Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-14-2
Gabriel Aresti
1933, Bilbo
1975, Bilbo
 
2000, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, narratiba
1986, antzerkia
1986, poesia
1986, narratiba/antzerkia
1986, saiakera
1986, denetarik
 

Bego Euskalerria

 

bego euskalerria

zahar eta berria

hala jantzirik txit dotorea

nire soinean kapa morea

garizumako hau kolorea

fina daukat gerria

ez dirudit zerria

 

bego beti bizkaia

nun da nire eztaia

lumo horretan dago arbola

ez mirakulu ez parabola

ikusi nuen igar dagola

nundik dator etsaia

bihotzak diost aia

 

beude nafarro biak

euskaldun harrobiak

orreagatik luzaiderano

arratsaldean pindar ta lano

hementxe galdu zen karlomano

jan zuen arrabiak

darama errobiak.

 

dagoela lapurdi

bidasoa aturri

apaizak dira hemen nagusi

horrelakorik ez dut ikusi

axular gazteluzar ta guzi

ez nuen irakurri

euskeraren iturri.

 

nun dago gipuzkoa

euskaldunen hauspoa

hementxe dago paregabea

harri labratuz euskal habea

ni baninzake haren jabea

ez nintzake astoa

zaldi burdinazkoa.

 

ba doa zuberoa

dantzako su beroa

kantatzen doa plaza-gizona

zure hospea eta izena

ahoan dauka beti hitz ona

pentsamentu eroa

ez dut maite geroa.

 

hortxe daude trekutan

beste anitz lekutan

nafarroako haran zabalak

arabak ere dauzka hegalak

moztuak eta gure kabalak

daude horrelakutan

beti luzamentutan.

bego euskalerria

estuasun larria

beti gabiltza duda-mudetan

(bihotz-begiak)-(barne-muinetan)

ikusi zuten zeru-mugetan

nire eztul urria

ta nire belarria.

 

w 1967