III
BASO ITZAL
Uzta-uzta
Urrun duk, sagasti berri, lorea.
Arizti, urrunago elurtea.
Gallurrera igoa dugu Iguzkia,
nondik yaurtiko zutago gezia.
Begi-ogeak, nork sakon-askiak
gañez ez dakien aren argiak?
Uda! Mendiak i au eguerdi,
ta urrezko opor-aro, ta abaro-aldi...
* * *
Gurdibide bakan-ibil ertzetan
masusta sasia dago loretan.
Ango kixkalbearra! Ango marmarra!
Ego-begi izaki ta, aizeak garra:
irakin diraki, beroz ezezik
erleen egoek yo ta nâsirik...
* * *
Arru-bêtik ez dator gaur ur otsik...
Txoriak abaroetan ixilik,
goiz-yardun bakarrez etsi baitute.
Egonean daude zuaitzak ere...
Sagarrak eskuan ditu igaliak
Eguzki erregeri eskeñiak:
geldiak gizendu, egonak goza;
nagiak noizpait yalkiaraz bitza...
* * *
Beroak zapalduta datza oro:
bizidun, landare, aitz eta soro.
Muskerra ta artoa dagotzu soilki
eguzki gorritan ezin izerdi.
Neguz untzi lirain, laño gañean,
Txindoki!, orain agokit aurrean,
goriak astundu-tantai arrizko,
bêari iñoiz baño errotuago.
Beste erpin musker bat or baita agiri,
maldan gora zaizka zuaitzak geldi:
oker, ats-estuka, lurrari itsatsi-
mendizale makal unatu iduri.
* * *
Zigor ontaz, Uda, ba al duk aterpe?
Ara zuzen nazak, luzatu gabe!
* * *
Leioak itxitako yauregia
basoak iduri. Lo nagusia.
Baña, badu norbait —zoragarria—
bidazti-zai eder: bai, alegia!
Begira non dedan, atarpean zai,
gorputza sotilla, betartea arrai.
Itzal!, Baso-ren ume yaukal,
xaloagorik ezin âl:
beltxeran, begi bai azal:
Itzal!...
Itzal!...
Sar naun geldixe, taupaka biotza.
Ar maitez, otoi, lêrregin-arrotza...
Oial illaun batez legortu didan
bekokia. Gero, aldamenean,
atzaidan eseri, andereño otxan,
ta, ai, zein gozo gauden, aopekotan!...
Atsedenaren eliz, zutoiz bete,
osto pillo ta izar izunak abe:
ta i bertan oianeko yaupaleme...
Gure inguru lurra lurrun yario,
urre urtuzko yasak baitaragio.
Euri gori ortaz basoa aterri.
Gauden, bada, maite, basoan geldi.
Zuaitz tartetandiko urre nabarra
bezagun udâren bitxi bakarra.
Begoz emendik ate ire ederkiak;
ar bitzate besteek laztan goriak.
Nik ireak naiago, oianeko Itzal,
ezpaitiñe egiten odola kixkal...
* * *
Uda! Gar zoragarri, suzko itsaso:
untzi geriza untan nai aut igaro...
Musika: Antton Valverde