II
SAGAR-LORE
Loreil bete
Anitz egunez, ez gera alaitu
lurtarrok. Goien sar egin baitu
Euri-k Eguzki giltzapean;
yaun orail eder, legorteen aita,
katez loturik egona baita
odei bustien sabelean.
Gaur, orra agiri, tarteka, urdiña...
Sor zait barruan larrera-miña;
ta, aspaldi ez-ta, mendialdi.
Bete ditzadan argiz begiok,
eten zain-giar lotuegiok;
bularra asetuz noan geldi.
Badut zalantza zein giro izaki;
otzaren âla danentz ebaki;
ikus ezpaitut Udaberri...
Baña, bat-batez, gain bêra, maldan,
moltso zuri bat... Elur ez al dan,
loreak ote?... âl igerri!
Ari beltz oker nâsi sareak
eundaka atzitu ditu... loreak?
elur-malutak?, mitxeletak?...
Itxon: txori bat, zear, egaka
dabil, kabigai-lorrez, esaka:
— Gaur dira gure maite-bestak!
Sagasti berri, sagasti zuri,
inguma-atsegintokia iduri,
elurte arian geldia!
Ezin urtuzko txingor ugari,
azpi gizenean duk nabari
zelai-bitxizko loredia...
Zertan udalên dan igertzeko
begi bear diot bidertzeko
pago pertxenta gazteari,
ta ikus orbelez dan erantzia
ta apaingarri berriez yantzia,
baso zabalen aitzindari?
Zertan bear dut yakin Itzala,
pagadiaren ume yaukala,
neska-kozkortzen ari al dan?...
Kilker olerkari arloteak
neurtitz ozenak ditun boteak
lurrezko yauregi-atean?...
Bego tximirriten egaketa;
beude marrubi loreak, eta
irusta salla ere bego:
dantzari talde Bakotiarrak,
nâspil zoroan zuti-baldarrak,
esku goituan ontzia ardo...
Ene begiok, ez so besteri:
bidertz onetan nadin eseri,
iri begira, sagastia...
Sagasti gazte, sagasti zuri,
inguma-atsegintokia iduri,
elurte arian geldia!
Txuriaz nâsi, pipil gurien,
lêrgabe lore zabal-zorien
gorrixka, nabari duk sarri,
odol tantoak antzo... Begira:
erditze baten aztarnak dira:
Bizi-erditze zoragarri!
Ibil, txoriok, ta kanta alaiki.
Negu agurea illa da, baiki,
lurra soil baitago elurrez:
oro dezaken esku naroak
erein baititu zuaitz-soroak
ogi berriaren apurrez...
Bekik iretzat oiu alai au,
sagasti, iretzat; bereizki bai-au
yaiez yantzi zorna berriak!
Bizitza duk agiri garretan...
Bizitza, lêr-berri, adarretan...
Igan dik sort-ogea Udaberriak!
Musika: Antton Valverde