua lera bat hondar gainean bezala.
Egunsentiko hondar orduan, ene otoitz adoretsua:
emazkidazue itsaso harroaren gainean dabilen piragua horren giharrak
eta berri onaren karrakela handiaren bozkario sinesgarria.
Begira, ez naiz gizon bat baino, ez du inongo narriatzek ez inongo listuk asaldarazten,
ez naiz dagoeneko hau guztiau sumindurarik gabe onartzen duen gizon bat baino
(bihotzean ez da maitasun neurrigabekoa besterik, oro su)
Onartzen… onartzen… osorik, oso-osorik…
ene arraza hau
inongo liriok eta isipu-belarrek garbi ez lezakeen hau
ene arraza hau orbanek jana
ene arraza hau mahats ale heldua oin hordientzat
karkaxa eta legen beltzen ene erregina
ene erregina zartailuena eta eskrofulena
ene erregina ezkatena eta orbanena
(oi erregina horiek, garai batean gaztainondo-kandelek argituriko udaberri lorategi urrunetan hainbeste maite izan nituenak!)
Onartzen. Onartzen.
eta zigorra jasotako negroaren hitzak: “Barka, nagusi”.
eta legez dagozkion hogeita bederatzi zartakoak
eta lau oin garai den ziega
eta pikota
eta ene zimarroi ausardiari ebakitako hanka-zaina
eta ene bizkar-gantzari su goriz darion lis lorea
eta Vaultier Mayencourt jaunaren txakurtegia
non sei hilabetez ur-txakur baten moduan zaunkaka aritu izan nintzen
eta Brafin jauna
eta Fourniol-eko jauna
eta Mahadiere-ko jauna
eta pianeria
eta zezen-zakurra
eta suizida
eta promiskuitatea
eta bortzegiak
eta zepoa
eta oinaze-astoa
eta habea
eta kopetakoa
Ikusi! Umiliatu naiz nahikoa? Badut aski maskur belaunburuetan? Aski gihar bai saihetsondoan?
Lokatzetan arrastaka ibili. Lokatzarik handienean katigatu. Lepoan hartu.
Lokatzezko behegaina. Lokatzezko ostertza. Lokatzezko zerua.
Lokatzezko hildakoak, esku ahurrean sukar hatsez berotu beharreko izenak guztiak!
Simeon Piquine, ez aitarik ez amarik ezagutu ez zuen hura, inongo herriko etxek inoiz ezagutu gabe bizi osoa bere izenaren bila aritu zena
Gradvorka —berari buruz dakidan gauza bakarra da hilik dagoela, uzta-arrats batean txikitua; dirudienez, martxan zebilen lokomotoraren gurpilpean hondarra botatzea zuen egitekoa, toki gaitzetan aurrera egin zezan.
Michel, izen arrotz batez sinatzen zuen idazten zidanean. Michel Deveine helbidea Auzune Abandonatua eta zuek bizirik zareten haien anai-arrebok
Exelie Vęte Congolo Lemke Boussolongo, zein sasi-medikuk zurrupatuko luke ezpain lodiz pozoiaren sekretu sendoa zauriaren muin-muinetik?
zein azti zuhurrek askatuko lituzke zuen orkatilak uztai hiltzaileen epeltasun loditik?
Agerpenok, ez dut zuen bizkar egingo munduarekin bakerik.
Irlak uraren orbain
Irlak zaurien agiri
Papur irlak
Txosten irlak
Irlak uraren gainean urraturiko paper kaxkarra
Irlak Eguzkiaren bizkar errearen gainean elkarren ondoan ezarritako epaitondoak
Arrazoi uzkur hori, ez didazu eragotziko ene egarriaren
Arrazoi uzkur hori, ez didazu eragotziko uretara
burugabeki jaurtitzea ene egarriaren korronteen menpe
zuen forma horiek, irla desitxuratuok,
zuen akabua, ene erronka.
Irla eraztunduok, gilape eder bakarra
Eta ene ozeano-eskuz zaitut laztantzen. Eta jira eragiten dizut ene hitz alisioez. Eta ene alga mihiz zaitut milikatzen.
Eta piratengandik urrun zaramatzat.
Oi herio, zure zingiraren astuna!
Naufragioa, zure ontzi-hondakinen infernu! Onartzen dut!
Egunsentiko hondar orduan, ur urdindu galduek, lurrin alderraiek, huts egindako urakanek, ontzi-krosko soilek, aspaldiko zauriek, hezur ustelek, lurrunek, sumendi lotuek, gaizki erroturiko hilek, egin samintasunez oihu. Onartzen!
