Gutariko bat
«He was one of us»
Joseph Conrad
Whydah hondartzako beltza aldamenean eramanez gero
zer axola zenbat aldiz hil garen
Edo zenbatetan hil dugun. Eguzkiak zeharkatuak ditu
sekulabelar landa dirudien itsasoa
Eta munduko kristaleria guziak. Bizitza
heroikoaren seinalerik ez,
Baina untziak gertu daude, haizea aldeko:
norantz abiatuko gara, Juan Sebastian?
Heurekin joanen gaituk gu, arrantzaleak,
gure ardau botila ilunekin,
Gure otoitzekin, gure laban ezkutuarekin,
hare ale bat garela ahaztutzeko
Goazemak eta turismoa eginen diagu astesainduan
gure arima iganderako bezala jantziaz,
Harma kontrabandoa eginen diagu gauetan
burruka zintzoenaren alde.
Filme esperimental batera sartuko gaituk desorduan
auzo errebeldean panfleto proletarioak
Zabaldu dituen neskatilarekin, han ilunetan
haragi antzeko mosu bat trukatzeko.
Edo izar naufragoak begiratuko ditiagu
untzi zurkaiztuaren gainetik
Edozein alkool edanaz, solasean, eta hereseak
erre ziren suaren inguruan berotuko gaituk
Historiaren zentzu zaila, arraroa, ekibokatua
gure aldera ekartzeko ahaleginak eginez,
Kale oraindik ilunegiok norantza doazen igarri ezinik,
esperantza tipi baten eritasunarekin.
Ezen eta gizona, pospolua legez, baliozko ezer utzi gabe
akabatzen duk,
Bere kantak itzultzen dituk bakarrik etxera
dortoka zaharren antzera.
w1987