Kapitain pilotu
Ni bizi naizen etxea
hain da zaharra...
Euskal mendietako
lehendabiziko harriaz
zen labratu;
aurreneko nafar haritzaz
zitzaizkion ebaki
habeak;
Kantabriako lurretik
ateratako buztinaz
egositako
estrainiako teilez eta adrailuez
zuten estaldu...
Etxe zaharra,
ederra,
finkoa...
Eta orain
lur-ikara ikaragarri batek
etxearen oinarriak
eta
giltzarriak
dauden
harroka
astintzen du
ikaragarriki.
Etxeak
lurrarekin
berdindu nahi du.
Nik,
kapitain pilotu
honek,
ez nuen inoiz abandonatu
hondatzen zen
ontzia,
eta orain
etxe zaharraren teilatuaren
azpian
iraunen dut...
Latin itsasora atera gabe.
Nire etxea,
mendi artean ainguratu zen
ontzi zaharra;
nafar haritza,
kantabres teila,
euskal harria...
Zure surtan errerik
hiltzen banaiz ere.
w 1967
Musika: Natxo de Felipe