Baita neure-neurea den geografia ere; neu ibiltzeko eginiko mapamundia, ez ordea jakintsuen kolore hautazkoez margoturikoa, neuk isuritako odolaren geometriaren araberakoa baizik, onartzen
eta ene biologiaren ausardia, ez dena aurpegi-ertz baten gatibu, ez ilaje batena, ez sudur aski zapal batena, ez larruazal aski melaninatu batena, eta negrotasuna, dagoeneko ez dena indize zefaliko bat, edo plasma, edo soma bat, oinazearen konpasaz neurtzen da
eta negroa gero eta umilago, koldarrago, antzuago, ez hain sakona, lekorantz xaretuago, bere burutik bereiziago, bere buruarekin zorrotzago, bere buruarekiko ez hain ondoko,
onartzen, onartzen hau guztiau
eta oilaurren zorne-jarioaren sizigiapean lehertzen diren olatuen jauregizko itsasotik urrun, herriaren soina ene besoen etsipenean ederto baten etzanik, bere hezur hautsiekin eta zainetan odola zalantza batean dabilkiola, bulboaren mutur zaurituan esne-tanta bezala…
Eta hona non bat-batean indarrak eta bizi-nahiak zezen baten moduan eraso eginda bizitza-uhinak burkaitzaren mihi-papila inguratzen duen, eta hemen dira odola berritzen ari diren zain eta arteriak, eta arnasa hartzen duen zikloi-birika, eta sumendien gar altxortua eta taupada sismiko ikaragarri hori, ene sute sendoaren gorputz biziaren konpasa daramana.
Eta orain zutik gaude ene lurra eta biok, haizeak tximak laztantzen dizkigula, eta ene esku txikerra haren ukabil handian, eta indarra ez dago geugan, geure gainetik baizik, gaua zein entzuleria liztor apokaliptiko batek bezala zulatzen duen ahots horretan. Eta ahotsak dio mendez mende Europak gezurrez gaituela gizendu, kiratsez gaituela puztu, ez baita egia gizakiak bere eginbeharra amaitu duela
ez baita egia ez dugula zereginik mundu honetan
bizkarroi hutsak garela munduan
aski dugula munduaren pausoan ibiltzea
gizakiaren eginbeharra hasi baino ez baita egin
gizakiari dagokio honen gogo biziaren zoko guztietan
gogortutako debeku oro konkistatzea
eta ez da inongo arrazarena ez edertasunaren monopolioa, ez adimenarena, ez indarrarena
eta guztientzako tokia dago konkistaren hitzorduan eta orain badakigu eguzkia dela gure lurraren jiran dabilena gure borondate hutsak finkatu duen eremua argitzen eta edozein izarrek gure mugarik gabeko ahotsak aginduta egiten duela zerutik lurrerakoa.
Orain badakit zein den Jainkoaren epaiketaren esanahia; ene herria arbaso bambaren “gauaren lantza” da, kizkurtu egiten dena, eta oilasko-odolez bustiz gero azkonak etsi-etsian kirtenerantz ihes egiten diona eta dioena giza-odola dela bere izaerak behar duena, gizakiaren gantza, gibela, bihotza, ez oilasko-odola.
Eta nik giza-bihotzak behar ditut ene lurrarentzat, ez datil-bihotzak, hartara ate trapezoidal handitik sar nadin zilarrezko hirietan, odol sutsua jo dezaten, eta ene begiek gurasoen kilometro koadro guztiak ibiltzen dituzte eta poz tankerako zerbaitez zenbatzen ditut zauriak eta espezie bitxiak balira bezala elkarren gainean jartzen, eta kontaketa luzatu egiten da beti ziztrinkeriaren kuinatze ezustekoez.
Eta hemen dira Jainkoaren irudira beharrean deabruarenera egin ez dituztelako bihotza arintzen ez zaien haiek, pentsatzen dutenak negroa izatea bigarren mailako enplegatua izatearen parekoa dela: beti noiz hobetu zain gorago egiteko; beren buruaren aurrean amore ematen dutenak; beren buruaren ziega-zuloan bizi direnak; pseudomorfosi harroz biltzen diren haiek; Europari diotsotenak: “Begira, nik badakit nola egin erreberentzia zuri, nola goraintziak eman, azken batean ez naiz zure oso diferentea, ez ezarri begia ene azal beltzari: eguzkia da erre nauena”.
Eta bada negro harroputza ere, negro askaria, eta zebra guztiak beren erara inarrosten dira marrak esne freskoko ihintzetan eror dakizkien.
Eta honen erdian diot “hori duk-eta!” aitona hiltzen ari duk, “hori, hori!” diot negrotasun zaharra hilotz bihurtzen ari duk.
Ez da “negro ona zen” esan behar.
Zuriek negro ona zela diote, benetako negro on bat, ugazaba onaren negro ona.
Eta nik “hori duk-eta!” diot.
Arrunt negro ona zen,
miseriak bular eta bizkar zuen zauritua, eta muinetaraino sartua zioten halabeharra zuela berarekin, eta ez zegoela hau nahierara erabiltzerik, ez zeukala zereginik; bazela Jaun maltzur bat antzina-antzinatik utzi zituenak idatzirik debeku-legeok haren pelbisean; eta negro ona zela; eta benetan sinetsi beharra zuela zantarkeria hartan, hieroglifiko zorigaiztokoetan inoiz muturrik sartu gabe.
Arrunt negro ona zen
eta ez zitzaion egundo otu aitzurtu, zulatu, moztu egin zezakeela benetan guztia, gusturik gabeko kanabera ez zen beste edozer
Arrunt negro ona zen.
