Abadiak antolaturiko Lore Joko haietako batean (Sara, 1867), «Ni nauk euskaldun, bai aspaldikoa / egundaino aizkorak ezin hautsizkoa» esanarazi zion Elizanburuk arbola bati. Lizentzia honek sortu zuen galarrotsik, epaimahaiak behintzat juzku estua egin zuen konposizioaz, zuhaitzek ahorik ez dutela-eta. Poesiaren librotasunaren aldeko borrokak itxura formala hartu izan du maiz, baina formaren ardurapean poesiaren funtzioaren nolakoa dago beti, eta horretan berebiziko garrantzia ukan zuten Xabier Lizardiren jarrerak eta obrak, ingurune hiperpolitizatu batean beti jokatu zuelako poesiaren autonomia begiratzearren. Ez Elizanburuk ez Zaldubik ez Oxobik ez Jauregik eta oro har olerkariek ezin egin izan zutena burutu zuen Lizardik: «bezala», «iduri», «antzo», «hala» alderagailuak eta gidoi-parentesiak baliatuz, gure poesiaren garapena azkartzeko baitezpadako tresna eman zigun: analogia poetikoa.
Gure poetaren aurkikuntza horri esker dakigu orain udaberria urdinez janzten den neskatxa dela; elurtzaren hondarrak «emazte zuhurraren zapiak» direla; basoa «atsedenaren eliza» dela eta uda «suzko itsasoa», eta hura dugula «uda igarotzeko ontzia»; izotz ondoko eguzkia «neguaren barrea» dela eta «neguak bere sudur ozpeldu zorrotza» sartzen duela gure etxean... Aurkikuntza xalo eta partzial hauek bideratu zuten poeta, apurka, adierazpen ausartagoetara: «Aingura bota dut Arratsaldean / Oina ezarri dut Udazkenean». Iruditeria mailako lorpenok, alabaina, ez zuten poeta errazkerian mugatu. Orixek aholkatu moduan beti goragoko asmoz, bere poemek gero eta distira partzial gutiago dute, metafora baliabide tekniko bezala ulertzetik poema bera metafora handi bat bezala lantzera jo baitzuen, amonaren heriotzaren trataerak, adibidez, frogatzen duen bezala: Biotzean min dut eresitik Asaba zarren baratza eta are Euskal Pizkundea poema sinbolikoetara dagoen aldeak adierazten du poetaren eboluzioa.
Horregatik, hizkeraren trinkoagatik eta gogoetaren malguagatik, Xabier Lizardiren poesia gizamaila kultu baten kontsumorako artea zen. Bere garaiko klase landua, zoritxarrez, erdalduna zen gehienbat, eta euskaldungoa berriz ez zen aski eskolatua euskaraz edertasuna posible zela frogatzen zion artistaren lana dastatzeko, urte asko eta historia luze bat pasa behar izan dute poesia minoritario hura herri oso baten erreferentzia izaten hasteko. «Lizardi nirea da, nire esku biak, nire poesia eta nire herria nireak diren bezala, gizarteko komunio batean» esan zuen Gabriel Arestik, haren poemek gugan sortzen duten zirrara esplikagaitza esplikatu nahiz: «Pentsatuko dut Lizardik urrezko orri bat eskribitu zuela euskal literaturan, guztirik ederrena, guztirik dizdiratsuena. Haren izena munduko abantgoardian aurkitzen da».
Xabier Lizardi (Jose Maria Agirre, Zarautz 1896 Tolosa 1933), lantegi bateko gerentea izan zen, lege ikasketak egin zituen arren. Poeta ez ezik, prosalari bikaina izan zen, eta edozelako gaiak estilo landu eta umoretsuan jorratuz maila literarioa eman zion artikulugintzari.
Bibliografia
Lertxundi, A. / Lete, X. / Zelaieta, A. XABIER LIZARDI, OLERKARI ETA PROSISTA. Jakin, 1974
Mujika, Luis Mari. LIZARDIREN LIRIKA BIDEAK. Haranburu Editor, 1983
Kerejeta, MŖ Jose. XABIER LIZARDIREN LEHEN OLERKIAK. Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo, 1984
Otaegi, Lurdes. LIZARDIREN POETIKA PIZKUNDEAREN INGURUMARIAREN ARGITAN. Erein, 1994
Elordi, Jon / Uribe, Kirmen. LIZARDI ETA EROTISMOA. Alberdania, 1996