Poesia kaiera
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-34-7
Joseba Sarrionandia
1958, Iurreta
 
1992, poesia
 
Sarrera
Koldo Izagirre

 

Hiru etapa nagusi atzeman litezke Joseba Sarrionandiaren orain arteko poesian: literaturaren deskubrimendu goiztuak eragindako intertestualitateak markatzen duen kultismoa, egoera pertsonal gogorrak eragindako itxituraren eta urruntasunaren aurkako minduraren lirika, eta mundutar anonimo bilakatuak sorturiko hemen nahi eta han beharraren, halakotasunaren eta bestelakotasunaren arteko aro dialektikoa. Taxuz asimilaturiko tradizio poetiko desberdinen oihartzunaz gainera, hiruretan aurkituko ditugu metaforen ederra, kontrasteen jokoa, mezukeriaren hastioa, pentsamenduaren sakona eta esanguraren anitza eragozten ez duen biribiltasun formala. Lanketa handi honek, ordea, ez darama estetizismora: Sarrionandiaren obra osoari darion malenkonia ez da malurazko dorre pertsonala, uko egiten dio biktimismoari, sentsibilitate kolektibo bat ordezkatzen duelako bere oinazean. Tristetasunaren ganduaren ostean itsasoa ageri da beti, berriaren eta iraunkorraren eredu, bidaia, abentura, borroka eta askatasunaren leku mitikoa. Itsasoa, izan ere, imaginarioaren bideratzailea da, mugagabearen eremua, eta ezezagunaren topalekua goiz edo berant. Bizi nahi bortitzean bizi da poeta, baina distantziak nostalgia sortzen dio, atzean utzitako portuena eta galduz doazen lagunena. Denboraren errepikagaitzak dakarkio malenkonia hori.

      Gutxitan gertatzen da poeta honena bezain bizitza poetikorik, eta nekez topatuko dugu gure literaturan egilearen bizitza pertsonalari horren lotua dagokeen poesiarik. Bata ezin liteke bestea gabe konpreni, poesiaren bidaiaria dugu Sarrionandia, eta poesia da bere erresistentzia antolatzeko lekua, esan liteke herensugearen aurkako egitaterik egokiena burutzen duela poemen bitartez, poemek bakarrik eskaintzen diotela libre izateko modu bat. Hitzak, izan ere, indar liberatzaile handia du hemen: ez da dogmatikoa (bere poesia osoa da dogmatismo eta are dogmatismo estetikoaren aurkako saioa), eta kartzelatik edo sasitik ari denean ere gozo ageri zaigu, sekulan ez erriertan edo kexamenduan, askatasuna emanez irakurleei zein idazleei, umorezko keinu kitzikagarri ugariren oparia dakarrela. Asko dira, eta garrantzitsuak, Sarrionandiaren lanak gure literaturaren garapenari ekarri dizkion onurak: joera kultistaren abiatzaile, Mikel Ibarguren eta Xabier Izaga bezalako poeta bikainak bideratu dituen kartzelako poesiaren sortzaile, erbestea eta inoneza ezaugarri pertsonal bihurtzen dituen nortasunaren urratzaile... Alabaina, meritu horien guztien gainetik dago balio moral, etiko, eta azken finean iraultzaileen aldarria. Formazio sakon eta ezagutza multiple batean oinarrituta, poetak «erratutako bidea» hartu duenaren fiertasuna ageri du, estetika ez-salgarri batean hartzen duelako bere gain konpromiso historikoa. Horrek bihurtu du Joseba Sarrionandia belaunaldi gazteen erreferentzia, horrek eman dio daukan unibertsaltasuna.

   

Joseba Sarrionandia (Iurreta, 1958) oso gazterik hasi zen aldizkarietan kolaboratzen, eta alor guztiak landu ditu: saiakera (Ni ez naiz hemengoa, Marginalia, Hitzen ondoeza), narratiba (Narrazioak, Atabala eta euria, Ifarraldeko orduak) eta nobela (Lagun izoztua), denak ere oso estilo pertsonalean. Paradoxaren eta ironiaren maisu, gogoeta ipuinduen generoa sortu du (Ez gara gure baitakoak, Han izanik hona naiz). Profugo bizi da.

 

Bibliografia

Aldekoa, Iñaki. ZIRKULUAREN HUTSMINA. JATORRIZKO ERROMANTIZISMOTIK EUSKAL POESIA MODERNORA. Alberdania, 1993

Azkorbebeitia, Aitzpea. JOSEBA SARRIONANDIA: IRAKURKETA PROPOSAMEN BAT. Labayru, 1998

Otaegi, Lurdes. JOSEBA SARRIONANDIA. MARINEL ZAHARRAREN KANTUA. Labayru, 2000