Eta harriak botatzen zizkioten, txatarra puskak, botilak, baina ez harri haiek, ez txatarrak ez botilek…
Oi, Jainkoaren urte geldoak tontor lurtar honen gainean!
eta eulien xurgatze eroarekin lehian zartailua gure zaurien ihintz gozoagatik.
Eta diot “hori duk-eta!” Negrotasun zaharra
gero eta hilotzago dago
ostertza xaretzen ari da, atzera egiten du, zabaldu egiten da
eta hodei tarrataden artean zeinu baten distira ageri jarria da
negrontziak karrak dagi nonahitik… Sabela dardaraka du eta hots hori… Daraman kargaren tenia beldurgarriak itsasoetako titi-umearen heste kirastuetan karrask!
Eta ez dobloi-poltsaren antzera puzten diren ontzi-oihalen pozak eta ez polizia-fragaten lelokeria arriskutsuari egindako amarruek eragozten diote barne-barneko sarramusken mehatxua entzutea.
Ez alferrik honetaz ahazteko negrorik zaratatsuena esekitzen du kapitainak masta nagusitik, edo itsasora botatzen, edo zezen-zakurren artera hauek jan dezaten
Eta tipula frijituaren usaina duen negrailak isuritako odol honetan du berriz ere askatasunaren zaporea aurkitzen.
Eta zutik da negraila
Eserita zegoen negraila
zutik bat-batean
zutik kalatu gainean
zutik kamaina gainean
zutik zubi gainean
zutik haize gainean
zutik eguzkitan
zutik odoletan
zutik
eta
aske
zutik eta ez ero zahar itsas askatasun eta txirotasunean noraez perfektuan jiraka
eta hemen da:
ezustean zutik
zutik sokateriaren gainean
zutik lemaren aurrean
zutik itsasorratzaren aurrean
zutik maparen aurrean
zutik izarpean
zutik
eta
aske
eta ontzi lustrala ur zapuztuan poparan
Eta gure lotsaren borlak orain usteltzen dira!
eguerdiko itsaso zartatuan
gauerdiko eguzki ernamuinduan
entzun ekialdeko giltzak dituzun gabirai hori
egun desarmatuan
euriaren harrikadan
entzun mendebaldea zaintzen duzun marrazo hori
entzun iparreko zakur zuria, hegoaldeko suge beltza
zeruko gerrikoa lotzen duzuenok
Zeharkatu beharreko itsasoa dago oraino
oi, zeharkatu beharreko itsaso bat oraino
neure birikak asma ditzadan
printzea isil dadin
erreginak musu eman diezadan
itsaso bat oraino hiltzeko
ero bat entregatzeko
dirdira ene arimak zaunka dirdira egin dezan
zaunka zaunka zaunka egin dezan
eta egin dezala ulu mozoloak ene aingeru begiluze horrek
Irrien maisua?
Isiltasun zoragarriaren maisua?
Esperantzaren eta etsipenaren maisua?
Nagitasunaren maisua? Dantzen maisua?
Neu nauzue eta!
eta honegatik, Jauna
lepo hauskorreko gizakiok
jaso eta har ezazu
halabeharrezko jabalaldi triangeluarra
Zatozte hona, ene dantzok!
negro gaiztoaren dantzok
zatozte, ene dantzok!
dantza uztai-hauslea
dantza ziega-huslea
dantza on-da-eta-eder-eta-haizu-negro-izatea
Zatozte hona, ene dantzok! eta jauzi dagi eguzkiak eskuan dudan erraketan
alabaina ez dut aski bestelako eguzkia
kiribil zaitez, haize hori, ene hazkunde berriaren inguruan
pausatu ene atzamar neurtuetan
tori ene kontzientzia eta haragi erritmoa
tori ene ahuldadea erretzen deneko garra
tori presoen katea
tori zingira
tori hiru muturreko zirkuituko intourist-a
irentsi eta kiribil zaitez
eta kiri eta bil estutu nazazu
are dardaratiago
estutu nazazu gu haserretu horretaraino
estutu, estutu GAITZAZU
baina elkarri hozka eginda ere
gure odolaren odoleraino hozka eginda ere,
estutu, nire birjintasuna zure birjintasunarekin
baino ez da lotzen
baina orduan estutu
filao estuen sail batean bezala
gauerdian
gure birjintasun kolore askotarikoak
eta lotu, lot nazazu arrangurarik gabe
lot nazazu zure buztin argizko beso handiokin
lotu ene dardara munduaren zilborrari
lotu, lot nazazu, adiskidetasun latza,
eta gero, zure izar begiztaz itota, igo
Uso hori,
igo,
igo,
igo
Atzetik noakizu, ene antigoaleko kornea zurian inprimatua zoazela.
igo zeru-milikari
eta aurreko ilargian
neure burua ito nahi izan nuen zulo beltzean
arrantzatu nahi dut orain gauaren mihi gaiztoa
batera-besterako erratzaldian geldirik dabilela!
Cahier d'un retour au pays natal
http://susa-literatura.eus/kaierakm/aime-cesaire-cahier_d'un_retour_au_pays_natal.pdf