–
Aime Cesaire beltzen identitatearen eta beltzek idatzitako literaturaren aldarrikatzaile nagusienetakoa izan zen. Hark asmatu zuen négritude (negritudea) kontzeptua 1935ean, eta urte luzetan beltzen askatasunaren aldeko militantzia politiko zein poetikoari atxiki zitzaion.
1913an jaio zen Martinikan, eta han igaro zuen gaztaroa harik eta beka bat lagun Parisa joan zen arte ikasketak unibertsitatean jarraitzera. Bi gerra handien arteko Paris zen hura, mundu guztiko idazle, intelektual, artista eta beste bildu zituenekoa. Han bizi ziren, Cesaire gaztea paristartua zelarik, besteak beste, Gertrude Stein, Pablo Picasso, James Joyce, Francis Scott Fitzgerald, Vicente Huidobro, Cesar Vallejo eta enparauak. Cesairek, ordea, idazle eta intelektual beltzekin izan zuen harreman handiena. Hala, Leopold Sedar Senghor senegaldarrarekin eta Leon-Gontran Damas guyanarrarekin L’Étudiant noir (ikasle beltza) aldizkaria sortu zuen 1934an. Aldizkari hartan eta ondorengo testuetan gorpuztuko zituzten aipatu idazleek belztasunaren inguruko hausnarketa eta idazkiak. Ildo horren baitan ulertu behar da, halaber, Cesairek idatzi zuen tesia, Langston Hughes eta Claude McKay poeta beltzei buruzkoa izan zena. Bi poeta horiek funtsezkoak izan ziren “Harlemgo berpizkundea” izeneko mugimendu poetiko eta kulturalean 20ko hamarkadan, eta honenbestez, Cesaire eta abarren negritudeak, neurri batean bederen, handik ere edaten du.
Cesaireren lehen lana Cahier d'un retour au pays natal (Sorterriratze baten kaiera) poema luzea izan zen, 26 urterekin idatzi zuena, eta gerora sarritan moldatu eta berridatziko zuena. Huraxe da haren lan poetiko ezagunena. Antologia honetan osorik du irakurleak 1956ko behin betiko bertsioan. Argitaratu zen urtean ez zuen sona berezirik izan baina urte gutxiren buruan famatuko zen Andre Bretoni esker. Nazien okupaziotik ihesi, Breton Martinikan egon zen zenbait egunetan New Yorkera joan aurretik eta han ezagutu zuen Cesaireren estreinako lana. Poemaren indarrak zafratuta, berehala laudatuko zuen Cesaire gaztearen obra eta hitzaurre bat idatziko zion “Poeta beltz handi bat” izenburuarekin.
Sorterriratze baten kaiera eldarnio moduko bat da, hordialdi poetiko modukoa. Martinikako beltzen egoera lazgarria salatzen du; haien bizitokiak, haien baldintza sozial miserableak. Kritiko bezain autokritikoa da, zurien gailentasuna salatzeaz bat madarikatzen du beltzen bezatzea, nola beltzek onartzen duten finean beren egoeraren petrala. Halaxe ulertzen ahal da, esaterako, autobus batean beltz handikote eta itsusi batekin izandako enkontruaren deskribapen gupidagabea, non morroia krudelki irudikatzen duen.
Kaier honetan, dena den, Sorterriratze baten kaieraz landa, Cesaireren ibilbide poetikoko beste garai eta liburu batzuetako poemak ere topatuko ditu irakurleak.
Cesaireren poesia negrotasunaren inguruko hausnarketa den heinean, hots, identitate baten eraikitze eta deseraikitze gisako bat, euskal poesian idatzi diren hainbat poemaz akorda daiteke irakurlea, distantziak distantzia. Han-hemenka egiten dute oihartzun, tentuz eta apalki bada ere, Gabriel Arestiren harrizko etxeak, Joxe Azurmendiren manifestu berantiarrak, Koldo Izagirreren euskalduntasunak. Euskal irakurleak harrizkoa, berantiarra eta euskalduna izaten jarraituko du antologia honetatik igaro ostean, esan gabe doa, baina apur bat negroagoa izango da aurrerantzean halaber.