Biotzean min dut
(Illeta-Eresi)
Amona zanaren eriotz-egunean
Biotzean min dut, min etsia,
negar ixilla darion miña.
Amonatxo bat nun: gaur, enarak
etorri-garaiez, aldegiña.
***
Eguzkirik ez dute
leiotan zapiak;
aur yolasik ez dago
gaur zure kalean.
Odeiek lits urratu;
itsasoak orro.
Gizadi bat geldirik;
gero, bat-batean:
Ots!
Ots!
bizion oñok...
Errezka bi gizonek
argizai oriak;
gorputza lau billobok;
atzetik andreak.
Ai, ene lor arin au
zein dudan larria!
Besoek ez lan arren,
biotzak nekeak...
Ots!
Ots!
bizion oñok...
Mendea ia betea,
ta ain illaun, gorputz xâr!
Bezak gogoa goien
i bezin ariña,
ta bezat nik nerea,
dei nazatenean,
ezin-itzal-Argiruntz
egatzeko diña!
Ots
Ots!
bizion oñok...
Orain larogei urte,
kale pozgabeok
eguzkiak zitun ta,
zure aur yolasak
alaitzen. Gaur, arriak
ere baitira itzal...
nork lekuskez, ikusi,
urte urdin igesak!
Ots!
Ots!
bizion oñok...
Egun zârrak yoan ta
berriak etorri,
gaur poz biar oñaze,
noiz burni noiz zillar,
zenbaitek ondamendi
baituten katea
lore sorta bekizu
goi-muñoak zear!
Ots!
Ots!
bizion oñok...
***
Bat-batean eten da
bizion ots ori.
Gorputza laga dugu
nunbait. Al dakit nun!
Bultza naute barrura...
ñir-ñir aunitz argi...
ordia antzo sar nazu,
begi-lauso ta urgun.
Ots!
Ots!
enegan, biotz!
Amonatxo! Bakarrik
zagoku atean,
otz ta gogor, entzuten
zure azken Meza!
Zerraldo-olen artetik
(negu gaua iduri)
ez al datortzu, uluka,
aize erruki-eza?
Ots!
Ots!
enegan, biotz!
Begiok ero ditut,
noranai doazkit;
dantza nâsi bat dabilt
irudimenean.
Goruntz egik, biotza:
otoika lasa adi!
Ixilla sor badadi
ire barrenean!
Ots!
Ots!
enegan, biotz...
***
Ordu bete luzea
igaro zan. Noizbait,
berriro lor illauna
besoek... Urrena,
muño baten gañean
uri ixil bat arki...
Poz-oñaze kateak
emen dik etena.
Ots!
Ots!
bizion oñok...
***
Ol bat yaso ta ikusi
dut musu ximela:
parre-antxa, bizirik
balirau bezela:
(Ots!
Ots!
lêr adi, biotz!)
ordun, ixar bat biztu
du nere gau beltzak.
Begioi malko ixil bat
dardarka darite.
Noizbait itxaro-kabi
biur dan biotzak:
(Ots!
Ots!
yauzika, biotz!)
«Agur! (oiuka dio)
gorputz ximur maite!
Agur, amonatxoa!
Egun Aundirarte!...»
***
Biotzean min dut, min etsia,
zotiñik gabeko negar-miña.
Alatsu txoriak, udaondoz,
negua du galazi-eziña.
w 1930
Musika: Antton Valverde